132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (763 KB - 48 orri.)
- EPUB (595 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3123
AGINDUA, 2022ko ekainaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programako laguntza berrien eta laguntza-berritzeen deialdirako oinarriak, 2022-2023 ikasturterako.
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Kalifikazioa gorabehera, definizio horretan biltzen dira, haien karrerako edozein etapatan, ikerkuntzan eta garapenean profesionalki ari diren pertsona guztiak. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan daraman zientzia-politikako beste urrats bat da ikerketa-jarduerak sustatzea, prestakuntza-aldiko hasierako etapetan ikertzaileak kontratatuz. Doktoregoa, berriz, ikerkuntza-karreran sartzeko atea da, eta zientziako edozein arlotan ikerketa erabat garatzera bideratu behar du.
Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean (ZTBP 2030); ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Ekintza hori garrantzi handikoa da; izan ere, EAEk oraindik ahalegin handiak egin behar ditu ikerketarako giza baliabideak Europako beste herrialde batzuetan emendatu diren adina emenda daitezen. Halaber, errelebo-belaunaldi baten prestakuntza sustatu behar du zientzia- eta teknologia-gaietan. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren arabera.
Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio 2018an atera zuten neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntza-lerro espezifikoari; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.
Era berean, jarraipena ematen zaio aurreko deialdian, 2021ean, hezkuntzaren arloan abian jarri zen ikerketa-lerro espezifikoari. Berretsi egiten da, beraz, esparru horretako lerro estrategiko batzuetan ikerketa sustatzeko helburua, bat datozenak Hezkuntza Departamentuaren politika eta lehentasunekin.
Bestalde, kupo bat ezartzen da desgaitasuna duten pertsonentzat, desgaitasunen bat duten pertsonek ikerketa-karreraren garapenean dituzten premietara egokitzeko eta doitzeko neurri gisa, aukera-berdintasuna bermatzeko eta desgaitasun-arrazoiengatiko diskriminazioari aurre egiteko.
Doktoregoko ikasleen prestakuntza integrala bultzatzeko, haien ikaskuntza teorikoa eta praktikoa osatuz, bai eta gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta parte-hartzaileak eta berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak garatzen laguntzeko ere, deialdi honetan ezartzen da nahitaezkoa dela nazioarteko egonaldi bat egitea, doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea errazteko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen (aurrerantzean, ZTBL) 20. artikuluan, ikertzaileen lan-izaerako lan-kontratuen modalitateak eta horiei aplika dakiekeen araubide juridikoa definitzen dira, eta, 21. artikuluan, berriz, doktoratu aurreko lan-kontratuaren modalitatean egindako kontratuen egoera juridikoa, kontratuen betekizunak, ordainsariak, dedikazioa eta aipatutako kontratuaren iraupena. Halaber, Doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren (aurrerantzean, EPIF) xedea da aurreko paragrafoan zehaztutako lan-harremanaren araubide juridikoa garatzea eta doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen izaera definitzea.
Eskabidea egiteko, telematikoki eskuragai egongo den inskripzio-inprimakia bete beharko da, bide telematikoz eskuragai egongo dena, sailaren egoitza elektronikoan, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan.
EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko efikazia eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzei buruzko lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/
Horrenbestez, eta 2022ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea onetsi denez, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da 2022-2023 ikasturterako doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntzen oinarriak ezartzea. Doktorego-tesia gauzatzera zuzendutako ikerketa finantzatzera daude zuzenduta laguntzok. Deialdiak barne hartzen ditu bai laguntza berriak eta bai 2021-2022 ikasturterako emandako laguntza-berritzeak.
2.– Programa honen helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktorego-programa baten bidez, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.
3.– Doktore titulua lortzeak esan nahi du laguntzaren xedea amaitu dela; beraz, horren gaineko eskubideak ere amaitu egingo dira. Kasu horretan, laguntza amaitzeak ondorio administratibo eta ekonomikoak izango ditu, doktorego-tesia defendatu eta hurrengo egunetik aurrera.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak izango dira irabazi-asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-erakunde publiko edo pribatuak; I+G+b-ko ahalmen eta jarduera izango dute, eta egoitza soziala izango dute deitutako modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat datorren lurralderen batean. EAEn nahiz Estatuan dauden ezarpen-zentroak erakunde kontratatzaile ere izango dira. Ezarpen-zentroaren egoitza soziala interesduna matrikulatuta dagoen doktorego-programako unibertsitatearen autonomia-erkidego berean egon behar da.
2.– Laguntzaren onuradun direnek eta ezarpen-zentroa atzerrian dutenek doktoratu aurreko kontratua sinatu beharko dute Zientziaren Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque). Fundazio horrek zentro kontratatzaile gisa jardungo du kasu horietan.
3. artikulua.– Jarduteko lerroak, modalitateak eta ezagutza-arloak.
1.– Programan, jarduteko lerro hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatuko baitira ikerketa orokorrean prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.
b) Laguntza-berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2021-2022 aldian emandako laguntzak.
c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikerketa-arlo espezifikoetan prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.
d) Laguntza-berritzeen lerroa; 2021-2022 aldian emandako laguntzak berrituko dira lerro horren bitartez.
Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.
2.– Lehen deskribatutako lerroek modalitate hauek barne hartzen dituzte:
(Ikus .PDF)
3.– Agindu honen I. eranskinean daude zerrendatuta ikerketa orokorreko laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza-arloak.
4.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntzak:
a) Neutronika:
– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
b) Hezkuntza:
– Digitalizazioa: Metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak eta berauek ingurune digitalean-ingurune presentzialean integratzea.
– STEAM proiektuak: gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea eta ikasleen STEM arloekiko jarrera aldatzea.
– Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: metodologiak eta hizkuntza-gaitasunak ingurune inklusiboetan.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.
5.– Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren zenbateko osoa, deialdi honetan, 9.950.893,09 eurokoa da, aurrekontu-ekitalditan eta jarduera-lerrotan banatuta taula honen arabera:
2.– Gehienez 110 laguntza berri emango dira. Horietatik 106 ikerketa orokorrekoak izango dira, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonentzat 3 plaza gordeta, eta 2 neutronikako ikerketa-arlo espezifikoko izango dira, eta beste 2 hezkuntzako ikerketa-arlo espezifikokoak. Ez baldin badago arlo espezifikoetarako eskabide hautagarri nahikorik, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrera bideratuko dira, eta 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz esleitu.
3.– I. modalitatekoak izango dira ikerketa orokorrerako ematen diren laguntzetatik gehienez 3; ikerketa-lerro espezifikoetako laguntzak edo desgaitasuna dutenentzako erreserbatuak, aldiz, dauden hiru modalitateetako edozeinetakoak izan daitezke.
4.– Gehienez 284 laguntza berritze emango dira ikerketa orokorraren lerroan, eta ikerketa espezifikoaren lerroan, aldiz, 4.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA TESI-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntzen onuradunak doktorego-tesiaren proiektu bat gauzatzen ari diren pertsona fisikoak izango dira; aldi berean, laguntzaren eskatzaile ere badira.
2.– Ezin izango dira deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden hautagaiak. Arrazoi beragatik, erakunde kontratatzaileek ere ezingo dute erakunde kolaboratzaile izan. Besteak beste, hauek dira egoera horiek:
– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.
– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiboren bat izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.
Betekizun horiek dirulaguntza-eskabidea aurkeztu eta ematen den dirulaguntza likidatu arte bete behar dira.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua. Diruz lagundutako jarduketek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte laguntzak baliatzeko aldi osoan. Kontratuaren xedea izango da proiektu espezifiko eta erabat berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko dedikazio-erregimenean. Doktoratu aurreko kontratu hori duten ikertzaileen kotizazioan, ZTBLren hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, % 30eko murrizketa izango da gertakizun arruntetarako Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotan.
A eta B modalitateetan, kontratua idatziz egingo da ezarpen-zentroaren (enplegatzaile gisa) eta prestatzen den ari den ikertzailearen artean (langile gisa).
I. modalitatean, kontratua idatziz egingo da Ikerbasqueren (enplegatzaile gisa) eta prestakuntza-aldian den ikertzailearen artean (langile gisa).
Kontratu horiek ZTBLren 21. artikuluan, EPIFen eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.
Enplegatzailearen eta prestatzen ari den ikertzailearen arteko harremana ZTBLn, EPIFen eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.
2.– Iraupena. Kontratuak urtebeteko iraupena izango du, laguntza hasten den egunetik aurrera, agindu honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera. Kontratu hori beste hiru urtez luzatu ahal izango da gehienez, laguntza berritu ondoren. Nolanahi ere, aintzatesten diren ekitaldiko deialdian ezartzen diren baldintzen arabera arautuko dira.
Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen eta haien Gizarteratzearen Lege Orokorraren testu bateginak (azaroaren 29ko 1/2013 LED) ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona batekin sinatzen denean kontratua, 5 urtealdi oso gehiagotarako luzatu ahal izango da.
Baldin eta kontratuei aurreko puntuetan xedatutako gehieneko luzapenak egiten bazaizkie, kontratuak indarrean egongo diren 4 urteak (edo 6 urteak, desgaitasuna duten pertsonen kasuan) elkarren atzekoak izan beharko dira. Edonola ere, berritzeak egiteko, ezinbestekoa izango da programa honetarako kreditu nahikoa eta egokia egotea urtez urteko deialdian.
Halaber, hasierako kontratua nahiz luzapen posibleak egiteko, ezinbestekoa izango da ZTBLn doktoratu aurreko kontratuei buruz ezarritakoa betetzea.
Desgaitasunen ondorioz hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleentzat, unibertsitateek laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzu egokiak eduki behar dituzte, eta zerbitzu horiek ebaluatuko dute curriculuma egokitzearen edo ibilbide edo ikasketa alternatiboen beharra.
Egoera hauetakoren bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna; haurdunaldiko arriskua; amatasuna, adopzioa edo harrera; edoskitzaroko arriskua, eta aitatasuna, baita mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintza ere. Kasu horietan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da interesdunak hala eskatzen badu, betiere laguntzari uko egin ez badio eta errebokatu ez bada. Eskabide hori Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du, baldin eta aurrekontu-baliabideek hori ahalbidetzen badute.
3.– Zuzkidura. Laguntza ikertzaileen ordainsari gordina eta zentro enplegatzaileak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzera bideratuko da.
Hauek izango dira 2022-2023 ikasturterako zuzkidurak modalitate bakoitzean:
Enplegatuak jaso behar dituen zenbatekoak hamabi edo hamalau hilekotan banatuko dira, zentro enplegatzailearen araudiak ezartzen duenaren arabera.
Erakunde kontratatzailearekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, hargatik eragotzi gabe horiek erakunde kontratatzailearen kontura osatu ahal izatea, hala behar izanez gero EPIFen 7. artikuluan adierazitakoa betetzeko; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua. Hargatik eragotzi gabe onuradunei dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura, laguntzek erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat barne hartuko dute, zeina EAEko Administrazio orokorrak kudeatuko baitu. Horrez gain, I. modalitateko ikertzaileak bidaiako asistentzia-aseguruaren onuradun izango dira. Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira. Bidaiako laguntza-asegurua interesdunaren ezkontideari eta 25 urtetik beherako seme-alabei ere aplika dakieke, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu eta interesdunarekin batera egongo badira atzerrian egonaldi osoan edo aldi luzeetan. Luzapentzat hartuko da onuradunarekin bizitzen egindako aldiari, ez bada bisitaldi edo oporraldi batengatik, hilabetetik gorakoa. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
5.– Bidaia-gastuak eta bisa. I. modalitatearen onuradunak diren ikertzaileentzat osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Taula hau kontuan hartuta ezarriko da bidaia horren zenbatekoa:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
Halaber, joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
6.– Matrikula-gastuak. Gehigarri bat ezarriko da doktorego-ikasketetan matrikula formalizatzearen ondoriozko gastuak estaltzeko. Gehigarri horrek ezin izango ditu gainditu Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoen prezioak finkatzen dituen Hezkuntzako sailburuaren aginduan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ezarritako prezio publikoen gehieneko zenbatekoak. Hauek izango dira finantzatu beharreko kontzeptuak: dedikazio osoko doktoregaiaren prestakuntza eta jarraipena, doktorego-programetako tutoretza-matrikula eta matrikula-gastu finkoak, istripu-aseguru oinarrizkoa eta eskola-asegurua barne. Matrikula kontzeptuagatik, gehienez, 273,17€ ordainduko dira.
7.– Kalte-ordaina. Gehigarri bat ezartzen da jarduera uzteagatiko kalte-ordaina estaltzeko, kontratua amaitzean aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera, baldin eta onuraduna laguntzaren laugarren urtean badago, betiere.
Gehigarri horrek lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguni dagokien zenbatekoa estaliko du gehienez, programaren laugarren urtea amaitu arte. Kontratu bakoitzeko, gehienez 3.063,92 euro ordainduko dira kalte-ordain gisa, beti programaren laugarren urteko azken ordainketan.
8.– Ordaintzeko modua. Laguntza zatika ordainduko zaie erakunde kontratatzaileei: laguntzaren % 21 (lehenengo ordainketa) ebazpen bidez esleitutako laguntza onartzean ordainduko da, edo, hala badagokio, aginduaren 12.1 artikuluan adierazitako epea igaro eta gero, onuradunak laguntzari espresuki uko egin ez badio. Gainerakoa, hiru alditan: 2023ko martxoan, % 27; 2023ko maiatzean, % 26; eta 2023ko urrian, % 26.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, informatika-aplikazioaren bidez, agindu honen 9. artikuluko 3. puntuan xedatzen den bezala.
Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek eta Ikerbasquek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.
Matrikularen zenbatekoa lehenengo ordainketan ordainduko zaio erakunde kontratatzaileari. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.
Bidaia-gastuetatik eta bisatik eratorritako gastuak erakunde kontratatzaileari ordainduko zaizkio bigarren ordainketan. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dizkio onuradunari zenbateko horiek, hirugarren hileko ordainsarian.
Jarduera uzteagatiko kalte-ordainaren zenbatekoa programaren laugarren urteko azken ordainketan ordainduko zaio erakunde kontratatzaileari.
Dena den, dirulaguntza ezingo da ordaindu baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
7. artikulua.– Doktorego-tesien zuzendarien betekizunak.
1.– Laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin kontratu-lotura iraunkorra izan eta zerbitzu aktiboan dagoen doktore batek zuzendu ahal izango du doktorego-tesiaren proiektua.
Ondorio horietarako, iraunkortzat joko da Ikerbasquek «Research Professor» kategorian kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.
Ikerketa espezifikoko laguntzen lerroan, hala neutronikan nola hezkuntzan, eta B eta I. modalitateetan, nahitaezko betekizuna izango da doktorego-tesian zuzendarikidea izatea, eta, halaber, Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistemako ikertzaile batek zuzentzea.
Gainera, unibertsitateen kasuan, tesiaren zuzendariak (edo, bestela, tesiaren zuzendarikideak) eskatzailea atxikita dagoen departamentuko kide izan behar du.
2.– Tesiaren zuzendariak kontratu-lotura ez-iraunkorra baldin badauka laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin, eskatutako proiektuak beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek. Proiektuaren zuzendariak ez badu betekizun hori betetzen, nahitaezkoa izango da zuzendarikide baten lankidetza izatea, laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin laguntzaren aldi osorako kontratu bidezko harremana duena.
3.– Eskabide bakoitzean, tesi-proiektuaren bi zuzendari agertuko dira gehienez, zuzendari eta zuzendarikide modura; eskubide eta betebehar berak izango dituzte biek.
Zuzendarikide bat baldin badago, hark ere sinatu beharko ditu agiri guztiak, alegia, deialdi honen arabera proiektuaren zuzendariak sinatu behar dituen agiri guztiak.
4.– Doktorego-tesiaren proiektu baten zuzendariak edo zuzendarikideak ezingo du eskabide batean baino gehiagotan azaldu deialdi honetako modalitateetan.
5.– Doktorego-tesiaren proiektu baten zuzendaritza edo zuzendarikidetza bere gain hartzen duenak, eskatzaileak hautatutako doktorego-programak ezarritako betekizunak ere bete beharko ditu doktorego-tesien zuzendaritza eta zuzendarikidetzari dagokionez.
6.– Tesiaren zuzendariek eskabidea aurkezten den unean bete beharko dituzte artikulu honetan xedatutako betekizunak, eta berauek betetzen jarraitu beharko dute laguntza amaitu arte.
3. ATALA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Ikerketa-proiektua gauzatzeko behar duten lankidetza eta laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, zentro horrek ahal duen neurrian.
2.– Dagozkion departamentuetan eta institutuetan integratuta egotea, eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak adierazten duen moduan.
3.– Ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak baliatzea.
4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.
5.– Atzerrian ikerketa-egonaldi bat egiteko laguntza ekonomikoa jasotzea, Hezkuntzako sailburuaren urteroko aginduan aurreikusitako baldintzetan, zeinaren bidez egiten baita Hezkuntza Sailak finantzatutako ikertzaileen prestakuntzarako doktoratu aurreko programako laguntzen ezarpen-zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntza-deialdia.
6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketan egindako prestakuntza-jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute mendekotasunik izango egindako ikerketak eragin ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokienez, deialdi bakoitzak xedatutakoa hartuko da kontuan, Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
8.– ZTBLren 14. artikuluan ikertzaileentzat onartutako guztiak.
9.– Ezarpen-zentroak aitortutakoak diren eta deialdi honetan ezarritakoarekin bateraezinak ez diren eskubide guztiak.
10.– EPIFek aitortzen dizkien beste guztiak.
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 48. artikulutik 50.2 artikulura ezarritako betebehar-erregimenaren mende egongo dira; zehazki, hauek bete beharko dituzte edonola ere:
1.– Jarraian adierazten diren egunetan hastea ezarpen-zentroan:
a) Laguntza berri baten onuraduna, kontratua formalizatu, eta 2023ko urtarrilean hasiko da lanean bere ezarpen-zentroan. 2023ko otsailaren 1a baino lehen hasi beharko du aldiak, bai ondorio ekonomikoetarako, bai denbora zenbatzeko, baita Gizarte Segurantzan alta emateko ere.
Onuraduna 2023ko urtarrilaren 31 baino geroago hasten bada lanean, emandako laguntza baliogabetu egingo da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
b) Laguntza berritzea lortzen duten ikertzaileek prestakuntza-jarduerarekin jarraitu beharko dute, etenaldirik egin gabe, eta dagokien ezarpen-zentroaren lan-egutegia bete beharko dute.
c) Onuradun berriak eta berrituen onuradunak ezarpen-zentroan sartu direla egiaztatu beharko da, zentroko atxikipen-departamentuaren zuzendariak eta ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako agiri baten bidez. Agiriak atxikipenerako aurreikusitako data berbera izan beharko du. Idazki hori Ikerketa Zuzendaritzara bidaliko da, 2023ko otsailaren 15a baino lehen, onuradunak laguntza-eskabidea egiteko erabili duen informatika-aplikazioaren bidez.
2.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko da, agindu honen 13. artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe.
3.– Atzerrian 4 eta 6 hilabete arteko egonaldi jarraitua egitea ezarpen-zentroa ez den beste batean. Egonaldi hori doktoratu aurreko laguntzaren lehenengo 3 urteetan egin beharko da, eta modu jarraituan. Betebehar hori ez betetzeak laguntza ekonomikoa ez berritzea ekarriko du azken urtean.
Betebehar hori deialdi honetan ematen diren laguntza berriei aplikatuko zaie, eta ez da nahitaezkoa izango 2022-2023 baino lehenagoko deialdietako berritzeak direnean.
4.– Ikerketa Zuzendaritzara ezarpen-zentroarekin sinatutako kontratuaren jatorrizko kopia, berria edo luzatua, igortzea, informatika-aplikazioaren bidez, kontratua sinatzen den egunetik aurrera 21 egutegi-eguneko epean gehienez.
5.– Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, informatika-aplikazioaren bidez, ikerketa-premiek eraginda, Espainiara egiten diren bi aste baino gutxiagoko aldizkako irteerak. Ezarpen-zentroaren ikerketa-premiengatik aldi baterako irteerak Espainiatik kanpora egin behar badira edo bi aste baino gehiago iraungo badute, baimena eskatu beharko zaio Ikerketa Zuzendaritzari, eta hark baimendu beharko ditu.
Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, informatika-aplikazioaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta departamentuko zuzendariak, proiektuko zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak sinatu beharko dute.
Halaber, baldin eta laguntzaren onuraduna aldi berean bada agindu honen 8.5 artikuluan zerrendatutako aldi baterako egonaldi baten onuraduna eta egonaldi horrek deialdiaren emate-ebazpenean ezarritako epea gainditzen badu, baimena eskatu beharko du aldi baterako irteera bat egiteko gehituko zaien epean atzerrian.
6.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako aldaketa oro (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, ezarpen-zentroa, etab.) jakinaraztea bai Ikerketa Zuzendaritzari eta bai ezarpen-zentroari, informatika-aplikazioaren bidez.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa-eskabidea idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du, eta aldaketa horretan zerikusia duten guztien oniritzia beharko da.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea, eta aldaketarik egongo emandako laguntza ekonomikoaren zenbatekoan.
7.– Laguntzari uko eginez gero, bai Ikerketa Zuzendaritzari eta bai ezarpen-zentroari jakinaraztea, kasu honetan informatika-aplikazioaren bidez, 12. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
8.– Doktore-titulua lortu izana jakinaraztea, bai Ikerketa Zuzendaritzari eta bai ezarpen-zentroari, kasu honetan informatika-aplikazioaren bidez, titulua lortzen den egunetik aurrera gehienez 10 egutegi-eguneko epean.
9.– Laguntza baliatzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetean, egindako ikerketa-jarduera guztiei eta haien emaitzei buruzko amaierako txostena aurkeztea (10 orrialde, gehienez) Ikerketa Zuzendaritzari, informatika-aplikazioaren bidez. Txostenak proiektuaren zuzendariaren bermea izan beharko du. Halaber, txosten hori aurkeztu beharko dute doktore-titulua eskuratu dutelako laguntzaren onuradun izateari utzi diotenek eta aurreikusitako epea igaro baino lehen laguntzari uko egin diotenek.
10.– Laguntza baliatzen duen bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta doktorego-tesian azaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko duen doktoratu aurreko programaren onuradun dela.
11.– Aprobetxamenduz gauzatzea ikerketa-proiektuko lan-planean eta doktorego-programan aurreikusitako jarduerak.
12.– Ezarpen-zentroaren funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea.
13.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
14.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
15.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
16.– Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
17.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
Edonola ere, zuzkidura ekonomikoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, prestakuntza-aldian den ikertzaileak bere betebeharrak bete beharko ditu. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, baita, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.
10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren eta erakunde kontratatzaileen betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Laguntzaren onuradun den ikertzaileari lan-kontratua egitea ZTBLn helburu horretarako ezarritakoaren arabera, betiere indarrean dagoen lan-arloko legeriari jarraikiz, eta agindu honetan ezarritako iraupen, ordainsari eta gainerako ezaugarriak kontuan hartuta.
b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza emateko hasierako egoerarekiko uko-egite, eten edo aldaketa oro, eta gertatzen den bateraezintasun-arrazoi oro, baita laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz lezakeen gainerako gorabeherak ere. Gehienez 21 egutegi-eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Programaren bitartez.
g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
h) Ezarpen-zentroak 2024ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honen xede diren laguntzak garatzearen ondorioz jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea. Era berean, bidaia-gastu gisa egindako ordainketak justifikatu beharko dira.
Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak eta kontratua amaitzen den bakoitzean dagozkion kalte-ordainen zenbatekoak. Ezarpen-zentroak jasotako zenbatekoek benetan aplikatutakoak gainditzen badituzte, batzuen eta besteen arteko aldea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren ebazpen baten bidez likidatuko da.
Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatu ahalko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.
i) Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– I. modalitateko onuradunen ezarpen-zentroek 1.c, 1.d eta 1.e apartatuetan adierazitakoa soilik hartuko dute kontuan.
3.– Erakunde kontratatzaileak nahitaez bete beharko ditu EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52., 63. eta 65. artikuluak (EAEko administrazio publikoen laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzkoa), erakunde kolaboratzaile den aldetik, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa eta Entitate Kolaboratzaileen betekizun, erregimen eta betebeharrei dagokienez abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
11. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Agindu honetan araututako doktoratu aurreko laguntza berriaren onuradunak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari beren-beregi uko egiteko, emate-ebazpena https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Uko egiten bada, laguntza baliatzen hasi baino lehen izango ditu ondorioak uko-egite horrek. Uko-egitea informatika-aplikazioaren bidez egingo da, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez onartuko da. Puntu honetan ezarritako moduan eta epean aurkezten bada uko-egitea, 31.7 artikuluan ezarritakoaren arabera esleituko da berriro hutsik dagoen laguntza. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
2.– Prestakuntza-aldian diren ikertzaileek laguntza onartzen badute, ulertuko da 8. eta 9. artikuluetan jasotako eskubideak eta betebeharrak aitortzen dituztela.
12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Kontratua formalizatuta, eta laguntza baliatuko duen aldian, onuradunak laguntzari uko egin ahalko dio, horretarako arrazoiak adierazita. Uko-egitea informatika-aplikazioaren bidez jakinarazi beharko da, eta, horretarako, Ikerketako zuzendariari idatzi bat helarazi beharko zaio. Idatzi hori ikertzaileak berak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak sinatu beharko dute, eta bertan adierazita egon beharko dira laguntzari uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Ondorioak hasteko eguntzat hartuko da gertatu den eguna. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez. Laguntzari uko egiten dion onuradunaren ezarpen-zentroa UPV/EHU bada, justifikazio-idatzia Ikerketako errektoreordeak sinatu beharko du.
2.– Onuradunak alegatutako arrazoiak justifikazio nahikotzat jotzen badira, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko da uko-egitea.
3.– Ikertzaileak uko egiten badu, zentro enplegatzaileak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira, hargatik eragotzi gabe bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak. Laguntza berrien kasuan, uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko du onuradunak, baldin eta laguntza baliatzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.
13. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
1.– Agindu honetako laguntzak bateraezinak dira, oro har, funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako bestelako laguntzekin –xede bera baldin badu–, ez eta soldatak jasotzearekin ere.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak baimendu ahal izango du laguntza bateragarria izan dadin prestakuntza-helburuko irakaskuntza-zereginetan lankidetzan aritzearekin, urtean 60 orduz gehienez; 180 ordukoa izango da laguntzen aldi osorako gehieneko muga, inola ere indargabetu gabe laguntzaren ikerketa-helburua.
Lankidetza hori eskatzailea doktorego-programa egiteko matrikulatuta dagoen gradu-irakaskuntzan eta unibertsitatean egingo da. Gainera, ez du inolaz ere ekarriko ez lankidetza esleitzen duen departamentuaren irakaskuntza-karga murriztea, ez irakasgaiaren ardura duten irakasleen irakaslana ordezkatzea, eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan, edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan. Halaber, ez da lan-kontraturik sinatuko.
Lankidetzaren baimen-eskabidea egiteko erabili den informatika-aplikazio beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; irakaskuntzan laguntzen hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikipen-saileko zuzendariak, doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendarikideak, hala badagokio, eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskabidea.
3.– Agindu honen babesean jasotako laguntzak bateraezinak dira bestelako ikasketa arautuekin, izan urrutiko modalitatean, izan aurrez aurrekoan.
4.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du hizkuntza-ikasketak egiteko, baldin eta beren ezaugarri eta ordutegiengatik ezarpen-zentroko lanaldi normalizatutik kanpo egin ahal badira eta ez badiote inolako kalterik eragiten onuradunaren ikerketa-jardunari.
Ikasketak egiteko baimen-eskabidea informatika-aplikazioaren bidez egingo da, gutxienez, ikasketak hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, eta doktorego-tesiaren proiektuko zuzendariak eta zuzendarikideak eta ikertzaileak sinatu beharko dute.
5.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du onuradunak ordainsariak jaso ditzan onuradunak berak gauzatzen duen ikerketarekin zuzenean lotutako irakaskuntza-zereginengatik (ikastaroak, hitzaldiak edo txostenak) edo ikerketa-lanengatik (liburuak, artikuluak edo erakusketak) jasotzen baditu, baldin eta horiek guztiak aldizkakoak eta ezohikoak badira. Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordinaren % 30 gainditu. Ez da baimenduko adierazitako parametroekin bat ez datorren beste jarduerarik.
Baimen-eskabidea informatika-aplikazioaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Baimen hori atxikipen-departamentuko zuzendariak, doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak eta, hala badagokio, zuzendarikideak eta ikertzaileak berak sinatu beharko dute.
6.– Agindu honen babesean jasotako laguntzak bateraezinak dira, ZTBLren 21. artikuluan xedatutakoaren babesean egindako doktoratu aurreko kontratu bat sinatu izanarekin, agindu honen ebazpena baino lehen.
14. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betez gero. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzulketa-espedientea hasiko da.
15. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du prestakuntza-aldian diren ikertzaileek gauzatutako lanaren jarraipen zientifikoa eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gain. beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko.
16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari esleitutako egitekoak.
17. artikulua.– Ez-betetzea.
Pertsona onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratatzaileak jarraian zehaztutako egoeraren batean suertatuz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea dakarren prozedurari hasiera emango zaio, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloko berandutze-interes aplikagarriak itzultzeko prozedurari ekingo zaio –aplikagarria dena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan jasota dagoen oinarrizko araudian arabera–. Hauek dira egoerak: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean egotea; agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak ez betetzea; dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak edo betekizunak ez betetzea –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera–, edo laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak ez betetzea.
18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Agindu honetan aurreikusitako ez-betetzeak gertatuz gero, prozedura hau beteko da:
a) Ikerketako zuzendariak eman eta jakinaraziko du prozeduraren hasiera.
b) Prozedura hori hasteko idazkian jasoko dira prozedura bera hastearen arrazoiak, eta 15 eguneko epean emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo, horretarako epea igarota, alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu ez-betetzeak gertatu direla, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola behar diren kopuruak eta dirulaguntzen arloko berandutza-interes aplikagarriak –aplikagarria dena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan jasota dagoen oinarrizko araudian arabera–; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, horren berri emango zaio, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jardun dezan Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketa sustatzekoak). Informazio hau barne hartuko du:
Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.
Legitimazioa:
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.
– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.
Hartzaileak:
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.
Eskubideak: Eskatzaileak eskubidea du datuetara sarbidea izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea kontsulta daiteke web-orri honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK, EBAZPENA ETA ARGITALPENA
20. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
21. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan telematikoki eskuragai egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin. Helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ zerbitzu_elkartzea/2022/predoc/web01-tramite/es.
Helbide horretatik, izangaia ikerketako informatika-aplikazioan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak elektronikoki baino ez da aurkeztuko, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera (ikerketarako laguntza eta sariak eskatzeko eskabideetan eta gainerako izapideetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen duena), eta agindu honen 26. artikuluan laguntza berrietarako eta 34. artikuluan laguntza berrietarako adierazitakoa izango da. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.
2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eskatzailea Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoko edozein sistemaren bidez identifikatu beharko da, eta eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du, hau da, eskabide bati sinadura elektronikoaren bidez balioa emateko, erregistratu dela jaso beharra dago. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, "Ikusi egiaztagiria E/E" aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu ez den eskabiderik.
3.– Helbide honetan ageri dira identifikazio-sistema elektroniko onartuak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Eskabideak –berriak zein berritzeenak- aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta irailaren 2an amaituko da.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan. Informatika-aplikazioak ez die beste eskabiderik egiten utziko aurretik eskabide bat eginda duten hautagaiei.
6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honen II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar egun balioduneko epe luzaezinean. Zuzentze-prozedura hori egiteko, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Eskatzaileak hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko-egite edo atzera-egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, zuzendu beharreko eskabideen zerrenda argitaratuko da egoitza elektronikoko iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.
23. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, dela ikerketa orokorraren modalitaterako zein ikerketa espezifikoaren modalitaterako, publizitateari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera.
Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen artean hautapen-irizpideen araberako hurrenkera bat ezartzeko. 65 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan.
2.– Laguntzak era independentean berrituko dira, izan ikerketa orokorreko modalitatean zein ikerketa espezifikoko modalitatean, baldin eta eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten bada eta 32. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla agiri bidez egiaztatzen bada, betiere.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK.
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA AGIRIAK
24. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko betekizunak.
1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean; 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera A modalitatean aurkeztuz gero, edo 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera B edo I. modalitateetan aurkeztuz gero.
Hala ere, onartu egingo dira EAEn erroldatuta egon ohi diren pertsonen eskabideak, baldin eta betekizun hori betetzen ez badute deialdi honen xedearekin lotutako graduko edo graduondoko unibertsitate-ikasketak EAEtik kanpo egin dituztelako.
2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena edukitzea.
3.– Doktore-programa ofizial batean matrikulatuta edo onartuta dagoela egiaztatzea.
Hala ere, deialdian parte hartzeko eskabidea onartuko zaie 2022ko azaroaren 15erako doktorego-programan onartuak izatea espero duten pertsona guztiei. Eskabide hori behin-behinean ebaluatuko da, eta, behin betiko onartzeko, eskatzaileak Ikerketa Zuzendaritzara programan onartu dutela egiaztatzen duten agiriak igorri beharko ditu informatika-aplikazioaren bidez, hartarako ezarritako epean.
4.– Titulazio hauetakoren bat duela egiaztatzea:
a) Graduko eta unibertsitate-masterreko Espainiako titulu ofiziala, baldin eta gutxienez 300 ECTS kreditu gainditu badira (horietatik, gutxienez, 60 kredituk master-mailakoak izan behar dute) bi irakaskuntza horietan. Ezinbesteko betekizuna da unibertsitate-masterra amaituta izatea.
Nolanahi ere, kautelaz onartuko dira, eskabidea egiten den unean, master amaierako lanaren kalifikazioaren zain daudelako soilik, masterreko ikasketak bukatu ez dituzten eta doktorego-programan sartzeko master-titulua 2022ko urriaren 28rako lortzea espero duten pertsonen eskabideak. Eskabidea behin betiko onartuko da , horretarako ezarritako epean, hots, 2022ko urriaren 31 baino lehen masterra amaitu duela egiaztatzen duten agiri ofizialak Ikerketa Zuzendaritzara igortzen dituenean eskatzaileak.
Unibertsitateko master ofizialak baliozkoak izango dira, eta berezko masterrak ez.
b) Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala (Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza, Arkitektura teknikoa, Ingeniaritza teknikoa, Diplomatura), edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, Masterrerako sarbidea lortzeko gaitzen duena, urriaren 29ko 822/2021 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan gutxienez 300 ECTS kreditu gainditu izana, eta horietatik, gutxienez 60 Master-mailakoak izango dira. Ezinbesteko betekizuna da unibertsitate-masterra amaituta izatea.
Nolanahi ere, kautelaz onartuko dira, eskabidea egiten den unean, master amaierako lanaren kalifikazioaren zain daudelako soilik, masterreko ikasketak bukatu ez dituzten eta doktorego-programan sartzeko master-titulua 2022ko urriaren 28rako lortzea espero duten pertsonen eskabideak. Eskabidea behin betiko onartuko da , horretarako ezarritako epean, hots, 2022ko urriaren 31 baino lehen masterra amaitu duela egiaztatzen duten agiri ofizialak Ikerketa Zuzendaritzara igortzen dituenean eskatzaileak.
Unibertsitateko master ofizialak baliozkoak izango dira, berezko masterrak ez.
c) Goi-mailako hezkuntzarako kualifikazioen espainiar esparruko 3. mailari dagokion baliokidetasuna eskuratu duen unibertsitate-titulu ofiziala, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Errege-dekretu horrek ezartzen ditu Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, baita kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.
Aurreko kasu guztietan, unibertsitate graduko titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, hautatutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.
5.– Gradu, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza, arkitektura tekniko, ingeniaritza tekniko edo diplomatura ikasketen amaiera-data 2018ko ekaina izango da, edo geroagoko data, salbuespen hauekin:
a) Amaiera-data 2016ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke 2016ko ekainetik 2018ko ekainera bitarte, gutxienez 3 hilabetez, 3 urtetik beherako seme-alabak artatzen eta zaintzen aritu diren eskatzaileen kasuan.
b) Ikasketak amaitzeko data 2014ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke Medikuntza, Farmazia, Biologia, Kimika edo Psikologia lizentziadunentzat, baldin eta laguntza eskatzen dutenean Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) badute, edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren).
c) Ikasketak amaitzeko data 2016ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke eskatzaileek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik, egiaztatzen badute bateragarria dela proposatutako ikerketa-proiektua gauzatzearekin.
6.– Batez besteko nota hau izatea, edo hortik gorakoa:
a) 6 puntu 10., 11. eta 12. arloak egiteko.
b) 6,5 puntu 1., 2., 3., 8., 9., 13., 15. eta 16. arloak egiteko.
c) 7 puntu 4., 5., 6., 7., 14., 17., eta 18. arloak egiteko.
d) 6,5 puntu ikerketa espezifikoko arloetan parte hartzeko, Neutronikan zein Hezkuntzan.
Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: ikasgai bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider ikasgai horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berritu ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.
Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotu edo egokitu dituen unibertsitateak kalifikatu ez dituen baliozkotutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioak zenbatuko dira, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude, betiere. Agiri bidez egiaztatu ezean, gainditutzat joko dira.
Era berean, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko beste espezialitate batzuetako ikasgaietan lortutako notak, ezta master-ikasketen notak ere.
Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileen kasuan, Espainiako Gobernuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak emandako "Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena" delakoan edo ANECAren ziurtagiri ofizialean ageri den espediente akademikoko batez besteko nota hartuko da aintzat.
25. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute betekizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Betekizun horiek betetzen ez dituztenak edo eskatutako epean eta moduan egiaztatzen ez dituztenak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira; ildo horretan, 27.2 artikuluan ezarritakoa hartu beharko da aintzat.
26. artikulua.– Laguntza berrietarako nahitaezko agiriak.
Ondoren adierazten diren agiriak informatika-aplikazio bidez aurkeztu beharko dira eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.
1.– Eskatzailea, egun, EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. 2022ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, erroldatuta egon behar du A modalitatean aurkeztuz gero, eta, 2020kotik, B edo I. modalitatean aurkeztuz gero.
Deialdi honen xedearekin lotutako unibertsitate-ikasketak direla-eta, betekizun hori betetzen ez duenak, 24.1 artikuluan aurreikusten den bezala, ikasketa horien matrikula edo beste edozein egiaztagiri ofizial aurkeztu beharko du; halaber, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aurrez EAEn erroldatuta egon dela, eta, justifikatu beharreko aldi horretan guztian beste autonomia-erkidego batean edo atzerrian erroldatuta egon dela (atzerrian egon bada, enbaxadako erregistroa aurkeztu beharko du).
2.– Bizileku-baimena, hala badagokio.
3.– 24.4 artikuluan eskatzen den titulua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria.
4.– Gradu-ikasketen ziurtagiri akademiko ofiziala, 24.4 artikuluan ezartzen den bezala, unitate arduradunak emana. Ikasketen ziurtagirian, datu hauek jasoko dira: ikasketen izena, titulazioaren programako ikasgai guztiak, gainditutako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiek noiz eskuratu diren. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota adierazi behar du.
Ikasketak atzerrian egin badira, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztuko da, baita ziurtagiri horren zinpeko itzulpena ere, baldin eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean edo ingelesez ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste agiri batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren «Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena» edo ANECAren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, eta adierazi zein den espediente akademikoaren batez besteko kalifikazioa Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.
Unibertsitate graduko titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, hautatutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.
5.– Unibertsitateen kasuan, eskatzailea ezarpen-zentroari atxikitako departamentuan onartu dutela adierazten duen idazkia, departamentuko zuzendariak sinatuta. Departamentu hori bat etorriko da proiektuko zuzendariaren edo zuzendarikidearen departamentuarekin.
6.– Ezarpen-zentroaren konpromiso idatzia, bertako legezko ordezkariak izenpetua –Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak unibertsitateen kasuan–, laguntza lortzen duen doktore ez den ikertzailearen doktoratu aurreko kontratua formalizatzeko.
Idazki horretan beren-beregi jasoko da bete egingo direla agindu honen 10. artikuluan xedatutako betebeharrak. Horretarako, informatika-aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloia erabiliko da.
Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
7.– Doktorego-programa ofizial baterako matrikula edo onarpena, 24.3 artikuluan ezarritako eran, programa horren arduradunak sinatua.
Onarpena 2022ko azarorako lortzea espero denean, eskatzaileak behin betiko onarpenaren ziurtagiria bidali beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari 2022ko azaroaren 15erako, egun hori barne dela.
8.– 2022-2023 ikasturteko doktoregoko matrikularen zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria.
9.– Eskatzailea onartu duten edo eskatzaileak onartua izatea espero duen doktorego-programaren ezaugarri adierazgarrienak bilduko dituen memoria, formatu normalizatuan, eta doktorego-tesiaren proiektuarekin duen lotura. Ezaugarri horien artean espresuki nabarmenduko dira eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako hautatutako doktorego-programaren oinarri direnak (3 orrialde, gehienez).
10.– Eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeari buruzko memoria formatu normalizatuan, eskatzailearen zientzia-kalitatea, prestakuntza-ahalmena eta finantzaketa lehiakorra eskuratzeko gaitasuna adierazita (5 orrialde, gehienez).
Horretarako, I+G+b proiektu batean edo ikerketa-lerro jakin batean, egindako edo egiten ari diren lankidetzen bidez egiaztatuta, ikertzaile gisa lankidetzan diharduten eta hautagaiaren prestakuntza-programaren garapenean parte hartzeko engaiatuak diren pertsona edo pertsonak joko dira ikertzaile-taldetzat –formalki edo informalki eratutako taldea izan–.
11.– Doktorego-tesiaren proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa formatu normalizatuan, proiektuaren zuzendariak sinatua, eta zuzendarikideak, halakorik balego. Hau izango da memoria horren edukia: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plana interes zientifikoa edo soziala, eta bibliografia nabarmenena (3 orrialde, gehienez). Eduki horrez gain, hau jaso beharko du memoriak berariaz:
a) Espero daitekeen ala ez eskatzaileak doktorego-tesiaren proiektuaren eta haren defentsaren helburuak lortzea laguntza jasoko duen lanaldi osoko 3 urteetan.
12.– Laguntzaren lehenengo 3 urteetan zehar atzerrian egingo den ikerketa-egonaldiaren plangintza, lankidetza egingo den ikerketa-taldearen eta zentroaren garrantzia esplizituki adierazita (orrialde 1, gehienez).
8., 9. eta 10. puntuetan adierazitako memoriak EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira.
13.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua. EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez aurkeztu ahalko da CVa.
14.– CVan alegatutako merezimendu akademiko eta zientifikoen egiaztagiriak. Argitalpenak egin badira, lehen orrialdearen fotokopia aurkeztu beharko da. Beste laguntza batzuk eskuratu badira, aldiz, emate-ebazpenaren fotokopia.
15.– Sinatutako doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariaren (eta, hala badagokio, zuzendarikidearen) curriculum vitae laburtua (azken 6 urteak). EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo ingelesez aurkeztu ahalko da CVa. 6 urteko muga horrek txantiloiko C atalari (merezimendu garrantzitsuenak) baino ez dio eragiten.
Ziurtatutako etenaldiarekiko proportzionalki luzatuko da aintzat hartzeko ikerketa-jardueraren aldia, baldin eta ikerketa-lanetan etenaldiren bat gertatu bada egoera hauetakoren baten ondorioz: iraupen luzeko aldi baterako lanerako ezintasuna; amatasuna; aitatasuna; edoskitze-aldiko arriskua; adopzioa edo harrera, edo liberazioa, kargu hauetakoren bat betetzeko bada: unibertsitateko pertsona bakarreko kudeaketa-karguak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko zuzendaritza-karguak eta administrazio publikoetako karguak. Salbuespena izango da 10 astetik gorako amatasun edo aitatasunagatiko etenaldietan, horietan seme edo alaba bakoitzeko urtebete luzatuko baita ebaluatzeko aldia; edonola ere, gehienez 6 urte gehiagoz luzatuko da ikerketa-jarduera kasu guztietan.
16.– B eta I. modalitateetarako soilik, eta hala badagokio, agiri ofiziala edo Euskal unibertsitate-sistemako (EUS) unibertsitateekin egindako hitzarmena, non berariaz jasoko baita hautatutako doktorego-programarako lankidetza.
17.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoa egia dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, hala badagokio. Erantzukizunpeko adierazpenean bertan dago adierazita zein kasutan egin behar den hori.
18.– Master-titulua edo master-eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria, eta masterraren espediente akademikoa, masterraren ezaugarri orokorrak, titulua, iraupena kreditutan eta denboran adierazita.
Onarpena 2022ko azarorako lortzea espero denean, eskatzaileak behin betiko onarpenaren ziurtagiria bidali beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari 2022ko azaroaren 15erako, egun hori barne dela.
19.– % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela egiaztatzen duen agiria, foru-aldundietako organo eskudunak, IMSERSOk edo baliokideak onartua. Gainera, desgaitasuna dutenen txandan parte hartzen dutenek eskabide-inprimakian adierazi beharko dute.
20.– 24.5 artikuluan bildutako salbuespenak egiaztatzen dituen agiri ofizialak, halakorik behar izanez gero.
Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko dira 6., 9., 10., 11., 13. eta 15. puntuetan eskatutako agiriak. Ez badira txantiloi horiek erabiltzen, edo kasuan-kasuan aipatu den luzera gainditzen bada, edo memoria zientifiko-teknikoa eta zuzendariaren (eta hala badagokio, zuzendarikidearen) CVa sinatu gabe badago, eskabidea zuzendu beharko da.
Behin eskabideak zuzentzeko izapidea eginda, hala badagokio, agiria sinatuta ez badago, ezarritako denbora-muga gainditzen badu edo ezarritako formatuan ez badago, eskatzaileak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA
27. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igarota, eta agiriak aztertu eta gero, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gaineko lehenengo ebazpena emango du. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.
Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, eta arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ahal izango dituzte, kautelaz, betiere, baldin eta baztertzearen aurkako errekurtsoa aurkezten badute edo dagokion ataleko elkarrizketak egiteko ezarritako epea baino lehen egiaztatzen badute errekurtsoa aurkeztu nahi dutela. Errekurtso hori ezesten bada, edo, azkenik, aurkezten ez bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez.
28. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.
2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan, eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu.
3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:
– Espediente akademikoa: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez bestekoa hartuko da oinarritzat, 24.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, eta zenbaki hori bider 3 kalkulatuko da. 30 puntu, gehienez. Kalkulu hori Ikerketa Zuzendaritzak egingo du ofizioz.
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 5 puntu, gehienez. Atal honetan, puntu 1 eskuratu ahal izango da Ikasiker programaren lankidetza-beka baten onuradun izateagatik.
– Doktorego-programa: a) eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako kalitatea eta egokitasuna (3 puntu, gehienez), eta b) zenbateraino datorren bat EAEko I+G+b estrategiarekin (7 puntu, gehienez). Horren harira, eta 2.1 artikuluan xedatutakoa aintzat hartuta, ezarpen-zentroaren egoitza soziala interesduna matrikulatuta dagoen doktorego-programako unibertsitatearen autonomia-erkidego berean egon behar da.
Euskal unibertsitate-sistemako (EUS) doktorego-programak eta, sistema horretakoak ez izanagatik ere, EUSeko unibertsitateekin egindako hitzarmenetan jasota dauden programak, EAEko I+G+b estrategiarekin % 100 bat datozela iritziko da (7 puntu).
Ulertuko da euskal unibertsitate-sistematik kanpoko gainerako doktorego-programen bat-etortze maila baliogabea dela, salbu eta egiaztatzen bada Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistema osatzen duten ikertzaileak inplikatuta daudela proposatutako tesi-proiektuaren zuzendaritzan (2 puntu), edo zuzendarikide horiek zuzenean parte hartzen dutela doktorego-programa horietan (4 puntu).
– Doktorego-tesiaren proiektua: kalitate zientifiko-teknikoa, aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren interesa eta bideragarritasuna. Atzerriko ikerketa-egonaldiaren plangintzarekin batera ebaluatuko da, eta atzerriko ikerketa-egonaldia doktore-tesiaren proiektua garatzeko egokia eta egokia den baloratuko da. 10 puntu, gehienez.
– Zientzia Zuzendaritza: ikerketa-proiektuaren zuzendariaren eta zuzendarikidearen historia zientifikoa, eta eskatzailea sartuko den ikerketa-taldearen prestakuntza-ahalmena eta kalitate zientifikoa. 20 puntu, gehienez.
– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da. 25 puntu, gehienez.
4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzaileak elkarrizketa ez egitea Ikerketa Zuzendaritzak ezarritako modalitatean, edo 65 puntu baino gutxiago lortzea.
29. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badute EAEko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa, eta hain justu ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialarena, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, ebaluazio-batzordearekiko elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean osasun-eragozpen larriak tarteko. Ikerketa Zuzendaritzari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
30. artikulua.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.
1.– Lehiaketa izango da agindu honetan araututako laguntza berriak esleitzeko prozedura.
2.– Ebaluazioaren emaitzak hautapen-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita; batzordeburua), Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
3.– Hautapen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, eta, prozedura bakoitzean –ikerketa orokorra eta ikerketa espezifikoa– baliabideak esleituko ditu, eta dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:
1.– Lehenik eta behin, desgaitasuna duten pertsonen kupoari dagozkion laguntzak esleituko dira. Eskabide hautagarri nahikorik ez badago, esleitu gabeko laguntzak Ikerketa Orokorreko arloei gehituko zaizkie, eta hurrengo apartatuan ezarritakoaren arabera esleituko dira.
2.– Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:
a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta ehuneko hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua/eskabide hautagarrien kopurua.
b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken ehunekoa a) puntuan zehaztutako ehunekora gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak.
3.– Laguntza berriak ikerketa espezifikoan: honela egingo da esleipena:
a) Eskabide hautagarriak puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira arlo bietan. Puntuazio handiena eskuratu duten bi eskabideei emango zaie laguntza arlo bietan (Neutronika eta Hezkuntza).
b) Arlo espezifikoren batean ezin badira aurreikusitako laguntzak eman, ez dagoelako eskabide hautagarri nahikorik, esleitu ez diren laguntzak beste arlo espezifikoan eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie.
c) Hori egin eta gero ez bada posible arlo espezifikoetarako aurreikusitako lau laguntzak ematea, eman ez diren laguntzak ikerketa orokorrean eskuragarri dauden laguntzei gehituko zaizkie, aurreikusitako 110 laguntzak eman arte.
4.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.
5.– Hauek jasoko dituzte ebazpen-proposamenek: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; erreserben zerrenda (halakorik balego), berariazko aholku-batzordeek 65 puntu edo gehiago eman arren laguntza-proposamenik jaso ez duten eskabide guztiena, arlokako beheranzko puntuazioaren arabera; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
31. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta uko-egiteen ondoriozko postu hutsen esleipen-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntza berriak, dagokion prozedura bakoitzean, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; erreserben zerrenda (halakorik bada), 65 puntu edo gehiago lortu arren laguntza-proposamenik jaso ez duten eskabide guztiena, arlokako beheranzko puntuazioaren arabera ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Emandako laguntzak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.
5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek Hezkuntzako sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote informatika-aplikazioaren bidez; horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez, laguntzak emango zaizkie erreserben zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei baldin eta laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten bazaie
Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Ikerketa orokorraren kasuan ez badago erreserben zerrendarik, laguntza eman ahalko zaio baldintza hau betetzen duen eskatzaileari: lehenengoa izatea emandako laguntzen azken ehunekoa 30.4.1.a puntuan ezarritako ehunekoari gehien hurbiltzen zaion arloko erreserben zerrendan.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Proposatutako ordezkoak ez badu onartzen, prozesu hori errepikatu egin daiteke laguntza eman arte. Behin proposamena onartutakoan, emate-ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.
Ez da laguntzarik emango baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen ari bada.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA.
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA AGIRIAK
32. artikulua.– Betekizunak.
1.– Agindu honek ondorioak dituen egunean, 2021-2022 ikasturtean emandako doktoratu aurreko laguntza baliatzen aritzea, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera.
2.– Doktorego-programan jarraitutasuna eta ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea. Hori egiaztatzeko, 34. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztuko dira.
33. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute betekizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak.
34. artikulua.– Laguntzak berritzeko aurkeztu beharreko agiriak.
Ondoren zerrendatutako agiriak informatika-aplikazio bidez bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.
1.– Laguntzaren azken berritzetik, edo, lehenengo berritzearen kasuan, laguntza eman zenetik, egindako jarduera akademiko eta ikertzaileen orri bateko memoria, kalifikazio akademikoak sartuta, halakorik balego, eta tesiaren zuzendariak sinatua, eta zuzendarikideak sinatua, halakorik balego (lehenengo, bigarren eta hirugarren berritze-kasuetan aurkeztu behar da).
Memoria EAEko hizkuntza ofizialetako edozeinetan edo gure ingurune kulturalean luze-zabal ulertzen den hizkuntza batean egon beharko da idatzita. Informatika-aplikazioan eskuragarri dagoen txantiloi eguneratua erabili behar da. Ez bada txantiloi hori erabiltzen, edo aipatu den luzera gainditzen bada, edo sinatu gabe badago, eskabidea zuzendu beharko da.
2.– A eta B modalitateetan, lehenengo berritzerako, doktorego-programaren hasieran onuradunak eta ezarpen-zentroak sinatutako konpromiso-agiria aurkeztu beharko da.
3.– A eta B modalitateetan, bigarren berritzerako, eskabidea aurkezteko unean dagoen azken ebaluazio positiboaren akta.
4.– A eta B modalitateetan, hirugarren berritzerako, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen ikasketa-batzordearen baimena, doktorego-ikasketak beste urtebetez luzatu ahal izateko, Doktoregoko Ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa betez.
4.– A eta B modalitateetan, azken berritzerako, atzerrian egindako egonaldiaren egiaztagiria.
5.– I. modalitatean, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako aldeko txostena, eskatzaileak egindako ikasketa- edo ikerketa-jarduerei buruzkoa eta pertsona horren errendimenduari buruzkoa (lehenengo, bigarren edo hirugarren berritzeetan aurkeztu behar da).
6.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa –bertako legezko ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)–, egungo lan-kontratua hamabi hilabete gehiagoz luzatzeko (lehenengo, bigarren eta hirugarren berritzeetan aurkeztu behar da). Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
7.– Doktoregoko matrikularen zenbatekoa ordaindu izanaren egiaztagiria.
2. ATALA
EBAZPENA
35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo baztertuko dira berritze-eskabideak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, ukatutako eskabideen zerrenda jasoko du, ukatzeko arrazoiak azalduta.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak ukatutzat jo daitezke adierazitako epe horretan jakinarazpenik egiten ez bada, azaroaren 11ko Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51. artikuluko 9. apartatuaren aldaketari jarraikiz (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren bidez aldatua –otsailaren 17ko EHAAn argitaratua, 35. zk.–).
4.– Emandako laguntzak egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Ziurtagiri elektronikoaren bidez sartuko da bertara.
5.– Hargatik eragotzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ez da laguntzarik emango baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen ari bada.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honen xede diren laguntzak xedapen hauen mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 28a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK
Oinarrizko Zientziak
1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Hauek hartzen dira barne: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.
2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek hartzen ditu barnean: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.
3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek hartzen ditu barne: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.
4. arloa.– Kimika. Alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala edo teorikoa. Alor hauek hartzen ditu barnean: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.
Bizitza- eta osasun-zientziak.
5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.
6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek hartzen ditu barne: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.
Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.
7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Hauek hartzen ditu: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.
Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.
8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.
9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Hauek hartzen dira barne: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.
Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.
10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.
Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.
11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.
Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoak hauek barne hartzen ditu: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.
12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.
Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak
13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek hartzen ditu barnean: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.
14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.
15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.
16. arloa.– Ekonomia. Hauek ditu ikerketa-esparrutzat: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.
17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek hartzen ditu barnean: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.
18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.