132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3122
EBAZPENA, 2022ko ekainaren 13koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Zallako (Bizkaia) «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketari buruz.
AURREKARIAK
2022ko apirilaren 8an, Zallako Udalak Zallako (Bizkaia) «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioak aldatzeko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren eskaera osatu zuen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan (aurrerantzean, Arau Subsidiarioen Aldaketa edo Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko apirilaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Zallako Udalari jakinarazi zion hasiera eman ziola prozedurari.
Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Zallako «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zallako «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Zallak indarrean dauden arau subsidiario batzuk ditu; 1999ko maiatzaren 25ean behin betiko onartu ziren, eta 1999ko maiatzaren 25eko BAOn eta 1998ko abenduaren 5eko BAOn argitaratu ziren. Hutsen zuzenketa bat 2003ko azaroaren 10eko BAOn argitaratu zen.
Arau subsidiarioak aldatzearen helburua da lurzoru urbanizaezinean komunikazioen sistema orokor berri bat sortzea –3.172 m2-ko azalera hartuko du, guztira–.
Planari eragiten dion eremua «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorea dago. Trenbidearekin egiten du muga iparraldean eta lurzati pribatu batekin eta, horren ondoren, Kadagua ibaiaren ibilguarekin, hegoaldean.
Arau subsidiarioen aldaketa inplizituki lotuta dago «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen Plan Partzialean planteatutako garapenarekin –2008ko abenduaren 11n onartu zen behin betiko–. Plan Partzialak, hiru bide-ardatz berri antolatzen ditu (1. ardatza, 2. ardatza eta 3. ardatza) ekialde-mendebalde noranzkoan, sektorearen barruan, bizitegi- eta osasun-lurzati berriei zerbitzua emateko, eta, horrez gain, sektoretik kanpo laugarren bide-ardatz bat definitzen du (4. ardatza) ipar-hego noranzkoan, aurreko hirurak lotuz. Gainera, 3. ardatzaren zati triangeluar bat ere R-2 sektoretik kanpo geratzen da.
Horrela, arau subsidiarioen aldaketa honek R-2 sektorearen mugetatik kanpo geratzen den bide-garapena ahalbidetzen du. Zehazki, indarrean diren arau subsidiarioen arabera «hiri-lurzorua babesteko urbanizaezina eta urbanizagarria» kalifikazioa duten lurzoru urbanizaezineko bi eremuri eragiten die aldaketak, eta horiek komunikazioen sistema orokorrean sartuko dira:
– Aldaketaren eremu nagusia R-2 sektorearen mendebaldean dago. Ipar-hego noranzkoan doan bide bat da, bi noranzkoetakoa, eta aparkalekuak ditu bi aldeetan (4. ardatza). 2.900 m2-ko azalera du, eta 78 aparkaleku izango ditu.
– R-2 sektorearen hegoaldean kokatutako azalera triangeluar txiki batek osatzen du 3. ardatzaren ekialde-mendebalde bidea. 272 m2-ko azalera du gutxi gorabehera, eta zati hori eginda 13 aparkaleku gehiago egokituko lirateke.
3.172 m2-ko azalera hartzen dute biek batera. Jarduketa horrekin, guztira, R-2 Sektoreko Plan Partzialean agindutakoak baino 91 aparkaleku gehiago lortuko lirateke.
Bi antolamendu-aukera aztertzen dira, 0 aukeraz edo ez jarduteaz gain. 1. aukerak Planaren proposamenak jasotzen ditu, eta 2. aukerak 1. aukerak proposatutako eremua zabaltzea proposatzen du, aparkaleku gehiago hartzeko. Hona hemen aukeren analisia:
• 0 aukerak edo arau subsidiarioak ez aldatzeak ekarriko du R-2 Sektorearen Plan Partzialak diseinatutako bideetatik ibili behar duten ibilgailuen fluxu guztiak kale itsu batean amaitu beharko duela, eta, horrek, ingurumen-dokumentuaren arabera, ardatz berri horien zirkulazioa kolapsatuko du. Bestalde, esku-hartzerik ez egiteak aparkaleku gehiago antolatzea ere eragotziko du, eta aparkaleku horiek oso beharrezkoak izango dira eskualdeko ekipamendu sanitarioak oro har izango duen eskari handia kontuan hartuta.
• 1. aukerak proposatzen du bide bat egitea ipar-hego noranzkoan, hiru ardatzak ekialde-mendebalde noranzkoan lotuta, R-2 Sektorearen Plan Partzialak planifikatuta (1. ardatza iparraldean, 2. ardatza erdialdean eta 3. ardatza hegoaldean), ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa zirkularra izan dadin eta ez dadin kale itsuetan eten. Jarduketa-eremuaren gehieneko azalera 3.172 m2-koa izango da. Jarduketa horrekin, guztira, R-2 Sektoreko Plan Partzialean agindutakoak baino 91 aparkaleku gehiago lortuko lirateke.
• 2. aukerak 1. aukerak proposatutako bidea osatzen du, baina esku hartzeko eremua handitzea dakar, ateratzen den aparkaleku-kopurua handitzeko, ipar-hego bide berriari erantsitako 130 aparkalekuko poltsa baten antolamenduaren bidez. Kasu horretan okupatutako azalera, guztira, 7.372 m2-koa izango litzateke, 1. aukera baino 4.200 m2 gehiago. 221 aparkaleku izango lirateke.
Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, 2. aukera noizbait beharrezkoa bada ere aparkaleku gehiago eskaintzeko, badirudi auzoari ekarriko dion onura ez dela xede horretarako okupatutako lurzoru-zati handiarekiko proportzionala. Horren aurrean, 1. aukera aukeratu da.
B) Proposatutako arau subsidiarioaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren antolamendu-eremua 3.172 m2-ko guztizko azalera duten bi lurzoru-eremu dira, «hiri-lurzorua babesteko urbanizaezina eta urbanizagarria» gisa kalifikatuta, eta mugakidea da «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearekin. Planak sektore horretatik kanpoko bide-garapena ahalbidetzen du, eta osatu egiten du; beraz, antolatutako bi lurzoru-eremu urbanizaezinak komunikazioen sistema orokorraren parte izango dira. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du beste plan edo programa batzuetan ingurumen-eragin nabarmenik izango. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkikoki nagusia den plangintzarekiko.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatutako lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriak aukera ematen du energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak jasotzeko.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afekzio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aldaketaren eremua Zallako Mimetiz auzoan dago, «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen mendebaldean. Iparraldean, trenbidearekin egiten du muga; hegoaldean lurzati pribatu batekin eta, horren ondoren, Kadagua ibaiaren ibilguarekin. Mendebaldean, «hiri-lurzorua babesteko urbanizaezina eta urbanizagarria» kalifikazioa duen lurzoruarekin egiten du muga.
Eremua Mimetiz auzoaren hiri-inguruan dago, eta ez da ingurumen-balio garrantzitsurik hauteman. Ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko tokirik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Eremu horretan ez da flora- eta fauna-espezie mehatxaturik identifikatu. Kultura-ondarearekin lotutako elementurik ere ez da topatu.
Eremuan ez dago ur-ibilgurik. Gertuen dagoen ibilgua Kadagua ibaia da; eremuaren hegoaldetik 80 metro baino gehiagora igarotzen da.
Hidrogeologiari dagokionez, eremua hegoaldeko antiklinorioko lurpeko ur-masaren Balmaseda-Elorrio sektore kuaternarioan dago –interes hidrogeologikoko eremua da–.
Eremuan dagoen landaredia gehiena belardia da. Baratzeak eta haztegiak ere badaude, baina azalera txikiagoa hartzen dute. Eremuan ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren arabera, eremua «balio estrategiko handia» kalifikazioa duen lurzoruan kokatzen da.
Eremua Gueñesko ikuspen-arroan dago, paisaia-balio oso txikia du, eta bertako paisaia oso arrunta da. Paisaia ez dago katalogatuta.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du eremuak. Kadagua ibaia, eremuaren hegoaldetik doan tartean, I. taldeko ES017-BIZ-6-1 Zalla-Güeñes UAHEaren barruan dago. 2015-2021eko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP) UAHE horretarako jarduera-proposamenak jasotzen ditu, eta horietako batzuek aztergai den eremuaren hurbileko inguruneari eragiten diote. Zehazki, eremuaren hegoaldeko mugan, Kadagua ibaiaren ezkerreko ertzean, ibilguaren sekzioa handitzea eta uraldien ibilgu bat (babes-lubeta) sortzea proposatzen da.
Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Higadura-arrisku adierazgarririk ere ez da antzeman. Eremuak akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun txikia du.
Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia iparraldeko mugatik igarotzen den trenbidea eta alboko kaleetako bide-zirkulazioa dira. Aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzen arabera, eremuan bete egiten dira A motako eremu akustikoetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi den lurralde-eremuak), gau-garaian.
Deskribatutakoa aintzat hartuta, arau subsidiarioen aldaketa garatzearen ondoriozko efektu posibleak bidea urbanizatzeko obrak gauzatzeari lotuta daude. Obra horiek honako ondorio hauek ekar ditzakete: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurpeko urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar. Hori guztia, hiri-inguruko eremu batean. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, natura-ondareari, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.
Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak uholde-arriskuaren ondoriozkoak dira. Bidea eta aparkalekuak 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremu batean eta lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan daudenez, garapenak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 atalean ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Era berean, jarduerak bateragarria izan beharko du UAKPk ES017-BIZ-6-1 Zalla-Güeñes UAHErako dituen aurreikuspenekin.
Zaratari dagokionez, bide berria inguruko bizitegi-garapenetarako igorpen-foku bat izango da. Azterketa akustikoaren arabera, R-2 sektorean, bide berritik hurbilen dagoen eremuan, ez dira KAHak betetzen 2 metroko altueran. Bestalde, bide berriak R-2 sektoreko fatxada gertukoenetako zarata-mailak 5 dB(A) arte handitzea dakar. Hala ere, mailen igoera hori ez da nahikoa KAHak ez betetzeko fatxada horietan. Sektorean aurreikusitako eraikin berriei dagokienez, etorkizuneko bizitegi-eremuetarako KAHak ez dira beteko, eta, beraz, azterlan akustikoak aukera gisa proposatzen du zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra mugatzea bide berrian. Horrela, KAHak beteko dira lurzati berrien eremu osoan.
Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Zallako «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.
Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:
Hautemandako arriskuekin lotutako neurriak:
– Uholde-arriskua: Planak kontuan hartu behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibai eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuan jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikuluan jasotakoa ere.
EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126.ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Planak drainatze jasangarriko hiri-sistemak jasoko ditu, hirigintza-garapen berria gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen jariatze-uren gehikuntzak minimizatzeko.
– Zarata ustiapenean: Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluaren arabera, etorkizuneko bideak bete egin beharko ditu eremu akustiko honetan aplikatzekoak diren zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako material eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxiena eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
Zallako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Obren zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.
– Obrengatik kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterrena egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
– Gune libreen tratamendua: antolamendu berrian lorategi-espazioak integratzen badira, horien landareztatze-lanak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira; ibilguaren ondoan haltzadi kantauriarraren ezaugarriei emango zaie lehentasuna, eta eremuaren gainerako berdeguneetan, berriz, harizti baso mistoari.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zallako «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Zallako Udalari jakinaraztea Ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Zallako «R-2 El Carmen Mendebaldea» sektorearen ondoko ipar-hego bidea gauzatzeko arau subsidiarioen aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 13a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.