Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3120

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Zornotzako Udalak, 2022ko martxoaren 17an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko apirilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Zornotzako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua pasatu behar duten plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela ondorio esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako ondorio esanguratsuak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aztergai den eremua Zornotza udalerriko Larrea auzoko 31. zenbakian dagoen lurzati pribatu bat da. Lurzati horrek 2.238 m2-ko azalera du guztira, eta horietatik 358 m2 lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta daude, eta 1.880 m2 hiri-lurzoru gisa. Planaren eremua lurzati horretako hiri-lurzoruko eremura mugatzen da.

Eremua arautzen duen hirigintza-araudia Zornotzako arau subsidiarioak dira, b) motakoak, 2001eko urtarrilaren 29ko BAOn (20. zk.) argitaratuak. Arau subsidiarioek bizitegi-eremu irekitzat kalifikatzen dute eremua, eta ez da ezein kudeaketa-eremuren parte.

Planaren xedea da indarrean dauden antolamendu-parametroak kokalekuaren errealitate fisikora eta araudi sektorialaren eskakizunetara egokitzea, familia bakarreko etxebizitza bat eraiki ahal izateko, gehienez 434,40 m2-ko eraikigarritasunarekin. Lehendik dauden bi teilapeak kenduko dira eta garagardotegia zenaren eraikina kontserbatuko da, bizitegi-erabileraren erabilera lagungarrietarako. Mendebaldeko muturrean, Luis Urrengoetxea kalearen ondoan, 282 m2 antolatuko dira Espazio Libreen Tokiko Sistemarako, eta 92 m2 zoru tokiko beste zuzkidura publiko batzuetarako. Lurzati pribatuaren barruan 7 aparkaleku-plaza antolatuko dira.

Gehieneko eraikuntza-eremua gutxieneko tarteak kontuan hartuta finkatu da, araudi sektorialaren eta gainerako eraginen arabera; hala, eraikuntza +73,85 m-ko kotan egongo da.

Eremua hiri-lurzoru finkatugabe gisa sailkatuko da, eraikigarritasuna handituko denez. Urbanizaezin gisa sailkatutako eremuak berdin jarraituko du, eta fisikoki integratuko da gainerako lurzati pribatuan.

Alternatibei dagokienez, honako hauek aztertu dira: 0 alternatiba edo ez esku hartzekoa; A alternatiba, eraikinaren morfologia definitzen duena, baimendutako okupazio-eremuaren barruan, eta okupazio osoa agortu gabe; eta B aukera, hautatutakoa, bizitegi-eraikuntza berrirako baimendutako okupazio-eremua erabat agortzen duena.

B aukera hartzea justifikatuta dago, hark ematen duelako planteatutako helburua lortzeko segurtasun juridiko handiena.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mendean jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak jasotzen dituen zehaztapenek ez dute baldintzatzailerik ezartzen, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua da 1.880 m2-ko azalera duen hiri-lurzoruko lurzati bat. Eremu horretan, gaur egun, eraikin txiki bat dago, bizitegi-erabilerari laguntzeko erabiliko dena, eta bi teilape, zeinak eraitsi egingo baitira familia bakarreko etxebizitza berri bat eraikitzeko. Ezaugarriak kontuan hartuta, Planak ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.

c) Plana egokia den ala ez ingurumenaren arloko alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta dagoen lurzorua berrantolatzea dakar, eta garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Larrea auzoko 31. zenbakian dagoen lurzatiko hiri-lurzorua da. Guztira, 1.880 m2-ko azalera du. Lursail horretan, eraikin txiki bat eta hormigoizko zolatadun bi teilape daude. Mugakide ditu AP-8 autobidea eta N-634 errepidea hegoaldean, San Bartolome erreka ekialdean, Luis Urrengoetxea kalea mendebaldean eta bizitegi-eremu bat iparraldean.

Zati batean antropizatutako hiri-ingurunea da, eta ingurumen-baldintzatzaile nagusia da San Bartolome errekastoa dagoela ekialdeko mugan, eremutik kanpo, bai eta ibaiertzeko landaredia eta lurzatiari atxikitako lur urbanizaezinetan hazten den zuhaitz-masa ere.

San Bartolome erreka, EAEko Ibaiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera, 0. mailakoa da, eta 1 eta 10 km2 arteko isurtze-arroa du. Eremuaren hegoaldean, Garatondo ibaira isurtzen da, Ibaizabalen ibaiadarrean. San Bartolome erreka hobetu beharreko tartea da bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola), bisoi europarra edo Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Bizkaiko Lurralde Historikoan Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Eremua Bizkaiko Sinklinorioaren lurpeko ur-masaren gainean dago, eta, zati batean, interes hidrogeologikoko eremu baten gainean.

Ez dago interes geologikoko tokirik, ez eta naturagune babesturik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik ere. Hezegunerik ere ez dago. Eremuan ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik. Landaredia, batez ere, belar-espeziez osatuta dago, erruderalez eta nitrofiloez, baita ubidearen ibilguari lotutako hostozabalen eta landarediaren zerrendaz ere. Bestalde, eremu horretan ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremu horretan higadura-prozesu larriak izan ditzaketen eremuak identifikatu dira, eta San Bartolome ubidea Ibaizabal Ibaia UAHE gisa identifikatzen da (ES017-BIZ-9-2 kodea); aztertutako eremuaren zati handi bat 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien eraginpean dago.

Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik, eta lurpeko akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia edo oso txikia da.

Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-foku nagusiak N-634 eta AP-8 errepideak dira, garrantzi txikiagoko hurbileko beste komunikazio-bide batzuez eta Bilbo-Bermeo trenbideaz gain. Aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzen arabera, gaur egungo egoeran A motako eremu akustikoetarako (bizitegi-erabilera nagusi den lurralde-eremuak) ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH) gainditzen dira gauez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera.

Horrez gain, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 42. artikulua betez, bertatik hurbil dagoen trenbide-ardatzak eremuan eragindako bibrazio-mailak aztertu dira. Lortutako emaitzek aipatutako dekretuan ezarritako mugatik beherako bibrazio-mailak adierazten dituzte.

Horiek horrela, Planaren esparruko jarduketen inpaktuak eraikuntza-lanetatik eta urbanizazio-obra osagarrietatik eratorriak izango dira, bai eta egungo egiturak eraistearen ondoriozkoak ere. Jarduketa horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, hondakinak sortuko dira, lur-mugimenduak egingo dira eta soberakinak sortuko dira, makinen joan-etorriak egongo dira, lurpeko urei eta lurzoruei kalte egin dakieke istripuzko isurketengatik, herritarrei eragozpenak ekar diezazkiekete emisio atmosferikoengatik eta zaratengatik, eta abar. Hori guztia hiri-lurzoru artifizializatu batean izango da.

Horrez gain, bisoi europarraren intereseko habitatean eta San Bartolome errekaren uren kalitatean aldi baterako kalteak gerta daitezke. Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako eraikuntzak ibilgura gutxienez 12 metroko tartea utziko du, eta ez da inolako jarduketarik aurreikusten ibilguaren 5 m-ko erribera-zerrendan. Hala ere, dauden teilapeak eraisten diren bitartean, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira bisoi europarraren habitat potentzialari kalterik ez egiteko.

Eremurako egindako azterlan hidraulikoaren arabera, bizitegi-erabilera itsas mailaren gainetik +73,85 m-ko kotan egongo da, eta itsas mailaren gainetik +73,75 m-ko kota da 500 urteko errepikatze-denborako uraldia iritsi daitekeena. Azterlan hidrauliko horrek justifikatzen du kota-igoera horrek ez lukeela larriagotuko uholde-arriskua, ezta ingurunean lehendik zegoen arriskua ere.

Identifikatutako higadura-arriskuari dagokionez, eremua orografia erabat laukoa dela kontuan hartuta, ez da aurreikusten egin nahi den garapenean eragin handirik izango duenik.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako Eragin Akustikoaren Azterlanak adierazten du etorkizuneko egoeran gainditu egiten direla A motako eremu akustikoetarako (bizitegi-erabilera nagusi den lurralde-eremuak) definitutako KAHak, gauez, bai kanpoaldean, bai fatxadan. Neurri zuzentzaile gisa, Eragin Akustikoaren Azterlanak honako hau planteatzen du: abiadura 30 km/h-ra mugatzea udalerriko barne-bideetan, zoladura fonoxurgatzaileak erabiltzea eta N-634 bidean dagoen pantaila akustikoa 50 m luzatzea ekialderantz, Karmen kaleko N 634 eta AP-8 errepideen gaineko pasabidera arte. Neurri horiei esker, aztertutako hiru aldietarako eremurako definitutako KAHak bete ahal izango dira, bai kanpoaldean, bai fatxadan. Horrez gain, eraikinen barnealdean aplika daitezkeen KAHak bete beharko direla adierazten da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren errepide-sarearen zarataren mapen arabera, eraiki nahi den etxea errepideon zortasun akustikoko eremutik kanpo dago.

Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada –batez ere, natura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa–.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak aplikatuz gero, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmena izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

• Intereseko fauna-espezieak babestea: Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola; Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera (dekretu horretan ezartzen denez, bisoi europarra galtzeko arriskuan dagoen espeziea da eta babesteko neurri bereziak behar dira; 2006ko uztailaren 6ko BAO), jabari publiko hidraulikoko zatian eta igarobide-zortasunean erriberako landaredia mantendu beharko da, eta, beharrezkoa bada, lehengoratu.

• Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozketa-lanak eta sastrakak garbitzekoak, obra-sarbideak irekitzekoak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxolak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, San Bartolome errekaren erriberako bertako landarediari eragitea saihestuko da. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez da zuhaitzik moztuko, ez eta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

• Ingurune hidrikoa babestea: ibilguen zortasun-eremua urbanizazio-elementurik gabe mantenduko da, eta lehengoratzea sustatuko da; hala badagokio, lurzatien itxitura atzeraeman beharko da, eremu hori libre utzita. Atzeraemate hori eta Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSean zehaztutakoa planaren dokumentazioan jaso beharko dira.

Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko lurralde-plan sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta jabari publiko hidraulikoaren erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.

Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko da.

Jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, edo beste gailu batzuk, ingurune hidrikoari ekarpen solidorik ez egiteko.

• Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira, haltzadi kantauriarraren ezaugarriak lehenetsita. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira; ibilguaren ondoan haltzadi kantauriarraren ezaugarriei emango zaie lehentasuna, eta eremuaren gainerako zatian, berriz, hariztiari/baso mistoari.

– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:

• Eraikin berria 500 urteko errepikatze-denborako uraldia irits daitekeen kotatik gora kokatu beharko da (+73,75 m itsas mailaren gainetik). Ildo horretan, bizitegi-erabilerako edo bertara sartzeko kota +73,85 m-koa izango da, azterketa hidraulikoaren arabera.

• Planak kontuan hartu behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 epigrafean jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikulua ere.

• EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126.ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Planak drainatze jasangarriko hiri-sistemak jasoko ditu, hirigintza-garapen berria gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen jariatze-uren gehikuntzak minimizatzeko.

– Zaratarekin zerikusia duten neurriak:

• Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenek eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Edonola ere, eraikinaren barnean kalitate akustikorako helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:

• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Zornotzako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen aurrezpen eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko. Neurriok, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

* Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

* Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

* Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

* Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Zornotzako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Zornotzako (Bizkaia) Larrea auzoko 31. lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro eman beharko zaio hasiera Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedurari, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Hala gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 6a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala