132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (226 KB - 12 orri.)
- EPUB (556 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3108
AGINDUA, 2022ko ekainaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen diru-zenbatekoa ezartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak 30. artikuluan xedatzen duenaren arabera (irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onetsita), prezio publikotzat joko dira zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta tasa ez badira lege beraren 4 artikuluaren arabera.
Testu bategin beraren 31. artikuluak ezartzen du prezio publikoen bitartez ordain daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak dekretu bidez ezarriko direla, hauek biek batera proposatuta: ogasunaren arloko eskumena duen sailak eta kasuan kasuko sailak edo zerbitzuak zuzenean ematen dituen sailak edo zerbitzuak ematen dituen organoaren edo entearen gaineko sailak.
Hori guztia betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organizmo autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretua onetsi zen. Dekretu horren eranskineko 2. puntuan dago jasota zein zerbitzu eta jarduera komunen ordainetan eska dezaketen organismo autonomoek prezio publikoa, eta 17. puntuan dago zehaztuta zein zerbitzuren ordainetan eska dezakeen, berariaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak.
Era berean, arestian aipatu den testu bategineko 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio, agindu bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen diru-zenbatekoa ezarri edo aldatzea, eta, aurretiaz, txosten lotesle bat egin beharko du ogasunaren arloko eskumena duen sailak.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak emandako ahalmenak erabiliz, eta Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunak aldeko txostena eman ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da IVAP–Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen diru-zenbatekoa ezartzea.
2. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak.
2.1.– Foru- eta toki-administrazioetako langileen prestakuntza-beharren diagnostikoa edo azterketa egiteko diru-zenbatekoa hau izango da:
2.1.a.– 100 langile baino gutxiagoko erakundea: 1.500 euro.
2.1.b.– 100 eta 300 langile arteko erakundea: 2.500 euro.
2.1.c.– 301 eta 999 langile arteko erakundea: 4.000 euro.
2.1.d.– 999 langile baino gehiagoko erakundea: 6.500 euro.
2.2.– IVAPek antolatzen dituen prestakuntza-jardueretarako matrikularen diru-zenbateko arrunta zehazteko orduan, kontuan hartuko da zenbat ordu irauten duten. Hona hemen:
(Ikus .PDF)
Hainbat prestakuntza-mota eskaintzen duten prestakuntza-planen kasuan (lanposturako prestakuntza, karrera profesionala egiteko prestakuntza, barne-igoerarako prestakuntza eta antzekoak), IVAPek aukera eskainiko du prestakuntza-jarduera horietan parte hartzen duten pertsonen prestakuntza-orduak metatzeko, matrikula bakarra egin dadin pertsona, prestakuntza-mota eta prestakuntza-plan bakoitzeko.
2.3.– Jarduera espezifikoetako matrikularen diru-zenbatekoa.
2.3.a.– Jardunaldi espezializatuetako matrikularen zenbatekoa 207,00 euro-koa izango da.
2.3.b.– Prezio publikoaren zenbatekoa % 25eraino garestitu ahalko da baldin eta, jardueraren gaia, erabiliko den hizkuntza edo beste ezaugarri berezi batzuk direla-eta, prestakuntza-jardueraren kostua nabarmen igotzen duten irakasle edo baliabide tekniko bereziak behar badira.
2.3.c.– Zuzendaritza-trebetasunak garatzeko espezializazio-prestakuntzako jardueren matrikulari dagokionez, 21,00 euro ordainduko da aurrez aurreko prestakuntza-ordu bakoitzeko, eta 12,00 euro lineako prestakuntza-ordu bakoitzeko.
2.3.d.– IVAPek Administrazio publiko batekin edo batzuekin batera antolatutako ikastaroetan, erakunde horietako langileentzat badira, honako hau egin dezake IVAPek:
2.3.d.1.– Hobaria aplikatzea prestakuntza-jarduerari dagozkion matrikulen prezioan, prestakuntza-jarduera horretan erakunde bakoitzak bere gain hartutako gastuen ehunekoari dagokion zenbatekoan.
2.3.d.2.– Bertaratuen kopuru handiarengatik matrikulako diru-sarreren guztizko zenbatekoa ikastaroaren kostua baino handiagoa denean, banakako matrikula bakoitza ordaindu ordez, prestakuntza-jardueraren kostu osoa ordaintzea erakunde bakoitzari dagokion zenbatekoan, erakunde horrek bere gain hartutako gastuen ehunekoaren arabera.
2.4.– Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatzen duen Hirigintza eta Lurralde Ikasketak ikastaro osoaren matrikulari dagokion prezio publikoa ordaintzetik salbuestea. Prezio publiko hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira, ikastaroa osorik egiteko onartutako pertsona fisikoak, honako baldintza hauek betetzen direnean:
2.4.a.– Auzotasun administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, dagokion ikastaroaren deialdiaren aurreko urteko urtarrilaren 1etik gutxienez.
2.4.b.– Diru-sarrerak eta ikastarora sartzeko alegatu duten unibertsitate-tituluari dagozkion kalifikazioak. Honako bi baldintzetako bat betetzea:
2.4.b.1.– Pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitatea izatea, eta unitate horren diru-sarrerek ez gainditzea lanbide arteko gutxieneko soldataren % 158, edo kide anitzeko bizikidetza- edo familia-unitate batekoa izatea, eta unitate horren diru-sarrerek, guztira, ez gainditzea lanbide arteko gutxieneko soldataren % 376, ez eta lanbide arteko gutxieneko soldataren % 145 ere, kide bakoitzeko.
2.4.b.2.– Ikasketa-espedientean, ingeniaritzaren eta arkitekturaren adarretako titulazioetan, gutxienez, 7 puntuko batez besteko nota lortu izana, eta gainerako titulazioetan, berriz, 8 puntukoa; eta pertsona bakarreko bizikidetza- edo familia-unitate bat osatzea, diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren % 180 gainditzen ez duena, edo pertsona anitzeko bizikidetza- edo familia-unitate bateko kide izatea, diru-sarrerak, guztira, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 450 gainditzen ez duena, azken kasu honetan, diru-sarrera propioek lanbide arteko gutxieneko soldataren % 145 gainditzen ez badute.
Salbuespena eskatu behar da matrikula egiteko ezartzen den epearen barruan. Epe horretan ekarri beharko da, halaber, salbuespenaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Ekarri beharreko dokumentazioa ikastaro bakoitzaren deialdian zehaztuko da. Eskaera ezetsiz gero, matrikula ordaindu beharko da horretarako ezartzen den epean.
Ikastaroa behar bezala ez betetzeak salbuespena automatikoki deuseztatzea ekarriko du, eta dagokion prezio publikoa ordaindu beharko da, salbu eta erditzea, adopzioa, harrera, aitatasuna, gaixotasun larria edo behar bezala justifikatutako antzeko egoerak direnean.
2.5.– Orobat, matrikulari dagokion prezio publikoa ordaintzetik salbuetsita egongo dira, administrazio publikoetan diharduten langileen intereseko informazioa zabaltzea helburu duten jardunaldietan parte hartzea, bai eta IVAPek estrategikotzat jotzen dituen prestakuntza-ekintzetan parte hartzea ere.
3. artikulua.– Itzulpen-zerbitzuak.
Hona hemen itzulpen-zerbitzuen zenbatekoak:
3.1.– Administrazio-hizkera garatzeko interesgarriak diren itzulpenak eta itzulpenen berrikusketa. Halakotzat hartuko dira Legebiltzarreko agerpen, txosten eta erantzunak, lege-proiektuekin lotutako txostenak, dekretu-proiektuak, Jaurlaritzaren plan eta programak, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren (EABJ) txosten eta oroitzak, lege-testuak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko diren testuak.
3.1.a.– Gaztelaniatik euskarara: 0,0358 euro hitzeko, BEZa barne.
3.1.b.– Euskaratik gaztelaniara: 0,0179 euro hitzeko, BEZa barne.
3.2.– Testu errazak edo estandarrak itzultzea eta horien itzulpenak berrikustea, hala nola ofizioak, aktak eta gutunak.
3.2.a.– Gaztelaniatik euskarara: 0,0813 euro hitzeko, BEZa barne.
3.2.b.– Euskaratik gaztelaniara: 0,0406 euro hitzeko, BEZa barne.
3.3.– Aurreko ataletan ezarritako testu-moten barruan sailkatu ezin diren itzulpenak eta itzulpenen berrikuspenak.
3.3.a.– Gaztelaniatik euskarara: 0,0520 euro hitzeko, BEZa barne.
3.3.b.– Euskaratik gaztelaniara: 0,0260 euro hitzeko, BEZa barne.
3.4.– Mila hitzetik gorako testuen itzulpenei eta itzulpenen berrikuspenei aplikatu beharreko prezio publikoa, itzulpen-memorietan itzulita badaude, aurreko paragrafoak aplikatzearen ondoriozkoa izango da, testu motaren arabera, honako doikuntza hauekin:
3.4.a.– % 95 eta % 100 arteko kointzidentzia duten itzulpen-unitateak: hitzeko prezioaren % 50.
3.4.b.– % 85 edo gehiagoko eta % 95 baino gutxiagoko kointzidentzia duten itzulpen-unitateak: hitzeko prezioaren % 80
3.4.c.– % 85 arteko kointzidentzia duten itzulpen-unitateak: hitzeko prezioaren % 100.
3.5.– Itzulpenen baliokidetasun juridikoa ziurtatzeko zerbitzua: 0,0216 euro hitzeko, BEZa barne. Testuak zuzenketarik behar badu, testua berrikusteagatik ordaindu beharreko prezioa gehituko zaio prezio horri, betiere kasuan kasuko testu-motari dagokion neurrian.
3.6.– Presagatiko gainordaina. Premiazko lanak agintzen direnean, % 40 garestituko da prezio publikoaren zenbatekoa.
3.7.– Nolanahi ere, itzulpenengatik eta itzulpenen berrikuspenarengatik, edozein mota dela ere, ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa 25,00 euro-koa izango da, BEZa barne. Salbuetsita daude EHAAn argitaratzeko diren testuak.
3.8.– Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmenik ez badago Estatuko legeria euskarara itzultzeko, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratze aldera, prezio publikoaren % 60ko hobaria aplikatuko zaie Estatuko Aldizkari Ofizialean ezartzeko diren Estatuko legeriaren itzulpenei.
3.9.– Artikulu honetan ezarritako prezio publikoa ordaintzetik salbuetsita egongo da Euskal Autonomia Erkidegorako lege-aurreproiektuak itzuli, berrikusi edo korredakzioan idatzi behar direnean, testuak EAErako araugile izanik, erreferentziatzat hartzekoak baitira.
4. artikulua.– Interpretazio-zerbitzuak.
Hona hemen IVAPek eskaintzen dituen interpretazio-zerbitzuen zenbatekoak:
4.1.– Interpretazio-lanak biltzar, jardunaldi, sinposio, topaketa eta antzekoetan.
4.1.a.– Administrazioak antolatu dituen eta programa barruan euskarazko parte-hartzeren bat aurreikusita duten biltzar eleaniztunak:
4.1.a.1.– Egun osoa (7 ordu): 270,53 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.1.a.2.– Egun erdia (4 ordu): 153,33 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.1.a.3.– Beste ordu bakoitzeko (ordubete edo zatikia): 62,43 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne
4.1.b.– Administrazioak antolatu dituen eta programa barruan euskarazko parte-hartzerik aurreikusita ez duten biltzarrak:
4.1.b.1.– Egun osoa (7 ordu): 538,87 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.1.b.2.– Egun erdia (4 horas): 308,87 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.1.b.3.– Beste ordu bakoitzeko (ordubete edo zatikia): 122,67 euro interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.2.– Interpretazio-lanak bilera, negoziazio-mahai, ahozko epaiketa eta antzekoetan:
4.2.a.– Euskal Autonomia Erkidegoan: 62,43 euro orduko interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.2.b.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo: 122,67 euro orduko interprete bakoitzeko, BEZa barne.
4.3.– Hona hemen Interpretazio-lanen gutxieneko prezioa:
4.3.a.– Euskal Autonomia Erkidegoan emandako zerbitzuak: 122,67 euro, BEZa barne.
4.3.b.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo emandako zerbitzuak: 245,34 euro, BEZ barne.
5. artikulua.– Hautaketa eta Hizkuntza Ebaluaketako Zerbitzuak.
Hona hemen IVAPek eskaintzen dituen hautaketa eta hizkuntza-ebaluazioko zerbitzuen zenbatekoak:
5.1.– Hautaketako teknikarien laguntza: 49,00 euro lanorduko, BEZa barne.
5.2.– Erantzun irekiko azterketa-proposamenak idaztea, azterketa praktikoak idaztea, zuzentzea eta ebaluazio-txostenak egitea:
5.2.a.– Errazak: 37,00 euro lanorduko, BEZa barne.
5.2.b.– Tartekoak: 48,00 euro lanorduko, BEZa barne.
5.2.c.– Zailak: 61,00 euro lanorduko, BEZa barne.
5.3.– Erantzun-aukera anitzeko galderen proposamenak prestatzea: 19,00 euro galderako, BEZa barne.
5.4.– Jarduera materialak egitea:
5.4.a.– Hautaketa-prozesuen kudeaketarako aplikazio informatikoaren erabilera lagatzea: 2.000,00 euro, BEZa barne.
5.4.b.– Ariketa objektiboak makina bidez zuzentzea: 0,80 euro azterketako, BEZa barne.
5.4.c.– Azterketen konposizioa eta fotokopiatzea: 0,12 euro orriko, BEZa barne.
5.5.– Irakurgailu optikoz zuzentzeko teknikari informatikarien laguntza: 49,00 euro lanorduko, BEZa barne.
5.6.– Ohiz kanpo, lana bereziki zaila bada eta/edo premiaz egin beharrekoa bada, artikulu honetako prezio guztiak % 50eraino garestitu ahalko dira.
5.7.– Artikulu honetan ezarritako prezio publikoa ordaintzetik salbuetsita dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrerako eta administrazio-erakunde autonomoetarako funtzionarioak eta lan-kontratupeko langileak aukeratzeko zerbitzua.
6. artikulua.– IVAPeko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko funtsen eta dokumentazioaren fotokopiak:
6.a.– 0,08 euro A4 orrialde bakoitzeko, BEZa barne.
6.b.– 0,16 euro A3 orrialde bakoitzeko, BEZa barne.
7. artikulua.– Argitalpenen salmenta.
7.1.– Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria.
7.1.a.– Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkariaren urteko harpidetzaren zenbatekoa, paper euskarrian, 62,40 euro-koa izango da, BEZa barne.
7.1.b.– Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria aleka saltzeko, paper euskarrian, 26,00 euro-ko prezioa zehaztu da, BEZa barne.
7.1.c.– Herri Arduralaritzazko Euskal Aldizkaria doan eskura daiteke formatu digitalean, webgunean.
7.2.– Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkaria.
7.2.a.– Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkariaren urteko harpidetzaren zenbatekoa, paper euskarrian, 72,00 euro-koa izango da, BEZa barne
7.2.b.– Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkaria aleka saltzeko, paper euskarrian, 40,00 euro-ko prezioa zehaztu da, BEZa barne.
7.2.c.– Pertsonak eta Antolakunde Publikoak Kudeatzeko Euskal Aldizkaria doan eskura daiteke formatu digitalean, webgunean.
7.3.– Beste argitalpen batzuk.
IVAPek argitaratzen dituen argitalpen berrien prezio publikoak, paperezko euskarrian edo elektronikoan, Agindu honen Eranskinean zehazten dira argitalpen bakoitzerako.
7.4.– Hobariak.
Argitalpenen salmentagatiko prezio publikoetan, metagarriak ez diren honako hobari hauek aplikatuko dira:
7.4.a.– Ezarritako prezioaren ehuneko hamarreko hobaria aplikatuko zaie argitalpenak azoketan, Eusko Jaurlaritzaren standetan, eskuratzen dituztenei.
7.4.b.– Ehuneko hogeiko hobaria aplikatuko zaie argitalpenak Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusiko liburu-dendan erostean Gazte Txartela aurkezten dutenei.
7.4.c.– Ezarritako prezioaren ehuneko berrogeita hamar eta ehuneko hogeita hamar aplikatuko zaie, hurrenez hurren, banatzaileei eta liburu-saltzaileei.
8. artikulua.– Ordaintzeko epea eta modua.
8.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistro eta kobrantza automatikoaren inguruan unean-unean indarrean den araudiaren arabera egingo dira ordainketak, Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez.
8.2.– Prezio publikoen guztizko zenbatekoa aurretiaz ordaintzeko eskatu ahal izango da, eskaera egiteko unean, ondasunak eman aurretik edo eskatzea justifikatzen duten zerbitzuak ematen hasten direnean ordaintzeko, hain zuzen ere.
8.3.– Administrazioak ordainketa-ziurtagiri bat eman beharko du. Bertan, gutxienez, datu hauek adierazi beharko ditu: zein organok egin duen; zordunaren izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta guzti; zordunaren helbidea; kontzeptua; prezio publikoaren zenbatekoa, zein hobari aplikatu den dagokionean; zein egunetan kobratu den eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
8.4.– Prezio publikoen zenbateko osoa edo horren zati bat aurretiaz ordaintzeko eskatzen ez denean, jakinarazpenaren eragin berberak izango dituzte prezioen kitapenetan emango diren ordainketa-ziurtagiriek, baina, horretarako, beste datu hauek ere adierazi beharko dituzte: zein inpugnazio egin daitekeen; zein organotan, eta zein epetan eta; zorra non, zein epetan eta nola ordaindu behar den.
8.5.– IVAPeko Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko funtsen eta dokumentazioaren fotokopiak eskudirutan ordainduko dira, fotokopiagailuan bertan ezarritako mekanismoaren bidez.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Agindu honek hau indargabetzen du Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen dituen jarduera eta zerbitzuen prezio publikoen zenbatekoa ezartzen duen Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko abenduaren 11ko Agindua.
Hala eta guztiz ere, indargabetutako aginduaren 3. artikuluaren 2. apartatuan ezarri eta IVAPek antolatutako prestakuntza-jarduerei dagozkien diru-zenbatekoak indarrean egongo dira agindu honen 2. artikuluaren 2.2 apartatuan ezarritakoak indarrean jarri arte, azken xedapenean ezartzen denaren arabera.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Nolanahi ere, agindu honen 2. artikuluaren 2.2 apartatuan ezarritako matrikulen diru-zenbatekoak, IVAPek antolatutako prestakuntza-jarduerei dagozkienak, 2023ko urtarrilaren 4an sartuko dira indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 20a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.