132. zk., 2022ko uztailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 4 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKO LEGEBILTZARRA
3107
IRAGARKIA, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa aldatzeko erabakiari buruzkoa.
Mahaiak, 2022ko ekainaren 21eko bileran, agindu du Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila Erregelamendu eta Gobernu Batzordearen erabakia.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21a.
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,
BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.
«Eusko Legebiltzarreko Mahaiari,
Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak, 2022ko ekainaren 17an egindako bilkuran, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa aldatzea onetsi du, honako testu honen arabera:
"Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak aldatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako funtzionarioen erretiro-araubidea.
Eusko Legebiltzarraren kasuan, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 27.1 artikuluan aurreikusitakoa egokituz joan da, denboran zehar, funtzio publikoko erretiro-araubide orokorraren lege-aldaketetara, Mahaiaren 1998ko apirilaren 7ko Erabakiaren bidez, eta, berrikiago, Mahaiaren 2014ko ekainaren 24ko Erabakiaren bidez, zeinak horri buruz indarrean dagoen araubidea ezartzen baitu, Administrazio honen esparruan.
Azaroaren 11ko 7/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren arauketa berria Legebiltzarreko Administrazioaren beharretara egokitzea komeni denez, hobe da ez jotzea legedi orokorraren ordezko aplikazioaren mekanismora, eta, horren ordez, Administrazio honetarako berariazko garapen bat ezartzea.
Bestalde, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kidegoei eta Eskalei buruzko azaroaren 11ko 7/2021 Legearen lehenengo eta bigarren xedapen gehigarriak indarrean jartzearen ondorioz, beharrezkotzat jotzen da seigarren xedapen gehigarria sartzea Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan.
Hori dela eta, Erregelamendu eta Gobernu Batzordeak, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak proposatuta, Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 27.1 artikuluan aurreikusitako autonomia parlamentarioa baliatuz, honako hau erabakitzen du:
Lehenengo artikulua.– Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 27.1 artikulua aldatzea.
Aldatu egiten da Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren 27. artikuluaren 1. paragrafoa, eta honela geratzen da idatzita:
'27.1 artikulua.– Erretiro arrunta ofizioz deklaratuko da, funtzionarioa legez ezarritako adinera iristen denean.
Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartzen diren funtzionarioen kasuan, hauxe izango da adina: erregimen hori arautzen duten arauek aurreikusten dutena erretiro-pentsioa modalitate kontributiboan lortzeko, adinagatiko koefiziente murriztailerik gabe.
Hala ere, funtzionarioek bere esku dute eskatzea, erregelamenduz ezarriko den epean, jarduneko zerbitzuaren luzapena –funtzionarioak hirurogeita hamar urte bete bitartekoa gehienez ere, eta zerbitzurako gai jotzen badute, betiere–, kasu hauetan eskatu ere: Langileen estatutuaren eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoaren bosgarren xedapen gehigarrian edo, hala badagokio, aurrekontu-arauetan aurreikusitako kasuetan.'
Bigarren artikulua.– Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan bosgarren xedapen gehigarria sartzea.
Bosgarren xedapen gehigarria sartzen da Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan, honela idatzita:
'BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jarduneko zerbitzua luzatzeko araubidea.
1.– Oro har, ezin izango da jarduneko zerbitzua luzatu baldin eta interesdunak baldintzak betetzen baditu bere oinarri arautzailearen arabera legokiokeen gehieneko erretiro-pentsioa jasotzeko, aurrekontu-legedian urtero ezartzen denarekin bat etorriz, kontuan hartu gabe luzapen horrek eskubidea ematea luzapen hori handitzeko ehuneko gehigarriekin.
2.– Hala ere, Legebiltzarreko Administrazioan jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek, 65 urtera iristean, eskatu ahal izango dute, 65 urte betetzen dituzten eguna baino lehen eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean, jarduneko zerbitzua luzatzea, inguruabar hauetan:
a) Dagokien langileek, Gizarte Segurantzaren arauen arabera dagokien adinean, beharrezko kotizazio-urteak ez egiaztatzea, Gizarte Segurantzaren arau erregulatzaileei jarraikiz, kasuan-kasuan dagokion pentsioaren ehuneko ehun sorrarazteko.
b) Legebiltzarreko Administrazioaren enplegu publikoa antolatzeko planeko aurreikuspenekin bat etorriz, eta antolakundearen beharrengatik eta zerbitzua modu jarraituan behar bezala emateko, zenbait langile funtzionariok jarduneko zerbitzuan jarraitzea beharrezkotzat jotzen deneko kasuak. Kasu horietan, zerbitzuan denbora luzeagoan jarraitzeko, kontuan hartuko da lanpostua hornitzeko prozedura hasi zenetik hura bete zen arteko beharrezko denboraldia'.
Hirugarren artikulua.– Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan seigarren xedapen gehigarria sartzea.
Seigarren xedapen gehigarria sartzen da Langileen estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoan, honela idatzita:
'SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eusko Legebiltzarrean enplegua finkatzeko prozesu bereziak eta apartekoak, ohiko prozesuak eta merezimenduen balorazioa.
1.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiak lehiaketa-oposizio sistemaren bidezko deialdiak egin ahal izango ditu aurrekontu-zuzkidura duten eta aldi baterako beteta dauden Legebiltzarreko Administrazioko lanpostuetarako. Lehiaketa-fasean, honako hauek baloratuko dira gehienbat: deialdiaren xede diren lanpostuetan izandako esperientzia eta administrazio publikoetan antzeko lanpostuetan emandako zerbitzu-denbora, besteak beste, antzekotasun hori ezar badaiteke, betiere. Deialdian sartuko dira xedapen gehigarri hau indarrean jarri aurreko hiru urteetan aldi baterako eta etenik gabe beteta egon diren lanpostu edo plazak.
2.– Salbuespenez, lehiaketa-sistema bidez deitu ahal izango dira honako lanpostu hauek: enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan ezarritako baldintzak beterik, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe beteta egon direnak. Prozesu hori behin bakarrik egingo da, eta aipatutako legean ezarritako epeak errespetatuko dira.
3.– Egonkortze-prozesuetarako deialdietan, sartu ahal izango dira egiturazko izaera duten plaza hutsak, baldin eta aldi baterako bete badituzte 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik izaera horretako harremana eduki duten langileek.
4.– Eusko Legebiltzarreko langileen enplegua egonkortzeko prozesu bereziak eta apartekoak oinarri orokorrek eta oinarri espezifikoek arautuko dituzte, eta, oinarri horietan, egokitu ahal izango dira parte hartzeko eta lanpostuak esleitzeko baldintzak eta oposizio- eta lehiaketa-faseak prozesu horien helburura.
5.– Enplegu publikorako eskaintza arruntetan Eusko Legebiltzarrak lehiaketa-oposizio bidez deitzen dituen hautaketa-prozesuetan, lehiaketa-fasean baloratu ahal izango da, gehienbat, deialdiaren xede diren lanpostuetan edo Legebiltzarreko Administrazioko beste lanpostu batzuetan izandako esperientzia, besteak beste, prozesu horiek arautzen dituzten oinarrietan ezartzen denari jarraikiz.
Halaber, oinarriek exijitu eta, hala badagokio, egokitu ahal izango dute bete daitezela bereganatu diren funtzioekin eta bete behar diren zereginekin lotura objektibo eta proportzionala duten berariazko betekizunak, modu abstraktuan zein orokorrean ezarriak'.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zerbitzuan luzaroago egoteko araubidea aplikatzea.
Langileen estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa aldatzeko arau honetan aurreikusitako erretiro-araubidea eta zerbitzuan luzaroago egoteko araubidea hura indarrean jartzen denean luzapenean dauden langileei aplikatuko zaie.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintzari aplikatzea.
Langileen estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa aldatzeko arau honen hirugarren artikuluan ezarritakoa, zeinaren bidez seigarren xedapen gehigarria sartzen baita estatutu horretan, oinarri orokorrei eta oinarri espezifikoei aplikatuko zaie. Oinarri orokor eta espezifiko horiek Eusko Legebiltzarreko langileen enplegua egonkortzeko prozesu bereziak eta ezohiko prozesuak arautuko dituzte, eta prozesu horiek, berriz, Eusko Legebiltzarreko lanpostuak aldi baterako betetzen ari diren langileak egonkortzeko enplegu publikoaren eskaintza garatuko dute –eskaintza hori Eusko Legebiltzarreko Mahaiak onetsi zuen 2022ko maiatzaren 31n–.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Langileen estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren araubide juridikoa aldatzeko arau hau indarrean jarriko da Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean".