129. zk., 2022ko uztailaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3060
EBAZPENA, 2022ko ekainaren 22koa, Farmaziako zuzendariarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Leioako udalerrian (Bizkaia) farmazia-bulego bat sortzeko.
Aztertu da Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunak Leioako udalerrian (Bizkaia) farmazia bat sortzeko baimena lortzeko aurkeztutako eskaera, eta aintzat hartu dira oinarri hauek:
EGITATEAK
Lehenengoa.– Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 10eko Aginduaren bidez, Leioako farmazia-eremuan farmazia-bulego berri bat sortzeko prozeduraren hasiera iragarri zen. 2021eko otsailaren 3an, agindu horretako akatsen zuzenketa argitaratu zen.
Bigarrena.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, 2021eko maiatzaren 13an batzorde horrek hartutako erabakiaren bidez, lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz; erabakia 2021eko ekainaren 8an argitaratu zen EHAAn (111. zk.). Zerrenda horretan, Ane Miren Barrutia Guenaga andrea da puntuazio handieneko lehiakidea.
Hirugarrena.– Farmaziako zuzendariak ofizio bat helarazi zion Ane Miren Barrutia Guenaga andreari 2021eko uztailaren 16an, zeinaren bidez jakinarazi baitzion berak lortu zuela aurkeztutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena, eta ondorioz ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar ziola (338/1995 Dekretua, farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzekoa). Halaber, ohartarazi zion ezen, xedapen horretan ezarritako epean eskatutako agiri guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola ulertuko zela.
Ane Miren Barrutia Guenaga andreak ez zuen dokumentaziorik aurkeztu horretarako emandako epean.
Laugarrena.– Farmaziako zuzendariak ofizio bat helarazi zion 2021eko azaroaren 30ean Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunari, hots, puntuaziorik handiena lortu zuen bigarren lehiakideari, zeinaren bidez jakinarazi baitzion ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako prozedurari ekin behar ziola (338/1995 Dekretua, farmazia-bulegoak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzekoa). Halaber, ohartarazi zion ezen, xedapen horretan ezarritako epean eskatutako agiri guztiak aurkezten ez bazituen, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola ulertuko zela.
Bosgarrena.– 2022ko apirilaren 12an, Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunak Leioan farmazia-bulego bat sortzeko baimena lortzeko eskabidea aurkeztu zuen, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta dekretu horren 5. artikuluan aurreikusitako agiriak erantsi zizkion eskabideari. 2022ko maiatzaren 2an, agiri gehiago erantsi zizkion dokumentazioari Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektronikoaren bidez (2022/007129).
Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Artatza kalea 28, Leioa, Leioako osasun-eremua (2407), eta Leioako farmazia-eremua (2B1UR01).
Seigarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8. artikuluarekin bat etorriz, 2022ko maiatzaren 5ean, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez, espediente honetan interesdun izan daitezkeenei aukera eman zitzaien bertaratzeko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
Ondorio horietarako, entzunaldi-izapide horretara bertaratu ziren Noemí Ortega Mendivil andrea eta M.ª Teresa Ruíz Pérez andrea, 2407 osasun-eremuko farmazia-bulego baten titularrak, eta ez zuten alegaziorik aurkeztu dokumentazioa aztertu ostean.
Zazpigarrena.– Azkenik, Farmazia Antolamenduaren arduradunak, 2022ko ekainaren 1ean, aldeko txostena egin zuen Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunak aurkeztutako dokumentazioari buruz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena, hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduaren ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 16. artikuluan.
Bigarrena.– Batetik, Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedura dela-eta, 11/1994 Legearen 34. artikuluan jasotako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horretako 5. artikuluaren arabera, lehiakideak aurkeztu duen dokumentazio guztia eta erabilitako epeak egokiak direla egiaztatu da; horrenbestez, bidezkoa da farmazia-bulegoa sortzeko baimena ematea interesdunari.
Edonola ere, baimenak eragina izan dezan, nahitaezkoa izango da funtzionamendu-baimena eskuratzea, 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Baimena ematea Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunari farmazia-bulego bat sortzeko. Hark aurkeztutako agirien arabera, hemen sortuko da farmazia: Leioa udalerriko (Bizkaia) Artatza kaleko 28. zenbakian.
Bigarrena.– Baimen honek indarra izan dezan, Joseba Andoni Echeverria Buenechea jaunak funtzionamendu-baimena lortu behar du aurretiaz. Baimen hori eskatzeko, lau hilabeteko epea izango du, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, betiere 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen berri ematea interesdunei, eta jakinaraztea, era berean, ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio-bideari eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioaren sailburuordearen aurrean, egoki iritzitako bestelako errekurtsoez gain, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 22a.
Farmaziako zuzendaria,
JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.