129. zk., 2022ko uztailaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 4 orri.)
- EPUB (215 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
3047
AGINDUA, 2022ko ekainaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina bigarrenez eguneratzeko. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak ezarri, eta titulu eta ziurtagiriak aitortzen ditu dekretu horrek.
Maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren bidez, atzerriko hizkuntzen titulu eta ziurtagiriak aitortzen dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunaren betekizunak ezartzen dira.
Dekretu horren eranskin bakarrean, hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2, C1 eta C2 mailetako titulu eta ziurtagiriak jasotzen dira, unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan gaiak edo ikasgaiak emateko behar den hizkuntza-gaitasuna egiaztatzen dituztenak.
Titulu eta izendapen berriak agertu direnez, beharrezkoa da aldian-aldian eranskin hori eguneratzea, titularren eskubideak zaintze aldera.
Azken xedapeneko lehenengoaren arabera, arlo honetan eskumena daukan sailburuak dauka maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina eguneratzeko eskumena. Zehazki, B2 maila edo goragokoa ziurtatu ezin duten titulu edo ziurtagiriak zerrendatik ken ditzake, edo maila hori egiaztatuta daukaten beste batzuk gehitu. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendariak egindako proposamena aintzat hartuta, eta nahitaezko txostenak egin ondoren,
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen helburua da maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina eguneratzea. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak ezartzen ditu eta titulu eta ziurtagiriak aitortzen ditu dekretu horrek.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen da Hezkuntzako sailburuaren 2019ko ekainaren 3ko Agindua, zeinaren bidez eguneratzen baita maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuaren eranskina (dekretu horrek ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan irakasgaiak edo irakats-arloak atzerriko hizkuntzetan emateko hizkuntza-gaitasunak, eta titulu eta ziurtagiriak aitortzen ditu).
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 16a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.