Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2022ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
3044

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 19koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Santa Barbarako UCSB Unibertsitateko (AEB) Unibertsitaterako euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, ondoko unibertsitatean aritzeko:

– Irakurle bat Estatu Batuetako Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2.1.– Etxepare Institututik deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Santa Barbarako UCSB Unibertsitaterako gehienez ere hogeita bi mila eta bostehun (22.500) euro, betiere irakurlea iristen den dataren arabera doikuntza egon liteke. 2023-2024ko ikasturterako eta ondorengoetarako hogeita bi mila eta bostehun (22.500) euro.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da AEBetako eta Santa Barbarako UCSB Unibertsitateko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Unibertsitateetako transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.

2.2.– Santa Barbarako UCSB Unibertsitatetik bideratutako ekarpenak.

Sinatutako hitzarmenaren arabera Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak hogeita hiru mila eta berrehun (23.200) dolarreko ekarpena egingo duela ikasturteko irakurlearen soldata osatzeko, eta Amerikako Estatu Batuetako araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Ingeleseko C1 maila izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 11. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

4. artikulua.– Lan baldintza zehatzak Santa Barbarako UCSB Unibertsitatean.

Eskola orduak: 2022-2023ko bigarren seihilekoan euskara eta euskal kulturako 5 ikastaro espezializatu eskainiko ditu. 2023-2024ko ikasturtean hasita, euskara eta euskal kulturako 7 ikastaro espezializatu eskainiko ditu ikasturteko.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak Santa Barbarako UCSB Unibertsitatean.

Hautatua deialdi honen helburu den Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari atxikiko zaio, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. AEBetan indarrean dagoen legediaren araberako eta Santa Barbarako UCSB bertako araudiaren araberako kontratua sinatuko du eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko ditu, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaizkion ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak Santa Barbarako UCSB Unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu Santa Barbarako UCSB Unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromisoak eta eskubidea izatea ekarriko du:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Behean zehazturiko datarako Santa Barbarako UCSB Unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea 2023-2024ko ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik.

Santa Barbarako Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. Ikasturte osatu arte izan liteke irakurle postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

Bertaratze datak:

– Santa Barbarako UCSB Unibertsitatera bertaratzea, beranduen, 2023ko urtarrilaren 3a baino lehen, 2023ko urtarrilaren 9an klaseak ematen hasteko. Lan bisatua goizago lortuz gero, bertaratze data hau aurreratu daiteke.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Hautagaiek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskabidea aurrez aurre aurkezteko hitzordua eskatu behar da.

– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 2. atalean adierazitako helbidean. Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

2.– Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:

Santa Barbarako UCSB Unibertsitatea:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1042320

3.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekudeaketak

4.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

5.– Hautagaiek eskabidea egiterakoan ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Nortasun Agiria, AIZ edo pasaportearen kopia.

– Espainiakoa Nortasun Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Unibertsitate mailako Tituluaren kopia.

– Euskara Maila egiaztatzen duen agiriaren kopia. HABE, EGA, IVAP edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Agiria baduzu, hautazkoa duzu fotokopia aurkeztea.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak (teknikoak eta didaktikoak), eskoletarako ikasleekin erabiliko den oinarrizko bibliografia eta ikasleek bere gisara erabiltzeko bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Karaktere kopurua gainditzen duten proiektuak ez dira onartuko. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

– Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Hautagaiaren betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Hautagaiak espainiar nortasun agiri edo pasaporterik ez duenean, pasaportearen fotokopia aurkeztu beharko du. Hautagaiak espainiarra ez den unibertsitate bateko titulua duenean, fotokopia aurkeztu beharko du.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Hautagaiak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Hautagaiak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

10. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

11. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Letretako gradu edo lizentziak baldin eta EGA edo 3HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta 4HE egiaztatuta badute: 3 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak, baldin eta EGA edo 3HE egiaztatuta badute: 2,5 puntu

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea, Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

A2 = 0.25 puntu.

B1 = 0.50 puntu.

B2 = 0.75 puntu.

C1 = puntu 1.

C2 = 1.5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera, betiere tokian tokiko unibertsitatearen berariazko eskakizuna ez bada:

Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin edo euskal gaiekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra/ euskal gaiekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies/Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa: 0.25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan ondoko irizpideak erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, Santa Barbarako UCSB Unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia ondoko ataletan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako antolakuntza, argitalpenak, lan eskarmentua humanitateen irakaskuntzan. Irakaskuntzako egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.

12. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 11. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak ahal bada hiru hautagai proposatuko ditu. Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratu ahal izango du.

Hiru horiek aztertuta, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, ahal bada Etxepare Institutuak zerrendako hiru hautagai berri proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Proposatutako hautagaien egokitasuna baloratzeko, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateko ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

13. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Santa Barbarako UCSB Unibertsitateari proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitatea izango da azken erabakia hartzen duena.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

14. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Santa Barbarako UCSB Unibertsitateak hala eskatzen badu hautatuak medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete dezakeela egiaztatzen duena. Gainera, Santa Barbarako UCSB Unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko du, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

15. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Santa Barbarako UCSB unibertsitateko irakurlea aukeratua izan denean, hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko da lan poltsa eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak irakurle postuan hutsuneak sortzen direnean egokia ikusiz gero dagokion lan poltsara joko du.

Hautatuak 2023-2024ko ikasturtea amaitu baino lehenago bere lanpostuari uko egiten badio, ezingo du berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Eskatzailearen datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskal hizkuntza eta kultura irakurleak eta katedretarako irakasle gonbidatuak.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.

Helburua: Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateetara bidalitako euskal hizkuntza eta kultura irakurleen zein katedretako irakasle gonbidatuen erregistroa eta kudeaketa.

Legitimazioa:

• Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.

• Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (EHAA 2007/05/10, 89. zk.)

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Hurrengo web-orrian kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057400-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

ID: 0574

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2022ko maiatzaren 19a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala