Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2022ko ekainaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2735

71/2022 DEKRETUA, ekainaren 7koa, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute-ren Patronatuko kide batzuk kargutik kentzeko eta beste batzuk izendatzeko dena.

Apirilaren 20ko 3/2007 Legearen bidez, Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortu eta arautu zen, honako helburu honekin: euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea, hedatzea eta proiektatzea, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzen eta arautzen duen apirilaren 20ko 3/2007 Legeak eta Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak ezartzen dute, halaber, kide anitzeko bi organok (Patronatua eta Zuzendaritza Kontseilua) eta kide bakarreko batek (zuzendaria) osatuko dutela institutua.

Maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak 10. artikuluan ezartzen du zer bokalek osatzen duten patronatua, eta berezko bokalak eta ez-berezkoak bereizten ditu. Dekretuaren 10.2 b) artikuluan ezarritakoaren arabera, patronatuaren osaeran 5 bokal ez-berezko egon behar dira, kulturaren sektore profesionalak ordezkatuz. Bokal horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, Eusko Legebiltzarrak proposatuta.

Maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 10.4 artikuluaren arabera, Patronatuko kide ez-berezkoak lau urterako izendatuko dira, eta behin bakarrik berritu ahal izango dira. Aipatutako epea igaro ondoren, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, beren ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.

Era berean, maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 10.5 artikuluak honakoa adierazten du: «Baldin eta berezkoa ez den kide baten kargua hutsik gelditzen bada horretarako izendatua izan zeneko epea amaitu baino lehen, proposatu duenari jakinaraziko zaio, gehienez ere hilabeteko epean Jaurlaritzaren Kontseiluari proposamen berria egin diezaion; eta honek izendapena egingo du betetzeke dagoen eperako.»

Kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten bokal batzuen kasuan, epe horiek igaro dira; beraz, eguneratu egin behar da Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute-ren Patronatuko bokal ez-berezkoen zati bat.

Horiek horrela, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Etxepare Euskal Institutua sortzen eta arautzen duen apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera –zeinetan Patronatuaren osaera arautzen baita–, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 7ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute-ren Patronatuko kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten ez-berezko bokal kargutik kentzea honako hauek:

– M.ª Victoria Revuelta Sierra andrea.

– Laura Mintegi Lakarra andrea.

– Iciar Lamarain Cenitagoya andrea.

2. artikulua.– Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute-ren Patronatuko kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten ez-berezko bokal izendatzea honako hauek:

– Zigor Samaniego jauna.

– Jasone Agirre Garitaonandia andrea.

– Xabier Olabarrieta Arnaiz jauna.

3. artikulua.– Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute-ren Patronatuko kulturaren sektore profesionalak ordezkatzen dituzten ez-berezko bokal gisa berritzea:

– Amaia Espinosa Azkue andrea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko ekainaren 7an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala