117. zk., 2022ko ekainaren 17a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (573 KB - 22 orri.)
- EPUB (469 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2734
AGINDUA, 2022ko maiatzaren 24koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzea xede duten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzak arautu eta deialdia egiten duena.
Gaixoen irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteak patologia bera nozitzen duten pertsona fisikoen elkarteak dira. Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira, gaixotasunen bat dutenentzat nahiz haien familientzat.
Osasun Sailak bereziki prezatzen du elkarte horiek gaixotasunen bat dutenen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozialarekiko eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzuen eta autolaguntza-programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.
Osasun Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa Osasuneko sailburuaren 2022ko otsailaren 22ko Aginduaren bidez onetsi zen eta «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko dirulaguntza» jasotzen du «Osasunaren sustapena eta gaixotasunen prebentzioa» arloaren barruan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.
Deialdi honek eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerek honako esparru juridiko hau betetzen dute:
– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak emandako oinarrizko arauak.
– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
Agindu honetako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan jasotako betekizun guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Ondorioz, ez da beharrezkoa inongo izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek eratutako irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.
2.– Laguntza horien bidez, babesa eman nahi zaie kolektibo horiei, eta finantzaketa eskaini 2022ko urtarrila eta abendua bitartean egindako jarduera batez edo gehiagoz osatutako proiektuei, baldin eta honako hauetara bideratuta badaude:
a) Trebetasunen eta baliabideen garapena babestea, gaixoen autozaintza-gaitasuna maximizatzeko eta autonomia handitzeko.
b) Beren behar soziosanitarioak babestea eta bideratzea, osasunaren sustapenaren ikuspegitik.
c) Gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa handitzea.
d) Gaixotasunen bat dutenek osasunaren aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea eta genero-ikuspegia eranstea.
3.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza:
– Gaixotasunari buruzko aholkua eta informazioa.
– Errehabilitazio logopedikoa, fisioterapeutikoa, kognitiboa.
– Laguntza psikologikoa.
– Terapia okupazionala.
– Autolaguntza-taldeak.
– Gaixoen eta euren familien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko tailerrak.
– Gaixoen familientzako laguntza.
– Gaixotasunari buruzko informazio- edo sentsibilizazio-jardunaldiak, gaixotasunari buruzko informazio-standak, etab.
– Gaixotasunarekin lotutako publizitate-kanpainak.
– Gaixotasunaz informatzeko eta sentsibilizatzeko beste jarduera batzuk.
4.– Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:
a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituztenen pareko jarduerak.
b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.
c) Osasun Sailetik jasotako bestelako laguntzen bidez, izendunak izan zein ez, finantzatutako proiektuak.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte laguntzak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta haien familien kolektiboez osatuta egotea.
b) Legez eratuta egotea, eta egoitza soziala dagoen lurraldeko erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.
c) Irabazi-asmorik ez izatea.
d) Gaixotasunen bat dutenen edo haien familien bizi-kalitatearen hobekuntza sustatzea, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.
e) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzen itzulketenak ere bai.
f) 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren baten ez egotea.
2.– Ezin izango dira laguntzetara aurkeztu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zehapen administratibo edo penala jasotako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak dirauen artean.
3.– Entitateek prozesu osoan zehar bete beharko dituzte eskakizun horiek guztiak, harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Deialdiaren zenbatekoa 300.000 eurokoa da (hirurehun mila euro).
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Laguntzak jarduera batez edo batzuez osatutako proiektuak diruz laguntzeko dira, eta ez langile egiturak modu egonkorrean mantentzeko, ezta elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko ere.
2.– Gastu hauek lagunduko dira diruz:
a) Langileak (nominak eta gizarte segurantzako gastuak).
b) Profesional independenteen zerbitzuak.
c) Ekipamenduak eta materialak.
d) Argitalpenak eta komunikazio-jarduerak.
e) Eskatutako zenbateko osoaren % 15, gehienez, zeharkako kostuengatik, halakotzat hartuta:
1) Entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne.
2) Dieten eta joan-etorrien gastuak.
3) Jarduera jakin batekin zuzenean lotuta ez dauden baina diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren kudeaketa-gastuak.
3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:
a) Gastu finantzarioak.
b) Inbertsio-gastuak.
c) Administrazio-lizentziak.
d) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.
e) Oro har, elkartearen aperitibo, hamaiketako, catering, bazkari edo afariekin edo antolatzaileek parte-hartzaileei eskainitakoekin lotutako gastuak, ez eta jarduera dela-eta eskainitako opariak ere.
4.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.
5.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratu.
6.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, oro har, 38/2003 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hau, ematen bada, bateragarria izango da helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik edo Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetatik etorrita ere.
2.– Lortutako laguntza guztien zenbatekoen batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntzari sobera dagoen zenbatekoa kenduko zaio.
3.– Laguntza horiek, ematen badira, bateraezinak dira Osasun Sailak osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko edo gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak garatzera bideratuta emandako dirulaguntza izendunekin.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
Dirulaguntzaren zenbatekoa honako hau izango da gehienez:
a) Eskatutako zenbatekoa.
b) Diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100.
c) 10.000 euro elkarte bakoitzeko.
d) 15.000 euro elkarteen federazio bakoitzeko.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak bide telematikoz aurkeztuko dira, 20.4 artikuluan adierazitakoaren arabera.
2.– Entitate bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.
3.– I. eranskinean zehazten dira eskabideetan adierazi beharreko datuak. Datuak egoitza elektronikoaren inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira, agindu honen 20.4 artikuluan xedatutakoaren araberako sarbidearekin.
4.– Eskabidearekin batera, behar denean, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabidean administrazio publiko eskudunen aurrean egiaztapena zuzenean lortzeari uko egiten zaionean bakarrik:
– Dagokion administrazio-erregistroan eratu eta inskribatu izanaren egiaztagiriaren kopia.
– Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.
– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria.
b) Entitateak proiektua hobeto azaltzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein dokumentazio.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).
3.– Eskabidea aurkezten duen pertsonak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
a) Entitatearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
b) Pertsona fisikoen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20.2 artikuluan aipatutako ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko du.
4.– Entitate eskatzaileak eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar ditu. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabidean datuak falta badira, edo behar den agiriren bat, administrazioak hamar eguneko epea emango dio entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko duela. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 eta 21. artikuluetan.
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
Entitateak, eskaeraren bidez, aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak dagokion administrazio publikoan entitatearen nortasun-datuak kontsultatu edo biltzeari, eta, halaber, eskakizunak betetzen diren egiaztatzeari. Horrelakoetan, entitateak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabideak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen ditu:
1.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.
2.– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako ezein egoeratan ez egotea.
3.– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publikotatik edo ente publiko edo pribatutatik edo Estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko organismoetatik. Eskatu eta jaso bada, kopurua adierazi behar da.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea, edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura identifikatzea.
Organo kudeatzaileak egoki deritzen egiaztapen guztiak ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztapen egokia egingo da.
Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, entitate eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.
Halaber, egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea –hala balegokio– eta xede bereko beste prozedura batera aurkeztu ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, zein bere haztapenarekin, eta horiek erabiliko dira eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.
a) Proiektuaren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren bidez zer helburu zehatz lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.
1) Helburu egingarriak: 7 puntu gehienez.
2) Erabiliko dituzten bitarteko egokiak: 7 puntu, gehienez.
c) Aurreikusi den proiektu-garapenaren deskribapena: 20 puntu, gehienez.
1) Jardueren eremua: 7 puntu, gehienez.
a) EAE: 7 puntu.
b) Lurralde historikoa: 5 puntu.
c) Eskualdea: 4 puntu.
d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.
2) Faseen, lan-egutegiaren eta zereginen deskribapena: 8 puntu, gehienez.
a) Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren lan-egutegiaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.
c) Proiektuaren zereginen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
3) Giza baliabideak eta bitarteko materialak: 5 puntu, gehienez.
d) Proiektuaren ebaluazio aurreikusia: 7 puntu, gehienez.
1) Jardueraren onuradunak adinaren eta sexuaren arabera zehazten ditu: 3 puntu, gehienez.
2) Proiektuaren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.
3) Onuradunen gogobetetzeari buruzko adierazleak zehazten ditu: 2 puntu, gehienez.
e) Proiektuan berdintasun-ikuspegia kontuan hartzea: 25 puntu, gehienez.
1) Gaixoaldiko genero-desberdintasunetan arreta jartzea: 8 puntu, gehienez.
2) Proiektuari onura ateratzeko aukerak handitzeko estrategiak, edozein direla ere bizilekua, adina, desgaitasun funtzionala, hizkuntza edo kalteberatasun sozialeko egoera: 8 puntu, gehienez.
3) Gaixotasunen bat dutenek edo haien senideek parte hartzea proiektua diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen: 9 puntu, gehienez.
f) Proiektuaren jarduerak beste elkarte edo entitate batzuekin elkarlanean egitea, elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzeko: 15 puntu, gehienez.
1) Gaixoen beste elkarte batzuekin koordinatzea: 8 puntu, gehienez.
2) Europar Batasuneko beste entitate batzuekin koordinatzea: 7 puntu, gehienez.
g) Proiektua bat etortzea eremu sanitario eta/edo soziosanitarioan abian diren beste jarduera eta politika publiko batzuekin: 5 puntu, gehienez.
2.– Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) apartatuetan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.
12. artikulua.– Eskabideen balorazioa eta dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Eskabideak baloratuko dituen Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute:
– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), batzordeburu gisa.
– Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo).
2.– Kide anitzeko organoko idazkari-lanak egingo ditu batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak.
3.– Garaiz eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak Balorazio Batzordeak.
4.– Balorazio Batzordeak zehaztuko du, proiektu bakoitzerako, lortutako puntuazioa eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.
5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balorazio Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko, betiere.
6.– Dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: balorazio-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat esleituko zaio, eta formula honen bidez kalkulatuko da:
VP = DP/PT
VP = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.
DP= Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.
PT = Dirulaguntza merezi duten proiektu guztiei emandako puntuazioaren batura.
Hasierako banaketa egiteko, balorazio-fasean lortutako puntuak puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoarekin (VP) biderkatuko dira.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada, edo hautatutako eskabide guztiak gehieneko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.
7.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin eta dagozkion zenbatekoak zehaztu ondoren, Balorazio Batzordeak ebazpen bat proposatuko dio Osasuneko sailburuordeari. Ebazpen horretan, entitate onuradunak eta proposatutako zenbatekoak adieraziko dira, finantzatu beharreko proiektuen arabera banakatuta, bai eta, hala badagokio, onuradun-izaera ukatu zaien entitateak eta ukatzeko arrazoiak ere.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balorazio Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Eman direnetan, elkarteen identitatea eta horietako bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ematen ez direnetan, ordea, zergatia azaldu beharko da.
3.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza eskabidea ezetsi zaiela ulertu beharko dute entitate interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.
6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Entitate onuradunek beren proiektuak egin izana justifikatu beharko dute.
2.– II. eranskinean, justifikazioek jaso beharko dituzten datuak zehazten dira.
3.– Justifikazioarekin batera, honako hau aurkeztuko da:
a) Eskatutako zenbatekotik eman den dirulaguntzaren zenbateko osoaren gastua justifikatzen duten fakturen edo bestelako ordainketa-egiaztagirien kopia sinplea. Egiaztagiri horiek entitatearen arduradunaren sinadura izan beharko dute, eta benetakotasunaren erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaie.
b) Proiektuan boluntarioek lan egitea justifikatzeko, boluntario bakoitzaren ziurtagiriaren kopia bat aurkeztu behar da. Entitatearen legezko ordezkariak izenpetuta egongo da, datu hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa eta boluntarioaren sinadura.
Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren zenbatespen ekonomikoa egingo da. Zenbateko hori elkartearen ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da hartuko aintzat, eta orduko 20 euroko gehieneko muga izango du.
c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko funtsen kontura egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala. Agiri horiek horretarako esteka elektronikoen bidez ere egiazta daitezke.
d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (17.10 artikuluaren arabera).
e) Hala badagokio, proiektuaren funtsekin antolatutako tailer eta ikastaroetara joan izanaren laburpena: pertsona kopurua adierazi behar da, eta, hala badagokio, datuak adinaren eta sexuaren arabera bereizita aurkeztuko dira.
4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Honako gastu hauek dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:
a) Entitate onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2022an egindakoak izango dira.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Boluntarioen aseguruak bi kontingentzia estali beharko ditu: istripuak eta erantzukizun zibila. Erantzukizun zibilaren kasuan, gutxienez 300.506,05 euroko kapital aseguratua izan behar du istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.
Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, entitate aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: antolakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
5.– Dirulaguntza jaso aurretik eginiko gastuak ordaindu ahal izango dira jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2022. urtean sortutakoak badira.
6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20 artikuluan azaltzen den moduan.
7.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2023ko martxoaren 1a da.
15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.
Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, entitateari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentazioa aurkezteko hamar egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Eskatutakoa adierazitako epean zuzentzen ez bada, agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a, proiektua egin izana eta izandako gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, entitateak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak adierazitako beste batzuk alde batera utzi gabe, entitate onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera inprimakia bete beharko dute, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira inprimakiok. Behar den inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
3.– Jasotako laguntza guztia diruz lagundutako proiektua gauzatzeko erabiltzea.
4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta bost egun balioduneko epean gehienez ere.
6.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko baldintzak eta eskakizunak bete direla justifikatzea.
7.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketen mende jartzea.
8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea laguntzen zertarakoa kontrolatzeko eskatu duten informazio guztia.
9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.
10.– Publizitatean edo egiten diren dokumentuetan Osasun Sailaren babesari buruzko aipamen bat sartzea. Aipamen hori, Sailak gainbegiratu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera txertatuko da. Eskuliburua hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/
11.– Euskadi Aktiboa plataforman, baliabide komunitario gisa ikusaraztea elkartea, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduerak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Entitate bati laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko aldea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko aldea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza-eskubidea galduko da.
Bi kasutan, sobera jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira elkarte onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.
Osasun Sailak egoki deritzen gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapenak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arauak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.–- Izapidetze elektronikoa.
1.– Interesa duten entitateek soilik bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.
2.– Ahalordeen erregistro elektronikoari buruzko informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
3.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak, eskaera-inprimakiak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2021/bizi-kalitatea/web01-tramite/eu/
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu delako adierazpenak berekin dakar jasotako zenbatekoak gehi dirulaguntza-arloan aplikatzeko den berandutze-interesa (ordainketaren egunetik itzulketa-ebazpena eman den datara artekoa) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, soberako kostua soilik itzuli beharko da, gehi dagokion berandutze-interesa.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, baldintzak guztiz bete ez arren, nabarmen bete badira, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, jarduera deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin bat ez etortzea eragiten badute, ez eta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzen bada ere.
Halakorik gertatuz gero, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak baloratzeko irizpideei jarraituz bideratuko da.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, behar diren izapide prozesalak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horren bidez arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.
6.– Itzultzen diren diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Aplikatzekoa zaie, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.
Prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraren aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira aipatu epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.