Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2022ko ekainaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2698

AGINDUA, 2022ko ekainaren 8koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien 2022ko deialdia egiten duena.

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak irailaren 9ko 210/2003 Dekretuaren bidez sortu ziren; abenduaren 20ko 422/2005 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta, bertan xedatutakoari jarraikiz, 2022ko ekitaldiko deialdia egiten da.

Aurtengo edizioan, eta Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuz, nekazaritza-sektoreko emakumeen lana ikusarazi eta aitortu nahi da «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarien bidez.

Horrenbestez:

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2022ko deialdia egitea nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sarietarako, agindu honen eranskinean argitaratu diren oinarrietan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) aplikatuko dira.

Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 8a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA
NEKAZARITZA- ETA ARRANTZA-SEKTOREETAKO IBILBIDE PROFESIONALETARAKO «GONZALO NARDIZ BENGOETXEA» SARIEN 2022KO DEIALDIKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako ibilbide profesionaletarako «Gonzalo Nardiz Bengoetxea» sariak ematea, 2022ko ekitaldian, jarduera-eremu horietan beren ibilbide profesional luzean modu berezi batean nabarmendu diren pertsonei edo kolektiboei; horretarako, nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-sektoreak hartuko dira nekazaritza-sektorekotzat.

Bigarrena.– Sarien ezaugarriak.

Deialdi honetako sariak, epaimahaiak hala iritzita, sektore bakoitzeko pertsona edo kolektibo bati edo batzuei emango zaizkie. Sariketa bakoitzean, ohorezko sari bat emango da, eta aintzatespen publikoaren ekitaldia egingo da. Saritutako pertsonek edo kolektiboek beren inprimaki profesionaletan berariaz adierazi ahal izango dute jasotako aipamena, eta beren establezimenduetan ere jarri ahal izango dute jendaurrean.

Hirugarrena.– Onuradunak.

Agindu honen bidezko deialdiko sarien onuradunak izan daitezke nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan nabarmendu diren pertsonak edo kolektiboak, nekazaritza- edo arrantza-sektoreetan egindako lanarengatik, lehenengo oinarrian ezarritakoaren arabera, eta, aldi berean, betekizun hauek bete behar dituzte onuradunek:

1.– Ibilbide profesionala batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana.

2.– Ibilbide profesional finkatua eta denboran behar bezain luzea izatea.

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Sarietarako hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko bi sektore-eragileren babesarekin aurkeztu beharko dira gutxienez, eta, nolanahi ere, hautagai izendatutako pertsonaren edo kolektiboaren onarpena izan beharko dute. Ondorio horietarako, sektore-eragile horien artean egongo dira, besteak beste:

– Sindikatu-izaerako erakunde profesionalak.

– Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako elkarte profesionalak eta enpresarialak, federazioak eta konfederazioak.

– Bestelako elkarteak eta federazioak.

– Fundazioak.

– Arrantzaleen kofradiak.

– Kooperatibak.

– Nekazaritza- eta arrantza-sektoreetako eta elikagai-industriako profesionalak.

2.– Aurreko zenbakian xedatu denetik salbuetsiko dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak aurkeztutako hautagaitzak eta, gutxienez, bi foru-aldundik elkarrekin aurkezten dituzten hautagaitzak.

3.– EAEko administrazio publikoek emakumeen lana ikusarazten eta aitortzen duten hautagaitzak sustatuko dituzte, Emakume Nekazarien Estatutuaren 27. artikulua aplikatuta.

4.– Sarietarako hautagaitza bakoitzarekin batera, memoria bat bidali beharko da, proposamena egin duten erakundeek abalatuta. Memoria horretan jasoko da proposatzen den pertsonaren edo kolektiboaren ibilbide profesionala, eta bereziki azpimarratuko dira, duten eragin edo garrantzi handiagatik, hautagaitza horri berezitasuna ematen dioten alderdiak.

5.– Hautagaitzak aurkezteko, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bidetatik jo beharko da, eta, zuzendu beharko dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Sarien kudeaketa.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen ondoriozko kudeaketa-lanak egitea.

Seigarrena.– Epaimahaia.

1.– Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahai bat eratuko da. Epaimahai horrek sariaren xede diren jarduerekin bat etortzeko eta lotura izateko betekizunak bete beharko ditu, eta kide hauek izango ditu:

Epaimahaiburua: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua.

Bokalak:

– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea.

– Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.

– Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.

– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria.

– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Aholkularitza Juridikoko arduraduna. Hark, gainera, idazkari-lanak egingo ditu.

– Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako bakoitzak izendatutako pertsona bat.

– Bizkaiko Arrantzale Kofradien Federazioak izendatutako pertsona bat.

– Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Federazioak izendatutako pertsona bat.

– Nekazaritzako enpresa- eta langile-elkarteek izendatutako pertsona bat.

– Arrantzako enpresa- eta langile-elkarteek izendatutako pertsona bat.

– Nekazaritza-kooperatibek izendatutako pertsona bat.

– Elikagaien klusterrak izendatutako pertsona bat.

2.– Epaimahaiaren osaera orekatua izango da emakumeen eta gizonen presentziari dagokionez.

3.– Epaitza baino lehen, denbora aski emanez, adieraziko da nork osatuko duen epaimahaia, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpen baten bidez; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da hori.

4.– Epaimahaiko kideek gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago jasoko dituzte deialdia, gai-zerrenda eta hautagaitzen zerrenda, dagokion dokumentazioarekin batera.

5.– Epaimahaiaren erabakiak bertan diren kideen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du. Edonola ere, erabakitakoak balioa izateko, beharrezkoa izango da gutxienez kideen bi heren bertan egotea.

Epaimahaiko idazkariak hartzen diren jarduera eta erabaki guztien akta egingo du, eta sarien epaitza arrazoitzen duen irizpena agerraraziko du.

6.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.

Zazpigarrena.– Adjudikatzeko irizpideak.

Aurkeztutako hautagaitzak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Pertsonak edo kolektiboak inplikazio luzea izatea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren edo arrantzaren sektorean, dagokionaren arabera.

b) Nekazaritzaren edo arrantzaren sektorean –dagokionaren arabera– izandako ibilbide profesionalaren berezko garrantzia.

c) Baloratu beharreko pertsonak edo kolektiboak dagokion sektorean egin duen lanak izan dituen ondorioak eta eragina.

d) Emakumeen edo emakume-kolektiboaren hautagaitza, emakumezko nekazari edo arrantzaleen eta elikagai-industrian dabiltzan emakumeen lana ikusarazteko eta aitortzeko.

Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaitza.

1.– Epaimahaiak epaitza emango du eta bertan adieraziko ditu, ondoen dakien moduan, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetako adjudikazio-irizpideei dagokienez, bai eta saritutako pertsonen edo kolektiboaren ibilbideak eta esanahiak merezi duten balorazioa ere.

2.– Epaimahaiak sariak edo haietako baten bat eman gabe utz ditzake, baldin eta hautagaitzarik ez badago edo uste badu proposatutako pertsonen eta/edo kolektiboen ibilbide profesionalek ez dituztela behar diren ezaugarriak betetzen sari hauetan aintzat hartu ahal izateko.

3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu batez prozedura ebatziko da, eta epaimahaiaren epaitzaren berri emango da. Epaitza loteslea izango da. Agindu hori 2022ko urriaren 31 baino lehen eman behar da, eta banaka jakinaraziko zaie saritutako pertsonei edo kolektiboei, hargatik eragotzi barik horren ondoren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, denek jakin dezaten.

4.– Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari. Alabaina, aginduaren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari edo, bestela, zuzenean aurkara daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren bidetik.

Bederatzigarrena.– Aintzatespen publikoa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak egingo du aintzatespen publikoaren ekitaldirako deialdia. Ekitaldi ofizial bat egingo da, eta bertan emango zaizkie saritutako pertsonei beren sariak.


Azterketa dokumentala