115. zk., 2022ko ekainaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (480 KB - 20 orri.)
- EPUB (1223 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
2682
EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 27koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, 2022. urterako itsas arloko garatzeko bidean dauden energia-teknologia berriztagarriak frogatzeko eta baliozkotzeko inbertsioetarako laguntzen programaren oinarri arautzaileak onartzen, deialdia egiten eta argitaratzen dituena.
Energiaren Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa dugu, eta bere gain hartzen ditu aurrezpena eta energia-efizientzia, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzera bideratutako jardunak, betiere EAE Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Energia-baliabideen eskasiak eta energiaren erabilerak ingurumenaren gain duen intzidentziak gero eta eragin handiagoa dute administrazioaren zein gizartearen kezkan. Horri dagokionez, 2030erako 3E-2030 Euskadiko Energia Estrategian bildutako helburuak betetzera bideratutako hainbat ekintza garatzen ari da Energiaren Euskal Erakundea.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barruan itsas arloko garatzeko bidean dauden energia-teknologia berriztagarriak frogatzeko eta baliozkotzeko proiektuak sustatzea da laguntzen programa honen helburu nagusia.
Azaldutako guztia dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrenez aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, 2022. urterako itsas arloko garatzeko bidean dauden energia-teknologia berriztagarriak frogatzeko eta baliozkotzeko inbertsioetarako laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, programaren edukia ebazpen honi I. eranskin gisa eransten zaiolarik.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, 2022. urterako itsas arloko garatzeko bidean dauden energia-teknologia berriztagarriak frogatzeko eta baliozkotzeko laguntzen programaren dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek bide administratiboa agortzen du; hortaz, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EEEko zuzendari nagusiari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako auzitegietan, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bilbao, 2022ko maiatzaren 27a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.