115. zk., 2022ko ekainaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (365 KB - 22 orri.)
- EPUB (432 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2681
AGINDUA, 2022ko ekainaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxeei, hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra modu global, sistematiko eta integratuan lantzeko jarduera-proiektuak egin ditzaten 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan.
Hezkuntza Sailak eskola-eredu mistotik hezkidetzako eskola-eredura aldatzeko prozesu bat sustatu nahi du, emakumeen aurkako indarkeria eta sexismoa sorburu duen edozein indarkeria-adierazpen prebenitzen laguntzeko. Horretarako, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartzen da, zeina bikaintasuneranzko ekitatean oinarritzen baita eta «hezkuntza inklusiboa eta aniztasunarekiko arreta» ezartzen baititu bere lerro estrategikoen artean.
"Euskal hezkuntza-sistemarako hezkidetzako II. Plana, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023)" izeneko planarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aukera eman nahi dio Euskal Hezkuntza Sistemari, eta, zehazki, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako etapei, hezkidetza-eskolarantz hasitako bidean urratsak egiten jarraitzeko. Plan horien helburuen artean dago ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta praktiketan genero-ikuspegia txerta dezaten bultzatzea, eskola-komunitateko eragileen laguntzarekin.
Emakumeen aurkako indarkeria da sexismoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik ezean oinarritutako sistema baten ondorio larriena. Eskolak ikasleen arteko botere-harremanak aldatzen lagundu dezake, behar diren aldaketak eginez, berdintasunean oinarritutako harremanak ziurtatzeko; harreman horiek identitate-aniztasuna errespetatu behar dute, eta ikasle guztien garapen pertsonala ahalbidetu, hala neskena nola mutilena.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak helburu hori zabaltzen eta sakontzen du, eta, 28. artikuluan, hezkidetza-eredu bat garatzeko eskatzen dio hezkuntza-sistemari. Zehazki, honako hau adierazten du:
Hezkuntza-politika publikoek hezkidetza sustatuko dute, eta, lege honen ondorioetarako, honako hauetan oinarritutako hezkuntza-eredutzat hartuko da hezkidetza: sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alde batera utzita, pertsonaren garapen integralean oinarritutako hezkuntza-eredua, diskriminazio mota oro baztertzen duena eta generoak baldintzatu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen duena. Horregatik, emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatuko da hezkuntza-maila eta -etapa guztietan (haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide-heziketa eta helduentzako irakaskuntza) eta dimentsio guztietan (curriculuma, antolamendua eta beste batzuk).
Curriculumari dagokionez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 29. artikuluan jasotzen duenez, Hezkuntza Administrazioak hezkidetza-proiektuak egingo ditu, beharrezkoak diren neurri eta baliabideen bitartez, eta hezkuntza-etapa guztietako jakintza-arlo eta diziplina guztien curriculumaren diseinuan eta garapenean txertatuko ditu.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta Sailak lehentasunezko jarduera-eremuetan (hala nola bakea eta bizikidetza, hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa) sustatutako programak eta proiektuak abian jartzea Hezkuntza Sailaren 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako helburu estrategiko bat dela (Hezkuntzako sailburuaren 2022ko otsailaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen plana), bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluarekin eta VII. tituluko III. kapituluarekin (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak arautzeari buruzkoa da), eta aintzat hartuta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoa, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legea, eta gainerako xedapen orokorrak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da EAEko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxeei dei egitea 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan jarduera-proiektu bat egin dezaten, ikastetxean hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztarra modu global, sistematiko eta integratuan lantzeko.
Gehienez ere 50 ikastetxe aukeratuko dira, 2.3 artikuluan azaltzen den lurralde-banaketari jarraituz.
2. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Xede hori lortzeko, guztira, 2022-2023 ikasturtean 100.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kargura. 2022. urteko aurrekontuaren kargura 60.000 € bideratuko dira, eta 2023. urteko aurrekontuaren kargura, berriz, 40.000 €-ko konpromiso-kreditua dago.
2.– Hautatutako ikastetxe bakoitzari bi mila (2.000) euroko diru-ekarpena egingo zaio, irakasleak zein eskola-komunitatea trebatzeko eta proiektua koordinatu eta hedatzeko. Proiektuak bi ikasturteko iraupena badu ere, lehenengo ikasturtean egindako gastuak soilik hartuko dira aintzat.
3.– Honako lurralde-banaketa honen arabera aukeratuko dira proiektuak:
(Ikus .PDF)
4.– Hala ere, lurraldeen araberako banaketa aldatu ahal izango du Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiborako Zuzendaritzak, baldin eta aukeratutako eskabideekin ez bada betetzen lurralde horietakoren baterako aurreikusitako plaza-kopurua.
5.– Hezkuntza Sailak, diru-esleipenaz gain, deialdi honen xedeari buruzko prestakuntza emango du.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen xedea izango da proiektu bat egitea eta bi ikasturtetan garatzea (2022-2023 eta 2023-2024), deialdi honen 12. artikuluan ezarritako irizpideak betez.
2.– Diruz lagunduko dira 2023ko uztailaren 1a baino lehenago egindako gastu hauek:
a) proiektuaren zuzendaritzaren, koordinazioaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren kostua, oro har, bai eta prestakuntza-jarduerena ere. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, jarraipenari eta ebaluazioari egotz dakizkiekeen gastuek orduko 25 eruo-ko muga izango dute. Irakasleen kontratazioari dagokion ordainsari-kostua ez du, inola ere, ordainketa eskuordetuak estaliko.
b) prestakuntza-jarduera emateko kostua, prestakuntza emango duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez 90 euro emango dira prestakuntza-ordu bakoitzeko), bai eta ponentearen joan-etorriek, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak ere, erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean.
Inola ere ez dira prestakuntza-jarduerari egotz dakizkiokeen kostutzat hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleek joan-etorriengatik edo mantenuagatik egiten dituzten gastuak.
c) beharrezko curriculum-materialaren kostua.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta dirulaguntza eskuratzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte eskabidea aurkezten den egunean 1. artikuluan aipatutako hezkuntza-mailetan itunduta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoan kokatuta dauden ikastetxe pribatuen titularrek,
2.– Deialdiko dirulaguntzak eskuratzeko baldintza izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan jasotako debekurik ez izatea.
3.– Erakunde eskatzaileak ezin izango du eduki dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin.
4.– Erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza horiek bete beharko dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
5.– Dirulaguntzen onuradun izateko, aurreko paragrafoetan adierazitako zirkunstantziei eta baldintzei eutsi beharko zaie laguntza-eskabidea aurkezten den unetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.
6.– Aurreko deialdietan parte hartu duten ikastetxeek berriz ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta oraindik aurreko ikasturteko deialdian parte hartzen ari ez badira. Hau da, deialdi honetatik kanpo geratuko dira 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetarako jarduera-proiektuak diruz laguntzen dituen deialdian hautatuak izan diren ikastetxeak. Ikastetxeek gehienez hiru deialditan parte har dezakete deialdia hasi zenetik, hots, 2013-2014 ikasturtetik.
7.– Erakunde eskatzaileak hezkidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eta detekzio goiztiarra jorratu beharko ditu 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetan.
8.– Erakunde eskatzaileak hezkidetzaren arduraduna identifikatuko du, zeinak arduradun izateko baldintza egokiak bete beharko baititu, kontuan hartuta ikastetxean duen egonkortasuna, ikastetxeari buruz duen ezagutza eta prozesua dinamizatu, koordinatu eta zuzentzeko duen sentsibilitatea eta gaitasuna, eta ikastetxeak zonako mintegira eta Sailak antolatzen dituen prestakuntza-jardueretara joateko aukera emango dio. Pertsona horrek honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Ikastetxearen proiektua bultzatu eta koordinatzea, genero-indarkeria prebenituko duen hezkidetza-eskola baterantz egiteko.
b) Proiektuan planteatutako ekintza bateratu eta sistematikoak kudeatu eta dinamizatzea. Ekintza horien artean, hezkidetzaren zutabe nagusiak egongo dira, «Euskal Hezkuntza Sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023)» planean jasotakoak.
c) Koordinazio eta talde-lanerako tarteak, aktak, saioen edukia eta abar finkatzea.
d) Eskola mistoa hezkidetza-eskola bihurtzeko beharrezkoa den prestakuntza pedagogikoa koordinatzea.
9.– Erakunde eskatzaileak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Goreneko (OOG) berdintasun-ordezkaria izendatuko du, eta Sailak ematen duen prestakuntzan parte hartzeko aukera emango dio.
10.– Erakunde eskatzaileak berdintasun-plan bat izan beharko du indarrean Estatuko araudiaren arabera, eta 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatu beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera, eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, ziurtagiria aurkeztu beharko du.
2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.
3.– Eskabide elektroniko normalizatuan, erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:
a) Helburu bererako administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuen eskutik inolako dirulaguntzarik ez jasotzea une horretan.
b) Erakunde edo pertsona eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenarekin.
c) Eskabide-orriko eta harekin batera aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla adierazi behar da.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruko itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta ez egotea.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduak izatea.
f) Erakunde eskatzaileak Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plan bat izan behar duela adieraztea; eta 50 langiletik gorako enpresetan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituela egiaztatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
4.– Formatu elektronikoan egindako eskabide-orri normalizatuak, era berean, hezkidetza-arduradunaren eta Ordezkaritza Organo Goreneko (OOG) berdintasun-ordezkariaren izenak jasoko ditu.
5.– Eskabide-orri normalizatua formatu elektronikoan aurkezteaz gain, jarduera-proiektu bat aurkeztuko da, eta, bertan, lehen ikasturteko jarduerak zehaztuko dira eta bigarren ikasturteko jarduerak aurreikusiko dira, bai eta arduradunak, denborak eta ebaluazio-adierazleak ere (VI. eranskina).
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dituen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabidearen formulariora sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015408
4.– Eskabidearen izapide hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan «Nire Karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan jarduteko ordezkaritza beste pertsona bati ematen zaionean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan, eta honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabide-eredua, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015408
2.– «Eskabidea» (I. eranskina) formulario normalizatuarekin batera, 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako «Jarduera-proiektua» (II. eranskina) formulario normalizatua aurkeztu beharko da, eta eduki hau izango du:
a) Justifikazioa.
b) Helburu orokorrak eta helburu orokor bakoitzarekin harremantzen diren helburu espezifikoak 2022-2024 ikasturteetarako.
c) Helburu espezifiko bakoitzari lotutako jarduerak, haien arduradunak, denborak, jarraipenaren adierazleak eta lortutakoa zehaztuta, 2022-2023 ikasturterako, eta 2023-2024 ikasturterako aurreikuspenak.
d) Ebaluazioa.
3.– Deialdiaren III. eranskinean, proiektua lantzeko argibideak biltzen dira.
4.– «Eskabidea» eta «Jarduera-proiektua» formulario normalizatuekin batera, «Zuzendaritzaren ziurtagiria» formulario normalizatua ere aurkeztu beharko da (IV. eranskina).
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epea amaitzen den hilean bertan amaituko da. Muga-eguneko hilean hasierako egunaren baliokiderik ez badago, hilaren azken egunean amaituko da epea.
2.– Agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015408
3.– Erakunde batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, elektronikoki aurkezteko betebeharra adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea bide horretatik egin den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete agiriak, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
9. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako agiriak ez daudela osorik beteta, edo nahitaezko agiri guztiak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da; aurretik, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoarekin bat eginez.
2.– Akatsak zuzentzeko errekerimendua elektronikoki egingo da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «NireKarpeta» atalean kontsultatu beharko dira jakinarazpenak.
3.– Erakunde interesdunak zuzenketa-errekerimendua jaso izana elektronikoki sinatzen duen unean egin dela ulertuko da.
4.– Zuzentzeko errekerimendua bidali eta hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, eskaera ezetsitzat joko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: pertsona interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
10. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Eskaerak kudeatuko ditu hautaketa-batzordeak, eta hautatutako ikastetxeen zerrendak egingo ditu. Batzorde horretan honako kide hauek parte hartuko dute:
a) Aniztasunari Erantzuteko zerbitzuko burua, edo hark izendatzen duena, batzordeburu izango da.
b) Hezkuntza-Berriztapeneko lurralde-arduradunak.
c) Eskola inklusiboko Berritzegune Nagusiko arduraduna (aniztasuna/generoa).
d) Aniztasunari Erantzuteko zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo duena.
2.– Hautapen-batzordeak ikastetxeak aukeratuko ditu, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariari igorriko diola ebazpen-proposamena.
3.– Hautaketa Batzordeak kuantifikatuko ditu aurkeztutako eskabideak Berritzegunaren laguntzarekin.
11. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu bererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen dirulaguntza ororekin.
12. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
1.– Balorazio-irizpideak
Aurkeztutako proiektuari 10 puntu emango zaizkio, gehienez, eta onespena lortzeko 7 puntu beharko ditu, gutxienez.
a) Ikastetxearen ibilbidea eta premien definizioa (1,5 puntu, gehienez). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
a.1.– Ikastetxearen ibilbidea jarduketak, programak, proiektuak, prestakuntza eta abar sustatzeari dagokionez, honako arlo hauek aintzat hartuta: hezkidetza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra, sexu-aniztasuna, harreman afektibo eta sexualak (0,50 puntu, gehienez).
a.2.– Premien definizioa (0,50 puntu, gehienez).
a.3.– Lehentasunen aukeraketa eta argudioak (0,50 puntu, gehienez).
b) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak (2 puntu, gehienez).
c) Jarduketak (5,50 puntu, gehienez). Honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:
c.1.– Irakasleei zuzendutako jarduerak, hezkidetzaren zutabe nagusiekin bat etorriz (0,75 puntu gehienez):
c.1.1.– Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean.
c.1.2.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.
c.1.3.– Emakumeen jakituriaren integrazioa eta haien ekarpen soziala eta historikoa.
c.1.4.– Gatazken konponketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez.
c.1.5.– Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa.
c.1.6.– Espazioak ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.
c.1.7.– Hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean
c.1.8.– Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku hartzea.
c.2.– Ikasleei zuzendutako jarduerak, hezkidetzaren zutabe nagusiekin bat etorriz (0,75 puntu gehienez):
c.2.1.– Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean.
c.2.2.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista.
c.2.3.– Emakumeen jakituriaren integrazioa eta haien ekarpen soziala eta historikoa.
c.2.4.– Gatazken konponketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez.
c.2.5.– Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa.
c.2.6.– Espazioak ikastetxean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak.
c.2.7.– Hezkuntza afektiboa eta sexuala berdintasunean
c.2.8.– Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku hartzea.
c.3.– Hezkidetzaren zutabeetan oinarrituta, Tutoretza eta Orientazio Planetan genero-ikuspegia txertatzea, "Euskal Hezkuntza Sistemarako Hezkidetza II. Planean, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023)" esparruaren barruan emango diren materialen bidez (1,5 puntu gehienez).
c.4.– Klaustro guztiaren prestakuntza (0,75 puntu, gehienez).
c.5.– Familien prestakuntza eta parte hartzea (0,75 puntu).
c.6.– Eragile soziokomunitarioen prestakuntza eta parte-hartzea (0,25 puntu, gehienez).
c.7.– Ikastetxeetako bizikidetza-behatokian ikastetxeak garatzen duen hezkidetza-lanari lotutako eginkizunak sartzea. (0,25 puntu, gehienez).
c.8.– Ikastetxeko hezkidetza-plana egitea edo, balego, berritzea. (0,25 puntu, gehienez).
c.9.– Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza genero-ikuspegiarekin egiten dela sustatzea. (0,25 puntu, gehienez).
d) Ebaluazioa (1 puntu, gehienez).
2.– Esleipena:
a) Lortutako puntuazioaren eta 2. artikuluaren 3. zatian ezarritakoaren arabera egingo da esleipena.
b) Berdinketa gertatuz gero, ikasle bekadunen ehuneko handiena duen ikastetxearen proiektuak izango du lehentasuna.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eskabideak egiaztatu ondoren, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendariak behin-behineko ebazpena emango du, erakunde onuradun bakoitzari emandako laguntzen zenbatekoa edo, hala badagokio, laguntza ukatzeko arrazoiak adierazita. Behin-behineko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, htpps:// euskadi.eus helbidean. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berberak izango ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, htpps:// euskadi.eus helbidean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean, gehienez ere.
3.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, bide elektronikoz, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Horrez gain, informazioa emate aldera, behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da.
5.– Deialdia argitaratu eta gehienez ere sei hilabeteko epean argitaratuko da behin betiko ebazpena. Epe hori igaro eta ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
6.– Aurreko puntuan esandakoa gorabehera, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
14. artikulua.– Ordainketa eta justifikatzea.
1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa emandako laguntzaren % 60koa izango da, eta 15.1 a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerakoa –dirulaguntza osoaren % 40a– «Hezkidetza – Dirulaguntzaren justifikazioa» agiria (V. eranskina) aurkeztu ondoren ordainduko da; 2023ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu behar da agiri hori, behar bezala beteta. Agiri hori eta dagozkion fakturak eta ordainagiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015408
2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ematen du erregistro hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Programaren iraupena 2 ikasturtekoa den arren, gastu guztiak artikulu honetako 1. atalean ezarritako epean aurkeztu behar dira.
4.– Ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, «Hezkidetza – Jarduera-proiektuak – Justifikazioa-Memoria» agiria (VI. eranskina) behar bezala beteta aurkeztuko da bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015408
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte deialdi honen xede diren laguntzen erakunde onuradunek, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak barne, Dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. ataletan jasotakoarekin bat; horiez gain, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 10 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek dirulaguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea laguntza emateko edo baliatzeko betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta jarduera egin dela ere.
d) Helburu bera betetzeko, administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero, horren berri Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari ematea.
e) Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrolen mende jartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoen mende ere.
f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
2.– Ikasturte bakoitzerako lan-plan bat eta dagokion memoria egitea. Bi dokumentu horiek ikastetxearen urteko planaren eta urteko memoriaren parte izango dira, hurrenez hurren.
3.– Hezkidetzako arduradunak Berritzeguneetako zonako mintegietan parte hartzea. Mintegi horiek deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeen topagune, koordinazio eta aholkularitza izango dira.
4.– Hezkidetzako arduradunak eta/edo ikastetxeko beste irakasleek "Euskal Hezkuntza Sistemarako Hezkidetza II. Planean, berdintasuna eta tratu ona lortzeko bidean (2019-2023)" eratorritako eta Sailetik deituriko prestakuntza-jarduera parte hartu beharko dute.
5.– Berritzeguneen esku jartzea programa honen esparruan landutako materialak, gainerako hezkuntza-komunitatearekin partekatzeko.
16. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, 18. artikuluan jasotako itzulketa-prozedura hasiko da.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezarritako arau-hausteen araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuz, emandako eta jasotako zenbateko osoa edo haren zati bat itzuli beharko dute, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesaz gain, honako hauetan:
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. atalean jasotako itzulketa-kausaren bat izatea.
– Dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen helburu zehatzerako.
– Dirulaguntza eragin zuen jarduera ez egitea.
– Dirulaguntza eman zen helburu zehatzetarako erabili dela ez justifikatzea.
– Oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Horrez gain, bestelako ekintzak ere gauzatu ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
19. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako dirulaguntzak.
Arduraduna: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako dirulaguntzak.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak: Ogasun eta Ekonomia Saila.
Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/145100-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf )
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan araututako laguntzek ez dituzte betetzen EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107. artikuluko 1. atalean ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira Estatuaren laguntza, eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea, helaraztea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Deialdiaren xede diren laguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, eta jasotako oinarrizko araudia. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 7a.
Hezkuntzako Sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.