115. zk., 2022ko ekainaren 15a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 3 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2679
EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 23koa, Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez berritzen baita Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) elkartearen baimena, baimendutako profesionalak prestatzeko aitortutako erakunde gisa.
Esp. zk.: /48-EX–D-2022-2.
AURREKARIAK
Bat.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2017ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez, Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) enpresa dorre-garabien operadore-espezialitatean baimendutako profesionalak prestatzeko entitate gisa aitortzen da.
Bi.– 2022ko apirilaren 26an, Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) enpresaren ordezkaritzak eskabide bat aurkeztu zuen profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko, espezialitate berean, hau da, dorre-garabien operadore-espezialitatean.
Hiru.– Eskabide horrekin batera, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak (industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzeko denak) V. kapituluan aurreikusten dituen baldintzak eta betekizunak oraindik ere betetzen zituela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu zen.
– Erakundea identifikatzeko datuak. Egoitzaren helbidea: Jesusen Bihotza Enparantza 5-1 (48011 Bilbao).
– Prestakuntza-jarduerak gauzatzeko erakundeak dituen giza baliabideen eta baliabide materialen deskribapena.
– Garatuko diren ikastaroei buruzko zehaztapenak, aurreikusitako gaiak, metodologia, antolakuntza eta ebaluazio-sistemak xehetasunez azalduta.
Lau.– Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzako Administrazio Industrialeko eta Energetikoko teknikariak, 2022ko maiatzaren 18an, berritze-baimenaren aldeko txostena eman dio Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) enpresari, aitortutako erakunde gisa jarduteko.
Espedientearen ebazpenean, honako hauek hartu behar dira kontuan eta berariaz aipatu:
OINARRI JURIDIKOAK
Bat.– Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria da ebazpen hau ezartzeko organo eskuduna, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak) ezarritakoaren arabera.
Bi.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezartzen denez, egun prestakuntza-ikastaroak emateko aitortuta dauden entitateek 5 urterik behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.
Hiru.– Ondorioz, eskatzaileak aurkeztutako agirietan ikusten denez, egiaztatuta geratu da Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) enpresak badituela aipatutako dekretuko 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak; zehazki, aitortutako erakundearen akreditazioa jasotzeko direnak. Instalazioak, bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.
Lau.– Era berean, egiaztatu egin da erakunde eskatzaileak bete egiten dituela ekainaren 27ko 836/2006 Errege Dekretuaren VI. eranskineko 5. paragrafoan jasotako baldintzak. Dekretu horren bidez, jasogailu eta mantentze-gailuen araudiaren «MIE-AEM 2» jarraibide tekniko osagarria onartu zen, obretako eta bestelako aplikazioetarako dorre-garabiei buruzkoa.
Bost.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta, halaber, erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.
Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, baimena berritzea Ascobi-Bieba (Asociación de Constructores y Promotores de Bizkaia) enpresari, profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko, honako espezialitate honetan:
– Dorre-garabien operadorea.
2.– Erakunde horrek baimena du Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden eta akreditazioa duten instalazioetan ikastaroak emateko. Eskolak beste instalazio batzuetan eman nahi baditu, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta egiaztatu beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.
3.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.
4.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.
5.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
6.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Bilbao, 2022ko maiatzaren 23a.
Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.