Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2022ko ekainaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2653

AGINDUA, 2022ko ekainaren 1ekoa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bitartez oinarriak onartzen baitira laguntza ekonomikoak emateko EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitu eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak gara ditzaten, eta 2022. urterako deialdia egiten baita.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, 13.1 s) artikuluan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio, beste egiteko eta jardun-arlo batzuen artean, immigrazioaren arloko zereginak.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak, bere aldetik, gai hauen gaineko zeregin eta jardun-arloak ezartzen ditu: boluntariotza, gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuak, immigrazioa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka, erakunde arteko adostasuna sustatzea, elkarrizketa soziala, lanbide-lankidetza, elkartasun zibikoa, sareko lana, jakintzaren kudeaketa eta herritarren partaidetza sustatzea gizarte esku-hartzeen eta gizarte-politiken eremuan; eta jardun-eremu lehenetsitzat dauzka eskubide sozialak baliatzeko ikuspuntutik gizarte-egoera bereziki zaurgarrian bizi diren pertsonak eta kolektiboak.

Aipatu eginkizunak betetzean, gizarte-zerbitzuak dira gizarte esku-hartzea burutzeko eremu pribilegiatu nagusia. Orain, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada, etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturarteko bizikidetza, kasu.

Gainera, eta zeharkako politika honen inguruan, Eusko Jaurlaritzak jardun handia burutu du beste erakunde publiko batzuei zuzendutako dirulaguntzak banatzen, batez ere udal-esparruan langileak kontratatzeko dirulaguntzak emanez, horiek etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituzten jarduerak eta esku-hartze soziala bultza ditzaten. Dirulaguntzen ekintza hori egoera jakin batzuetan justifikatu da bereziki, zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatu zituen plan eta ekimenen inpaktua plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek zaila zutenean xurgatzea eta beren gain hartzea.

Era horretan, agindu honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den dirulaguntzen politikari.

Zalantzarik ez dago immigrazioarekin eta kulturarteko bizikidetzarekin, besteak beste, lotutako zeharkako politiken legeria eta planak geroz garbiago zuzentzen direla erakunde publikoen sarearen erantzukizunak identifikatzera eta erakundeak elkarren artean maila berean lankidetzan aritzera. Hala ere, horrek ez du baztertzen, egoera jakin batzuetan eta baldintza zehatz batzuekin, erakundearteko lankidetza horretan funtsen eskualdatzea ere egotea erakunde batzuen eta besteen artean.

Agindu hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022ko urtarrilaren 18ko Aginduaren bidez onartutako 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2022-2025eko Herritarren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Jarduera-planean jasotako aurreikuspenak betez. Bi plan horiek Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude argitaratuta.

Horrenbestez, agindu honek bi laguntza-lerro arautzen ditu:

a) Immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzak.

b) Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueretarako laguntzak.

Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak kudeatzen ditu bi lerroak eta, horien bidez, batera finantzatzen dira immigrazio-teknikarien jarraipena eta EAEko erakunde-egituran immigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobeagoa emateko jarduerak eta, oro har, kulturarteko bizikidetzaren aldeko esku-hartze sozialak.

Ildo horretan, eta agindu honetan araututako laguntza ekonomikoak izapidetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean (2021eko abenduaren 30eko EHAA, 261. zk.) nahikoa aurrekontu-kreditu dago.

Dirulaguntzetarako agindu honen arau-esparru dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoa, eta haren garapen-araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, lehen adierazitakoa.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomiko hauek arautu, eta 2022. urterako deialdia egitea: EAEko toki-erakundeei, tokiko organismo autonomoei eta tokiko merkataritza-sozietateei immigrazioko teknikariak kontratatzen jarraitzeko eta immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alor zehatzean jarduerak egiteko laguntza ekonomikoak.

2.– Jarduketa-ildoek, immigrazio-teknikarienak zein diruz lagundutako proiektu eta programenak, bat etorri beharko dute Herritarren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI. Planarekin (2022-2025).

3.– Kontratatutako langileen jarduna betetzeko eta jarduerak egiteko epea 2022. urtea da.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14.2.a) artikuluan arautzen duena betetzeko, erakunde interesdunek telematikoki egin behar dituzte laguntza-programa honetarako izapide guztiak.

2.– Agindu honen eranskinetan jasotako eskabide-eredua, bai eta eskabideak izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere, eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/0606405 eta https://www.euskadi.eus/servicios/1053006) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduan.

3.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

4.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko < Nire karpeta> helbidean egingo dira: https// www.euskadi.eus/micarpeta

3. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabidea osorik bete behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formularioan, eta horrekin batera, dirulaguntzen lerro bakoitzerako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu behar da, agindu honen I. eranskinean eta II. eranskinean erantsitako eredu normalizatuen arabera.

3.– Deialdiaren xede diren dirulaguntza-lerro ezeinetan ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago eskatzaile berari. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baldin badu dirulaguntzen lerro bererako, epearen barruan eta sarrera-erregistroaren arabera azkena aurkeztu duena soilik aztertuko da, eta ezetsi egingo dira gainerakoak.

4.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

5.– Erakunde eskatzaileak haurrak eta nerabeak osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritakoa betetzen dela bermatuko du; hau da, adin txikikoekin ohiko harremana izatea dakarten edozein lanbide, ofizio eta jarduera eskuratu eta gauzatzeko, nahitaezkoa izango da epai irmoaren bidez kondenatua ez izatea salerosketaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik, bai eta 1995eko azaroaren 23ko Zigor Kodearen arabera ere. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietan sartu nahi duenak sexu-delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du egoera hori egiaztatzeko.

6.– Laguntzen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela, eta, horretarako, ez du erakunde eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, erakunde interesdunak egiaztapen horren aurka egin dezake, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatutakoarekin.

7.– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

8.– Kopia autentikoak aurkeztu beharko dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

4. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko eta publikotasuna bermatzeko modua.

1.– Migrazio eta Asiloko zuzendaria izango da agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko eta ebazteko organo eskuduna, eta hark izendatuko ditu dirulaguntzen ebazpen-proposamena egiteko eskumena izango duen Balioespen Batzordeko kideak eta baita Batzordeko idazkaritzaz arduratu den pertsona ere.

2.– Balioespen Batzordea gutxienez bi pertsonek eta gehienez lauk osatuko dute; Migrazio eta Asilo Zuzendaritzako goi-karguak edo langile publikoak izan beharko dute.

3.– Balioespen Batzordean sexu parekidetasuna egon dadin beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, eta batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Kide anitzeko organo horren idazkaria zuzendaritzako enplegatu publiko bat izango da.

4.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Migrazio eta Asiloko zuzendariari dagokio prozeduran planteatu diren gai guztien gainean ebaztea.

5.– Esleipen-prozedura bakoitzean ematen den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman diren kasuetan, laguntza jaso duten erakundeen izena, diruz lagundutako jarduera-proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira. Ukatutako eskabideei denaz bezainbatean, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

Beren zerbitzuak mankomunaturik ez dituzten EAEko hainbat tokiko erakundek osatutako talde bat izango balitz onuraduna, agindu honen 19.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, hartuko den ebazpenak taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen betearazpen-konpromisoak azalduko ditu, baita kide bakoitzak ezarri beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere.

6.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.

7.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak sortuko ditu.

8.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan xedatzen denaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen lege hori).

9.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera berekoak diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

10.– Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Laguntzen ordainketa, bai jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko ere, zatikatu egingo da: % 70 ordainduko da 10.a) artikuluan ezarritako epea igarotakoan, berariaz uko egin ez bazaio eta diruz lagundutako ekintzen gutxienez % 70i dagokion gastuaren betearazpena 2022ko abenduaren 31 baino lehen justifikatu eta egiaztatu ondoren.

Gainerako % 30a 2023ko ekitaldian ordainduko da, justifikatzeke geratzen diren gainerako ekintzak 2023ko martxoaren 31 baino lehen justifikatu ondoren.

Urte anitzeko laguntza denez, emandako laguntzaren % 100 ez da inola ere ordainduko 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen.

2.– Deialdiaren kudeaketan, lehenik eta behin, diruz lagundutako lehen lerroari dagokion prozedura ebatziko da, eta esleitutako zuzkiduraren soberakinen bat sortuko balitz, prozedura horrek bigarren lerrorako finkatutako zuzkidura handituko luke.

6. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundutako gastuen izaerari buruz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

2.– Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.

3.– Erakunde onuradunak ezin baditu programetako ekintzak edo programak langile propioekin gauzatu, azpikontratatu ahal izango ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzen arabera, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era arteko azpikontratatzeko ehunekoarekin.

7. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehapen administratibo edo penala jaso izana, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean egotea. Ildo horretan, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria dakarren ezein jarduerari, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Erruduntzat jo izanik, hori eragin duen kausa dela-eta Administrazioarekin egindako kontraturen bat suntsitua duena.

d) Legezko ordezkaritza duen pertsona herri administrazioetako langileen bateraezintasun egoera batean egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsi bat izatea, araudi aplikagarrian ezarritako baldintzetan.

e) Dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordaindu gabe dituztenean. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Onuradunek dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta dituztela ondorioztatuko da eman dituzten administrazioekin ez dutenean zorrik dirulaguntzen itzulketengatik edo, egotekotan geroratuta edo zatituta daudenean, edo –itzulketaren ebazpena aurkaratu bada– horiek etetea adostu denean.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa da onuradun izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.

g) Taldeak osatzen dituzten kideek (19.4 artikulua) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan edo apartatu honetan aurreikusitako legezko debeku-egoeraren batean egotea.

2.– Aurreko atalaren a), b), c), d), e) eta g) letretan jasotako baldintzen justifikazioa egingo da eskaera-formularioaren jasotako baldintzen arabera emango den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Aurreko f) letran jasotako baldintza bete izanaren egiaztapena ofizioz egingo du Administrazioak, erakunde eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ezean; kasu horretan, erakunde horrek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, egiaztapen horiek egiteko erakunde eskudunek eman beharko dituztenak.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Eusko Jaurlaritzako sailek eta erakunde autonomoek emandako beste laguntza batzuekin.

2.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntzaren xede den kontratazioaren edo jardueraren guztizko kostua.

3.– Beste laguntza batzuekiko aldiberekoa bada, eta betiere laguntza horien baturak dirulaguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

9. artikulua.– Emate-ebazpena aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari.

2.– Aldaketarik izanez gero dirulaguntza ematerakoan kontuan hartu ziren baldintzetan ––betiere, dirulaguntzaren xedea bete bada––, onuradun izateko betekizunak eta ezarritako betebeharrak, edo, xede bererako beste laguntzaren bat jaso baldin bada beste administrazio nahiz erakunde publiko zein pribatu batzuetatik, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

Alde horretatik, dirulaguntzaren helburua bete dela ulertuko da, baldin eta proiektu edo programa osoaren gutxienez % 80 betetzea lortu bada eta, betiere, horiek barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak betetzen badira.

3.– Horretarako, Balioespen Batzordeak aztertu eta balioetsi eta gero, dagokion aldaketa-ebazpena emango da, zeinaren bitartez egokituko baita emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako mugak eta irizpideak aplikatuta; eta, hain zuzen ere, erakunde onuradunak soberan jasotakoa itzuli beharko du, halakorik bada, dagozkion berandutze-interesak gehituta, dirulaguntza ordaindu zitzaionetik hasita, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Laguntza-lerro banarentzat ezarri diren betebehar espezifikoak ezertan galarazi gabe, onuradunen betebeharrak dira honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera edo jarduerak gauzatu behar dira.

c) Dirulaguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, eta prest egon behar da Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak diruz lagunduko diren jarduera edo jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.

d) Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatuko da, eta baita dirulaguntzaren xede den jarduera edo jarduerak egin direla eta haien helburua bete dela ere.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak egingo dituen egiaztapen-jarduerei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduerei men egingo zaio, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituenei ere.

f) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari jakinarazi, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

g) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari horren berri eman.

h) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, onuradunari kasu bakoitzean aplika dakiokeen merkataritza- eta sektore-legediak eskatutako moduan eduki ere, bai eta Deialdi-agindu honetan eskatutako erregistro espezifikoak eta kontabilitateko egoera-orriak ere, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

i) Jasotako diruaren erabilera egiaztatzen duten agiriak gorde, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatuak eta ikuskatuak izan daitezkeen bitartean, behintzat.

j) Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren erakunde-marka agerrarazi, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren apirilaren 4ko 46/2017 Ebazpenean (EHAA, 2017-04-12koa, 72. zk.) eta Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan (EHAA, 1999-10-26koa, 205. zk.) adierazten den bezala, diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka hori Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari eskatu ahalko zaio. Diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan beti jarri behar da Migrazio eta Asilo Zuzendaritzaren logotipoa. Jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenean jasoko da diruz lagundutako erakunde publikoak hartuko dituela bere gain aipatu jardueraren edukiak.

k) Jasotako dirua itzuli, agindu honetan edo dirulaguntzei aplika daitekeen araudiak jasotzen dituen kasuetan.

l) Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du. Erakundea ez badago erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan ageri diren banku-datuak aldatu nahi baditu, hona jo beharko du: https://euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

m) Diruz lagundutako jardueretan aldaketaren bat egin nahi izanez gero, idatziz jakinarazi, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak horretarako berariazko baimena eman dezan.

n) Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari igorri agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako justifikazio-agiriak, eta aipatu erakundeari lagundu horren jarraipena eta ondorengo ebaluazioa egiten.

o) Migrazio eta Asilo Zuzendaritzari jakinarazi adierazitako ezaugarrien itzultze- edo berrespen-prozeduraren bat hasiko balitz.

p) Eta, oro har, beste edozein betebehar betetzea, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuta) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

11. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintzen % 70i dagokion gastua justifikatu beharko dute 2022ko abenduaren 31 baino lehen, eta gainerako % 30a, berriz, 2023ko martxoaren 31 baino lehen.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoen ondorioetarako, erakunde onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako kontratazioari edo jarduerari buruzko deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren arabera egina; eredua eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/servicios/0606405 eta https://www.euskadi.eus/servicios/1053006) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduan.

Memoria horretan justifikazio-kontu bat, hau da, guztizko gastuaren dokumentu egiaztatzaile guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat egon beharko du, behar bezala sinatuta eta zigilatuta. Aitorpen horretan, honako hauek adieraziko dira: dokumentuaren nondik norakoak, identifikazioa, igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak emandako zenbatekoari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa.

b) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, 2022an diruz lagundutako jarduerarako edo kontrataziorako beste finantzaketa-iturri batzuk existitzen diren edo ez jakiteko.

c) Jarduerarekin lotutako izaera publikoko dokumentazioa, esaterako, prentsa-ebakinak edo hizkuntza-bertsio ezberdinen adierazgarriak, euskarri fisikoan edo magnetikoan, diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako material bakoitzaren inguruan.

3.– Emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko, dokumentu hauek onartuko dira:

1) Teknikariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:

a) Erakunde onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio-datuez eta datu akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.

b) Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.

c) Zerbitzua kontratatuta duten erakundeek formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu behar da:

– Kontratatutako pertsonen titulazioa.

– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).

2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:

a) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.

b) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak. Baliagarria izateko, faktura orok 2022koa beharko du izan.

c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

4.– Dirulaguntza behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dagozkion ikuskapen, jarraipen eta kontrol ekintzak burutu ditzakete, legeak agintzen duen epean.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko egintzan ezarritakoak.

c) Dirulaguntzen programa hau kudeatzen duen Zuzendaritzak baimendu gabeko aldaketak egitea aurkeztutako proiektuan.

d) Diruz lagundutako proiektua egiteko epeak gainditzea, baldin eta ez bada hura aldatzeko baimenik eman.

e) Ez itzultzea, dagokion epean, dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak arautzen dituen gainerako ez-betetzeak, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoak, 53. artikuluan arautzen dituenak.

2.– Aurreko paragrafoan jasotako egoeraren bat existitzen dela egiaztatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari nahitaez itzuli beharko zaizkio emandako eta jasotako kopuruak, gehi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren arabera ezarri beharreko berandutze-interesa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) aurreikusten dena bete eta horietan ezartzen denaren arabera.

3.– Dirua itzuli behar baldin bada, irizpide hauek erabiliko dira zenbat itzuli behar den zehazteko:

a) Ez badira aurreikusitako helburuak bete edo ez badira jarduerak osorik egin, baina betetze-maila osotasunetik nahiko gertu geratu bada eta egiaztatu bada erakunde onuradunak bere konpromisoak betetzeko ahalegina egin duela, zer lorpen-mailara iritsi den balioetsiko da, eta lorpen-maila horrekiko proportzionala izango da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Lorpen-maila osotasunetik nahiko gertu egongo da, baldin eta proiektuaren edo programaren gutxienez % 80 bete bada eta, betiere, horiek barematzeko kontuan hartu diren irizpide objektiboak betetzen badira.

Adierazitako egoera horietan, ez-betetzeak izan duen egiazko ehunekoarekiko proportzionala izango da itzuli beharreko zenbatekoa.

Betetze-maila ez baldin bada gutxienez % 80 horretara iristen, hasieran eman den dirulaguntzaren % 100 bueltatzea eskatuko da.

b) Laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketetan aldaketarik eginez gero agindu honetan arautzen diren laguntzen Zuzendaritza kudeatzailearen baimenik gabe, aldatutako jarduketei dagozkien zenbatekoak itzuli beharko dira.

c) Laguntzak justifikatzeko dokumentaziorik aurkeztu ezean, jaso eta justifikatu gabeko zenbatekoak itzuli beharko dira, eta hala badagokio, jasotzeko falta diren diru-zenbatekoak kobratzeko eskubidea galduko da.

II. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN LEHEN LERROA: IMMIGRAZIO-TEKNIKARIAK KONTRATATZEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK

13. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da EAEko toki-erakundeek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek beren ekimenez egiten dituzten esku-hartze sozialak sustatzea, haiei laguntza emateko immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorretan.

2.– Horretarako, immigrazio arloko teknikarien kontratazioaren mantentze-lanak finantzatuko dira, baldin eta laguntza hauen aurreko deialdien artekoren batean dirulaguntzaren bat jaso badu eta 2021. ekitaldian indarrean egon bada.

3.– Onuradunak esleitzen dizkion zereginak alde batera utzita, immigrazioko langile teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta arlo guztiak engaiatu eta inplikatu daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren ezaugarriak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak aukera-berdintasunaren arabera era normalizatuan eskuratzeko.

Halaber, kontratatutako immigrazioko teknikariek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

3.1.– Immigrazio eta kulturarteko bizikidetza arloan euskal politika diseinatzen, egikaritzen eta ebaluatzen lagundu.

3.2.– Migrazio eta Asilo Zuzendaritzatik edo tokiko erakundeetatik beretik sustatutako alderatze eta sare-laneko espazioetan parte hartzea, baita Toki Erakundeen, Tokiko Erakunde Autonomoen eta EAEko Tokiko Merkataritza Sozietateen bidez ere.

3.3.– Migrazio eta Asilo Zuzendaritzarekin batera koordinatu horren mende dauden zerbitzuak, immigrazio eta kulturen arteko bizikidetza arloan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailetik sustatu eta zuzendutako politika eta estrategia orotan.

14. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde hauek izan daitezke immigrazio-teknikariak kontratatzen jarraitzeko laguntzen onuradun:

a) EAEko toki-erakundeak.

b) EAEko tokiko organismo autonomoak.

c) EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

b) EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

c) Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatu behar izan dituzte eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

2022ko ekitaldian, 381.920 euro bideratuko dira dirulaguntza-lerro honetara, eta diru horrekin, gehienez, immigrazio-teknikarien 16 kontratu finantzatuko dira EAEko toki-erakundeetan, tokiko organismo autonomoetan eta tokiko merkataritza-sozietateetan.

16. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.

1.– Eskaera denboran eta forman egiten duten eta ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak biltzen dituztela egiaztatzen duen eskatzaile guztiek dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute.

2.– Diruz lagun daitezkeen immigrazioko teknikarien lanpostu guztiek 2021ean zeudenen jarraipena izan beharko dute.

3.– Erakunde eskatzaileek behar bezala justifikatu beharko dute bere udalerrian immigrazioko teknikariak kontratatzen segitzeko beharra.

4.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 2022ko ekitaldiari dagokion langileen kostua finantzatuko du, urtean 23.870 euroko zenbatekoarekin, lanaldi osorako kontratatutako immigrazioko teknikari bakoitzeko. Zenbateko hori kontratatutako langilearen lanaldi-dedikazioaren ehunekoaren arabera murriztuko da. Finantzaketa ez da inola ere finantzatutako kontratazioaren egiaztatutako kostua baino handiagoa izango.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeen betebeharra izango da Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.

III. KAPITULUA
DIRULAGUNTZEN BIGARREN LERROA
IMMIGRAZIOAREN ETA KULTURARTEKO BIZIKIDETZAREN ARLOKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Lerro honen xedea da immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueren prestaketa edo egikaritza finantzatzea.

2.– Ez da laguntzarik emango Biltzen Eusko Jaurlaritzako Laguntza Juridikoko, Integrazioko eta Kulturarteko Bizikidetzako Euskal Zerbitzuak egin ditzakeen immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jardueretarako, ez eta Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak zuzenean edo zeharka (haren mendeko zerbitzuen bidez) garatu, sustatu edo eskainitako jardueretarako ere.

3.– Salbuespen gisa, erakunde onuradunak justifikatu ondoren eta Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak dagokion baimena eman ondoren, immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloan Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak eta haren mendeko zerbitzuek garatu, sustatu edo eskainitako jarduerak finantzatu ahal izango dira.

19. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde hauek izan daitezke immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloko jarduerak prestatu eta egiteko laguntzen onuradun:

a) EAEko toki-erakundeak.

b) EAEko tokiko organismo autonomoak.

c) EAEko tokiko merkataritza-sozietateak.

2.– Deialdi honetako laguntza ekonomikoak eskatzen dituzten EAEko tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kapital sozialak titulartasun publikokoa izan behar du, oso-osorik.

b) EAEko udalek osatu behar dute bazkideen gehiengoa.

c) Parte hartzen duten udaletako alkateek berariaz izendatu behar izan dituzte eskatutako dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko.

3.– Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren arloan jarduerak egin nahi dituzten EAEko udalerriek, baldin eta jarduera horiek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean jarri aurretik (hau da, 2016ko apirilaren 15a) garatzen ez badituzte, bikoiztasunik ez dagoela adierazten duen txostena lortu beharko dute aldez aurretik (https://www.euskadi.eus/peticion_servicios/peticiones-genericas-al-servicio-de-administracion-local/web01-a2tokiad/es/), baita dagokion foru-aldundiaren txostena ere, eskumen berriaren finantza-iraunkortasunari buruzkoa, ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuak (93/2019 Dekretua, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzeko dena) xedatutakoaren arabera.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean jarri aurretik, eskumenen klausula unibertsaletik eratorritako jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak gauzatzen zituzten udalerriek lege horren hirugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe 93/2019 Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoa (93/2019 Dekretua, ekainaren 25ekoa, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzeko dena).

4.– EAEko toki-erakunde batek baino gehiagok batera egin ditzakete eskabideak, zerbitzu mankomunaturik ez izan arren. Baterako eskabideak eginez gero, eskabideek berariaz adierazi behar dituzte erakunde bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko laguntza-zenbatekoa, denak izango dira-eta onuradun. Era berean, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, elkarte horri onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko nahikoa ahalmen izango duena. Toki Erakundeen talde hori ezingo da banatu Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako nahitaezko epea igaro arte.

20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntza-lerro honek 498.080 euro izango ditu esleituta 2022. urtean.

2.– Diruz lagundutako EAEko toki-erakundeek, tokiko organismo autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek dirulaguntza honen xede den aurrekontu osoaren % 25 finantzatu beharko dute gutxienez.

3.– Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak eskabide bakoitzean aurkeztu diren jardueren aurrekontu osoaren % 75 finantzatu ahal izango du, betiere gainfinantzaketarik ez badago.

4.– Beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak ematen badituzte, emandako dirulaguntzaren proiektu/programaren aurrekontu osoa murriztu egingo da.

5.– Erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntza ez da inola ere 20.000 eurotik gorakoa izango.

21. artikulua.– Banaketa-prozedura eta -irizpideak.

1.– Jardueretarako laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Balioespen Batzordeak zehaztuko dio ateratako puntuazioa proiektu edo programa bakoitzari; zehaztu ere, ondoren adierazten diren balioespen-irizpideen arabera.

Izapidetzeko onartutako proiektuak eta programak balioetsi ondoren emango da dirulaguntza, horien arteko lehentasun-hurrenkera bat ezarrita, eta 50 puntu edo gehiago lortzen dutenek soilik jaso ahal izango dute dirulaguntza.

Dirulaguntzak esleitzeko, balorazio-fasean lortutako puntuaziotik eratorritako beheranzko hurrenkera hartuko da kontuan, 20. artikuluan ezarritako laguntza-ehunekoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoaren arabera.

20. artikuluan deialdiari esleitutako hornidura ekonomikoa ez bada nahikoa artikulu honen aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren arabera hasieran kalkulatutako laguntzak osorik ordaintzeko, laguntza horiek murriztu egingo dira. Hala egiten bada, azkenean ezartzen diren zenbatekoek, aipatu hornidurarekin lotuta, bete egin beharko dute horiek aurrera eraman ahal izateko hasieran kalkulatutako zenbatekoan kopuru orokorrarekiko zuten proportzioa.

2.– Dirulaguntza-lerro honetan aurkeztu eta onartutako proiektuak eta programak balioesteko, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

2.1.– Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta jardueraren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: 25 puntu, gehienez.

2.1.1.– Proiektuak edo programak erantzuna eman nahi dion egoera herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan jasotakoa izatea: 10 puntu, gehienez.

2.1.2.– Esku-hartzearen xedeko egoerak ahulezia edo zaurgarritasun sozialeko edo gizarte-bazterketako arrisku handiak sortzea: 5 puntu, gehienez.

2.1.3.– Jardueraren onuradun kopurua: 5 puntu, gehienez.

2.1.4.– Proiektuaren edo programaren helburuak herritartasunari, kulturartekotasunari eta/edo bizikidetzari buruzko legeetan eta planetan jasotakoak izatea: 5 puntu, gehienez.

2.2.– 2022-2025eko Herritartasun, Immigrazio eta Asiloaren Kulturarteko VI. Jarduera-planean ezarritako ildoetan kokatzea: 25 puntu, gehienez.

2.2.1.– Enplegua, prestakuntza eta eskola-arrakasta eskuragarri izatea, integratzeko, erabateko herritartasuna lortzeko eta baliabideak mobilizatzeko bideak diren aldetik: 5 puntu, gehienez.

2.2.2.– Euskararen ikaskuntza gizarteratze-mekanismo gisa sustatzea: 5 puntu, gehienez.

2.2.3.– Parte-hartzea, kultura-aniztasuna eta bizikidetza: 5 puntu, gehienez.

2.2.4.– Diskriminazioaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka: 5 puntu, gehienez.

2.2.5.– Proiektuaren alderdi berritzaileak: 5 puntu, gehienez.

2.3.– Erreferentzia-irizpide hauen betetze-maila: 20 puntu, gehienez.

2.3.1.– Arreta-premia sortu, luzatu edo areagotzea saihesteko esku-hartzeak: 2 puntu, gehienez.

2.3.2.– Familiako eta komunitateko sareetan bermatutako esku-hartzeak, sostengua emateko: 2 puntu gehienez.

2.3.3.– Arreta pertsona bakoitzaren premietara egokitzea: 3 puntu, gehienez.

2.3.4.– Pertsonak hartzen dituen zerbitzuen eta horiek ematen dituzten sistemen arteko doitasuna, jarraipena eta arintasuna eta indar biderkatzailea: 3 puntu, gehienez.

2.3.5.– Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea beren gizarte-ingurunean: 2 puntu, gehienez.

2.3.6.– Erreferentziako komunitatearekin lotura hurbila duten baliabideak eskaintzea eta, aldi berean, horiekin sentsibilizazioa lantzea: 2 puntu, gehienez.

2.3.7.– Plangintza estrategikoa, komunikazio integratzailea, jakintzaren eraikuntza, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta inpaktuaren ebaluazioa, bikoizketarik gerta ez dadin: 3 puntu, gehienez.

2.3.8.– Genero-ikuspegia: 3 puntu, gehienez.

2.4.– Koordinazioa jarduketak hartzen duen eremuko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin, direla tokiko, lurraldeko edo autonomiko, eta sektore publikoko beste erakunde batzuekin: 20 puntu, gehienez.

2.4.1.– Koordinazioa tokiko beste eragile sozial eta instituzional batzuekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.2.– Koordinazioa probintziako beste eragile sozial eta instituzionalekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.3.– Koordinazioa autonomia-erkidegoko beste eragile sozial eta instituzionalekin: 5 puntu, gehienez.

2.4.4.– Koordinazioa sektore publikoko beste eragile sozial eta erakundeekin: 5 puntu, gehienez.

2.5.– Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, barnean hartuta diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna: 10 puntu, gehienez.

2.5.1.– Proposamenaren diseinua: 4 puntu, gehienez.

2.5.1.1.– Egoera edo arazoa, horren sorburuko arrazoiak, eragiten dituen ondorioak eta esku-hartzearen xedeko biztanleria identifikatu eta deskribatzea: 1 puntu, gehienez.

2.5.1.2.– Helburu orokorrak eta espezifikoak (zehatzak, neurgarriak, behagarriak, egingarriak eta ebaluagarriak) identifikatzea, espero diren emaitzak adieraztea eta jarduerekiko harreman efikaza eta efizientea izatea: 1 puntu, gehienez.

2.5.1.3.– Egingo diren jardueren egitura eta tenporalizazioa: 1 puntu, gehienez.

2.5.1.4.– Jarduerak egiteaz arduratuko diren pertsonak identifikatzea, bai eta haien gaitasuna, eskarmentua eta proiektuari eskainiko dioten denbora ere: puntu 1, gehienez.

2.5.2.– Ebaluazioa: 3 puntu, gehienez.

2.5.2.1.– Ebaluazio-sistema eta adierazle neurgarri eta esanguratsuak zehaztea, bai eta ezarritako adierazleei dagokien informazioa lortzeko erabiliko diren tresnak eta metodoak ere: 3 puntu, gehienez.

2.5.3.– Bideragarritasuna: 3 puntu.

2.5.3.1.– Proiektua edo programa erakundearen estrategia edo plangintza handiago batean kokatzea: 1 puntu, gehienez.

2.5.3.2.– Aurreikusitako gastuen eta bitartekoen arteko koherentzia: 1 puntu, gehienez.

2.5.3.3.– Erabilitako bitartekoen eta aurreikusitako emaitzen arteko koherentzia: 1 puntu, gehienez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 1a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala