Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2022ko ekainaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2652

AGINDUA, 2022ko maiatzaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzetarako deialdia egiten da Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko, Erasmus+ programaren esparruaren barruan.

Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2022ko ekitaldirako proposamenen deialdia argitaratu zuen Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean, 2021eko azaroaren 24koan - EAC/A09/2021, Erasmus+ Programan (2021/C 473/09).

Erasmus+ programa hau 2021-2027 aldian zehar aplikatuko da. Gaur egun, indarrean jarraitzen du 2017-2020 aldiari dagokion aurreko programak, amaitu gabeko Erasmus+ proiektuekin.

Erasmus+ programa hainbat sektoretan banatzen da. Gure laguntza-deialdian Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2022rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago; Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez onartu zen plana, eta Hezkuntza Sailaren https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorretan (abenduaren 23ko 1/2021 Legearen bidez onetsi ziren), kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.

Laguntzok honako hauetan xedatutakoari lotzen zaizkio:

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuta).

– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretua.

Halaber, eskura dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1 – Dirulaguntzetarako deialdia egitea, Erasmus+ Programaren barruan irakasleen eta ikasleen ikaskuntzarako onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko, betiere 2022-2023 ikasturtean garatzen badira.

Europar Batasunaren finantzaketa oro har ekintzaren aurrekontuaren % 100era iritsiko ez denez, deialdi honen bitartez eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik eskuratzen diren dirulaguntzak Europar Batasunaren finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontuaren zatia estaltzeko erabiliko dira.

Mugikortasun-programa horien hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleak eta/edo tituludunak (ikasketen azken urtean KA1 eskatu dutenak) edo EAEko Lanbide Heziketako irakasleak izango dira.

Laguntza horrek, beraz, 2022-2023 ikasturtean egiten diren mugikortasun-proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.

2.– Mugikortasun hauek kofinantzatu ahal izango dira:

1) Goi-mailako Lanbide Heziketari dagozkion KA1 proiektuak: ikasleen zein irakasleen mugikortasunak.

2) Goi-mailako mailarekin bat ez datozen Lanbide Heziketako gainerako KA1 proiektuak: irakasleen mugikortasunak soilik.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara guztira 500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.

1.– Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:

– Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoan jarduera ekonomikoa garatu dutela egiaztatzen badute.

– Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita badituzte.

– Erasmus+ Programaren KA1 mugikortasun-proiektuetan parte hartzen badute, Lanbide Heziketaren eremuan.

2.– Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdian parte hartzeko:

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zigor- edo administrazio-arloko zehapenik ez izatea.

– Sexu-diskriminazioagatik jasotako administrazio- edo zigor-arloko desgaikuntzarik ere ez izatea. (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

Derrigorrezkoa izanez gero, indarrean dagoen berdintasun-plan bat izatea eta/edo sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzea, indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera.

Diruz lagundu beharreko jarduerak ez du bereizkeriarik eragingo sexuagatik.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Organo kudeatzaileak behar bestetan egiaztatuko du automatikoki hori horrela dela, eta ez du erakundearen baimenik beharko horretarako, 1/1997 Legegintzako Dekretua betez.

Erakunde eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake horretarako baimena. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Eskatu beharreko beste edozein betebehar eta eskakizun betetzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2 eta 3 apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako hau egiaztatuko du:

– Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan eskatu duela –eta, hala badagokio, eskuratu– laguntza edo bestelako baliabiderik.

– Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen dutenek ez dutela jasotzen Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren bestelako dirulaguntzarik proiektu bererako.

– Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak, Erasmus+ programaren esparruaren barruan, antolatu eta garatzeko dirulaguntzak kofinantzatzeko aginduan ezarritakoari.

– Deialdiaren oinarri guztiak ezagutzen eta onartzen dituela eta, laguntza ematen bazaio, haren xedeak betetzea hitzematen duela.

– Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Horrela egiaztatzen duten agiriak dituela. Erakundeak administrazioari helaraziko dizkiola horiek, horrela egiteko eskatuz gero.

– Aitorpenari dagokion aldi osoan beteko dituela aurreko betebeharrak.

– Ebazpenean kontuan hartutako egoeren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

– Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.

4.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea ere.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko eta ordaintzeko unean.

4. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.

Proiektu horietan parte hartzen dutenek ezin izango dute xede bererako bakarkako laguntzarik jaso Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke:

https://www.euskadi.eus/servicios/0097413

– Eskaeraren ondorengo izapideak helbide honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos

– Ordezkari baten bitartez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez:

https://www.euskadi.eus/representantes

Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Aukeratutako hizkuntza bera erabiliko da prozedura osoan.

2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina) honako agiri hauek aurkeztuko dituzte (egoitza elektronikoan eskuragarri, PDF betegarri formatuan):

– Formulario normalizatua. «Proiektuaren identifikazioa» (II. eranskina).

– Formulario normalizatua. «Eskatutako laguntzaren kalkulua» (III. eranskina).

– Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari (SEPIE) eginiko eskabidea. Dagoeneko onetsitako proiektuei dagokienez, finantza-kontratua aurkeztu beharko da.

3.– Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko ahalmenei.

4.– Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak zigor-arloko, arlo zibileko edo administrazio-arloko erantzukizunak sortu ahal izango ditu.

6. artikulua.– Aurkezteko eta zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak ez baditu eskaturiko baldintzak betetzen, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Horrelakorik egin ezean, eskaeran atzera egin duela pentsatuko da. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura zehaztea.

Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko du eta honela esleituko du:

a) Zenbatekoa kalkulatzeko, IV. eranskinean zehaztutako laguntza-taula hartuko da kontuan.

b) 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea edo, hala badagokio, ukatzea edo ez onartzea, horren arrazoiak zehaztuta, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusita.

2.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios). Eskabideak aurkezteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Ebazpena argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute izango, inola ere, egindako jakinarazpenaren balioa.

3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari. Aurkezteko epea hilabetekoa da egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza 2 epetan ordainduko da (lehena 2022ko ekitaldian, eta azkena 2023koan):

a) Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 40, emandako laguntza onartu ondoren edo, hala badagokio, aginduaren 11.a) artikuluan ezarritako epea igarota ez badio berariaz uko egin.

b) Proiektuko mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitza bukatu ondoren, gainerako % 60, mugikortasunak egin ahala. Hala, mugikortasun-ekintza edo -fluxu bakoitza amaitutakoan, erakunde onuradunak egindako mugikortasun bakoitzeko ziurtagiri bat aurkeztuko ditu, V. eranskinaren arabera, hilabeteko gehieneko epean.

Ziurtagiria jasotakoan eta ziurtagiri horretan zein SEPIEren behin betiko ebazpenean azaltzen diren datuak egiaztatutakoan, agindua emango da egindako mugikortasunen arabera kofinantzaketari dagokion zatia ordaintzeko.

Egindako mugikortasun-ziurtagiriaren eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/0097413

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko duzu, Eusko Jaurlaritzak emanda, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako proiektuen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Jakinaraztea xede bererako dirulaguntza edo laguntzarik jaso duen edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen aldetik, estatukoak nahiz nazioartekoak izan.

f) Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapenak onartzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoa betetzea.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.

1.– Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada, salbu eta baldintza horiek betetzea eragotzi duten eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko inguruabarrak gertatzen direnean eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako bestelako dirulaguntzak eta laguntzak eskuratuz gero.

Horrelakoetan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak berriz doituko dira.

2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:

– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetan.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan.

– Ez badu betetzen agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako edozein baldintza eta betebehar.

– Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein ez betetzea, ezinbesteko kasuetan izan ezik, horiek betetzea eragotzi badute eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan behar bezala justifikatzen badira.

3 – Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakundeak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta, itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

Dirulaguntza aldatu eta itzultzea honako araudi honetan dago araututa:

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duena.

– Laguntza emateko ebazpena.

13. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak entitate laguntzaileei eta lanbide heziketako ikastetxeei» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.

Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: dirulaguntzak tramitatzea eskatzaile edota interesatuen datuak jasoz. Entitate laguntzaileei dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzko Orokorra.

– 1/1997 Legegintza dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean.

Araudia:

– Datuak Babesteko Araudi Orokorra.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek jasotzen ez dituen alderdiak arautzeko, aplikatzekoak izango dira Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea) eta laguntza eta dirulaguntza publikoei buruzko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala