Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2022ko ekainaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2650

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Metales Bolueta, SA enpresak Gatikako (Bizkaia) Errotalde II industrialdean sustatzen duen hondakin metalikoak (aluminio-txatarra) balorizatzeko jarduera hedatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2022ko martxoaren 1ean, Metales Bolueta SA enpresak Gatikako (Bizkaia) Errotalde II industrialdean sustatzen duen hondakin metalikoak (aluminio-txatarra) balorizatzeko jarduera hedatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskaera egin zen, haren ingurumen-ebaluazioaren prozedura sinplifikatuaren esparruan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuz, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; eta, hain zuzen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Metales Bolueta SA enpresak Gatikako (Bizkaia) Errotalde II industrialdean sustatzen duen hondakin metalikoak (aluminio-txatarra) balorizatzeko jarduera hedatzeko proiektuari. Ondoren, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehaztuko da eta, beraz, baita ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Metales Bolueta SA enpresak Gatikako (Bizkaia) Errotalde II industrialdean sustatzen duen hondakin metalikoak (aluminio-txatarra) balorizatzeko jarduera hedatzeko proiekturako, honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da Metales Bolueta SA enpresak Gatikako Errotalde II industrialdeko instalazioetan egiten duen jarduera hedatzea. Gaur egun, enpresak aluminio-txatarra balorizatzeko jarduera gauzatzen du instalazio horietan, bitarteko mekanikoekin. Hedatzeko proiektuaren xedea da enpresaren ekoizpen-gaitasuna areagotzea; horretarako, lurzatiaren kanpoko zelaia erabiliko da, 7.606,1 m2-ko azalera duena. Zelai hori enpresarena da eta egungo instalazioen alboan dago.

B) Aipaturiko hondakin arriskugabeak kudeatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Gaur egun, Metales Bolueta SA enpresak aluminio-txatarra balorizatzeko jarduera gauzatzen du, bitarteko mekanikoekin. Zehazki, birziklatze-jarduera gauzatzen du: metalak bereizi eta sailkatu egiten dituzte tamainaren eta kalitatearen arabera, eta hondakin ez metalikoak suntsitu egiten dira. Lortutako aluminioa lehengai gisa merkaturatzen da, aluminio birziklatutik lortutako aluminioa ekoizten duten lantegietarako.

Jarduera Gatika udalerriko (Bizkaia) Errotalde II industrialdeko 7. lurzatian dago. Lurzati hori erabat urbanizatuta eta zolatuta dago, 11.611 m2-ko azalera dauka, eta bertan, 2.200 m2-ko oinplano-azalerako pabiloi bat dago. Instalazio horretan, aluminio-txatarra (nagusiki profilak eta ebakinak) birrintzeko, bahetzeko eta sailkatzeko jarduera egiten da gaur egun.

Hedatzeko proiektuaren helburua da enpresaren ekoizpen-gaitasuna handitzea. Handitze hori egiteko, lurzatiaren kanpoaldea erabili behar da, 7.606,1 m2-ko azalerakoa. Espazio hori erabat zolatuta dago, eta bide publikotik isolatuta 2,5 metroko hormigoizko horma batez; horma horrek lurzati osoa inguratzen du. Kanpoko eremu horretan jarriko dira hauek:

– Kamioiak pisatzeko gunea.

– Txatarra pilatzeko eta sailkatzeko guneak; aluminioa pilatzeko gunea; birrindutako aluminioa prozesatu, moztu eta profilak egiteko gunea; eskuz sailkatzeko gunea; aluminio-ebakin ikuskatuen gunea, eta aluminio-ebakinak eta -profilak deskargatzeko guneak.

– Birrintze-prozesuan dagoen txatarraren gunea.

– Deskargatzeko kalapatxa.

– ELDAN markako birringailua.

– Zirkulazio-gunea.

Pabiloiaren barruan WENDT markako mailu-zatitzaile bat jarriko da, txatarra kargatzeko barne-sistema duena, bai eta prozesuan sortutako hautsa biltzeko ekipamendu bat eta partikulak aireratzea saihesteko mahuka-iragazki bat ere.

Jarduketa horiek egiteko ez da beste eraikuntzarik egin behar egungoez gain. Era berean, ez da lur-mugimendurik egin behar. Hala ere, itxitura itsu bat egitea proposatzen da, eta instalazioen, elektrizitatearen eta saneamenduaren sareak handiagotzea.

Enpresaren egungo ekoizpen-gaitasuna eguneko 20 t txatarra prozesatu ingurukoa da. Handitu ondoren, ekoizpena eguneko 60 t edo urteko 14.000 t inguruko gehieneko gaitasunera iritsiko da. Nolanahi ere, sustatzaileak emandako informazioarekin bat, lantegiaren ekoizpen-gaitasuna betiere eguneko 75 t baino txikiagoa izango da, eta, beraz, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duena) 5.4 epigrafean ezarritako atalasearen azpitik egongo da.

Kalkulatu da jasotako materialaren % 75 inguru balorizatu egingo dela eta bezeroei EHZ 191202 edo 191203 kodeekin bidaliko zaiela. Gainerako % 25etik, % 21 inguru instalazio horretan sailka ezin daitekeen materiala izango da, granulometria finegia izango duelako (10 mm-tik beherakoa). Gainerako % 4 material ez metalikoa izango da. Hondakin horiek EHZ 191203 (metal ez-burdinazkoak) eta 191204 (Plastikoa eta kautxua) kodeekin baimendutako hondakin ez arriskutsuen beste kudeatzaile batzuengana bidaliko dira.

Kudeatu beharreko hondakinak hauek dira:

(Ikus .PDF)

Pabiloiaren kanpoaldean prozesu hauek garatuko dira:

– Lehengaia hartzea eta deskargatzea. Txatarra kamioietan sartuko da lantegira, erradioaktibitatea antzemateko ataritik igaro ondoren. Pisatu eta eremu batean edo bestean deskargatuko dira, txatarra motaren arabera.

– Eskuz sailkatzea. Langileek jasotako materiala berrikusiko dute, eta prozesu mekanikorako egokiak ez diren piezak bananduko dituzte, haien osaera, tamaina edo forma tarteko, eta gainerakoa kanpoan pilatuta utziko dute. Txatarra pala edo kamioietan eramango da birringailura.

– Txatarra birrintzea. Txatarra-birringailu bat jarriko da, eta bertan, 5 m luze arteko zatietan jasotako txatarra ia 300 mm luze egin arte birrinduko da. Txatarra birringailutik banaketa-kalapatxa biratzaile batera erortzen da, eta handik uhal garraiatzaile batera. Uhal horretan, materiala goratu eta pilo batean erortzen da azkenean, prozesatzen ari den sorta birrintzen amaitu arte.

– Bitarteko biltegiratzea. Prozesatutako sorta pala automugikorraren bidez jasoko da, eta pabiloiaren aurreko siloetan utziko da. Han egongo da sailkapen-prozesuan aurrera egin dezala erabakitzen den arte.

– Kanpoko kalapatxan kargatzea, zatigailurako. Prozesatu beharreko txatarra-partida pala automugikorrarekin bildu, eta zatikagailuaren kanpoko karga-kalapatxan utziko da.

– Zatitzea. Pabiloiaren barruan, prozesuak jarraitu egiten du birrindutako sortak Wendt zatikagailu batean zatituta. Makina horrek materiala zatitzen du; zati horien tamaina irteera-parrillek zehazten dute; hortaz, oro har, ez dira 90 mm-tik gorakoak izango.

Hortik aurrera, hondakinek enpresan gaur egun garatzen den prozesuari jarraitzen diote, hau da, produktua bahetzea, bereizgailuetatik pasatzea (magnetikoa, Foucault eta Steinert) eta kargatzea, bidaltzeko.

Lantegiak bi lan-txanda izango ditu. Kanpoko jarduerarako, lanaldia zatitua izango da, 8:00etatik 17:00etara. Kalkulatzen da gehienez 14 langile beharko direla.

Lehengaiak eta material osagarriak.

Balorizazio-prozesuan erabiltzen den lehengaia txatarra ez-burdinazkoa da, funtsean, aluminioa profil edo ebakin moduan. Zati luze edo paketeetan jasotzen da, eta beste metal batzuekin eta osagai ez-metaliko batzuekin nahasita egoten da, batez ere aluminiozko profilak. Aluminiozko egitura arinak desegitetik eratorritako hondakin geldoak edo estanpazio-ebakinak dira.

Hauek dira beste lehengai batzuk:

– Gasolioa, materiala mugitzeko erabilitako orgatxo eta palak hornitzeko. 2.000 litroko andela bat dago kanpoaldean.

– Olio hidraulikoak eta motor-olioak, makineriaren mantentze-lanetarako.

– Argon gasa, espektometria-ekipamendurako.

– Soldadura- eta ebaketa-kontsumigarriak, mantentze-lan eta ekoizpen-zereginetarako.

Emisio atmosferikoak.

Egungo pabiloiaren barruan dagoen zatikagailuak sortutako hautsa mahuka-iragazki baten bidez tratatuko da; horri esker, aplikatu beharreko araudian ezarritako mugen azpitik egongo dira partikulen emisio atmosferikoak.

Kanpoko instalazioei dagokienez, pilatze-jardueretatik eratorritako emisio lausoak sortuko dira, baina ez dira handiak izango, hauts-itxurako materialak ez direlako. Txatarra metalikoa birrintzean, ez da material-hautsik sortzen, eta karga-kalapatxa batez babestuta egoteaz gain, babesak jarriko dira, deskarga-uhaletik erortzean haizeak materialean eraginik izan ez dezan.

Bai pabiloiaren barruan dagoen zatikagailua bai kanpoan egingo diren jarduerak (metal-birringailua) atmosfera kutsa dezaketen jardueratzat hartzen dira, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren arabera (09100906 B kodea: txatarra edo gainerako hondakin metalikoen zatigailuak edo birringailuak).

Jarduerak sortutako emisioei dagokienez, adierazi behar da enpresak 2020ko azaroaren 16an jaso zuela atmosfera kutsa dezakeen jardueraren baimena (AKDJ). Baimen hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez eman zen, eta horren bitartez, baimena eman zitzaion Metales Bolueta SA enpresaren instalazioari atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko, txatarra balorizatu eta merkaturatzeko, Gatika udalerrian (Bizkaia). Baimen horrek pabiloiaren barruan egindako jarduerak hartzen ditu kontuan funtsean, zatikagailua barne.

Hori dela eta, jarduera kanpoko eremura zabaldu baino lehen, sustatzaileak aurreko paragrafoan aipatutako AKDJ baimena handitzeko eskatu beharko du, eta kanpoan egingo diren jarduera guztiak jaso beharko ditu, besteak beste, txatarra-birringailua.

Zaratak.

Sustatzaileak ingurumen-ebaluazioaren espedienteari erantsitako dokumentazioaren arabera, proposatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatu ondoren, balorizazio-lantegiaren kanpoaldean kokatutako jarduerek sortutako zarata-immisioaren maila 23 dB(A)-koa izango litzateke hurbilen dauden eraikin sentikorren kasuan (jenderik bizi ez den baserria), eta 10 dB(A) ingurukoa urrutien daudenetan (jendea bizi den baserriak). Bestalde, 67,42 dB(A)-ra iritsiko litzateke lurzatiaren mugan, Metales Boluetaren jabetzaren kanpoko hormak eragindako arintzea kontuan hartu gabe. Balio hori zarataren arloan indarrean den araudiak ezarritako 75 dB(A)-ko mugen azpitik dago.

Jarduerak sortutako zarata-mailak arintzeko aurreikusitako neurrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

– Metales Boluetaren lurzatiaren perimetroan hesi fisikoak jartzea: lurzatiak itxitura perimetrala du, 2,5 m altu arte den hormigoizko horma bat, eta panel metaliko soil bat ere badu osagarri, 5 m altu izan arte.

– Kanpoko plataforman dagoen makineria birringailu bat da. Makina hori zarata-transmisioa minimizatzen duen itxitura akustiko baten bidez babestuko da, araudi espezifikoa betez.

– Mahuka-iragazkiaren eremuan, hormaren gainean dagoen panela akustikoki isolatu da xafla zulatua eta beira-zuntzezko tapakia erabilita.

– Materialen zamalanetarako jarduerak eta kanpoko jarduera handitzearekin lotutako beste zeregin eta lan batzuk eguneko ordutegian soilik egingo dira, lanegunetan, eta ez da makineria-lanik edo -mugimendurik egingo goizeko zazpiak baino lehen edo arratsaldeko zazpiak ondoren.

Isuriak.

Lurzatiak itxitura perimetrala du eta zolatuta dago.

Jarduerak ez du isuri likidorik sortzen ekoizpen-prozesuan. Komun eta aldageletako isuriak, gaur egun ere gertatzen direnak, industrialdeko saneamendu-sare orokorrera bideratzen dira.

Kanpoko jarduerei dagokienez (zolatutako eremuetan, lehendik daudenetan eta berrietan), euri-ur kutsatuak biltzeko sistema bat jartzea aurreikusten da. Ur horiek bi lohi-dekantagailuz/-bereizgailuz eta bi hidrokarburo-bereizgailuz (uholdeak gertatuz gero eremuko gehieneko euri-emaria xurgatzeko moduko tamainakoak) osatutako arazketa-sistema batera bideratuko dira, eta lehenengo urak tratatu ahalko dira, horiek baitira benetan zikinak. Ondoren, industrialdeko saneamendu-kolektorera bideratuko dira. Gainerakoa bypassetik bideratuko da, ekaitzen gainezkabidetik.

Hondakinak eta azpiproduktuak sortzea.

Prozesuan, hondakinak eta azpiproduktuak sortuko dira, eta pabiloiaren barruan utziko dira, zein bere lekuan.

Jarduerak bere horretan, hau da, bere prozesuak, ez du hondakin arriskutsurik sortzen. Hala ere, hondakin arriskutsuak sortuko dira, funtsean, makinen eta ibilgailuen mantentze-lanengatik. Hondakin horiek bildu, eta pabiloiaren barnean propio gertatutako gunean gordeko dira, beraz, estalpean, kudeatzaile baimenduari bidali arte.

Bestalde, hondakin ez arriskutsuen kopuru txiki bat ere sortuko da, bai ekoizpen-jardueragatik, bai administrazio-jardueragatik.

2.– Proiektuaren kokapena.

Arestian aipatutako moduan, jarduera Errotalde II industrialdeko erabat urbanizatuta eta zolatuta dagoen lurzati batean garatzen da. Lurzorua jarduera ekonomikoetarako hiri-lurzoru finkatu gabe gisa sailkatuta dago.

Eremua ez dago ezein naturagune babestutan, ezta natura-intereseko gunetan ere. Lurzatiaren ondoan Butroe ibaia dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarraren Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Planaren barruan Interes Bereziko Eremu gisa jasoa. Lurzatiak itxitura perimetrala du, 2,5 m altu arte den hormigoizko horma bat, eta panel metaliko soil bat ere badu osagarri, 5 m altu izan arte. Ez da beharrezkoa lur-mugimendurik egitea makinak eta biltegiratze-eremuak jartzeko. Beraz, ez da aurreikusten bisoi europarraren habitatari zuzenean eragingo dionik. Akuiferoen kutsadura-arriskua txikia da.

Ez da interes arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu.

Sustatzaileak bidalitako dokumentazioaren arabera, kanpoko lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota zegoen, 48040-00041 kodearekin eta «01-Gatikako zabortegia» izenarekin. Horrenbestez, zolatzeko eta ixteko obrak egin aurretik, lurzoruaren kalitatearen adierazpena lortzeko beharrezkoak ziren lanak egin ziren. Sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatzeko espedienteari erantsitako dokumentazioan adierazitakoaren arabera, zeregin horiek guztiak, dagozkien baimenekin batera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Organoaren VSC 02/19 espedientean jasota daude.

Uholde-arriskuari dagokionez, sustatzaileak Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpenaren kopia aurkeztu du. Ebazpen horren bidez, baimena ematen zaio Metales Bolueta SAri Gatikako Ugarte poligonoko 15b lurzatian betelanak, zolata, teilapea eta itxiturak egiteko. Ebazpen horren arabera, obrak 500 urteko errepikatze-denborako uholdeetarako izango dira, uholde-eremua ez izanik; izan ere, zoladura berria (dagoeneko egina) 20 metroko kotan dago, gutxi gorabehera, uholde-kotaren gainetik; hain zuzen, uholde-kota 17,6 eta 17,8 metroko koten artean dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuaren ondorioz sor daitezkeen inpaktuak honako hauekin lotuta daude: lixibiatuak sortzea (euri-ur kutsatuak), txatarra pilatzeko eremua, zaratak eta partikulen emisioak egitea txatarra kargatu, deskargatu, ontziz aldatu, sailkatu eta biltegiratzeko eragiketetan, eta txatarra zatitzeko eta birrintzeko eragiketetan.

Biltegiratutako hondakinek isuriak sortzea espero ez bada ere, jarduera hormigoizko zolataren gainean garatuko da, euri-urak bilduz. Euri-ur horiek bi lohi-dekantagailu/bereizgailuz eta bi hidrokarburo-bereizgailuz osatutako arazketa-sistema bateraino eramango dira. Ondoren, saneamendu-sarera isuriko dira; era berean, komunetako ur beltzak ur beltzen kolektorera isurtzen dira.

Jarduerak sortutako emisio atmosferikoei dagokienez, zaratak barne, jarduerak ebazpen honen 1. apartatuan zehaztutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak hartuko ditu. Gainera, enpresak 2020ko azaroaren 16an jaso zuen atmosfera kutsa dezakeen jardueraren baimena (AKDJ). Baimen hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen baten bidez eman zen, eta horren bitartez, baimena eman zitzaion Metales Bolueta SA enpresaren instalazioari atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko, txatarra balorizatu eta merkaturatzeko, Gatika udalerrian (Bizkaia). Sustatzaileak AKDJ baimen hori handitzeko eskatu beharko du, kanpoaldean garatuko diren jarduerak barne, baita txatarra birrintzea ere.

Hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko dira, makinen mantentze-lanetatik eta hidrokarburoen bereizgailuko lohietatik.

Jarduera lurzorua kutsa dezakeen jardueratzat jotzen denez, aplikagarriak izango dira urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua (lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena) eta lurzoru kutsatua prebenitzeari eta zuzentzeari buruzko Legea (4/2015, ekainaren 25ekoa).

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera-proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

– Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

– Kanpoko plataformatik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira. Azpiegitura horiek isurkiaren izaerara egokitutako arazgailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako tamaina izango dute, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isuria lokalizatua izateko eta isurtzeko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoak betetzeko.

– Uren arazketa-sistema mantentzeko lanak behar beste aldiz egingo dira, sistemak ondo funtzionatuko duela bermatzeko. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari entregatzea.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Atmosfera babesteko neurriei dagokienez, Ingurumen Administrazioko zuzendariak 2020ko azaroaren 16an emandako ebazpenean ezarritako baldintzak (horren bitartez, baimena eman zitzaion Metales Bolueta SA enpresaren instalazioari atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko, txatarra balorizatu eta merkaturatzeko, Gatika udalerrian, Bizkaia) eta, hala badagokio, baimen hau handitzeagatik ezarriko direnak betetzea gorabehera, ahalik eta gehien minimizatu beharko da zamalan, ontzi-aldaketa eta hondakinen sailkapeneko eragiketetan eginiko emisio lausoak, bai eta, bereziki, hondakinak birrintzeko eta zatitzeko eragiketetan eginikoak ere. Horretarako, besteak beste, neurri hauek hartuko dira kontuan:

– Emisioak biltzeko sistemen mantentze-lan egokia egingo da; horrez gain, besteak beste, instalazioa garbituko da, kanpoko ateak eta pabiloiarenak itxiko dira, eta ingurumen-praktika egokiak eta teknika erabilgarri onenak aplikatuko dira.– Hondakinen zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Pilatzeen baldintzei dagokienez, pilaketak haizetik hobekien babestuta dauden tokietan kokatuko dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan. Era berean, pilaketen altuera kontrolatuko da, lurzatia inguratzen duen itxituraren altuerarekin alderatuta, eta batere urik gabeko denboraldi luzeetan ureztatzeko/lainoztatzeko/langarreztatzeko sistemak erabiliko dira txatarra pilatutako gainazala modu zabalagoan hezetzeko.

– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Ibilgailuak eta makinak ibiltzen diren bideak eta eremuak garbitu egingo dira aldizka.

– Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

– Ebaketa-lanak egingo dira ahalik eta partikula gutxien harrotuz.

– Hauts-itxurako hondakinak pabiloiaren barruan biltegiratu beharko dira, edo, bestela, estali.

– Plantaren instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egingo dira aldian behin, arestian deskribatutako prebentzio-neurrien betetze-maila egiaztatzeko.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hesi perimetral bat egongo da jarduera egiten den lurzatiaren inguruan, eta panel metaliko batekin osatuko da. Panel horrek sustatzaileak aipatutako dokumentazioan zehaztutako tamaina izango du. Gainera, birringailuak eta mahuka-iragazkiak neurri zuzentzaileak izango dituzte zaratak minimizatzeko.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

– Beharrezkoa denean, ingurumen-dokumentuan bildutako neurriak hartuko dira, adierazitako muga-balioak eta kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko Jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak Hondakindegietan Biltegiratuta eta Betelanak Eginda Ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak estalkipean biltegiratuko dira, zola iragazgaitz baten gainean. Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistemak egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaiteke edo kudeaketa zaildu badezake.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua) jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera uztea.

– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Gatikako(Bizkaia) Errotalde II industrialdean Metales Bolueta SA enpresaren hondakin metalikoak (aluminio-txatarra) balorizatzeko jarduera handitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala