Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2022ko ekainaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2649

68/2022 DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Estatuko Administrazio Orokorrak Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan duen bokal bat berritzeko dena.

Irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen du. Atariko tituluaren II. kapituluan, interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.

Estatuaren lurralde-antolaketa ikusita, eta beren lurraldean dauden interes orokorreko portuek autonomia-erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, aipatutako Legegintzako Errege Dekretuak behar diren neurriak ezartzen ditu autonomia-erkidegoek portuko agintaritzen antolaketa-egituran partaidetza handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak artezten dituzten organo publikoak dira.

Zehazki, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.1 eta 30.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera:

«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu:

(...)

b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.

c) Gutxienez 10 bokal, eta gehienez 13. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da bokal-kopurua. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita bokalak izendatzea ere.

2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, c) letran aipatu diren bokalak izendatzerakoan, honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:

a) Itsas kapitaina eta beste hiru bokal izango dira Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkari Kontseiluan. Hiru bokal horietako bat estatuaren abokatua izango da, eta beste bat Estatuko Portuak erakunde publikokoa.

b) Administrazio Kontseiluko lehendakariaz gain, lau bokalek ordezkatuko dute Autonomia Erkidegoa.

c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.

d) Portuaren zerbitzugunea euren mugartean duten udalek Kontseiluko gainerako kideen % 33ko ordezkaritza izango dute. Eraginpeko udalak bat baino gehiago badira, lehenik honako hauei egokituko zaie ordezkaritza: portu-agintaritzak administratutako portuari/ei izena ematen dioten/dieten udalei; eta, ondoren, gainerakoei: zerbitzuguneak udal-mugartean zer azalera hartzen duen, hainbateko proportzioan.

e) Kontseiluko gainerako kideen % 66 honako hauen ordezkari izango dira: merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberenak, enpresa- eta sindikatu-erakundeenak, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoenak.

Bokalen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, Estatuko Portuak erakunde publikoko lehendakariak egingo du proposamena.

Administrazio Kontseiluko bokalen izendapenek, lehen apartatuko c) letran aipatzen direnek, lau urteko indarraldia izango dute. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo lerroaldean ezarritakoa eragotzi gabe.

Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, bokal horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta».

Arau horietan ezarritakoa betetzeko, Estatuko Portuak erakunde publikoaren lehendakariak jakinarazi du proposamena egin duela Estatuko Administrazio Orokorrak Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan duen bokal bat berritzeko.

Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 31n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Francisco Javier Asúa Pinedo jauna berriro izendatzea Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko bokal, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek ondorioak izango ditu bokala berritu dela Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera; dekretua, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 31n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala