Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2022ko ekainaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2648

EBAZPENA, 2022ko ekainaren 1ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio eta foru-administrazioko enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egiten duena.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak xedeen artean honako hau ezartzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, beste edozein administrazio publikok edo antolamendu juridikok haren esku utz dezakete funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza». Orobat, haren xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainerako entitateekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege hori garatzen duen 887/2006 Errege Dekretuak oinarrizko izaerako arauak dituzte administrazio publikoek esleitzen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea erregulatzen du.

2012. urteaz geroztik aurrekontuen legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 11/2021 Legeak zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) aurrekontuan. Aurrekontu honek, zuzkidura espezifikoak ditu xede hauetarako: foru-administrazioko prestakuntza planak (sekzioa 43, programa 1216, zerbitzua 02, kontzeptua 420, partida 19/1320) eta toki-administrazioko prestakuntza (sekzioa 43, programa 1216, zerbitzua 02, kontzeptua 421, partida 19/1321).

11/2021 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.

Deialdi honek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko 2022ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren dirulaguntza lerro bat gauzatzen du eta hauxe du helburu estrategikoa: euskal administrazio publikoetako enplegatu publikoak prestatzeko programa berezituen ezarpena bultzatzea. Plan Estrategikoa IVAPen webgunean dago argitaratuta, gardentasun atalean.

2022ko ekitaldian, foru- eta toki-administrazioei dagozkien kopuruetan, eskatutakoaren batura aurreikusi den zuzkidura baino handiagoa denean, entitate eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ahaleginduko da baliabideak ematen interesa duten organismo publiko guztiek prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egin ditzaten.

2022ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatiko laguntzei heldu ahal izateko baldintzari eusten zaio. 15.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalerriek bakarrik izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera, 15.000 biztanletik gorako udalerriek Prestakuntza Beharren Diagnostiko batean oinarritutako prestakuntza-plana aurkezteko baliabide nahikoak dituztela iritzi baita. Laguntza modalitate horrek indarrean jarraitzen du mankomunitateetarako eta kuadrilletarako, arrazoi berberengatik.

Era berean, COVID-19aren pandemiak sortutako egoerak inoiz baino nabariago utzi du administrazioaren eraldaketa digitalak eta teknologia berriak Administrazioaren arlo guztietan integratzeak duen garrantzia. Helburu nagusia prozesuak optimizatzea eta herritarrei balio erantsi berri bat eskaintzea izanik, digitalizazioen inguruko prestakuntza-ekintzak hurrengo deialdietan prestakuntza-planetan integratzen joateko beharra ikusi da. Beraz, IVAPetik gomendatzen da prestakuntza-planetan digitalizazioaren inguruko ikastaroak garatzen joatea, ondorengo urteetan baldintza gisa eskatzea aurreikusten baita.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 17. artikulua betetzeko xedez, baldintza gisa ezarri da 15.000 biztanle baino gehiagoko toki-administrazioek berdintasun-arloko prestakuntza-ekintzak aurkeztu beharko dituztela prestakuntza-planetan. Bada, administrazio horri atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dauzkaten Prestakuntza Beharren Diagnostikoan lortzen diren emaitzetan izan beharko dute jatorria prestakuntza-ekintza horiek.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazio eta foru-administrazioko enplegatuen prestakuntza finantzatzeko laguntzen deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Hala ere, aldez aurretik, erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo isilbidez ezeztatuta jotzen den hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 1a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzak ematea, 2022ko ekitaldian.

Honako hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten 2022ko ekitaldirako prestakuntza-plan edo -programak.

Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetako bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea edo prestatzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, entitateak garatutako prestakuntzari buruzkoak.

Edonola ere, 15.000 biztanletik gorako udalerriek aurkezten dituzten plan edo programek berdintasun-arloko prestakuntza-ekintza bat eduki beharko dute gutxienez.

b) 2022an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Matrikulen zenbatekoa ordaintzea dakar parte hartzeak. Ordaindutako matrikulen zati bati dagokiona finantzatuz emango da laguntza.

15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez; betiere, oinarri honen a) letran ezarritako laguntzen onuradunak izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta oinarri hauetako a) edo b) apartatuetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenak ordezkatzeko gastuak ere.

Dirulaguntza honek bete behar ditu honako arau hauetan oinarrizko izaera duten xedapenak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, deialdiaren xedea bat baitator lege horren 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzen definizioarekin; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita 38/2003 Legearen Erregelamendua. Horrez gain, arauotan ezarritakoa ere bete behar du: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta legegintza-dekretu hori garatzeko araudia.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua eraginkortasunez betetzeko egiten jakin beharko lukeenaren eta egiten dakienaren arteko aldearen azterketa.

b) Prestakuntza-plan edo programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehienezko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa.

d) Entitatearen langile-kopurua: entitatearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren entitateak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira ondoren zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak, udalak, mankomunitateak eta kuadrillak hartzen ditu barnean, eta ez du hartzen foru-administrazioa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

2.– Erakunde hauek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka erakunde bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko erakundeek ere haiek osatzen dituzten entitate batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Entitate eskatzaileek, ebazpen honetan deitzen diren laguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, honako hauek zehazki:

– Indarrean dauden xedapenek ezarritako tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzea. Baldintza hau egiaztatzeko, IVAPek informazioa eskuratuko du dagokion Administraziotik edo interesdunak aurkeztuko du dagokion egiaztagiria.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak eginda izatea. Interesdunak aurkeztuko du baldintza hau bete izanaren egiaztagiria edo, hala dagokionean, erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpenak bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarri bakarraren edukiarekin.

Laugarrena.– Laguntzen zuzkidura.

Laguntza hauen zuzkidurak, gehienez, zenbateko hauek izango dituzte, erakunde motaren arabera banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak: 183.556,00 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak: 408.372,00 euro.

Guztira: 591.928,00 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 40.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) apartatuan aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, entitate interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute oinarri hauetan zehaztutako eran.

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 26an amaituko da, 24:00etan.

Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin behar izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hortaz, eskabideak IVAPen webgunean aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz, helbide honetan https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096410, Sariak eta Laguntzak atalean.

Entitate interesdun bakoitzak inskribatuko du Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan, haren izenean jardungo duten pertsonak, deialdi honen izapidetza eta betearazte ondorioetarako. Honako helbide honen bidez sar daiteke Erregistrora: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Entitate interesdunek, bitarteko elektronikoz, prozedura honetako izapide guztiak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako ziurtagiri elektronikoak zeintzuk diren jakiteko, esteka honetan egin ahal da kontsulta:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozeduran zehar, entitateak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

IVAPek egiaztatuko du, dagokion administrazioari galdetuta, deialdi honetan aurreikusten den edozein dirulaguntza jaso dezaketen entitateak egunean daudela Gizarte Segurantzaren eta zerga-betebeharren ordainketetan, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Egiaztatze horren aurka dauden entitateek, eskabidean adierazi beharko dute eta dagozkion egiaztagiriak espedientera ekarri.

Laguntza, 2022an Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eskatzen duten entitateek, eskabidea behar bezala bete beharko dute, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena barne.

Seigarrena.– Prestakuntza-plan edo -programa aurkezten duten administrazioek, eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

a) Laguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plan edo -programa, Prestakuntza Beharren Analisiari lotu beharko zaio. Analisi hori, IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek, gutxienez, honako eduki hau izango dute:

– Helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, sexua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen aurrekontu-plantillako langile-kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskabidea lehenengo oinarriaren a) apartatuan aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla adieraziz.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, honako helbide honetan ageri den prestakuntza-planaren eredua kontsulta daiteke: http://www.ivap.euskadi.eus IVAPen webgunean, Sariak eta Laguntzak atalean.

Eskabideak edo harekin batera aurkeztu behar diren dokumentuek deialdi honetan ezarritako baldintzak beteko ez balituzte, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.

Zazpigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, bai eta entitate horietako bakoitzari dagozkion diru-kopuruak ere. Dagozkien diruz lagundutako kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpen hori, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eskuragarri egongo da, halaber, honako helbide elektroniko honetan: www.ivap.euskadi.eus

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, eta entitate bakoitzari egokitu zaion guztizko zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpen hori, ematen den datan argitaratuko da aurreko paragrafoan adierazten den eran.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak, honako printzipio eta arau hauen arabera emango dira:

a) Lehenik eta behin, aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak esleituko dira, entitate bakoitzari eman dakiokeen gehienezko zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik entitate bati esleitzen zaion laguntzak ezin du gainditu entitate horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, laguntzen esleipenen prozedura era honetan burutzen da:

Deialdian entitate mota bakoitzari esleitutako zenbatekoak aurkeztutako planen kostuaren % 50 hartzen badu, % 50a ematen zaio eta dirulaguntza ematen duen ebazpenetik aurrera ordaintzen da.

Aldiz, eskatutako zenbatekoen baturak laugarren oinarrian aurreikusitako zuzkidura gainditzen badu, zenbatekoak esleitzeko orduan berariaz hartzen da kontuan zenbat langile dituen entitate bakoitzak, mota bereko entitate eskatzaile guztietako langile-kopuruarekin alderatuta.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzun ahal izan diezaieten prestakuntza-planek edo -programek dakartzaten gastuei, dirulaguntzak esleitzen dituen Ebazpena ematen denean izapidetuko da dirulaguntzaren ordainketa osoa. Ordainketa hori, berriz, planaren edo programaren ordainketa aurreratutzat joko da.

b) Bigarrenik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleitzea, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez.

– Laguntza hori izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2022an sortua bada eta erakundeak ordaindua izan bada.

– Matrikula bakoitzarengatik esleitzen den laguntzak ezin du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Ordaindutako matrikula bakoitzarengatik gehienezko dirulaguntza esleituko da, hau da, kostuaren ehuneko berrogeita hamar, laguntza jaso dezaketen matrikula guztiekin horrela jokatzea posible den heinean, laugarren oinarrian entitate mota horretarako aurreikusten diren gehienezko zenbatekoen arabera. Entitate mota baterako hori posible ez denean, eman daitezkeen gehienezko zenbatekoak modu zuzenki proportzionalean murriztuko dira.

Foru aldundietarako laguntza, bere langileei dagokienez, lehenengo oinarriko a) atalean ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

Zortzigarrena.– Entitate esleipendunen betebeharrak.

Deialdiaren xedea burutze aldera, laguntza hauen onuradun diren entitateek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorren eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuan ezartzen diren obligazioak bete behar dituzte; honako hauek bereziki:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen prestakuntza jarduera burutzea.

b) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin duela ere.

c) IVAPek egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokion ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

d) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, IVAPi, aditzera ematea beste zernahi administrazio, ente publiko edo pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea IVAPi.

Ebazpena eraldatzea eragin dezake, dirulaguntza horrekin batera beste administrazio batzuen edo ente publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako laguntzarekin batera, diruz lagundu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute. Kasu horretan, laguntza murriztu eta iritsiko da, gehienez ere, kostu guztiaren zenbatekora.

f) Legezko beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, onuradunek nahitaez eman behar dute jasotako dirulaguntzaren berri, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean 5.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-plana edo -programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatiko laguntzak esleitzeko den ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori planaren edo programaren kontura emandako entregatzat hartuko da.

Planaren edo programaren betearazpena justifikatzeko, laguntzaren esleipendun diren entitateek hau aurkeztu beharko dute:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.

– Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen deialdi honetan esleitutako laguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

– Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: ez duela Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren inguruko gorabeheraren batengatik itzuli beharreko dirulaguntzarik itzuli gabe.

– Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: Gizarte Segurantzaren eta zerga-betebeharren ordainketetan egunean dagoela, indarrean dagoen araudiari jarraituz. Ziurtagiria aurkeztu beharko dute soilik IVAPek datu horiek egiaztatzearen aurka agertu diren entitateek.

– Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: diruz lagundutako jardueretarako erabili diren funts propioen edo beste dirulaguntzen edo beste baliabideen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

Laguntzaren justifikazioa Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, ondorio den likidazioa egingo da, gauzatutako betearazpena eta kontura jasotako diru-kopurua kontuan hartuta. Gertatuko balitz entitateak azkenean egokituko zaion zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.

Ordaindutako matrikulen zati baten finantzaketari buruzko laguntza, esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamargarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion laguntzaren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.

Hamaikagarrena.– Laguntza itzultzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuen baldintzaren bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, honako kasu hauetan bereziki:

a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluak ezartzen dituen zabaltze-neurriak ez betetzea.

e) Laguntzaren edo dirulaguntzaren emate-erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

f) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.

g) Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako dirulaguntzak itzultzea, hori egitea bidezko den kasuetan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da; dekretu horrek, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

Hamabigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igarotzen direlarik, eta epe horretan deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez delarik, entitate interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute beren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonal guztiak «Prestakuntza eta hobekuntza» izeneko tratamendura batuko dira. Datu hauen erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; Datu Pertsonalak Babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta garapeneko araudia). Tratamenduaren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuen titularrei legez dagozkien eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.


Azterketa dokumentala