113. zk., 2022ko ekainaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (204 KB - 8 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2630
EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Aguraingo Udalak, 2022ko otsailaren 2an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari honako plan honetan: Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko martxoaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Aguraingo Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.
Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Berezia abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau du:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Azterlanaren eremua da «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako eremua, hiri-lurzorukoa. Eremu hori Aguraingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (aurrerantzean HAPO) definitzen du, eta urriaren 6ko 242/2016 Foru Aginduaren bidez onartu zen behin betiko (2017ko urtarrilaren 4ko ALHAO, 2. zk.). HAPO horrek 17. hirigintza-jarduerarako eremua Plan Berezi baten bidez garatzen du.
Horrela, Plan honen xedea da «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako eremuaren antolamendu xehatua definitzea, HAPOren egiturazko antolamendua garatzeko.
Eremuaren azalera osoa 15.430,71 m2-ra aldatuko da; HAPOn zehaztutakoa baino pixka bat txikiagoa da. Eremuaren erabilera bereizgarri orokorrari eutsiko zaio, hau da, G10 ekipamendu komunitarioa. Egungo hilerriko eraikin eta eraikuntza guztien egungo eraikigarritasunari eta bolumenari eutsiko zaie, baita espazioaren egungo itxiturari ere, baina egungo instalazioak mendebaldeko muturrera zabaltzea proposatzen da, 17. hirigintza-jarduerarako eremuan gutxien erabiltzen direnak direlako.
Jarraian, Planak proposatutako jarduketak laburbiltzen dira:
– Gaur egungo hilerriko lurzatia handitu egingo da; 7.430 m2-ko azalera hartuko du, eta 2.000 m2-ko eraikigarritasuna esleituko zaio, BS+1 profilarekin.
– Bi lurzati antolatuko dira beilatokiaren instalazioetarako eta/edo erabilera osagarrietarako, 1.148 m2 eta 3.122 m2-ko azalerarekin, eta 1.884 m2 eta 4.475 m2-ko eraikigarritasunarekin, hurrenez hurren, eta BS+2 profilarekin.
– Hego-mendebaldeko muturrean, eremurako sarbidearen inguruan, 1.490 m2-ko aparkaleku librea eta sarbideak egongo dira, 37 aparkalekurekin.
– Instalazioen handitze-eremuaren perimetroan zehar, lorategi-espazio libreak antolatuko dira; guztira, 2.239 m2.
Alternatibei dagokienez, 0 aukera edo esku ez hartzekoa aztertzen da, eta 1., 2. eta 3. alternatibak, hilerriaren lurzatia handitzea proposatzen dutenak, bi lurzati berri antolatzen dituztenak beilatokirako eta/edo erabilera osagarrietarako, bai eta aparkalekurako lurzati bat ere, lorategiez gain.
0 alternatiba baztertu da, dagoeneko antropizatuta dagoen hiri-lurzoru baten garapena ez osatzea ekarriko lukeelako, HAPOn ezarritakoaren arabera. Proposatutako beste alternatibei dagokienez, oso antzeko garapen-proposamenak dira, eta ordenatutako lurzatien konfigurazioan eta horiei esleitutako azaleran baino ez dira desberdinak; beraz, ez da ingurumenaren edo hirigintzaren arloko desberdintasunik identifikatzen horien artean. Planak 1. alternatiba onartzen du.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: planaren eremua da «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako eremua, hiri-lurzorukoa, ekipamendurako dena eta 15.430,71 m2 dituena. Eremu horretan daude, gaur egun, hilerriko instalazioak. Planak horiek finkatu egiten ditu, eta, funtsean, instalazio horiek handitzea proposatzen du, 17. hirigintza-jarduerarako eremuaren beraren barruan gutxien erabiltzen diren lurzatietan. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekiko.
c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta dagoen lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriek energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak gehi ditzakete.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua da Aguraingo HAPOko «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako eremua da, eta 15.430,71 m2-ko azalera du. Udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago, eta muga hauek ditu: A-3022 errepidea, ipar-ekialdean; landa-lurrak, mendebaldean; eta A-4006 errepidea, hegoaldean.
17. hirigintza-jarduerarako eremua hilerriko azpiegiturek okupatzen dute zati batean, eta mendebaldean, okupatu gabean, artifizializatuta dago, eta hainbat material pilatzeko erabiltzen da. Horiek horrela, ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan.
Azterketa-eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan dago, Ebroko Mugape Hidrografikoan. Eremuaren ekialdetik 40 bat metrora Lezago ibaia igarotzen da, Zadorra ibaira isurtzen dena iparraldean. Eremuaren hego-mendebaldeko muturraren ondoan, landa-bidetik abiatuta, Galtzar ibaira isurtzen den garrantzi txikiko erreka bat dago, Zadorraren adarra ere badena. EAEko Ibaiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren arabera, Lezago ibaia 1. mailakoa da, eta 1 eta 10 km2 arteko isurtze-arroa du.
Eremua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren gainean dago, eta ez dago jasota interes hidrogeologikoko inongo eremutan. Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroaren arabera, mantenugai-ekarpenarekiko sentikorrak diren eremuen bilketa-gune batean dago hizpide dugun eremua.
Eremua Aguraingo ikuspen-arroan dago, paisaia-balio oso txikia du, eta bertako paisaiak izaera antropogenikoa eta landa-izaera ditu, eta oso arrunta gisa dago sailkatuta. Paisaia ez dago katalogatuta.
Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Halaber, ez dago ezein hezegunetan. Eremuan ez da espezie mehatxaturik identifikatu, ez eta Batasunaren intereseko habitatik ere; bertan dagoen landaredi bakarra erruderal-nitrofiloa da gehienbat.
Bestalde, eremuan ez da kultura-ondasun izendatutako kultura-ondarearen elementurik identifikatu. Hala ere, tokiko kultura-interesa duten zenbait elementu daude, HAPOren Katalogoan jasota daudenak. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi duenez, ur-, saneamendu-, elektrizitate- eta telekomunikazio-azpiegiturak egiteko erabiliko den bidetik, Ab Asturica Burdigalam (Astorgatik Bordelera) erromatar galtzadaren ustezko trazadura igarotzen da.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, Lezago ibaia uholde-arrisku handiko eremua da (UAHE): 08.– Zadorra-Ihuda (ES091_ARPSI_ZAD kodea). Eremuaren hego-ekialdeko muturrak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiak izateko arriskua du.
Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik eta ez da hauteman, orobat, lurpeko akuiferoak kutsatzeko arriskurik dagoenik.
Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun zarata-iturri nagusia A-3022 eta A-4006 errepideetako trafikoa da; eragin apalagoa dute inguruko beste komunikazio-bide batzuek eta industria-jarduerak. Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterlana aurkeztu da. Azterlanaren emaitzen arabera, aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea eta gaua) D motako eremu akustikoetarako (C motakoa ez den hirugarren sektoreko erabilera duten lurralde-eremuak) ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen dira, bai gaur egun, bai etorkizunean, kanpoko zaratan eta fatxadan.
Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planean biltzen diren jarduketen inpaktuak urbanizatzeko eta eraikin berriak eraikitzeko obren ondoriozkoak izango dira. Obra horiek lurzorua okupatzea, hondakinak, lur-mugimenduak eta soberakinak, makinen joan-etorriak, kalteak lurzoruetan istripuzko isurketengatik, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrengan eragindako eragozpenak eta abar eragingo dituzte. Horrez gain, eremuaren alboko zerbitzu-azpiegituretarako lotunea egiteko obren eraginez, Lezago ibaitik hurbil dauden eremuetan esku hartu behar izatea gerta daiteke, baita erromatar galtzadaren ustezko trazaduran ere.
Eremuaren hego-ekialdeko muturrean antzemandako uholde-arriskuari dagokionez, eremu txiki batek baino ez duenez arriskua, eta bertan a priori ez denez jarduerarik proposatzen, uste da Plana gauzatzeak ez duela arrisku hori handituko. Nolanahi ere, garapenean drainatze jasangarriko sistemak sartu beharko dira, EAEko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafearen eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126. ter artikuluaren 7. apartatuaren arabera.
Identifikatutako ondare-elementuen babesari dagokionez, elementu horiek hilerriaren lurzatian daude batez ere, eta bertan a priori ez da jarduerarik proposatzen Alde horretatik, HAPOk kultura-intereseko elementu horiek babesteko ezarritako zehaztapenak bete beharko dira. Eremuaren hegoaldeko bidean erromatar galtzada bat egon daitekeen usteari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek egindako txostenean xedatutakoari jarraituko zaio.
Eremuaren ezaugarriak eta proposatutako jarduketak aintzat hartuta, eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, gehienbat natura- eta kultura-ondareari, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, ondorioztatu da eraginak txikiak izango direla.
Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzak aintzat hartuta, ikusi da etorkizuneko egoeran, kanpoaldean zein fatxadan, betetzen direla hirugarren sektoreko erabilerako etorkizuneko eremuetarako (D motako eremu akustikoa) ezarritako kalitate akustikoko helburuak.
Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:
– Kultura ondarea babesteko neurriak:
• Eremuaren hegoaldeko bidean zangak irekitzeko lanetarako hirigintza-lizentzia eman aurretik, azterlan arkeologiko bat egitea gomendatzen da, erromatar galtzadaren trazaduraren hondarrak daudela egiaztatzeko, eta, hala badagokio, galtzada hori ez kaltetzeko beharrezko diren neurri zuzentzaileak zehazteko. Hondarrik balego, eta ezin balitz in situ kontserbatu, hondar horiek metodologia arkeologikoari jarraikiz dokumentatzen direla ziurtatu beharko da.
• Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:
• Planak kontuan hartu behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudian eta EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 epigrafean jasota dagoen uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoa, baita eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 14.bis artikulua ere.
• EAEko ibaiak eta errekak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.4 epigrafean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126.ter artikuluaren 7. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Planak drainatze jasangarriko hiri-sistemak jasoko ditu, hirigintza-garapen berria gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen jariatze-uren gehikuntzak minimizatzeko.
– Ingurune hidrikoa babesteko neurriak:
• Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena beharko da.
• Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:
• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.
• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
Aguraingo Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, etab.), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.
• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, ekiditeko higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, harizti eutrofiko subatlantikoa eta erkamezti subkantauriarrak lehenetsita.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barrualdearen kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Aguraingo Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Aguraingo «Hilerria» 17. hirigintza-jarduerarako antolamendu-eremuaren Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 9a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.