112. zk., 2022ko ekainaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (349 KB - 19 orri.)
- EPUB (310 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2598
AGINDUA, 2022ko maiatzaren 24koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita dirulaguntzak emateko erregimena 2022an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.
Agindu honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntzen lerro bat ezartzen du kirol-erakundeei parte hartzen laguntzeko bai nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan, kategoria absolutuan, bai emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan.
Deialdi hau egiten da Eusko Jaurlaritzaren iritziz oso garrantzitsua delako nazioarteko kirol-lehiaketetan parte hartzera zuzendutako jarduerak sustatzea, hori funtsezko elementua baita euskal kirola nazioarteko esparruan egon dadin, eta kirol-jarduera sustatzeko oro har. Emakumezkoen kirolak duen garrantziaren isla ere bada, eta sustatu nahi da euskal taldeek maila goreneko lehiaketetan parte har dezatela eta izan daitezela kiroletako praktika orokorra sustatzeko pizgarria.
Euskadiko kirolari buruzko ekainaren 11ko 14/1998 Legearen arabera, goi-mailako kirola herri-interesekoa ere bada; izan ere, batetik, funtsezko faktorea da Euskal Autonomia Erkidegoan oinarrizko kirola garatzeko, eta, bestetik, Estatu-mailako eta nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan errepresentazio-funtzioa du. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko instituzio komunei ematen die goi-mailako kirola antolatu eta sustatzeko eskumenaz baliatzeko ahalmena.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Sail horretako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren webgunean dago argitaratuta.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Hortaz, kirol-jarduerek dirulaguntzak jaso ahal izateko zer eskakizun eta irizpide bete behar dituzten zehaztu behar da, bai eta aipatutako dirulaguntza horien eskabidea, izapideak eta emakidak erregulatzeko arauak ezarri ere.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– 2022an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko esparrua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen kategoria absolutuko liga estataletan parte hartzeko dirulaguntzak emateko erregimena ezartzen du agindu honek, artikulu honetan jasotzen diren baldintzei jarraikiz.
Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko esparrua eta izaera duten kirol-lehiaketa ofizialtzat joko dira nazioarteko federazio baten, Europako federazio baten edo nazioarteko profesionalen liga baten egutegi ofizialean sartzen diren lehiaketak. Emakumezkoen liga estatalak izango dira federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofizialeko maila gorenekoak, kategoria absolutukoak.
Goi-mailako kirola sustatzeko xedea izan behar dute lehiaketa horiek. Ez da dirulaguntzarik emango funtsean partaidetzako kirola sustatzera bideratuta dauden jardueretarako (jolaserako, aisiarako eta osasunerako kirola), ez eta selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.
2. artikulua.– Laguntza-lerroak eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzetarako, gehienez ere, 600.000,00 euro daude, dirulaguntza-lerroka honela banatuta:
a) Laurehun eta hogei mila (420.000,00) euro, kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko esparrua eta izaera dutenetan, eta kategoria absolutuan parte hartzeko dirulaguntzatzak emateko, eta horietatik 210.000,00 euro 2022. urteko konpromiso-kredituei eta 210.000 euro 2023. urteko konpromiso-kredituei dagozkie.
b) Ehun eta laurogei mila (180.000,00) euro emakumezkoen liga estataletan parte hartzeko dirulaguntzatzak emateko, horietatik 90.000,00 euro 2022. urteko konpromiso-kredituei eta 90.000,00 euro 2023. urteko konpromiso-kredituei dagozkie.
2.– Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, eta horien ebazpenak hartu behar ditu interesdunek mahaigaineratutako alderdi guztien gaineko erabakiak.
Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira deialdiaren xede den laguntza-lerro bakoitzean, eta prozedura horren ebazpenak erabakiko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.
Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo eskakizunak betetzen ez dituztelako modalitateetako batean ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori beste modalitatetarako zenbatekoa handitzeko erabiliko da, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.
3. artikulua.– Erakunde onuradun izateko baldintzak.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte legez eratuta eta dagokien erregistroan inskribatuta dauden kirol-klubek, kirol-elkarteek eta helburutzat kirola duten nortasun juridikoko erakundeek. Kirol-federazioek ezin izango dituzte dirulaguntza hauek eskuratu.
2.– Ezin izango dute dirulaguntzarik jaso Dirulaguntzatzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeretariko edozeinetan dauden pertsonek edo erakundeek.
Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
Halaber, dirulaguntza hau ezin izango dute jaso Kultura eta Hizkuntza Politikako Sail honek lehiaketa beragatik bideratutako dirulaguntza izendun hartu duten erakundeek.
3.– Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da pertsona edo erakunde onuradunek egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekiko zorrik ez dutenean betearazteko aldian dirulaguntzak itzultzeagatik, edo, onuradunen edo premiamendu-bidea erabiltzea egokia ez den erakunde laguntzaileen kasuan, borondatezko aldian ordaindu gabeko zorrak dituztenean.
Pertsonek edo erakundeek dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpenaren aurkaratzea dela-eta horiek etetea erabaki denean.
Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.
4.– Kategoria absolutuko emakumezkoen liga estatalei dagokienez, erakunde eskatzaileek parte hartu beharko dute nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera dakarten maila goreneko lehiaketa estataletan, eta hirurehun mila (300.000) euroko gutxieneko aurrekontua izan behar dute. Kanpoan utziko dira futboleko ligak.
4. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Emakumezkoen kategoria absolutuko liga estataletan parte hartzeko kasuan diru kopurua berdinbanatuko da, eskatutako dokumentazioa aurkeztu, 1. eta 3. artikuluen baldintzak bete eta gero.
2.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, eskabideek agindu honen 11. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz balorazio-fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki testu bereko 2.1.a) artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa, betiere, ezarritako gehieneko diru-kopurua errespetatuta, edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.
3.– Dirulaguntza gehienez laurogeita hamar mila (90.000) eurokoa izango da erakunde eskatzaile bakoitzeko, bi lerroetako batean ere ez. Era berean, kirolari bakoitzeko dirulaguntza hamar mila (10.000) eurokoa izango da gehienez.
4.– Futbol Profesionaleko Ligan, ASOBALen edo ACBn parte hartzen duten erakunde onuradunen kasuan, gehienez ere agindu honen 2.1.a artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura osoaren % 5 banatuko da haien artean.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzatzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez gauzatu ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130010 non eskuragarri daude kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Eskabideak aurkezteak berez dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honetako oinarrietan zehaztutako baldintzak.
6.– Erakunde eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztuko dute Kirol modalitate bakoitzarentzat. Bat baino gehiago aurkezten badute, dagokion zuzenketa eskatuko zaie.
6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkezteak berekin ekarriko du erakunde eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari automatikoki egiazta dezan, behar beste aldiz eta haren baimenik behar izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 50.6 eta 51.1 bis artikuluetan xedatutakoa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da, normalizatutako eskabidean, honako betebehar hauek bete direla:
– Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
– Erakunde eskatzailea legez eratuta eta Eusko Jaurlaritzaren kirol-erakundeen erregistroan inskribatuta dagoela (beste erregistro bat bada, adierazi zein).
– Erakunde eskatzaileak edozein hedapen-modutara adierazi beharko du ekitaldian parte hartzeagatik Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jasotzen duela eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza ekitaldian parte hartzearekin lotutako ekitaldi publikoetara deitzen duela, salbu eta dirulaguntza ekitaldia egin ondoren ematen bada; kasu horretan, honako hauei egindako dokumentazioan jasoko dute parte hartzea: Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik.
– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatuta baitago Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko inongo erregistro publikotan izena emanda ez dauden erakundeen kasuan, erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak.
4.– Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.
7. artikulua.– Jarduera azaltzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa. (I. eranskina).
1.– Jardueraren memoria, hurrengo informazioarekin: (II. eranskina).
○ Baloratu beharreko lehiaketak edo liga. Goi-mailakoen artean 2 aukeratu. Banaka parte hartzen duten kirolen kasuan, 2 proba aukeratuko dira parte hartzen den proba guztien artean.
○ Proba hori programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.
○ Nazioarteko Federazio baten egutegi ofizialean dagoen ala ez.
○ Baloratu beharreko lehiaketan edo lehiaketetan kirolariek lortutako postua. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
○ Parte-hartzearen jarraitutasuna. Zenbat urtetan parte hartu duten nazioartean azken 10 urteetan. Emakumezkoen liga estatalen kasuan, azken 10 urteetan liga estatalean izandako parte-hartzearen baliokidea.
○ Lehiaketan goi-maila duten euskal kirolariak, Eusko Jaurlaritzaren edo Kirolen Kontseilu Gorenaren zerrendetan errekonozituak.
○ Lekualdatutako kirolari eta teknikarien kopurua: jardunaldi-kopurua eta horiek non egin diren, bai eta lehiaketa-tokira bitarteko distantzia ere.
○ Interesgarritzat jotzen den beste edozein datu.
2.– Dirulaguntzaren xede izango den proba edo liga barne hartzen duen nazioarteko federazioaren, Europako federazioaren edo nazioarteko profesionalen ligaren egutegi ofiziala, bai eta ekitaldia antolatzen duen erakundearekin eta dagokion nazioarteko federazioarekin, Europako federazioarekin edo profesionalen ligarekin harremanetan jartzeko helbide bat ere.
3.– Kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, lehiaketan lortutako kirol-emaitza egiaztatzen duena. Artean ez bada lehiaketa egin, aurreko urtean lehiaketa horretan edo maila horretako edo goragoko beste lehiaketa batzuetan (halakorik izanez gero) lortutako emaitzak egiaztatu beharko dira.
4.– Kasuan kasuko nazioarteko federazioaren ziurtagiria, azken 10 urteetan nazioartean zenbat aldiz hartu duten parte egiaztatzen duena. Emakumezkoen liga estatalen kasuan, azken 10 urteetan liga estatalean izandako parte-hartzearen baliokidea.
5.– Kasuan kasuko federazio espainiarraren ziurtagiria, modalitate horretako EAEko kirol-federazioa federazio horretan sartuta dagoela egiaztatzen duena, salbu eta modalitate horretako federazio espainiarra existitzen ez bada.
6.– Dirulaguntzaren xede den jardueraren sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua (III. eranskina).
7.– Dagoeneko eginda dauden jardueretarako, egindako gastuak egiaztatzeko, agindu honen 16. artikuluan ezartzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira.
8.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza ekitaldian parte hartzeari lotutako ekitaldi publikoetara gonbidatzeko konpromisoa, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; azken egoera horretan, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
9.– Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dirulaguntza emateko beharrezko irizten duen adina dokumentazio osagarri eskatu ahal izango du.
10.– Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.
8. artikulua.– Eskabide eta dokumentazio-akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aldez aurretik, dagokion ebazpena emango da.
Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, aurkezpen elektronikoa egin den eguna hartuko da eskabidea aurkezteko datatzat.
9. artikulua.– Programa kudeatzeko eskumena duen organoa.
Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak du agindu honetan araututako dirulaguntzen programa kudeatzeko eskumena.
10. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak arlo horretan bertan izendatutako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da). Batzorde horrek Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko langileen aholkularitza izango du, dirulaguntza ebazteko erabilitako kirol-irizpideei dagokienez.
2.– Era berean, Balorazio Batzordearen bileretara bertaratu ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruko jakintza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartuz gero.
3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.
4.– Balorazio Batzordearen osaketa eragingarria EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik, interesa duen edozeinek aukera izan dezan bere errefusatze-eskubidea baliatzeko, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.
5.– Balorazio Batzordeak egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala aztertu ahal izateko beharrezkoa dela irizten badio; era berean, beharrezkotzat jotako txosten teknikoak ere eskatu ahal izango ditu.
6.– Batzorde horrek ebazpen-proposamen ziodun bat egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.
11. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.
Balorazio Batzordeak deialdi honen 2.1.a artikuluan ezarritako ildoan aztertuko ditu jasotako eskabideak eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, baremo eta irizpide hauen arabera:
1.– Probaren maila (55 punturaino):
• Programa olinpikoa: 30 punturaino.
– Proba olinpikoa: 30 puntu.
– NBOk aitortutako nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 7,5 puntu.
– NBOk aitortu gabeko nazioarteko federazio baten proba ez-olinpikoa: 0 puntu.
• Lehiaketa-maila: Kategoria gorenekoa bada, 10 puntu. Bestela, 0 puntu.
• Egutegi ofiziala. Nazioarteko Federazio baten egutegi ofizialean agertzea, 15 puntu. Agertzen ez bada, 0 puntu.
2.– Kirolarien maila (10 punturaino).
• Azken 10 urteetako nazioarteko parte-hartzearen jarraitutasuna (5 punturaino).
– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteetan: 5 puntu.
– 4tik 7 parte-hartzera azken 10 urteetan: 2,5 punturaino.
– Parte-hartze 1etik 3ra edo gutxiago azken 10 urteetan: 0 puntu.
• Eusko Jaurlaritzaren edo Kirolen Kontseilu Gorenaren goi-mailako kirolarien zerrendetan dauden euskal kirolariak (5 punturaino).
– Banakako kirolak: kirolari 1, 5 puntu.
– Talde-kirolak: 2 kirolari edo gehiago, 5 puntu; kirolari 1, 0 puntu.
3.– Aurrekontu-faktoreak: 2 lehiaketa, gehienez (25 punturaino).
• Lekualdatutako kirolarien eta langile teknikoen kopurua (15 punturaino): puntu 1 pertsonako, 15 punturaino gehienez. Gehienez, kirolarien baloraziorako, 13 puntu eta, teknikarien baloraziorako, 2 puntu. 7 kirolariko teknikari bat baloratuko da, eta gehienez 2 teknikari.
• Lehiaketa-tokira bitarteko distantzia (10 punturaino).
○ Europa: 2,5.
○ Afrika, Amerika, Asia: 6 puntu.
○ Ozeania: 10 puntu.
4.– Jardunaldi- edo proba-kopurua. 2 lehiaketak gehienez (10 punturaino).
• 2 lehiaketa: 10 puntu.
• Lehiaketa bat: 5 puntu.
Eskaera bakoitzean 2 lehiaketen balorazioa egingo da. Erakunde eskatzaileak maila gorenekoak aukeratuko ditu.
5.– Emakumeek ordezkaritza txikia duten kiroletan emakumeen parte-hartzea sustatzen duten lehiaketak direnean. Ordezkaritza txikia dela joko da dagokion euskal federazioan emakumeen lizentzien kopurua % 50 baino txikiagoa bada (20 punturaino).
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak bateratu daitezke beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu bererako emandakoekin, bai eta diruz lagundutako jarduera gauzatzean sortutako beste edozein sarrera edo baliabiderekin ere, baldin eta guztiak kontuan hartuta jarduerak erakunde onuradunari dakarkion kostua gainditzen ez bada, eta agindu honen 3.2 artikuluan ezarritako salbuespenarekin. Gain-finantzaketarik badago, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aurkeztutako aurrekontua orekatu arte.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du balorazio-batzordek helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
3.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, jakinarazpena egindakotzat joko da haren edukira iristen den unean. Kasuan-kasuan ezarritako epealdia hasiko da zenbatzen jakinarazpenaren xede-egintza jaso dela adierazteko sinadura elektronikoaren hurrengo egunetik aurrera.
Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatukotzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo pertsona edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatzen bada.
Interesdunak gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak bidaltzeko. Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Jakinarazten den ebazpenaren kontra, edo ebazteko epea inongo ebazpenik gabe igarotakoan, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere izan dezakete.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Bi alditan ordainduko da dirulaguntza. Lehenengo ordainketa 2022an egingo da, dirulaguntza onartu ostean, 15.b) artikuluan ezarritako epea berariazko uko-egiterik gabe igaro ostean. Onartutako zenbatekoaren ehuneko berrogieta hamarri dagokion zenbatekoa emango da lehenengo ordainketa horretan. Bigarren ordainketan, gainerako zenbatekoari dagokiona, 2023an egingo da, dirulaguntza 16. artikuluan xedatutako moduan justifikatu ondoren.
Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da erakunde onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da dirulaguntza ematen denean eta ordainketak egiten direnean.
Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistro Telematikoan sartuta egon behar da. Izena emateko edo datuak eguneratzeko Hirugarren Erregistro Telematikoaren web orri hau erabili https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan araututako betebeharren erregimena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua– 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edozein kasutan ere:
a) Diruz lagunduko den jarduera egitea.
b) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari idatziz eta espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
c) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzatzei buruzko informazioa eman behar zaie, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.
d) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuen bidez finantzatu dela jakinarazi behar zaio dirulaguntza ematen duten organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
e) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzatzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.
f) Jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
g) Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jardunaldia aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso duela jarduerak, dirulaguntza ekitaldia egin ostean ematen ez bada behintzat; hala bada, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.
h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.
16. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2023ko martxoaren 1 baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta dirulaguntzen justifikazioak aurkezteko, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta Dirulaguntzatzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 69tik 75. artikulu arte kontuan hartuta.
Bide elektronikoz aurkezteko egiaztagiriak:
a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko memoria zehatza; zer jarduera egin eta zer emaitza lortu diren adierazi behar da.
b) Jatorrizko fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko agirien bidez egiaztatuko dira gastuak. Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte, betiere.
Faktura eta dokumentu guztiak, eskaneatu eta gero, expedientera igo behar dira. Aurkezten diren fakturak dirulaguntzan emandako kopurua justifikatu behar dute.
c) Dirulaguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa izan dutela berariaz adierazten duten dokumentu guztien aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).
d) Jarduera-gastuen zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da gaztu-zerrendan. (V. eranskina).
e) Ekitaldian parte hartzeak eragindako kostu-kontuen aurrekontu gazutatuta; diru-sarrera eta gastu guztiak adierazi behar dira bertan. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, eskabideak aurkezteko unean haiek eraginkor izango ziren jakiterik ez bazegoen (IV. eranskina).
17. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira ostatua, ekipajea, logistika eta garraioa, parte hartzen den lehiaketetatik eratorriak, bai eta DLOren 31. artikuluan ezarritakoak ere, hau da, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta 2022an egiten direnak.
Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
2.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
3.– Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, hornitzaileei gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko die, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahiko erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeratzeko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
4.– Zergak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Ez dira inoiz diruz lagundu daitezkeen gastuak izango zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke; errentaren gaineko zerga pertsonalak ere ez.
Hauek ezin izango dira inolaz ere diruz lagundu: banku-kontuetako interes zordunak; interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak; prozedura judizialen gastuak.
5.– Onuradunak zeharkako kostuak egotziko dizkio diruz lagundutako jarduerari, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.
18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– edo, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta dirulaguntzatzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, non doituko baitira esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoak.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Dirulaguntzatzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren bidez onartu zen testu bategin hori.
2.– Kasu horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, araudi honetan ezarritakoaren arabera eta bertan ezarritakoa bete ondoren: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen dueña; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.
20. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak kirol-arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran erabili eta tratatuko dira.
• Arduraduna: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
• Helburua: kirolaren arloko laguntzen eta dirulaguntzen eskabideak kudeatzea.
• Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.
• Hartzaileak: ez da aurreikusten datuen komunikaziorik.
• Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.
• Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eus/transparencia/025200-capa2-eus.shtml)
• Araudia:
○ Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (www.eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
○ 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 24a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.