Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2022ko ekainaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
2573

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 30ekoa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita enplegu publikoa finkatzeko salbuespenezko eskaintza, abenduaren 28ko 20/2021 Legeari, enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrienari dagokiona.

Otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa (DBEB) sortzeari buruzkoak xedatzen duenez, DBEB zuzenbide publikoko entea da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoak ditu, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak.

Langileei dagokienez, 2/2004 Legeak honako hau ezartzen du 11. artikuluan: «Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen herri-administrazioetako eta erakundeetako funtzionarioek eta propio kontrataturiko langileek beteko dituzte Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostuak, lanpostu bakoitzak dituen eginkizunen arabera (...) Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko funtzio publikoko arauen pean egongo dira».

Halaber, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutua onartzen duen urriaren 18ko 309/2005 Dekretuak honako hau ezartzen du 15. artikuluan: «Funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketa bidez edo izendapen askez beteko dira, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak deialdia egin ostean. Deialdi honetan, lanpostuen zerrendan, lanpostu bakoitzerako eskatutako baldintzak betetzen dituzten 2/2004 Legearen 2.1 artikuluak aipatzen dituen herri-administrazio, erakunde eta entitateetako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute. Aitzitik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko funtzionarioentzat gorde ahal izango dira lanpostu jakin batzuk».

Lege-esparru hori aintzat harturik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, lanpostu-zerrendak ezartzeko orduan, ez du lanpostu bat ere gorde DBEBko funtzionario propioentzat, eta 2004an sortu zenetik bere lanpostuak betetzeko lehiaketa edo izendapen askea erabili izan ditu, 2/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barnean dauden administrazio publiko, erakunde eta entitateetako funtzionarioentzat irekitako deialdi publikoen bitartez (administrazio publiko, erakunde eta entitate horiek 2.1 artikuluan ezartzen dira). Deialdi publiko horiek bete gabe geratu direnean, edo beharrizanak kontuan hartuta komenigarritzat jo denean, zerbitzu-eginkizunen hornidura-mekanismora jo da.

Horrenbestez, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak orain arte ez du beharrizanik izan lan-eskaintza publiko bat onartzeko.

Hala ere, egindako deialdiak –baita zerbitzu-eginkizunak ere– bete gabe geratu direnean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak bitarteko funtzionarioak kontratatu behar izan ditu aldi baterako, DBEBren aplikazio-eremuaren barnean dauden administrazio publikoek, erakundeek eta entitateek eratutako lan-poltsak baliatuta.

Bestalde, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeak aukera ematen du, langileak hautatze aldera, salbuespenezko lehiaketaren sistema salbuespenez eta behin soilik erabiltzeko, hala ezartzen baitu Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak –urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– 61.6 artikuluko bigarren paragrafoan. Hala, 20/2021 Legearen seigarren xedapen gehigarriaren arabera, «Administrazio Publikoek, salbuespen gisa eta EPOELTBren 61.6 eta 7. artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, deialdi batean eskainiko dituzte, lehiaketa-sistemaren bidez, 2.1 artikuluak ezarritako betekizunak betetzen dituzten eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen aldi baterako eta etenik gabe okupatuta egon diren plazak».

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lanpostu-zerrenda osatzen duten lanpostuen artean bi etenik gabe bitarteko funtzionarioek bete dituzte 2015eko azarotik, hau da, 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik; beraz, 20/2021 Legearen seigarren xedapen gehigarri horretan ezarrita dagoena aplikatu behar zaie.

Bitarteko funtzionarioek betetzen dituzten gainerako lanpostuak 2020ko otsailetik daude beteta; beraz, ez zaie aplikatu behar 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan ezarritako egonkortze-prozesua. Hain zuzen ere, artikulu hori aplikatzeko irizpidea hau da: «2020ko abenduaren 31 baino lehenagoko hiru urteetan gutxienez, aldi baterako eta etenik gabe beteta egotea».

Horrenbestez, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 11.2 artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, «Datuak Babesteko Euskal Bulegoari dagokio lanpostuak eskuratzeko sistema erabakitzea, baldintzak eta hautaproben ezaugarriak zehaztea, bai eta lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretako deialdiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta ebaztea ere», eta, horrez gain, 2/2004 Legean esleitutako gainerako eskumenak ere bai. Hori kontuan hartuta, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean agertzen den salbuespenezko enplegu publikoaren eskaintza onartzea, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeak eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluak ezartzen dutena betetze aldera.

Bigarrena.– Dagokion deialdian merezimenduak baloratzeko lehiaketa ezarriko da hautaketa egiteko. Lehiaketa horretan bitarteko langile gisa emandako zerbitzuak baloratuko dira, gehieneko puntuazioaren % 60rekin.

Hirugarrena.– Nolanahi ere, finkatzeko salbuespenezko prozesurako deialdia 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratu beharko da, eta prozesu horiek 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebatzi beharko dira.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio DBEBren zuzendariari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek xedatutakoaren arabera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzeko uztailaren 13ko 29/1998 Legeak xedatzen duenaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 30a.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria,

MARGARITA URÍA ETXEBARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala