Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2022ko ekainaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2475

EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2022ko otsailaren 17an, Zarauzko Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko martxoaren 8an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira zenbait erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.

Proiektua abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer proiektuk pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura 79. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

A) Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzea da proiektuaren xedea. Padurako habitatak leheneratu nahi dira, fauna-aniztasuna areagotzeko eta paduraren gaineko presio antropikoa murrizteko. Jarduketa 9.490,75 m2-ko eremu batean gauzatuko da.

B) Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proposamenak honako jarduketa hauek jasotzen ditu:

– Ibilgu txiki bat irekitzea, Asti errekaren ezkerraldetik abiatuta, hezegunean barneratzen dena, Itsasmendi auzora aldera. Ibilguak 56,0 m inguruko luzera du, eta sekzio trapezoidala, oinarrian 1,0 m-ko zabalera duena eta 3(H):2(V) ezpondak dituena. Ohea, horizontala, +1,30 m-ko kotan dago.

– Ertzean, oinezkoentzako bide bat egitea, gaur egun hezegunea zeharkatzen duenaren ordez. Bidea Indamendi kalean hasi eta 252,36 m aurrerago amaitzen da, AP-8 errepideko ordainlekuaren aurreko biribilgunearen azpitik igarotzeko mendebaldeko arrapala hasten den lekuan. 2,50 m-ko zabalera du, eta mikroaglomeratu koloregabeko akabera hormigoizko zolataren gainean.

– Asti errekaren gainean oin berriko pasagune bat jartzea. Egurrezko egitura bat aurreikusi da; egitura horrek 2,50 m zabalera eta 19,50 m-ko argia izango lituzke estribuen artean.

– Hegaztien behatoki bat eraikitzea, paduran egon daitekeen hegazti-fauna aztertzeko eta ikusteko. Egurrezko eraikin bat da, eta aurrean eta aldeetan fatxada irekiak izango ditu. Eraikina ertzeko bidearen eta beheratutako eremuaren artean egongo da, ikuspegi panoramikoak dituen eta hezegune osoa ikusten den gune batean.

– 2 metroko bi lubeta edo lezoi eraikitzea, paduraren isolamendu akustiko eta bisualerako. Bat ertzeko oinezkoentzako bidearen erdiko zatiarekin lerrokatzen da, eta bestea, berriz, Zubiaurre Zahar kaleko bidegorriaren atzetik igarotzen da, zuhaitz ilara libratuz.

– Zubiaurrezaharreko zubiaren hego-ekialdeko hegala eraistea eta harri-lubeta bizi batekin ordeztea (sestrapean hormigoiztatua); lubeta horrek euste-funtzio bera beteko du.

– Asti errekaren gaineko hormigoizko pasabide esekia eraistea, hezegunearen erdigunean bertan.

– Azpiko pasabidearen inguruan dagoen fabrika-etxola eraistea.

– Eremuaren gainetik igarotzen den linea elektrikoa desegin eta birjartzea. Linea berria behe-tentsiokoa izango da, gaur egungoa bezalakoa, eta Zubiaurrezahar kalearen hegoaldeko espaloiaren azpian dagoen kanalizazio hutsean (2xTPC DN160) zehar hedatuko da –hein batean, zabaldu egin beharko da–. Hura babes- eta neurketa-kutxa berriraino iristen da, ponpaketaren koadro elektrikoaren ondoan dagoena.

– Eremuaren ingurumen-integrazioa; horretarako, eremua landarez hornitu eta hegazti urtarrentzako pausagune artifizialak jarriko dira, baita martin arrantzaleentzako habia-kutxak ere.

Aurreikusitako lanetan, 12.032,64 m3-ko lur-mugimenduak izango dituzte; horietatik, ia 4.000 m3 obran berrerabiliko dira, betelanetarako, eta gainerako 8.000 m3-ak obrako soberakinak izango dira.

Hiru alternatiba aztertu dira. Horietako bat 0 alternatiba da, eta honako hau da beste alternatibekiko desberdintasun nagusia: horietako batean handiagoa da lurrazaleko esku-hartzea, lur-mugimenduagatik. Proposatu diren bi alternatibek ingurumen-onura nabarmenak dituzte, eta, beraz, kostu ekonomikorik txikiena duen eta hondakin gutxien sortzen dituen alternatiba aukeratu da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Iritako hezegunea Zarauzko Itsasmendi auzoaren ondoan dago, Zubiaurrezahar kalearen eta AP-8 autobidearen lotunearen artean. Bertatik igarotzen dira Iņurritza ibaia eta Asti erreka, eta Zarauzko hondartzatik kilometro eskas batera dago. Gaur egun, ingurune antropizatua da, urteetan zehar ingurune horretan egin diren eraikuntzak direla eta.

Asti erreka eremuaren hegoaldeko eta mendebaldeko mugetatik igarotzen da, eta Iņurritza errekan (Abendaņo edo San Pelayo ere deitzen zaio) isurtzen ditu bere urak, eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean, Zubiaurrezahar kalea zeharkatu aurretik.

Eremuko landaredi nagusia sastraka da mendebaldeko erdialdean; ekialdekoan, berriz, baratzeak dira nagusi, autobideko sarbidearen ondoan.

Iritak ez du Naturagune Babesturik. Bestalde, eremuaren iparraldean Iņurritzako Biotopo Babestua dago (kodea: ES212013)21. Gainera, Iņurritza Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dago (kodea: ES2120009), Natura 2000 Sarean. Kostako eremu horiek ĢIņurritzako dunak eta itsasadarraģ (kodea: DOT022) Interes Naturalistikoko Gune gisa identifikatzen dira Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan.

Bestalde, Irita eta Asti eta Iņurritza errekak padura-eremuaren barnean daude, baita Iņurritzako estuarioa ere; horiek ĢIņurritzako dunak eta itsasadarraģ (kodea: 37) gisa daude jasota intereseko naturaguneen katalogo irekian. Azkenik, eremua eta haren ingurunea Hezeguneen Lurralde Planak ĢIņurritzako paduraģ (kodea: A1G3, I. taldea) gisa arautzen duen intereseko hezeguneen inbentarioan sartzen dira.

Jarduketa-eremuak uholde-arrisku handia dauka. Eremuaren gehienean 500, 100 eta 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dago. Errekaren lehentasunezko fluxu-eremua eremuaren mendebaldeko erdialdean dago.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obra-fasean sortuko dira, eta lur-mugimenduen, langile eta makinen joan-etorrien, materialen zamalanen eta hondakinak sortzearen ondoriozkoak izango dira. Jarduketa horiek eragina izan dezakete bertako landaredian eta fauna-espezieetan, baita eragin txikiago batzuk ere, hala nola partikulak aireratzea eta soinu-maila areagotzea.

Ustiapen-fasean ez da inpaktu negatibo esanguratsurik antzeman KBE ES2120009 – Iņurritza eremuko elementuetan. Ez da elementu berririk txertatu ingurunean, eta eragina ere ez da handiagoa izango estuarioaren inguruan. Aitzitik, proposatutako jarduketekin leheneratu egin nahi dira padurako habitatak; era berean, habitatak egokitu nahi dira padurako eta ibaiko eta ibaiertzetako fauna-aniztasuna handitzeko, eta paduraren gaineko presio antropikoa murrizteko.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuaren ingurumen-ebaluazio arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obrako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, intereseko landarediari eragitea saihestuko da.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Oro har, jardutea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala.

– Protokolo bat diseinatu beharko da flora-espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko. Protokolo horretan ezartzen denari kalterik egin gabe, kontrol-neurriak hartuko dira landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatu eta bertan sartu eta hedatu ez daitezen. Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Era berean, ahal den guztietan, aurkitzen diren espezie inbaditzaileak errotik kenduko dira jarduera-eremutik.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa edukiko da, berehala erabili ahal izateko istripuzko isuri edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua eta abar.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzeko, apartatu honetan ezartzen diren baldintzak beteko dira.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira desagerrarazi: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra egikaritzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jardueraren soberakinak betelanetarako erabiltzen badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte betegarri horiek.

– Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazleetatik beherako eduki kutsatzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lursailak betetzeko edo egokitzeko, Lurzoruaren Kutsadura Prebenitu eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Gune jakin bat egokituko da, aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

– Ez da hondakinik erreko, ez eta inolako materialik ere.

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Zarauzko Iritako hezegunea berroneratzeko Zarauzko Udalak (Gipuzkoa) sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Zarauzko Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala