Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2022ko ekainaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2470

64/2022 DEKRETUA, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez 141.426.140,00 euroko kredituak txertatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2022ko Aurrekontuan, Euskal Autonomia Erkidegoak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzeko Akordioaren ondorioz.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren 75. artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen edo zerbitzu berriak eskuratzen baditu Estatutik, eskumen-aldaketaren ondorioz sortutako betebeharrak eta likidatuko diren ekonomia-eskubideak betetzeko behar diren kredituak txertatu beharko dira aurrekontu orokorretan; horretarako, Jaurlaritzak eskumen edo zerbitzu berriari dagokion aurrekontua onartu beharko du ekitaldia amaitzeko geratzen den aldirako, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia azkeneko aldiz Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egun baliodun igaro baino lehen.

2022ko apirilaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofizialean, martxoaren 30eko TER/253/2022 Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren martxoaren 16ko Akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoak Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko Hitzarmena ezartzen duena; orobat, 2022ko martxoaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, martxoaren 22ko 34/2022 Ebazpena argitaratu zen, Transferentzien Batzorde Mistoaren akordio hori argitara ematen duena.

Eskualdatze horren urteko balioespena 188.568.190,00 eurokoa da. Kontuan hartuta 2022ko apirilaren 1ean jarri zela indarrean, ekitaldi honetako kostua, guztira, 141.426.140,00 eurokoa da.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 24ko bilkuran, proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Kredituak txertatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2022ko aurrekontuan.

1.– 141.426.140,00 euroko gastuen egoera-orria onartzen da, betebehar hauei aurre egiteko behar den zenbatekoaz osatua: Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren prestazio ez-kontributiboaren kudeaketa Estatutik eskualdatzearen ondoriozko betebeharrak.

Zenbateko horretatik, 112.398.142,00 euro Lanbide erakunde autonomoaren aurrekontuan sartuko dira.

2.– Halaber, eskualdatze horri lotutako kostuaren ondoriozko diru-sarreren egoera-orria onartzen da; kostu hori konpentsazio bidez finantzatuko da, kupoaren ordainketa-epeetan. Kontuan hartuta zenbatekoa den eskualdatzen den arloari lotutako Estatuko urteko kostua, zenbatekoa 141.426.140,00 eurokoa da.

3.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren sarreren eta gastuen egoera-orriak 2022ko apirilaren 1etik 2022ko abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkio. Honela xehatzen dira:

Gastuak: 3121. programa (Gizarteratzea) eta 1221. programa (Zenbait sail).

(Ikus .PDF)

Sarrerak: 9211. programa (Espainiako Sektore Publikoarekiko Finantza Harremanak).

Bigarren artikulua.– Ekonomia eta Ogasun Sailak aurreko artikuluan aipatu diren gastuen eta sarreren egoera-orriak integratuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontuan, dagozkion ondorio juridikoak izan ditzan, eta, bereziki, egoera-orri horien kontabilitatea, exekuzioa eta ondorengo likidazioa egoki gauza daitezen.

Hirugarren artikulua.– Ekonomia eta Ogasun Sailak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeari jakinaraziko dio dekretu honetan xedatutakoaren babesean egindako kreditu-kontsignazioa.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 24an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala