Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2022ko ekainaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2393

60/2022 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8ko bileran lortutako akordioa.

Osakidetzako lanbide-garapenaren sistema Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen esparruan kokatzen da, zehazki langileen araubideari buruzko III. artikulua osatzen duten 25, 26, 27 eta 28. artikuluetan, bai eta honako lege hauetan ere: Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko 16/2003 Legean; Osasun arloko lanbideen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legean, eta Osasun Zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legean. Lanbide-garapenaren sistema bat dator, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren politikarekin, zeinak helburutzat baitu «norbanakoaren lorpenak egiaztatu eta aitortuko dituzten garapen profesionaleko mekanismoak jorratzea eta parte-hartzearen, autonomiaren eta erantzukidetasunaren arteko konbinazio onena lortzea».

Erreferentziako lege-esparruaren barruan, Osakidetzako langileen lanbide-garapena arautzen duten arauak eman ziren, hau da, honako dekretu hauetan jasota daudenak: 395/2005 Dekretua, azaroaren 22koa, A.1 lanbide-taldeko profesional sanitarioen (mediku fakultatibo eta teknikoak) lanbide-garapena arautzen duena; 35/2007 Dekretua, otsailaren 27koa, B.1 lanbide-taldeko profesional sanitarioen (osasun-diplomatuak) lanbide-garapena arautzen duena, eta 248/2007 Dekretua, abenduaren 26koa, profesional ez-sanitarioen eta goi-mailako eta erdi-mailako lanbide-heziketako arlo sanitarioko profesionalen lanbide-garapena arautzen duena. Arau horiek ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren bidez osatu ziren, zeinaren bidez onartzen baita Osasuneko Mahai Sektorialak 2008ko martxoaren 14ko bileran lortutako Akordioa.

Osakidetzako Lanbide Garapenaren eredua 2006. eta 2009. urteen artean argitaratutako eta ebatzitako zenbait deialdiren bidez ezarri zen. Horren ondoren, 2012. urtean argitaratu ziren Osakidetzako profesionalentzat lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko ohiko deialdien ebazpenak. Ohiko deialdi horiek 2014an eten ziren, eta, geroago, berriz abian jarri ziren, epai irmo baten ondorioz. Azkenik, 2019an bukatu ziren, zegozkion mailak aitortuta ondorio guztietarako.

10 urte igaro dira Osakidetzako langileen lanbide-garapena arautzen duten dekretu horietan aurreikusitako urteroko deialdiak egin gabe. Bada, 2021eko uztailaren 8an, Osasuneko Mahai Sektorialaren ezohiko bilera bat egin zen, eta han parte hartu zuten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ordezkariek eta ELA, SATSE, LAB, SME, CC.OO. eta UGT sindikatuek, hau da, Osasuneko Mahaia Sektorialean ordezkaritza dutenek. Bilera hartan, akordio bat lortu zuten Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko ordezkariek eta LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuek, lanbide-garapenerako ezohiko deialdi bat egiteko, 2012tik deialdirik egin ez izanak Osakidetzako langileei egin dien kaltea arintze aldera. Bilera hartan, gainera, negoziazio-prozesu bati ekitea adostu zen, hain zuzen ere lanbide-garapenaren mailak ebaluatzeko eta aitortzeko eredu berri bat ezartzeko. Akordio horrek berekin dakar azaroaren 22ko 395/2005 Dekretua, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretua eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretua egokitzea, lanbide-garapenaren maila aitortzeko betekizunei, ebaluazio-prozedurari eta ondorio ekonomikoei dagokienez.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan negoziazio kolektiborako, ordezkaritzarako eta parte hartzeko eskubideari buruz egiten diren aurreikuspenak aintzat hartuta, bai eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28.9 artikuluan bildutakoak ere, aurreakordioa baliozkoa eta eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da Gobernu Kontseiluak formalki eta berariaz onartzea.

Hori dela eta, Osasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 10ean izandako bileran proposamena eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Osasuneko Mahai Sektorialak 2021eko uztailaren 8an lortutako Akordioa onartzea. Horrela, akordio horren arabera, lanbide-garapenerako ezohiko deialdi bat egingo da, salbuespen gisa eta behin bakarrik, akordio horretan ezarritako baldintzetan. Dekretu honen eranskinean jasota dago.

2. artikulua.– Aipatutako akordioa onartzea, halaber, hurrengo ekitaldietan deialdiak egin daitezen, harik eta lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berri bat ezarri arte.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 10ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

ERANSKINA, MAIATZAREN 10EKO 60/2022 DEKRETUARENA
2021EKO UZTAILAREN 8KO OSASUNEKO MAHAI SEKTORIALAREN AURREAKORDIOA

Zoom bidez egindako bilkura ez-presentzial berezian, 2021eko uztailaren 8an, Osakidetzaren eta Osasuneko Mahai Sektorialean ordezkaritza duten LAB, CC.OO. eta UGT zentral sindikalen ordezkariek honako Aurreakordio hau hartu dute, eta horren testua transkribatu da:

AURREAKORDIOA

Sinatzea, honen bidez, alderdi sinatzaileek adostutako testua, «2021ean lanbide-garapenerako ezohiko deialdi bat arautzeko eta hurrengo ekitaldietan deialdiak egiteko, lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berri bat ezarri arte» arautzen duena (testu osoa, eranskinean), zeina izapidetuko baita Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluaren akordio gisa berresteko

Eta adierazitakoarekin ados, Aurreakordio hau sinatzen dute aipatutako toki eta egunean.

OSAKIDETZAREN IZENEAN

Sin.: Maria Pilar Uriarte Brizuela

Giza Baliabideen zuzendaria

SINDIKATUEN ORDEZKARIAK

LAB

Sin.: Begoña Aranzasti Barba

Arduraduna

UGT

Sin.: Ana Vázquez Vázquez

Osasun Publikoko idazkaria UGT-Euskadi

CCOO

Sin.: Iñigo Garduño Cuevas

Idazkari nagusia-FSS CCOO Euskadi

ERANSKINA
OSASUNEKO MAHAI SEKTORIALEAN 2021EKO UZTAILAREN 8AN HARTUTAKO AURREAKORDIOA, 2021EAN LANBIDE-GARAPENERAKO EZOHIKO DEIALDI BAT ARAUTZEKO ETA HURRENGO EKITALDIETAN DEIALDIAK EGITEKO, LANBIDE-GARAPENAREN MAILA EBALUATZEKO ETA AITORTZEKO PROZEDURA BERRI BAT EZARRI ARTE
1.– 2021EKO EZOHIKO DEIALDIA

Hona hemen ezohiko deialdiaren testu osoa:

2021EKO EZOHIKO DEIALDIA

XXXXX EBAZPENA, XX(e)koa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Osakidetzaren mende dauden zerbitzu-erakundeetako profesionalei dagozkien lanbide-garapeneko maila aitortzeko eskakizunak, eskaerak eta maila esleitzeko prozedura arautzen diren.

Osakidetzan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitario eta ez-sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren arabera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari dagokio ebaluazio-prozesuaren deialdia egitea maila bakoitzean kokatzeko.

Osakidetzako zuzendari nagusiaren abenduaren 29ko 1930/2011 eta 1931/2011 Ebazpenek araututako lanbide-garapeneko deialdiak ebatzi ondoren ematen da Ebazpen hau. Ebazpen horien bidez, hain zuzen, 2011ko ekitaldiari dagokion lanbide-garapeneko mailaren esleipena arautzen da Osakidetzako profesionalentzat.

Ohiko eta ezohiko deialdi horiek bertan behera utzi ziren Osakidetzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 8ko 558/2014 Ebazpenaren bidez, eta ohiko eta ezohiko deialdi horiek bertan behera uztea erabaki zen, egoera ekonomikoa zela-eta eta aurrekontu-legeak aplikatuz.

558/2014 Ebazpen horren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zen, eta Administrazioarekiko Auzien Gasteizko 1. epaitegiaren irailaren 28ko 246/2017 Epaia eman zen. Epai horrek partzialki baietsi zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta onartu zuen deialdietan parte hartu zuten Osakidetzako langileek eskubidea zutela deialdiak ebatz zitezen, harik eta maila egokiak esleitu arte, parte-hartzaile bakoitzari zegokion maila esleituz, ondorio ekonomikorik gabe.

Abenduaren 18ko 243/2017 Autoaren bidez agindutako epai hori behin-behinean betez, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 1eko 36/2018 Ebazpena eman zen, zeinaren bidez etendako deialdiak amaitzeko jarduketak hasi ziren. Deialdi horiek, hain zuzen, etenda egon arte egindako jarduketa guztien baliozkotasunari eutsi zioten.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren maiatzaren 9ko 225/18 Epaiak langileei aitortzen die karrera profesionalarengatik dagozkien ordainsariak jasotzeko eskubidea, dagozkien atzerapenak ordainduta.

Lanbide-garapeneko mailak ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuak amaituta, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren 2018ko azaroaren 30eko 1250, 1251, 1252 eta 1253 Ebazpenen bidez (2018ko abenduaren 17ko EHAA 241. zk.), ebaluazio-prozesuaren ondoriozko lanbide-garapeneko mailaren behin betiko esleipena argitaratu zen.

Abenduaren 29ko 1930/2011 eta 1931/2011 Ebazpenen bidez araututako deialdiak dira Osakidetzan egindako azkenak, eta, lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta esleitzeko prozesuak etetearen ondorioz sortutako egoera konpontzeko, beharrezkoa da ezohiko deialdi bat egitea, etenak askotariko kolektibo profesionalengan dituen ondorioak kontuan hartuko dituena.

Horregatik, Osasuneko Mahai Sektorialean, negoziazio-prozesu baten ondoren, 2021eko uztailaren 8an egindako bileran, aurreakordio bat sinatu zen LAB, CC.OO. eta UGT sindikatuekin, Osakidetzako profesionalen lanbide-garapenerako ezohiko deialdi horren maila eta ordainketa-ondorioak eskatu eta esleitzeko baldintzak, moduak eta epea eta prozedura arautzeko. Ebazpen honetan araututako prozesuaren deialdia jasotzen da bertan.

Ebazpen hau, beraz, etetearen ondorioz deialdirik ez dagoela kontuan hartuta eman da, eta Osakidetzako kolektibo profesionalei emandako zerbitzu-urteekin bat datorren lanbide-garapeneko maila bat esleitzeko aukera ematearren, erakundeari emandako esperientzia kontuan hartuta eta profesional bakoitzari maila hori eskuratzeko eskatutako zerbitzu-urteak betetzearen arabera aitortuz. Maila horiek, hain zuzen, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2005 Dekreturen eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. artikuluan daude ezarrita.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta azaroaren 22ko 395/2005 Dekretua, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretua, abenduaren 26ko 248/2007 Dekretua, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskineko 5. apartatuan jasotako aldaketa aplikagarriak eta Osasuneko Mahai Sektorialaren 2021eko uztailaren 8ko bileran adostutako aurreakordioa berresten duen 2021eko xxxxaren xx(e)ko Gobernu Kontseiluaren Erabakia.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Osakidetzako langileentzako lanbide-garapenerako hurrengo deialdian parte hartzeko baldintzak, eskatzeko modua eta epea eta maila aitortzeko prozedura arautzea. Izan ere, Ebazpen hau etetearen ondorioz deialdirik ez dagoela kontuan hartuta eman da, eta Osakidetzako kolektibo profesionalei emandako zerbitzu-urteekin bat datorren lanbide-garapeneko maila bat esleitzeko aukera ematearren, erakundeari emandako esperientzia kontuan hartuta eta profesional bakoitzari maila hori eskuratzeko eskatutako zerbitzu-urteak betetzearen arabera aitortuz. Maila horiek, hain zuzen, azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2005 Dekreturen eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. artikuluan daude ezarrita.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Prozesu honetan parte hartzea eskatu ahal izango dute Osakidetzako lanbide-talde guztietako profesional finkoek eta ez-finkoek, baldin eta, Ebazpen honen 3. artikuluan ezarritako eskakizunez gain, baldintza hauetakoren bat ere betetzen badute:

1.– Eskaerak aurkezteko ezarritako epean Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan aktibo egotea edo eszedentzian egotea senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

2.– 2019ko urtarrilaren 1ean aktibo egotea eta data horren ostean inaktibo egotea heriotzagatik, erretiroagatik edo ezintasun iraunkorragatik (halako kasuetan, langilea ofizioz sartuko da deialdian) edota zerbitzu-eginkizunetan egotea Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batean.

3.– Langile ez-finkoak, ez daudenak aktibo deialdiaren eskaera-epean baina Osakidetzan gutxienez 6 hilabetez lan egin dutenak eskaera egiteko epea hasi aurreko 12 hilabeteetan.

Ezohiko deialdi honen salbuespenezko izaera kontuan hartuta, eta administrazio-jarduerek jarraitu behar duten eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioei jarraikiz, 395/2005, 35/2007 eta 248/2007 Dekretuetan ezarritako zerbitzu-urteen eskakizuna betetzen duten lanbide-garapeneko mailetako edozein eskatu ahal izango da, hurrengo artikuluan ezarritako kalkuluaren arabera, eta ez da beharrezkoa izango aurretiko maila aitortua izatea, ezta, aitortutako maila baino goragoko maila bat eskatzeko, beheragoko mailan denbora-tarte jakin bat egotea ere.

Langile finkoek jabetzako lanpostua duten lanbide-taldean eskatuko dute maila. Langile ez-finkoen kasuan, maila-eskaera eskaera-epean aktibo dauden lanbide-taldean egingo da, edo aktibo egon diren taldean, artikulu honen 3. puntuan jasotako kasuan. Era berean, honako kontsiderazio hauek aplikatuko dira:

a) 2014-2015eko eta 2016-2017ko EPE-etan barne-sustapeneko txandaren bidez plaza lortu dutenek bi aukera izango dute deialdi honetan lanbide-garapena eskatzeko: batetik, eskaera egiteko unean duten kategoriatik, eta, bestetik, aipatutako hautaketa-prozesua baino lehen zeukatenetik.

b) Osakidetzan lanbide-talde batean baino gehiagotan lan egin duten langile ez-finkoek emandako zerbitzuen baldintzak betetzen dituzten edozein taldetan eskatu ahalko dute lanbide-garapeneko maila, baldin eta Osakidetzan gutxienez 6 hilabete eman badituzte aktibo talde horretan eskaera egiteko epea hasi aurreko bi urteetan.

Lanbide-garapenaren mailaren eskabidea aurkeztea borondatezkoa da, eta interesdunak egiaztatu beharko du eskakizunak betetzen dituela edo eskakizun horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan betetzeko moduan dagoela, artikulu honetan adierazitako ofiziozko eskabideetan izan ezik.

3. artikulua.– Eskakizunak.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren eranskinaren 5. apartatuan eta Osasuneko Mahai Sektorialaren 2021eko uztailaren 8ko bileran adostutako aurreakordioa berresten duen 2021eko xxxxaren xx(e)ko Gobernu Kontseiluaren Erabakian jasotzen denaren arabera, honako eskakizun hauek ezartzen dira lanbide-garapeneko maila aitortzeko deialdi honetan parte hartzeko:

Osakidetzako erakundeetan zerbitzuak emateari dagokionez, honako baldintza hauek ezartzen dira:

a) Osakidetzan lanpostua jabetzan duten langile finkoek egiaztatu beharko dute aitorpena lortu nahi duten kategorian zerbitzuak benetan eman dituztela Osakidetzan gutxienez urtebetez deialdiko eskaera-epea hasi aurreko azken hiru urteetan, zerbitzu aktiboko egoeran edo eszedentziako egoeran daudela senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu bereziengatik.

b) Osakidetzako langile ez-finkoek, ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuak ezartzen duen bezala, egiaztatu beharko dute aitorpena lortu nahi duten kategorian zerbitzuak benetan eman dituztela Osakidetzan deialdiko eskaera-epea hasi aurreko hiru urteetan, eta zerbitzu aktiboko egoeran edo eszedentziako egoeran daudela senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu bereziengatik.

c) Osakidetzan enplegu finkorik ez duten langileek gutxienez hiru urtez eman behar izan dituzte zerbitzuak Osakidetzan deialdiko eskaera-epea hasi aurreko bost urteetan.

Maila lortzeko behar diren emandako zerbitzuak kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:

1.– Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatu kideetako osasun-sistemetan antolakuntzaren eta funtzioen aldetik integratutako erakunde sanitarioetan zerbitzu aktiboan edo eszedentzian egotea senideak zaintzeko, genero-indarkeriagatik edo zerbitzu berezietan:

a) Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuaren eta otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuaren bidez araututako lanbide-talde sanitarioen kasuan, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Aitorpena eskatzen den kategoriako (eta, hala badagokio, espezialitateko) edo lanbide-talde bereko beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lan hori egiteko lizentziadun edo diplomadun mailako titulu sanitarioa eskatzen bada. Ez dira kontuan hartuko Osasun Zientzietako espezialisten titulu ofizialak lortzeko prestakuntza-urteak, salbu eta zerbitzu berezietan izan badira.

– Ikerketa-zentro ofizialetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan ikerlari gisa emandako zerbitzuak, lizentziadun edo diplomadun mailako eta dagokion espezialitateko titulu sanitarioa eskatzen duen kontratuarekin.

b) Abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuari jarraikiz araututako lanbide-heziketako lanbide-talde ez-sanitarioen eta sanitarioen kasuan, honako hauek hartuko dira kontuan:

– Aitorpena lortu nahi den kategoriako edo beste kategoria batzuetako lanpostu funtzionalak betetzea, betiere lanbide-talde berekoak edo goragokoak badira.

– Osasun Ministerioaren 1984ko ekainaren 14ko Aginduan ezarritakoaren arabera, «Erizaintzako laguntzaile espezialista» gisa teknikari espezialistaren funtzioetan emandako zerbitzuak kontuan hartuko dira lanbide-garapenerako.

Lanbide-garapena eskatzen den lanbide-taldean emandako zerbitzuei, baldin eta talde horretan gutxienez bost urte betetzen badira, Osasun Sistema Nazionalean edo Europar Batasuneko estatu kideei dagozkien osasun-sistemetan emandako zerbitzuak gehitu ahal izango zaizkie, honako balio hauen arabera:

(Ikus .PDF)

2.– Beste administrazio publiko batzuetan lanbide-garapeneko maila aitortzeko eskatzen den kategoria/lanbide-taldean emandako zerbitzuak % 50ean baloratuko dira.

4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Parte-hartzaile bakoitzak eskabide bakarra egin beharko du Osakidetzaren Lanbide Garapeneko aplikazio informatikoaren bidez https://dp.osakidetza.eus/ eta Osakidetzaren webgunearen bidez. Osakidetzak jarriko ditu, bere zerbitzu-erakundeen bitartez, aurreko paragrafoan adierazitako moduan eskabidea aurkezteko behar diren baliabide informatikoak.

Profesionalak 2021eko abenduaren 31n bete beharko ditu lanbide-garapeneko mailara iristeko baldintzak, bai eta lanean emandako urteak ere.

Eskatzaileek 20 egun balioduneko epea izango dute, 2021eko abenduaren 31tik aurrera, eskabidea eta dagokion dokumentazioa bete eta aurkezteko, artikulu honetan ezarritakoaren arabera.

Profesionalak Lanbide Garapeneko aplikazioan egingo du eskabidea, eta, hala badagokio, Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zerbitzu batzuetan edo beste administrazio batzuetan emandako zerbitzuak erregistratu eta egiaztatuko ditu Curriculum Vitae aplikazioan. Osakidetzatik kanpo emandako zerbitzuak baliozkotuta dituzten pertsonek alegatutako zerbitzu berriak baino ez dituzte erregistratu beharko, eta baliozkotzeko behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Kanpoan emandako zerbitzuak baliozkotzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, konpultsa horretan, data, izen-abizenak, NANa eta konpultsaren arduradunaren sinadura irakurgarria jasoko dira. Osakidetzak EAEn ofizialak ez diren hizkuntzetan aurkeztutako dokumentuen zinpeko itzulpena eskatu ahalko dio interesdunari.

Ez dira zenbatuko erabiltzaileak eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren Curriculum Vitae aplikazioan sartu edo aldatu dituen zerbitzuak.

Aurkeztutako eskabidean, dokumentazioan edota informazioan datu faltsurik aurkituz gero, ezereztatu egingo da eskabidea, bestelako lege-neurriak hartzeari uko egin gabe.

Lanbide Garapeneko aplikazioan eskabidea bete ondoren, profesionalek egindako eskabidearen frogagiria lortu eta artxibatu ahalko dute.

Prozesuan onartua izateko, dagokion eskabidea eta egiaztagiriak behar den epean eta moduan bete eta aurkeztu behar dira.

Zerbitzu aktibokoa ez den beste egoeraren batean daudenek Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan aurkeztu beharko dute dokumentazio hori, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako bideen bitartez.

Osakidetzakoa aplikazioko (https://osakidetzakoa.osakidetza.eus) Datu pertsonalak atalean adierazitako helbideak bakarrik balioko du jakinarazpenetarako, eta eskatzailearen erantzukizuna izango da helbide hori beteta edukitzea, bai eta edozein aldaketa Osakidetzari jakinaraztea ere.

5. artikulua.– Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko prozedura.

Ezohiko deialdi honen salbuespenezko izaera kontuan hartuta, lanbide-garapeneko I., II., III. eta IV. mailak aitortuko dira eskaera egiten den lanbide-taldean emandako zerbitzu-urteen baldintzak betetzearen arabera, 2007ko abenduaren 22ko 395/2005 Dekretuaren 4. artikuluan eta 2007ko otsailaren 27ko 35/2007 eta 248 dekretuetan ezarritakoari jarraikiz; hots, 5 urte I. mailarako, 11 urte II.mailarako, 18 urte III.mailarako eta 25 urte IV. mailarako.

Lanbide-garapeneko maila esleitzeari dagokionez, emandako zerbitzuen zenbaketa Ebazpen honen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da.

a) Lanbide-garapeneko mailak esleitzeko behin-behineko ebazpena.

Aurkeztutako eskabideak berrikusi eta eskatzaileek baldintzak eta emandako zerbitzu-urteak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak, ebazpen bidez. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, Ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen denari jarraikiz.

b) Mailak esleitzeko behin-betiko ebazpena.

Zuzendaritza Nagusiak jarritako errekurtsoak ebatziko ditu eta lortutako mailak behin betiko esleituko ditu, EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

Mailak esleitzeko behin betiko ebazpenak maila aitortzen zaien profesionalen zerrenda onartuko du. Gainera, ebazpen horren bidez, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak baietsi edo ezetsiko dira, eta administrazio-bidea amaituko da.

6. artikulua.– Maila esleitzearen ordainketa-ondorioak.

Azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan lizentziadun sanitarioentzat ezarritako zenbatekoak eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuan gainerako lanbide-taldeentzat ezarritakoak dira lanbide-garapeneko maila bakoitzari dagozkionak, dagozkien eguneratzeekin.

Esleitutako mailaren ordainsari-ondorioak honako hauek izango dira:

– 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta aitortzeko eman beharreko zerbitzu-urteak 2018ko abenduaren 31n bete badira.

– 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2019ko abenduaren 31n bete badira.

– 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2020ko abenduaren 31n bete badira.

– 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, baldin eta eman beharreko zerbitzu-urteak 2020ko abenduaren 31n bete badira.

Azken hiru kasuetan, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, deialdi honetan onartutako mailaren aurre-aurreko mailari dagokion zenbatekoa ordainduko da, betiere interesduna maila hori jasotzen ari ez bada.

Goragoko mailako titulu-talde bateko kategoria batean lanpostu finko bat lortzen duten langileek, aldez aurretik lanbide-garapeneko maila jakin bat aitortuta badute, garapen-maila horri dagokion zenbatekoaren baliokidea den ordainsari-osagarria mantenduko dute, kategoria berrian garapen-maila horren zenbatekoa gainditzen duen garapen-maila aitortu arte.

Aitortutako azken mailari dagokion zenbatekoa bakarrik jaso ahal izango da, eta ezingo da aldi berean jaso garapen-osagarria lanbide-kategoria batean baino gehiagotan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz xedatu ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Osakidetzan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitario eta ez-sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22KO 395/2005 Dekretuan, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuan eta abenduaren 26ko 248/2007 Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira, baita 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. atalean jasota dauden egokitzapenak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko.....................aren................(a).

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia

2.– LANBIDE-GARAPENA EBALUATZEKO ETA AITORTZEKO PROZEDURA BERRIKUSTEA

Negoziazio-prozesu bat hasiko da Osakidetzako langile guztien lanbide-garapenaren maila ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berri bat ezartzeko, Osasun Lanbideei buruzko Lege Organikoaren III. tituluan eta Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen VIII. kapituluan jasotako xedapenetatik abiatuta.

3.– DEIALDIAK EGITEKO BALDINTZAK, LANBIDE-GARAPENAREN MAILA EBALUATZEKO ETA AITORTZEKO PROZEDURA BERRIA EZARRI ARTE.

2022. urtea amaitu baino lehen aurreko puntuan adierazitako negoziazio-prozesua itxi ez bada, beste deialdi bat argitaratuko da. Deialdi hau eta lanbide-garapena ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berria ezarri arte urtero egiten diren deialdiak Osakidetzan lan egiten duten lizentziadun sanitarioen, diplomadun sanitarioen eta lanbide-heziketako profesional sanitario eta ez-sanitarioen lanbide-garapena arautzen duten azaroaren 22ko 395/2005 Dekretuan, otsailaren 27ko 35/2007 Dekretuan ezarritako ebaluazio-prozeduraren arabera egingo dira, bai eta 2008ko ekainaren 3ko 106/2008 Dekretuaren 5. apartatuaren 1., 2. eta 3. puntuetan jasotako egokitzapen aplikagarrien arabera ere. Aipatutako 5. apartatuaren 1. puntuaren azken paragrafoa abenduaren 29ko 1930/2011 Ebazpenaren 6. artikuluan jasotzen zenaren arabera aplikatuko da (2012-04-17ko EHAA).

Lanbide-garapena ebaluatzeko eta aitortzeko prozedura berria ezarri arteko trantsizio-aldian, eta 2026ra arte gehienez, honako hau erabaki da:

– Lanbide-garapeneko maila esleitzeko behar diren emandako zerbitzuak urte bakoitzeko abenduaren 31n zenbatuko dira.

– Urteko deialdien ordainsari-ondorioak deialdia argitaratu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1ean hasiko dira.

– Ez da beharrezkoa izango interesduna aurreko mailan denbora batez egon izana aitortuta duena baino goragoko maila bat eskatzeko.

– 2021eko ezohiko deialdian lanbide-garapeneko maila bat aitortzen zaien pertsonei, curriculum-merezimenduen B blokeko baremazioa egiteko, eskatutako mailara iristeko behar den urteetan lortutako merezimenduak hartuko zaizkie kontuan, hau da: II. maila eskatzeko, deialdiaren epea amaitu aurreko 6 urteak, eta, III. maila edo IV. maila eskatzeko, azken 7 urteak.


Azterketa dokumentala