105. zk., 2022ko ekainaren 1a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2391
EBAZPENA, 2022ko maiatzaren 5ekoa, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ebazten baita Navaridas nukleoan, Navaridas (Araba) udalerrian, gas propano kanalizatua hornitzeko eta banatzeko administrazio-baimenen eskaeretarako lehia-prozedura.
Espediente zk.: 01CGY 202200001.
AURREKARIAK
1.– 2022/02/10ean, Ned Suministro GLP, SAU-k administrazio-baimena eskatu zuen «Petrolioaren gas likidotuak (PGL) gordailu finkoan biltegiratzeko eta gas propano kanalizatua banatzeko sarea Navaridas nukleoan» izeneko proiekturako, Navaridas (Araba) udalerrian. Eremu horretan, orain arte, ez da banatu gas erregai mota hori.
2.– Kanalizazio bidez gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzko ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuan, Hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta Petroliotik likidotutako gasak banatzeko jardueraren erregelamendua onartzen duen irailaren 11ko 1085/1992 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, dagokion eskabidea jendaurrean jarri zen, lehia-prozeduraren barruan, iragarkia 2022ko martxoaren 28ko ALHAOn eta 2022ko martxoaren 3ko EHAAn argitaratuta.
3.– Erregelamendu bidez aurreikusitako epean ez da alegaziorik aurkeztu, ezta lehia-prozeduraren barruan baimen-eskaera gehiagorik ere.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Gasa banatzeko sareak eraiki aurretik administrazio-baimena eskatu beharra honako hauetan dago xedatuta: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea; gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua; gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoa onartu zuen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretua; eta Kanalizazio bidez gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzko ekainaren 9ko 76/2020 Dekretua.
2.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak deklaratzen du onura publikokoak direla lege bereko IV. tituluak aipatutako instalazioak, hau da, hodi bidez gas erregaia banatzeko instalazioak.
3.– Ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuak, kanalizazio bidezko gas erregaiak banatzeko eta garraiatzeko instalazioei buruzko administrazio-baimenen prozedurei buruzkoak, ezartzen du eremu geografiko berri bateko baimen-eskaerak lehia-prozeduraren mende jarriko direla.
4.– Espedientearen izapidetzean eta edukian egiaztatuta geratzen da arlo horretan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla.
5.– Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
1.– Ebaztea Ned Suministro GLP, SAU-ren alde Navaridas nukleoan, Navaridas (Araba) udalerrian, gas propano kanalizatua hornitzeko eta banatzeko lehia-prozedura.
Ebazpen hau ematen da aipatutako 76/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta ondorengo baldintza orokorrak kontuan hartuz:
Lehia-prozeduraren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, Ned Suministro GLP, SAU enpresak, ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuaren 11.2 artikuluari jarraikiz, 1.194,07 euroko fidantza eratuko du, bere betebeharrak beteko dituela bermatzeko.
Lehiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, Ned Suministro GLP, SAU-ren aldeko administrazio-baimenaren eta proiektuaren onarpenaren eskaera izapidetuko da, ekainaren 9ko 76/2020 Dekretuaren 11.3 artikuluari jarraikiz.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 5a.
Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkaria,
JESÚS PASCUAL LORENTE.