105. zk., 2022ko ekainaren 1a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (158 KB - 3 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Izendapenak, egoerak eta gorabeherak
HEZKUNTZA SAILA
2370
AGINDUA, 2022ko maiatzaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez onartu egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotako lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipena, hau da, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen kidegoetako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketako destinoen behin betiko esleipena.
Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2022ko martxoaren 29ko Ebazpenaren bitartez, argitara eman zen Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotako 2021/2022 lekualdatze-lehiaketako destinoen behin-behineko esleipena, hau da, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen kidegoetako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketako destinoen behin-behineko esleipena.
Ebazpen horren kontra aurkeztu diren erreklamazioak aztertu dira, eta onartu diren uko-egiteak sartu dira. Halaber, behin-behineko esleipenaren ondoren sartu egin dira behin betiko merituen baremoan egon diren aldaketak, aurkeztu diren hainbat gora jotzeko errekurtso onartu izanagatik. Aldaketak edo akatsak zuzendu dira lekualdatze-lehiaketan bete beharreko lanpostu hutsetan, lekualdatze-lehiaketa honetarako behin betiko proposamena aldatzearen arabera proposamena Sailaren webgunean argitaratu da.
Beraz, Hezkuntzako sailburuaren 2021eko azaroaren 5eko Aginduaren bidez (2021eko azaroaren 12ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioen arteko erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egin zen. Bada, agindu horren hogeita zortzigarren oinarrian xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle funtzionarioen hainbat kidegotako lekualdatze-lehiaketako behin betiko esleipena, hau da, Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen, Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleen kidegoetako irakasle funtzionarioen lekualdatze-lehiaketako behin betiko esleipena. Zerrendak:
I. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan destinoa esleitu zaien Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko parte-hartzaileen zerrenda.
II. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan destinoa esleitu zaien Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko parte-hartzaileen zerrenda.
IIII. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan destinoa esleitu zaien Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko parte-hartzaileen zerrenda.
IV. eranskina: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan destinoa esleitu zaien Musikako eta Arte Eszenikoetako Katedradun eta Irakasleen Kidegoko parte-hartzaileen zerrenda.
Bigarrena.– Agintzea aurreko eranskinak erakusgai jartzeko www.hezigunea.euskadi.eus web-orrian, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Halaber, web-orri horretan bertan, erakusgai jarriko da uko-egiteen eta baietsitako, ezetsitako eta partez baietsitako erreklamazioen zerrenda alfabetikoa, arrazoia zehaztuta.
Hirugarrena.– Izendapenek ondorio ekonomiko eta administratiboak izango dituzte 2022ko irailaren 1etik aurrera; eta jatorrizko ikastetxeetako kargu-uzteek, ordea, 2022ko abuztuaren 31tik aurrerako ondorioak izango dituzte.
Laugarrena.– Indargabeturik geratuko dira lekualdatze-lehiaketaren deialdi honetan parte hartzeko betekizunak betetzen ez dituzten irakasleei akats baten ondorioz esleitutako destinoak. Agindu honen eranskinetan agertu arren eta are lanpostuez jabetu arren, ez da aurretiaz pentsatu behar deialdiaren betekizunak betetzen direnik.
Bosgarrena.– Eszedentzian dauden eta lehiaketaren ondorioz zerbitzu aktibora itzultzen diren irakasleek 2022ko irailaren 1etik 5era bitartean aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau: lekualdatze-lehiaketaren deialdiari buruzko 2021eko azaroaren 5eko Aginduaren hogeita hamargarren oinarrian aipatua (2021eko azaroaren 12ko EHAA).
Seigarrena.– Agindu honen bosgarren xedapenak aipatzen dituen itzuli diren pertsonek agiri hau aurkeztu beharko dute: epai irmo baten bidez sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren bategatik zigortuak izan ez direla adierazten duen ziurtagiria, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak egina. Delitu horren barruan sexu-erasoak eta -gehiegikeriak, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeen usteltzea sartzen dira, baita gizakien salerosketa ere. Hala ere, ez dute aurkeztu beharko Hezkuntza Sailari espresuki baimena eman badiote aipatutako datua kontsultatzeko, elkarreragingarritasunaren sistema elektronikoen bitartez. Destinoen behin betiko esleipenaren agindu hau EHAAn argitaratu eta hamar egun naturaleko epea dago ziurtagiria aurkezteko.
Zazpigarrena.– Agindu honetan lortutako plazei ezin zaie uko egin. Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2022-2023 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, hamar egun naturaleko epean, behin betiko destinoen esleipenaren agindua EHAAn argitaratzen denetik hasita. Hala egin ezean, zerbitzu aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion lanpostua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten lanpostuak plaza hustzat joko dira, eta hezkuntza administrazioek erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.
Zortzigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa horretan parte hartu duten irakasleek, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko jatorrizko dokumentazioa aurkeztu badute, lehiatu diren Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzan berreskuratu ahal izango dute dokumentazio hori, bai bertara joanda, bai baimendutako pertsona bat hara bidalita. Horretarako, agindu honen aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko bi hilabeteko epea bukaturik egon beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.