98. zk., 2022ko maiatzaren 23a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
2213
AGINDUA, 2022ko maiatzaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita obra-kontratuak (prozedura irekia eta ireki sinplifikatua), zerbitzu-kontratuak (prozedura irekia, ireki sinplifikatua eta negoziatua) eta hornidura-kontratuak (prozedura irekia eta ireki sinplifikatua) esleitzeko administrazio-klausula partikularren agirien eredua. Next Generation funtsak.
Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onartu dira. Plan horren helburua da Europako funtsekin (Next Generation EU) finantzatu daitezkeen jarduerak diseinatu eta gauzatzea.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan hori COVID-19aren pandemiaren eraginak arintzeko tresna bat da, bai eta ekoizpen-sarea modernizatzeko, deskarbonizazioa eta ingurumenarekiko errespetua bultzatzeko eta ikerketara eta prestakuntzara bideratutako baliabideen digitalizazioa eta hobekuntza sustatzeko tresna ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan ezarritako esparruaren arabera.
Horretarako, Administrazio Publikoek kudeaketa-prozedurak eta kontrol-eredua egokitu behar dituzte, Europako Batzordeko Zerbitzuei ordaintzeko eskaerak modu eraginkorrean izapidetzea errazteko. Horretarako, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunari, lurralde-kohesioari, ingurumenarekiko errespetuari eta digitalizaziorako pizgarriari buruz ezarritako eskakizunak kontuan hartu behar dituzte, bai eta iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzkoak eta laguntzen azken onuradunak eta kontratistak eta azpikontratistak identifikatzeari buruzkoak ere.
Era berean, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa Espainiako ordenamendu juridikora egiten duena) 122. artikuluak, administrazio-klausula partikularren agiriei buruzkoak, 4. apartatuan dioenez, kontratuak administrazio-klausula partikularren agirien edukira egokituko dira, eta horien klausulak agirien partetzat hartzen dira. 5. apartatuak, bere aldetik, honako hau dio: administrazio-klausula partikularren agiriak onartzea kontratazio-organoari dagokio, eta, era berean, antzeko kontraten kategoria jakin batzuetarako agiri partikularren ereduak onartu ahal izango ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. apartatuak honako hau esleitzen dio kontratazioaren arloan eskumena duen saileko titularrari: Administrazio publikotzat hartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko botere adjudikatzaileek egin beharreko kontratuen administrazio-klausula partikularren agirien eredu tipoak onartzea antzeko izaera duten kontratu-kategoria jakin batzuetarako. Onartzeko erabakia eta haren eranskinak Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman argitaratuko dira.
Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 3. artikuluaren babesean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak nahitaezko txostena emanda, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Administrazio-klausula partikularren agirien eredua onartzea, honako kontratu hauek esleitzeko: obra-kontratuak (prozedura irekia eta ireki sinplifikatua), zerbitzu-kontratuak (prozedura irekia, ireki sinplifikatua eta negoziatua) eta hornidura-kontratuak (prozedura irekia eta ireki sinplifikatua). Next Generation funtsak. Eranskinean dago jasota.
Bigarrena.– Argitara bedi agindu hau Kontratazio Publikoa Euskadin plataforman, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren Gardentasun Atarian.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 6a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.