97. zk., 2022ko maiatzaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2177
58/2022 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Añarbeko Uren Mankomunitateak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Urnietan, Urnietako hiri-sektoreak Añarbe sistemaren ur-horniduran sartzeko proiektua burutzeko beharrezko ondasunak eta eskubideak.
Añarbeko Uren Mankomunitateak, «Urnietako hiri-sektoreak Añarbe sistemaren ur-horniduran sartzeko proiektua» delakoaren espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.
2020ko azaroaren 6an, Añarbeko Uren Mankomunitateak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2021eko ekainaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (119. zk.). 2020ko azaroaren 6an ere, Añarbeko Uren Mankomunitateak erabaki zuen proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
2018. urtean amaitu zen Kantauriko Ur Konfederazioak Urnietako Udalari emandako baimena Kabilonga errekatik 53,53 l/s-ko emaria hartzeko, ur-hornidurarako. Ondorioz, emakida berri bat eman zitzaion udalari, gehieneko emaria 3,4 l/s-ra murriztuz. Horrek arrisku larrian jarri zuen Urnietako zenbait eremuen ur-horniduraren bermea.
Bestalde, Urnietako ur propioen kalitatearen historikoak (uretan metal astunen arazoa du, baita koliformeek eragindako ohiko kutsadura-arazoa ere) premiazko ekintza bat egitera behartzen du, Osasun Zuzendaritzak gomendatu duen bezala.
Kabilonga errekatik hornitzeko emariaren murrizketak eragindako eskasia horrek, batetik, eta Urnietako udalerriko sistema propioetatik eratorritako uraren kalitatearen eskasiak, bestetik, arrisku handia dakarte. Hori dela-eta, premiazkoa da Añarbe sistemako azpiegiturak luzatzeko obrak egitea, Añarbeko urtegiko ura, Petritegiko EUTEn behar bezala edateko ur bihurtu ondoren, Urnietako hiri-sektore guztietara eramateko. Hori guztia proiektua gauzatuta lortuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: exekuzio-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2022ko maiatzaren 10eko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Urnietako hiri-sektoreak Añarbe sistemaren ur-horniduran sartzeko proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Añarbeko Uren Mankomunitateak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Dekretu hau azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeok.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 10ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.