97. zk., 2022ko maiatzaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 5 orri.)
- EPUB (118 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2176
49/2022 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Bilboko Udalaren, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias-en (ADIF) eta ADIF Alta Velocidad-en arteko lankidetza-protokoloa, Bilbo-Abandoko geltoki berria eta Basaurin behin-behineko geraleku bat eraikitzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta dagokion publizitatea emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garraio, Mugikortasun eta Hiri-Agenda Ministerioaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren, Bilboko Udalaren, Administrador de Infraestructuras Ferroviarias-en (ADIF) eta ADIF Alta Velocidad-en arteko lankidetza-protokoloaren testua, Bilbo-Abandoko geltoki berria eta Basaurin behin-behineko geraleku bat eraikitzeko. Ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 6KO 49/2022 EBAZPENARENA
GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA HIRI-AGENDA MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, BILBOKO UDALAREN, ADMINISTRADOR DE INFRAESTRUCTURAS FERROVIARIAS-EN (ADIF) ETA ADIF ALTA VELOCIDAD-EN ARTEKO LANKIDETZA-PROTOKOLOA, BILBO-ABANDOKO GELTOKI BERRIA ETA BASAURIN BEHIN-BEHINEKO GERALEKU BAT ERAIKITZEKO
Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 9a.
BILDUTA:
Raquel Sánchez Jiménez andrea, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa den aldetik, uztailaren 10eko 528/2021 Errege Dekretuaren arabera.
Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua den aldetik, kargu horretarako izendatua izan zen lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez. Dekretu horren bidez izendatua zen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoko presidente, maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Juan María Aburto Rique jauna, Bilboko Udaleko alkatea den aldetik.
Maria Luisa Domínguez González andrea, IFZ: Q-2801660H duen Administrador de Infraestructuras Ferroviarias (ADIF), enpresa erakunde publikoko presidentea. Uztailaren 27ko 670/2021 Errege Dekretuaren bidez izendatua izan zen kargurako, abenduaren 30eko 2395/2004 Errege Dekretuaren bidez onartutako Adifen Estatutuko 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz, eta IFZ: Q-2802152-E duen Adif-Alta Velocidad enpresa erakunde publikoko presidentea, abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Adif-Alta Velocidaden estatutuaren 23.1 artikuluaren arabera, haren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz.
Aldeek, duten ordezkaritzan, elkarri aitortzen diote protokolo hau egiteko behar besteko gaitasuna, eta, horren ondorioz,
AZALDU DUTE:
1.– Estatuko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa duela interes orokorreko herri-lanen eta Autonomia Erkidego baten baino gehiagoren lurraldetik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen arloan, Konstituzioaren 149.1, 21 eta 24. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Halaber, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio interes orokorreko trenbide sarea osatzen duten azpiegiturak arautzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 1. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Era berean, Estatuko Administrazio Orokorrari dagokio Interes Orokorreko Trenbide Sareko trenbide azpiegiturak planifikatzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du interes orokorreko herri-lanetan, Autonomia Erkidegoaren lurraldetik igarotzen diren trenbideetan eta lurreko garraioetan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko lanetan ere, eta lurraldearen antolamendurako eta hirigintzarako eskumena ere badu, 1979ko abenduaren 18ko Lege Organikoaren 10. artikuluko 25., 31., 32. eta 33. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.
3.– Bilboko Udala eskumenen titularra da hirigintzako antolamenduaren, kudeaketaren, exekuzioaren eta diziplinaren arloan, bai eta beste administrazio publiko batzuen berezko jardueren osagarri diren jarduerak egitearen arloan ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– Adif eta Adif-Alta Velocidad EPEak Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioari atxikitako erakunde publikoak dira, eta berezko nortasun juridikoa dute, bai eta jarduteko gaitasun osoa eta ondare propioa ere euren helburuak betetzeko, eta Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean eta haren aplikazioari eta aurrekontuei buruzko arauetan ezarritakoaren arabera arautzen dira.
Euren eginkizunak betetzean, bi erakundeek kudeaketa-autonomiaz jarduten dute, betiere interes publikoaren bermea, gizarte-premiei kalitaterik handienarekin erantzutea, erabiltzaileen segurtasuna eta trenbide sistemaren eraginkortasun globala kontuan hartuta.
Ondorioz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Bilboko Udalak eta Adif eta Adif-Alta Velocidad Enpresa Erakunde Publikoek Protokolo hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:
ESTIPULAZIOAK
Lehenengoa.– Xedea.
2006. urtean Euskal Y-a finantzatzeko eta eraikitzeko gomendio-hitzarmena sinatu zen, eta ondoren, 2017an, aldatu zen.
Lankidetza-protokolo honen xedea da bi aldeek Abandoko geltokiaren eta Basauriko behin-behineko geralekuaren eraikuntza eta integrazioa modu koordinatuan garatzeko duten borondatea adieraztea, abiadura handia Bilbora iristearen esparruan.
Protokolo hau berariazko akordioen bidez gauzatuko da. Akordio horiek kasuan kasuko hitzarmenen bidez formalizatuko dira, eta protokolo hau sinatzen duten administrazioek eta erakundeek sinatuko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera. Era berean, beste erakunde batzuk ere hitzarmen horietara batu ahal izango dira, garatu beharreko jarduketen ezaugarriak direla-eta.
Bigarrena.– Aldeen asmoak.
Aurrekoa kontuan hartuta, sinatzaileek honako eremu hauetan modu koordinatuan jarduteko borondatea adierazi dute:
1.– Abiadura handia Bilbora iristeko lurpeko geltoki berriaren informazio-azterlanaren eta eraikuntza-proiektuaren garapen eta izapidetze administratiboa, hiriaren garapen-planekin bat datorren hiri-integrazioko irtenbidea osatuz, Bilboko Udalak idatzi beharreko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren arabera.
2.– Behin-behineko geraleku bat eraikitzea, LAV izenekoaren eta Miranda de Ebro eta Bilbo arteko 700 trenbide linearen arteko bidegurutzean. Geraleku horretan geltoki berria eraikiko da, abiadura handiko zerbitzuak Bilbo ingurura iritsi ahal izateko, Bilboko behin betiko geltokiaren obrak egiten diren bitartean. Behin-behineko geralekua sartzeko tunelaren eta Abandoko lurpeko geltokiaren obrak hasten direnean jarriko da zerbitzuan.
Basauriko behin-behineko geralekua udalerri horretan ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko moduan eraikiko da, eta ez du errepide bidezko ibilgailuen intermodalitatea sortuko (autobusak, taxiak, ibilgailu pribatuak...).
3.– Dagozkien eskumenen barruan, eta eginkizunak gauzatzean ahalik eta koordinazio operatibo handiena sustatze aldera, bi lantalde tekniko eratzeko asmoa dute alderdiek: bata, Abandoko geltoki berrirako (MITMA, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta ADIF), eta bestea, Basauriko behin-behineko geralekurako (MITMA, Eusko Jaurlaritza, Basauriko Udala eta ADIF). Bi lantaldeek euren jarduerak koordinatuko dituzte bi jarduketak aldi baterako lortzeko, protokolo honetan deskribatzen den bezala.
4.– Abando eraikitzeko lantaldearen hasierako zeregina obra zibila zehaztea izango da, ADIFek proiektuak idatzi ondoren geltokiko tren-ustiapenari eragin gabe. Obra zibil hori Eusko Jaurlaritzari aginduko zaio, dagokion hitzarmenaren bidez. Lantalde horrek bermatuko du Eusko Jaurlaritzak egindako obrak eta ADIFek egindako obrak koordinatuko direla.
5.– Abandoko lurpeko geltokiaren trenbide-ustiapenari eragingo ez dioten Bilboko sarrerako tarteko plataformaren obrak eta obra zibila egiteko, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak kudeaketa-agindua egingo dio Eusko Jaurlaritzari.
6.– Basauriko behin-behineko geralekua eraikitzeko lantaldeak proiektuan inplikatutako gai teknikoak, udal-lurzoruetan izan dezakeen eragina eta jarduketen plangintza aztertuko ditu. Basauriko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak beharrezko harremanak izango dituzte Bilboko Udaleko ordezkariekin, eraikuntza-proiektuak onartu aurretik, Bilboko Udalak horri buruzko bere irizpidea azaldu ahal izan dezan.
Hirugarrena.– Protokoloaren indarraldia.
Protokolo honek lau urteko indarraldia izango du sinatzen denetik, eta alderdiek hala adosten badute, berritu ahal izango da.
Laugarrena.– Jarraipen batzordea.
Protokolo honetako jarduketak bultzatzeko eta kontrolatzeko, bai eta protokolo hau interpretatzeko ere, jarraipen-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori alderdi sinatzaile bakoitzeko ordezkari batek osatuko du.
Batzorde horrek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren ordezkaria izango du buru, eta bidezkoak diren erabakiak hartuko ditu, eta protokoloaren xede diren jarduketen jarraipena egiteko eginkizunak bere gain hartuko ditu, administrazio bakoitzari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe.
Protokoloa sinatu duten aldeetako edozeinek eskatuta bilduko da Jarraipen Batzorde hori, eta gutxienez bost lanegun lehenago egingo da bilerarako deialdia idatziz, aztertu beharreko gaien zerrenda eta, hala badagokio, gai horiei buruzko dokumentazioa erantsita.
Batzorde horretan, esku hartzen duten administrazioetako teknikariak sartu ahal izango dira, bai eta, hala badagokio, protokolo honen helburuak betetzeko komenigarritzat jotzen diren beste organismo edo erakunde batzuetako ordezkariak ere.
Hitzarmena behar bezala eratzeko, alderdi sinatzaile guztien ordezkarietako batek egon beharko du bertan.
Kide anitzeko organo horren funtzionamendurako arautu ez den guztia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko du.
Bosgarrena.– Aldaketa.
Protokolo hau eguneratu edo aldatzeko, alderdiek aho batez adostu beharko dute, eta dagokion Eranskinaren bidez formalizatuko da.
Seigarrena.– Protokoloaren azkentzea.
Protokolo hau azkendu egingo da arestian adierazitako helburuak betetzeagatik edo honako arrazoi hauengatik:
a) Proposatutako helburuak amaitzeagatik.
b) Aldeek aho batez hala erabakita.
c) Indarrean dagoen bitartean, jarduketak egitea galarazten duten edo alferrikako bihurtzen dituzten inguruabarrak gertatzea.
d) Protokoloaren deuseztatzea deklaratzen duen erabaki judiziala.
e) Indarrean dagoen legerian aurreikusita ez dagoen beste edozein arrazoirengatik.
Zazpigarrena.– Finantzaketa.
Protokolo honek ez dakar gasturik eta ez du alderdi sinatzaileen arteko kontraprestazio finantzariorik eragingo.
Zortzigarrena.– Protokoloaren izaera.
Protokolo hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera sinatu da, eta ez dakar inolako betebehar juridikorik, ez bestelakorik, ez eta esklusibotasun-betebeharrik ere aldeentat, ez eta esklusibotasun-betebeharrik ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.1 artikuluaren 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera; beraz, ulertzen da hemen azaldutakoez bestelako kanaletara jo dezaketela ulertzen dute aldeek, baldin eta euren helburuak hobeto betetzea ekar badezakete, eta, nolanahi ere, protokolo hau gauzatzeko, euren giza baliabideak eta baliabide materialak erabili beharko dira. Hori guztia protokolo hau aplikatzearen ondoriozko ondorengo hitzarmenei kalterik egin gabe, horien proiektuek eta finantzaketak alderdi guztientzako kostua zehaztuko baitute.
Eta ados daudela adierazteko, agiri honen bost ale sinatzen dira, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministroa,
RAQUEL SÁNCHEZ JIMÉNEZ.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Bilboko Alkatea,
JUAN MARIA ABURTO RIQUE.
Adif eta Adif-AVko Presidentea,
MARÍA LUISA DOMÍNGUEZ GONZÁLEZ.