Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2022ko maiatzaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2047

AGINDUA, 2022ko apirilaren 27koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen baita, 2022. urtean honako jarduera hauek sustatzeko: diagnostiko-azterketak egitea, gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egitea, plan horien jarraipena edo ebaluazioa egitea, eta toki-mailako beste ekimen batzuk egitea edo horiek sistematizatu eta ebaluatzea, baldin eta horien helburua gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea bada.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokio gazte-politikaren gaineko eskumen esklusiboa, eta irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio gazteriarekin lotutako eremuetan eginkizunak betetzeko ardura.

Azken urteetan, arrakala nabarmena sortu da gazteek emantzipatu nahi luketen adinaren eta familiatik emantzipatzeko eta etxebizitza eskuratzeko baldintzak betetzen diren adinaren artean. Horrek ondorio negatibo handiak ditu bai pertsona horien egoera emozionalean eta autoestimuan, bai maila sozial eta ekonomikoan, jaiotze-tasa baxuak eragiten baititu edo lan-merkatuaren malgutasun baxuagoa, besteak beste.

Gazte-emantzipazioa honela definitzen du Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legeak: gazteak gizartean osorik integratzea lortzea, aukera-berdintasunean, modu autonomoan eraiki ahal izateko beren bizi-proiektua eta guztiz baliatu ahal izateko beren eskubideak, zaurgarriagoak diren gazteen artean arreta berezia jarrita. Gazteen emantzipazioa ahalbidetuko duten baldintzak sortzea da, hain zuzen ere, Legearen helburuetako bat.

Helburu hori lortzeko, administrazio publiko guztiek parte hartu behar dute, bereziki tokiko administrazioak, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen dagoen instantzia den aldetik. Ildo horretan, Gazteriaren Legeak administrazio publikoen erantzukidetasuna ezartzen du, bai eta gazteen emantzipazioa eta autonomia bultzatuko duten politika publikoak garatzeko konpromisoa ere.

Hori guztia dela eta, Agindu hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak planteatu du, gazteak gizartean integratzen direla sustatzeko eta beren bizi-proiektuak modu autonomoan garatzeko tresna bat gehiago izan dadin. Horretarako, nahikoa zabala den babes-esparru bat diseinatu du, autonomia-erkidegoko toki-erakundeei zuzenduta, diagnostiko-azterketak egiteko, gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egiteko, plan horien jarraipena edo ebaluazioa egiteko, bai eta toki-mailako beste ekimen batzuk egiteko ere, baldin eta horien helburua gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea bada, edo helburu horrekin lehendik egindako ekimenak sistematizatu eta ebaluatuko badira. Hori guztia dirulaguntzen deialdi honetan zehazten da, publikotasunaren, norgehiagokaren eta objektibotasunaren irizpideen arabera.

Agindu hau 2022. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan dago jasota. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak onartu zuen plan hori 2022ko urtarrilaren 18ko Aginduaren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 8.1 artikuluan jasotako aurreikuspenak betetzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian nahiz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean dago argitaratuta.

Hori guztia dela eta, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta hura garatzen duen Araudian ezarritakoaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko oinarriak ezarri eta deialdia egitea, 2022. urtean honako jarduera hauek sustatzeko: diagnostiko-azterketak egitea, gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egitea, plan horien jarraipena edo ebaluazioa egitea, eta toki-mailako beste ekimen batzuk egitea, baldin eta horien helburua gazteen emantzipazio-prozesuan laguntzea bada edo helburu horretarako lehendik egin diren ekimenak sistematizatu eta ebaluatuko badira.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, gazte-emantzipazioa honela ulertzen da: gazteak gizartean osorik integratzea lortzea, aukera-berdintasunean, modu autonomoan eraiki ahal izateko beren bizi-proiektua eta guztiz baliatu ahal izateko beren eskubide guztiak, zaurgarriagoak diren gazteen artean arreta berezia jarrita.

3.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren jardueren xede diren gazteen artean sartzen dira 18 eta 34 urte bitarteko pertsonak, bi adin horiek barne.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honen helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak, hots, 1.600.000 euro, xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak eskuratu ahal izango ditu nortasun juridiko propioa duen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein toki-erakundek, hau da: udalerriek, kontzejuek, eta udalerria baino eremu baxuagoko beste toki-erakunde batzuek, lurralde bakoitzeko foru-araudiaren arabera eta tokiko araubidearen oinarrizko legedian ezarritakoaren arabera; Arabako Lurralde Historikoko kuadrillek; mankomunitateek eta udalerriaz gaindiko beste erakunde batzuek, nortasun juridiko propioa dutenek, indarreko legediaren arabera eratuta. Horiek guztiek, beren estatutuetan xedatutakoaren arabera, gaitasun eta helburu egokiak eduki beharko dituzte beren jarduera-eremuaren barruan garatu ahal izateko kasuan kasuko jarduerak.

4. artikulua.– Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Ezin izango dute Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan ezarritakoa hartuko da aintzat, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

2.– Onuradun izateko eta hala jarraitzeko dirulaguntzak likidatzen diren arte, erakundeek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarreko xedapenen arabera, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ere.

3.– Nolanahi ere, bat etorriz Euskadiko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoarekin, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta horren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

4.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalak duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Alde horretatik, ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo- edo penala jaso duten erakundeek.

5.– Ez dira erakunde onuraduntzat joko udalaz gaindiko erakunde baten parte izan arren erakunde horren izenean eskatutako jardueraren antzeko beste bat beren kasa aurkezten duten toki-erakundeak, baldin eta udalaz gaindiko erakundearen jarduerari atxikita egon bazitekeen beren izenean aurkezten duten hura.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira kasuan kasuko toki-eremuan gazte-emantzipazioarekin lotuta dauden honako jarduera hauek:

a) Gazteen emantzipazioaren egoerari eta aukerei buruzko diagnostiko-azterketak egitea. Datuak eta informazioa sistematikoki jasotzeko eta horiek antolatu eta aztertzeko prozesuari deitzen zaio diagnostiko. Horren ondorioz, hobeto ezagutu daiteke toki-erakunde zehatz baten errealitatea.

b) Foroak, jardunaldiak eta bestelako topaketak garatzea, gazteen partaidetzarekin, horiekin elkarrizketan aritzeko espazio informal bat sortzeko, hala komunikazioa hobetu, gazteen kolektiboaren egoerak, nahiak eta beharrizanak aztertu, eta aurreko gai horiei buruzko diagnostiko bat adostu ahal izateko, ondoren gazte-emantzipazioaren eremuan jarduteko proposamenak garatu daitezen.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen da herritarren partaidetzarako tresnei buruzko prozesuak garatzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aurreikusitakoaren arabera.

c) Gazte-emantzipazioko plana egitea: agiri bat diseinatu eta idaztea, modu estrategikoan jaso ditzan toki-erakunde batek gazte-emantzipazioko politika espezifiko bat garatzeko epe jakin batean garatuko dituen helburuak, jarduera-lerroak, plangintza, baliabideak, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak.

d) Gazte-emantzipazioko ekimenak jasotzen dituen gazte-plan bat egitea: agiri bat diseinatu eta idaztea, modu estrategikoan jaso ditzan toki-erakunde batek gazteriaren arloko politikak garatzeko epe jakin batean gauzatuko dituen helburuak, jarduera-lerroak, plangintza, baliabideak, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak. Halakotzat joko dira gazteek beren bizitzako eremu desberdinetan dituzten beharrizanak asetzeko egiten diren esku-hartzeak, beren garapen sozial eta kulturala sustatzeko. Horien artean egon beharko dira gazte-emantzipazioko ekimen espezifikoren bat edo batzuk.

e) Dagoeneko onartu den eta egikaritze-fasean dagoen gazte-emantzipazioko plan baten edo gazte-plan baten jarraipena egiteko jarduerak.

f) Dagoeneko gauzatu den gazte-emantzipazioko plan baten edo gazte-plan baten ebaluazioa egitea.

g) Ekimenak diseinatu eta planifikatzea, plan baten irismena, egitura eta denbora-ikuspegia eduki gabe, emantzipazio-prozesuetan eragina duen faktore batean edo hainbatetan eragiteko helburua duen ekintza zehatz bat edo hainbat garatzeko jarduera-programa bat jasota.

h) Deialdi hau indarrean jarri aurreko bost urteetakoren batean gauzatutako emantzipazio-ekimenak sistematizatzea eta ebaluatzea. Sistematizatzeko eta ebaluatzeko lan horren barruan sartuko da ekimena aztertzea eta deskribapen sistematikoa egitea. Bertan, informazioa jasoko da xede-kolektiboari, egindako jarduerei, emantzipazioarekin lotuta landu nahi diren faktoreei, lortutako emaitzei, arrakasta-faktoreei eta emaitzak beste eremu batzuetara lekualdatzeko aukerei buruz.

2.– Deialdian aurreikusten diren jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Argi eta garbi definituta edukitzea helburuak, egin beharreko jardueraren edo egindako jardueren xede-taldeak, eta diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

b) Gazte-emantzipazioko planak eta gazte-planak egitean eta emantzipazio-ekimenak diseinatu eta planifikatzean, nahitaez hartu beharko da oinarritzat diagnostiko bat, dela jarduera horiek jasotzen dituena, dela modu independentean egin dena, Agindu hau indarrean jarri baino lehen.

c) Diruz lagundutako jarduerak 2022ko ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta, beranduenez, 2022ko azaroaren 16an amaitu beharko dira.

3.– Ezin izango zaio inolako laguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen ezein jarduerari, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

4.– Deialdi honen helburua ez da plan edo ekimenetan aurreikusitako ekintza zehatzen betearazpena diruz laguntzea, ez eta horretarako behar den laguntza teknikoa ematea ere.

6. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat hartuko dira behar-beharrezkoak direnak, diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak eta proiektua gauzatzeko aurreikusitako epea amaitu baino lehen egiten direnak; nolanahi ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa errespetatu beharko da.

2.– Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo gelditzen dira honako gastu hauek:

a) Diruz lagundutako jarduera sustatzen duten toki-erakundearen plantilla organikoko langileen gastuak.

b) Inbertsio-ondasunen gaineko gastuak.

c) Erakunde eskatzaileen egituraren gastuak edo zeharkako gastuak.

3.– Zergei loturiko diru-zenbatekoak dirulaguntza jasotzeko modukotzat joko dira, baldin eta dirulaguntzaren onuradunak berak benetan ordaintzen baditu eta ezin badira errekuperatu edo konpentsatu.

4.– Ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek agertzen badira erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, edota laguntzeko modukoak izanik ere ezarritako muga gainditzen badute, ezabatu edo araztu egingo dira gastuok, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

7. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera betearazteko azpi-kontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren % 100era arte azpikontratatu ahalko du erakunde onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoa betez, erakunde onuradunak azpikontratatu egiten duela ulertuko da, baldin eta hirugarren pertsonekin ituntzen badu diruz lagunduko den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira pertsona onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.

Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio.

2.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte obligazioak, eta onuradunak bere gain hartu beharko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen gaineko erantzukizun guztia.

Aurretik jasotakoa betetzeko, erakunde onuradunei dagokie: dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer itunduz gero, dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak errespetatuko direla ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharrari lotuta egongo dira kontratistak, aipatutako mugak betetzen direla egoki egiaztatu ahal izan dadin.

3.– Alabaina, erakunde onuradunak ezin izango ditu itundu, diruz lagundutako jardueraren gauzatze oso edo partzialerako, honako hauek:

a) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsonak edo erakundeak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen bada, ordainketa hori ez badago justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuek merkatuan duten balioaren erreferentziaren arabera.

d) Erakunde onuradunarekiko loturaren bat duten pertsonak edo erakundeak, egoera hauetako batean izan ezik:

1) Dirulaguntza ematen duen organoaren aurretiazko baimena lortzea.

2) Diruz lagun daitekeen zenbatekoa ez izatea erakunde lotuak egindako kostua baino altuagoa. Justifikazioan egiaztatu beharko da kostua, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza berberetan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren erakunde eskatzaileak.

8. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.

3.– Izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1201802

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta egon daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak:

1.– Eskabidea (edukia I. eranskinean ageri da) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki normalizatuan beteko da, eta, bertan, honako agiri hauek jasoko dira:

a) Erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria, dirulaguntzaren xede den jarduera egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena, edo ordezkariak erakundearen izenean erabaki hori hartzeko adina botere duela adierazten duena.

b) Eskumena duen organoak erakunde sustatzaileari emandako finantzaketa ordaintzeko nahikoa kreditu dagoela adierazten duen ziurtagiria.

c) Udalaz gaindiko erakundeen kasuan, gainera, sormen-araua adierazi beharko da, edo, hala denean, dagokion erregistro publikoko inskripzioa.

d) Gazte-emantzipazioko planen edo gazte-planen jarraipena edo ebaluazioa egiteko dirulaguntzen eskabideetan, bai eta lehendik egindako emantzipazio-ekimenen sistematizazio eta ebaluazioari buruzko horietan ere, onartutako plana edo ekimena aurkeztu beharko da, finantzatu nahi diren jarduerekin lotutakoa.

e) Era berean, eskabideak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki iritzitako dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

2.– Erakunde batek 5. artikuluko 1. paragrafoan deskribatutako jarduera bat baino gehiago aurkeztu nahi baditu, jarduera beste eskabide-inprimaki aurkeztu beharko ditu, horiei dagokien dokumentazio erantsiarekin.

3.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio Gazteria Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari.

10. artikulua.– Erakunde eskatzailearen baldintza eta betebeharrak egiaztatzea.

1.– Eskabidea aurkeztean baimena ematen da kudeaketa-organoak automatikoki egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete egiten direla, salbu eta berariaz ukatzen bada baimen hori. Kasu horretan, erakunde onuradunak Ogasun eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek igorritako ziurtagiri egokiak aurkeztu beharko dituzte. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza eman eta ordainketak egiteko unean.

2.– Dirulaguntza eskatzen duen erakunde eskatzaileak berariaz adieraz dezake baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko ditu erakundeak eskabidearen instantzia normalizatuan honako betebehar hauek:

– Ez izatea Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko aurreikusitako debeku bat bera ere.

–- Dirulaguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea, eta laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dion zehapen administratibo edo penalik ez izatea, sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

– Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea. Eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzen egotea. Bestela, dagozkion prozedurak adierazi beharko dira.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, zeinahi dela ere haiek ematen dituen administrazioa edo erakunde publikoa zein pribatua.

– Era berean, erakunde eskatzaileak berariaz adierazi beharko du eskabide honetan bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak direla.

Edozein daturen, adierazpenen edo batera edo barnean hartuta doan dokumentuaren zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe. Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da. Zuzenketak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada paperean, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio erakunde interesdunari. Ildo horretatik, eskabidearen aurkezpen-eguntzat hartuko da bide hori erabilita egin zenekoa.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Deialdia lehiaketa-prozeduraz ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabideak alderatuko dira dirulaguntzak ematean, horien arteko hurrenkera ezartzeko, 14. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideen arabera. Beraz, laguntza esleituko zaie soilik 40 puntu baino gehiagoko balorazioa lortu duten eskabideei, beheranzko ordenan, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, harik eta Agindu honen 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua agortzen den arte, hala badagokio.

Lortutako puntuazioan bi eskabide edo gehiagoren artean berdinketa badago, dirulaguntza esleitzeko kontuan hartuko da eskabideen betearazpenaren balorazioak bakoitzari esleitzen dion hautazko zenbakiaren goranzko ordena, aplikazio telematikoan sortutako eskabide-inprimakian islatuta geratuko dena.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako kide hauekin:

– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, gazteriako arduraduna.

– Batzordekidea: Beñat Martínez Castillo, gazteriako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, gazteriako teknikaria.

– Batzordekidea: María Jesús Emazabel Lekuona, gazteriako teknikaria; idazkari ere jardungo du. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocariz Sorolla, gazteriako teknikaria.

2.– Eskabide guztiak balorazio- eta esleipen-irizpideen arabera baloratu ondoren, Balorazio Batzordeak Gazteriako zuzendariari igorriko dio ebazpen-proposamena, bertan jasota onartu diren eta onartu ez diren eskabideak, baztertzeko arrazoi eta guzti, bai eta ekimenen balorazioa ere, eskatutako dirulaguntzak baietsi edo ezetsiz.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Aurkeztutako eskabideek lortzen duten puntuazioa jarraian adierazten diren irizpideak aplikatzearen ondorioz eskuratutakoa izango da:

a) Proposatutako jardueraren kalitatea: 38 puntu, gehienez. Atal honen barruan honako alderdi hauek baloratuko dira:

– Helburuen egokitzapena: kontuan hartuko da zein neurritan diren egokiak jardueraren helburuak deialdi honen helburuarekiko, zein neurritan dauden argi eta garbi zehaztuta, zein neurritan diren errealistak, eta zein neurritan dauden oinarrituta jardueraren xede diren gazteek emantzipazioaren arloan dituzten beharrizanetan. 12 puntu, gehienez.

– Jardueraren helburuak lortzeko metodologia egokiaren erabilera: 10 puntu, gehienez.

– Diruz lagunduko den jardueraren helburuen, helburu horiek lortzeko proposatutako ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia: 8 puntu, gehienez.

– Genero-ikuspegia: kontuan hartuko da zein neurritan hartzen diren kontuan sistematikoki jardueraren fase guztietan zehar emakume eta gizonen egoera, baldintza, nahi eta beharrizan desberdinak. Bereziki baloratuko da, datuak eta/edo adierazleak sexuaren arabera banatzeaz gain, sakondu egiten dela emakumeen eta gizonen egoera desberdinak aztertu eta interpretatzeko orduan, eta helburu eta jarduera espezifikoak sartzen direla parekidetasunik eza ezabatu eta berdintasuna sustatze aldera. 8 puntu, gehienez.

b) Jarraitutasuna eta ikuspegi integrala: diruz lagundutako jarduerak erakunde horrek gazte-emantzipazioaren gainean aldez aurretik garatu dituen eta, hala badagokio, eremu horretan etorkizunean garatu nahi dituen beste jarduera batzuekin duen lotura eta koherentzia baloratuko dira. 20 puntu, gehienez.

c) Proposamenaren irismena; horretarako, jardueraren influentzia- eta eragin-maila baloratuko da, ikuspegi kualitatibotik, jarduera-motaren arabera ezartzen den hurrenkerari jarraikiz:

– Emantzipazio-plan bat egitea: 17 puntu.

– Gazte-plan bat egitea: 15 puntu.

– Diagnostiko-azterketa bat egitea, gazte-emantzipazioko plan baten edo gazte-plan baten jarraipenerako edo ebaluaziorako jarduerak egitea, eta emantzipazio-ekimenak sistematizatu eta ebaluatzea: 10 puntu.

– Foroak, jardunaldiak eta bestelako topaketak egitea gazteen partaidetzarekin, eta emantzipazioaren arloan ekimenak diseinatu eta planifikatzea: 6 puntu.

d) Arreta espezifikoa 24-34 urteko gazteen taldeari: 10 puntu, gehienez.

e) Arreta berezia ematea azken 24 hilabeteetan beren emantzipazio-prozesua eten behar izan duten gazteei: 10 puntu.

f) Erakunde eskatzaileak jarduera horretarako dituen sarreren eta jarduerarako aurrekontu osoaren arteko proportzioa, bitartekoen ehunekorik handiena baloratuz: 5 puntu, gehienez.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Diruz lagunduko diren jardueren kostuaren % 100era arte lagundu ahalko da diruz, nahiz eta erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzen zenbateko osoa ezin izango den izan 60.000 eurotik gorakoa.

16. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Gazteriako zuzendariaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura kudeatzea.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Gazteriako arduradunak ezarriko du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena, Balorazio Batzordeak igorritako proposamena ikusita.

2.– Ebazpena erakunde interesdun guztiei jakinaraziko zaie, gehienez sei hilabeteko epean, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Jakinarazpenak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke organo hierarkiko altuagoaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako epea igaro eta ez bada ebazpenik jakinarazi, erakunde interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren eskabideak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Denek jakin dezaten, eta hargatik eragotzi gabe erakunde interesdunei espresuki eta banaka jakinarazteko beharra, iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, emandako laguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda jasoko duena, laguntzen diru-kopuruak eta destinoak barne.

18. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

– Gazteria Zuzendaritzak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea diruz lagundutako jardueren ziozko ekintza eta material guztietan, idatzizkoetan nahiz multimediakoetan.

– Hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako arlo guztietan eta emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua bermatzea diruz lagundutako jardueretan.

– Berariaz aipatzea Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren berri duten datatik aurrera dirulaguntza jaso duen jarduera dela-eta egiten diren azterketa, plan edo prozeduren aleetan edo horren zioz argitaratzen diren idatzizko nahiz multimediako bestelako materialetan. Gainera, diruz lagundutako jardueraren ondorioz sortzen diren azterketa, plan edo prozeduren ale bat aurkeztu behar dute beren kontura edo, bestela, horien kopia euskarri fisiko edo magnetikoan, materialaren izaera edo euskarriaren egokitasunaren arabera. Betebehar honetatik salbuetsita egongo dira behin jarduera bukatuta eskabidea aurkeztu eta dirulaguntza jasotzen duten erakundeak, baita dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien komunikazioa behin jarduera bukatuta jasotzen duten erakundeak ere.

– Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak oro har gazteen alorrean eta zehazki diruz lagundutako jarduketarekin lotura duten alorretan eskatzen dizkion datu estatistikoak ematea. Datu horiek sexuaren arabera banakatuta eduki beharko dira.

– Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero –eta, hala badagokio, eskuratuz gero–, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

– Diruz lagundutako jardueran gorabeheraren bat gertatuz gero, organo kudeatzaileari jakinaraztea. Organoak, hala dagokionean, behar diren egokitzapenak egingo ditu, indarrean dagoen araubidearen arabera.

20. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ordainketa bakarra egingo da, emandako dirulaguntzaren zenbatekoan, dirulaguntzaren erabilera Gazteria Zuzendaritzan justifikatu ondoren, hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan agertu behar du.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

3.– Nolanahi ere, dirulaguntza horiek ordaintzeko ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Era berean, ez da inolako ordainketarik egingo, onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duenak) 75. artikuluan ezarritakoa, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean eta 2022ko abenduaren 1a baino lehen, erakunde onuradunek jarraian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

a) Justifikazio-kontu sinplifikatua, honako hauek jasoko dituena: egindako jardueraren memoria xehatua, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (betetakoa), eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko gastuen zerrenda sailkatua. Diru-sarreren eta gastuen aurrekontuan (betetakoa) barne hartuko da xeheki diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira. Halaber, hauek agertuko dira gastuen zerrendan: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, igorpen-data, eta, hala badagokio, ordainketa-data. Justifikazio-kontu sinplifikatuaren eredua. Horren edukia II. eranskinean agertzen da eta euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/1201802

b) Egindako azterketa, plan eta prozeduren bertsio linguistikoen aleak, bai eta material grafiko, idatzizko edo multimediakoenak ere, jasotako dirulaguntzari emandako xedea dokumentatzen dutenak. Horietan guztietan berariaz aipatu beharko da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren laguntza jaso dela.

2.– Gazteria Zuzendaritzak ausaz egiaztatuko ditu egoki iritzitako egiaztagiriak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratzen dituzten gastu-egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango diote onuradunari.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste laguntzarik eta dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Gazteria Zuzendaritzak ebazpen egokia ezarriko du, emandako dirulaguntza aldatu edo/eta likidatzeko. Ebazpen horretan, hala badagokio, zenbatekoa egokituko da.

Zenbatekoa proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz egokituko da, eta kontuan hartuta betetze-maila guztiz betetzetik nabarmen hurbiltzen dela eta onuradunek beren konpromisoak argi eta garbi bete dituztela egiaztatzen dutela. Hala, helburu partzialak edo jarduera zehatzak betetzen ez badira, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko da; zehazki, horietara bideratutako dirulaguntzaren zatia.

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan arautzen dituen gainerako ez-betetzeak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan arautzen dituenak.

2.– Baldin eta egiaztatzen bada egoera horietakoren bat gertatu dela, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bai jasotako kopuruak, bai dirulaguntzen arloan aplikagarria den legezko berandutze-interesa. Bi arau hauek agindutako moduan eta horiek arautzen dutena beteta egingo da itzulketa hori: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskabidean ageri diren izaera pertsonaleko datuak tratatuko dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Gazteriaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza.

– Helburua: Gazteriaren arloko laguntzen kudeaketa.

– Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak dituzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren eskubideak ere.

– Informazio gehigarria: web-orri honetan kontsulta daiteke datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124700-capa1-eu.shtml

Honako xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– Datu Pertsonalen Babeserako eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 27a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala