Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2022ko maiatzaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2044

AGINDUA, 2022ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko 2021-2022 ikasturtean honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Itsas Arrantzako Blas de Lezo LHIIn; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza eta nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea». Bestalde, 18.1.ń) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».

Eskumen-esparru horren barruan, lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko prestatu da beka-deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horrekin lotuta, 2021eko ekitaldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko maiatzaren 26ko Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez beka-deialdia egiten baita itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko 2020-2021 ikasturtean honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Itsas Arrantzako Blas de Lezo LHIIn; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

Halaber, deialdi honetan, berriz ere aukera ematen da lantokiko prestakuntzako moduluei bekak emateko, heziketa-zikloen parte diren aldetik (B eta C mailak), betiere 3. zerrendako arrantza-ontzietan egiten badira, hala ezartzen baita Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoarekin bat, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 1.– Beka-deialdia egitea itsas arrantzaren arloko ikasketak egiteko 2021-2022 ikasturtean honako ikastetxe hauetan: Pasaiako Itsas Arrantzako Blas de Lezo LHIIn; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskolan, eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzarako Lanbide Heziketako ikastetxean.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Bekak honako kontzeptu hauetarako erabiliko dira:

– Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeko gastuak.

– Ikastetxera joateko gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketa-materialerako gastuak.

Hirugarrena.– Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta puntuazioa horretarako izendatutako Balorazio Batzordeak ezarriko du. Hautagaiek behar bezala matrikulatuta egon beharko dute 2021-2022 ikasturtean, itsas arrantzari buruzko ikasketen edozein ikastetxetan. Pertsona bakoitzari puntuazioa esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

1.– Egin beharreko ikasketen maila:

* B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak: 8 puntu.

* C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak: 6 puntu.

* D maila.– Itsasbazterreko patroi balioaniztuna: 6 puntu.

Horrela, dirulaguntza jaso dezakeen jarduera egiteko eskatzen diren betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten eta edozein itsas arrantzako eskolatan behar bezala matrikulatuta egon diren eskatzaile guztiek jasoko dute beka.

B eta C mailetan, eskatzaile hauek jaso ahal izango dute beka: ikasleak eskolatzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren beka- eta laguntza-deialditik kanpo geratzen direnak (Agindua, 2021eko uztailaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egiten duena 2021-2022 ikasturterako; 2021eko uztailaren 23ko EHAA, 146. zk.).

D mailan, itsasbazterreko patroi balioaniztunari dagokionean (36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza-sektoreko lanbide-tituluak arautzen dituena; 2014ko otsailaren 17ko BOE, 41. zk.), ikasketa teorikoak egiteko bekak emango zaizkie beka horiek eskatzen dituzten eta baldintzak betetzen dituzten guztiei, ikasketa horietarako bekarik ez baitu ematen Hezkuntza Sailak.

Beste alde batetik, B eta C mailetan, agindu honetan deitutako bekak jaso ahal izango dituzte prestakuntzaren zati praktikoa (lantokiko prestakuntza) jarduneko arrantza-ontzidiaren erroldan 3. zerrendan inskribatuta dauden arrantza-ontzietan egingo duten pertsona guztiek, hala ezarrita baitago Oinarrizko Lanbide Heziketaren antolamendua eta ezarpena arautzen dituen ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan (2015eko ekainaren 12ko EHAA, 109. zk.). Kasu horietan, pertsona bakoitzari puntuak esleitzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

B maila.– Goi-mailako heziketa-zikloak: 4 puntu.

C maila.– Erdi-mailako heziketa-zikloak: 3 puntu.

2.– Ohiko bizilekuko udalerritik ikastetxea dagoen udalerrira dagoen distantzia: Irizpide honen kalkulua egiteko, kontuan hartuko da herrigunetik ikastetxera dagoen distantzia, eskala honi jarraituz:

* 1. taldea, 50 kilometro baino gehiago: 16 puntu.

* 2. taldea, 31 eta 50 kilometro artean: 8 puntu.

* 3. taldea, 11 eta 30 kilometro artean: 4 puntu.

* 4. taldea, 5 eta 10 kilometro artean: 2 puntu.

3.– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:

* Ezkontidea edo izatezko bikotekidea izateagatik (ezkontideak lan egiten ez badu): 2 puntu.

* Seme-alaba bakoitzarengatik: 2 puntu.

* Senide bakoitzarengatik (adingabe ez-emantzipatuak badira, edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan): 1 puntu.

4.– Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:

* 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.

* 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.

* 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.

Laugarrena.– Honako hauek izango dira beka hauen onuradun izateko baldintzak:

1.– Beka hauen onuradun izan ahal izango dira dirulaguntza jasotzea dakarren egoeran dauden pertsonak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako inguruabarrak betetzen dituztenak, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

2.– Eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eskabidea egiteko unean, bai ordaintzeko unean.

3.– Onuradunek egunean ordainduta izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bai bekadun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte egoera horretan jarraitzeko, eta, horregatik, bekak emateko eta ordainketak egiteko unean alderdi hori egiaztatuko da.

4.– Eskatzaileek administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute ikasturte osoan.

5.– EAEko itsas arrantzako irakaskuntzako hiru eskoletako edozeinetan matrikulatuta egotea, aurreko ebazpen-zatian adierazitako ikasketetan.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, hirugarren ebazpen-zatian azaldutako irizpideei jarraikiz egiten duen balorazioaren arabera.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Aitor Arrate Irureta, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Egitura Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: Beatriz Guinea Aramendi, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.

Kideak: Ana Manzano, Karmele San Miguel eta Mikel Santiso, Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako ikastetxeetako zuzendariak, hurrenez hurren.

Seigarrena.– Aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten hautagaiak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari. Hark ebazpen bidez esleituko ditu agindu honen bidez deitutako bekak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hilabeteko epean. Ebazpen horretan, onuradunen zerrenda bilduko da, puntuazioa eta emandako bekaren diru-zenbatekoa zehaztuta eta urteka xehatuta; ebazpenean, halaber, ukatutako eskabideen zerrenda jasoko da, eskatzaileen izena eta ukatzeko arrazoiak adierazita. Interesdunei jakinarazpena egiteko, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez ere 10 eguneko epean, deialdia ebazteko epea bukatzen denetik aurrera. Epe hori igarota jakinarazpenik jaso ez duenak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Nolanahi ere, Administrazioak berariaz ebazteko betebeharra dauka. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Zazpigarrena.– 1.– Gehienez ere, 140.506 euro baliatuko dira 2021-2022 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Bekak 2.404,05 eurokoak izango dira gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko dira. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako zenbatekoa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua, agindu honen hirugarren ebazpen-zatian ezarritako irizpideen arabera.

3.– Beken onuradunek honako xedapen hauetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua. Ildo horretatik, onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio guztia ematea, betiere erakunde horiek laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

Halaber, betebehar espezifiko hauek izango dituzte:

1.– Matrikulatuta dauden modulu edo irakasgai guztiak gainditzea, hala badagokio, prestakuntza praktikoa gainditzea eta eskolara joateko gutxieneko baldintzak betetzea:

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15era arte.

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatuta, eskolaldiaren % 30era arte.

2.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

Zortzigarrena.– Bekak 2021-2022 ikasturtearen iraupena izango du.

Bederatzigarrena.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek aurrez aurreko edo elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: eskabideak ikasketa-zentro hauetan aurkeztuko dira, dagokien dokumentazioa erantsita:

• Pasaiako Itsas Arrantzako Blas de Lezo LHII (Marinos 2 – 20110 Pasaia, Gipuzkoa).

– Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola (Ongintza z.g. – 48370 Bermeo, Bizkaia).

Edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

– Elektronikoki: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, oinarri honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (aurrez aurrekoa zein elektronikoa izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

2.– Pertsona juridikoek baliabide elektronikoz aurkeztuko dituzte eskabideak, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

3.– Eskabideak eta eskabideen izapidetzeari buruzko adierazpenak, eta behar diren gainerako ereduak edo memoriak, aurrez aurre nahiz elektronikoki, eskura egongo dira egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030107

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea Zuzenean zerbitzuan aurkezteko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatzea: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean

4.– Beka eskatzeko inprimakia euskadi.eus webgunean egongo da eskuragarri, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen nortasun agiri nazionalaren edo AIZren fotokopia.

b) Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-egoitza duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du dagokion foru-ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

f) Foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak betetzen dituela eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak betetzen dituela adierazten duten ziurtagiriak.

g) Hirugarrenaren altaren inprimakia. Elektronikoki izapidetu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Datuak egiaztatzeko sistemaren bidez kontsultatu daitezkeen agiriak aurkeztu beharrik ez dago, hala ezarrita baitago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Horretarako, interesdunak baimena eman beharko du –beka eskatzeko ereduan jasota dago–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamargarrena.– 1.– Ikasketa teorikoen kasuan, beka bakoitzari dagokion zenbatekoa gorabehera, emandako laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, zenbateko osoarena, ikasturtea amaitu ondoren; betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatu den modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu. Probetxu hori aldez aurretik baliozkotuko dute Ebaluazio Batzordeko kideek, eta ikasleek matrikulatuta dauden modulu edo irakasgaiak gainditu dituztela egiaztatuko dute, baita deialdi honetan eskatzen diren eskolara joatearen ehunekoak ere.

2.– Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuetara mugatuko da, eta, alde horretatik, onuradunak gastu horien ziurtagiriak (originalak edo kopia konpultsatuak) aurkeztu beharko ditu, hilabeteko epean, ikasturtea amaitzen den egunetik hasita. Justifikazio hori bigarren ebazpen-zatian jasotako gastuei buruzkoa izango da: ohiko bizilekutik kanpoko egoitza-gastuak, ikastetxera joateko gastuak, mantenu-gastuak eta ikasketa-materialerako gastuak.

Hamaikagarrena.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar beka-deialdia egiteko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, esleitu eta eman zitzaion zenbatekoa itzuli beharko du, bai eta dirulaguntzen arloan ezarritako berandutze-interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela-medio bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoak bueltatu beharko ditu.

Hamabigarrena.– 1.– Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Eskolara ez joatea honela neurtuko da:

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15 baino gehiagotan, beka galduko du, eta jasotako kopuruak bueltatu beharko ditu.

– Ikaslea ez badoa eskolara, baina justifikatu egiten badu, aurreko atalean azaldutako ondorio berberak egongo dira, baldin eta hutsen kopurua % 30 baino handiagoa bada. Nolanahi ere, eskolara bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.– Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua atera ez izana justifikatzen badute eskolaz kanpoko arrazoi larriak agertuta; arrazoi horiek kasuan-kasuan baloratuko ditu agindu honen laugarren ebazpen-zatian ezarritako batzordeak.

3.– Halaber, ikasleek galdu egingo dute lantokiko prestakuntzarako beka jasotzeko eskubidea, baldin eta ez badute modu sinesgarrian egiaztatzen prestakuntza hori egin dutela. Horretarako, prestakuntza praktikoa egin den arrantza-ontziko armadorearen idazki bat aurkeztu beharko dute.

4.– Beka galduz gero, jasotako kopuruak itzuli beharko dira, bai eta kopuru horiei dagozkien berandutze-interesak ere.

Hamahirugarrena.– Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta funts publikoen kontura helburu bererako ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketako bat esleitzen badiote, laguntzetako bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.– Bekadunak beka galduko du, eta jasotako zenbatekoa eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako betekizunen bat, edozein dela ere, bete ez duela egiaztatzen bada, onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira, eskolari probetxurik atera ez badio edo ez bada eskolara joan, edo beste ez-betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Horrelakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute. Hori guztia, honako hauetan xedatutakoaren arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen baita; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Araudia onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 27a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala