88. zk., 2022ko maiatzaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (321 KB - 21 orri.)
- EPUB (133 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1956
AGINDUA, 2022ko apirilaren 27koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, 2022ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak arautzen eta deitzen dituena oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren ETEak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria programa.
Administrazio Publikoak, EAEren garapen lehiakorrari ekiteko, arreta handia jarriko du digitalizazioan eta bertako gaitasun teknologikoen sustapenean, RIS3 estrategiaren barruan.
Alabaina, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak markatzen du oraintsuko errealitatea. Ahalegin eta lan handia eskatu digu eta eskatuko digu suspertzeko. Pandemia horrek EAEko ekonomian eta enpleguan eragin du, orobat, eta haren aurretiko mailak berreskuratu beharra dago, erronka berriei eta premia berriei egokituta.
Zentzu horretan, 2020-2024 Gobernu Programak ekonomia suspertzearen, enplegua berreskuratzearen eta kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten du, hazkundea berreskuratzeko eta langabezia-tasa berriz ere % 10etik behera egoteko. Estrategia hori industria aurreratuan, inbertsioan, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarritzen da, EAE industriaren eta teknologikoaren erreferente bihurtzeko, eta honako erronka hauei heltzeko: eraldaketa energetiko-ekologikoa eta eraldaketa digital-teknologikoa, aukera-hobi gisa (adimen artifizialean, big datan, gauzen Internetean, 5Gn, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean aurrera egitea, besteak beste); gure industria- eta ekonomia-ehunaren erresilientzia indartzeko beharra; enpresa-kultura berria –inklusibo eta parte-hartzaileagoa– lantzen jarraitzea, enpresen berrikuntza-faktore gisa; eta energia-trantsizioan sakontzea, ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera egin ahal izateko.
Hori guztia Europar Batasunaren lurralde- eta gizarte-kohesioaren arloko zuzentarauen arabera, gizarte-politiken aldeko apustu irmoa eginez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak defendatuz, desorekak murrizte aldera (genero-arrakala eta soldata-arrakala, besteak beste).
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa du, eta batez ere, finantzaketa eskura dezaten errazteko konpromisoa; izan ere, hori faktore bakarra ez bada ere, mugatzen die, halere, hazi ahal izateko aukera eta lehiakortasuna hobetzen dieten jarduerak abian jartzekoa, bai eta, halaber, ahalegina oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten proiektuetan paratu dezaten ere. Horretarako, 2021eko martxoaren 17ko Aginduak onartutako eta 2021eko ekainaren 30eko Aginduak eta 2022ko otsailaren 16ko Aginduak aldatutako 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak Gauzatu-Industria programa barne hartzen du, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren ETEak sortu eta garatzeko aurrerakin itzulgarrien programa.
Agindu honi Europar Batasuneko honako erregelamendu hauek aplikatuko zaizkio:
– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua. Horren arabera bateragarritzat jotzen dira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua (ETEen aldeko inbertsiorako laguntzak), Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, L 187, 2014ko ekainaren 26an) (aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra); haren aplikazioa 2023-12-31ra luzatu da.
– Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.
– Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua. Erregelamendu horren bidez, bateragarri jotzen dira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; haren aplikazioa 2022-12-31ra luzatu da.
Hala, araututako laguntzek erregelamendu horietan xedatutakoa betetzen badute, dagokien baimena lortzeko, Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geldituko dira, eta aski izango da kasu bakoitzean aurreikusitako epearen barruan jakinaraztea.
Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arauemaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 11/2021 Legean ezarritako aurrekontu-kredituen kontura finantzatuko da deialdi hau.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2022ko ekitaldi honetarako arautu eta deitzea oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren ETEak sortu eta garatzeko aurrerakin itzulgarriak.
Deialdi honen babesean 2022an ematen diren laguntzei aplikatuko zaizkie agindu honetan jasotzen diren xedapenak, harik eta horiek erabat likidatu arte.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
Aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, eta publikotasun, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.
3. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.
Deialdi honen xede diren laguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:
1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 187, 2014-06-26), aurrerantzean, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra. ETEen aldeko inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.
Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 193, 2014-07-01). Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzei buruzko 17. artikuluaren barruan daude laguntza horiek.
Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 369, 2014-12-24). Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzei buruzko 42. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.
2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa betetzen bada betiere.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria (zehazki, 28 000 000,00 euro).
Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako esleipenetik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzari jarraikiz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak (ETEak), betiere erauzketako industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta lotutako zerbitzuetakoak (industriako produktu-prozesuari lotuta) badira eta oinarri teknologikokotzat edo berritzailetzat jotzen badira, bai eta haien jarduera nagusia baldin bada industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa - BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea.
Enpresa txiki eta ertainak –ETEak– honako hauek izango dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Enpresa txikitzat joko da 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.
Enpresa elkartu edo lotuei dagokienez, langileak eta mugak zenbatzeko orduan, honako artikulu hauek beteko dira: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamenduetako (EB) bakoitzaren 4., 5. eta 6. artikuluak.
2.– ETEek ekoizpen-zentro bat edo batzuk eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, eta zentro horietan kokatuko dira laguntza jaso dezaketen inbertsioak; gutxienez hiru urtez atxikiko dituzte, halaber.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren parte diren erakundeak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutakoaren arabera.
b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-ikerketako erakundeek.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen eskakizunak.
1.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:
a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egotea, besteak beste:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
– Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.
b) Krisialdi-egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutako definizioaren arabera (EBAO, C 249, 2014-07-31).
c) Laguntzak berreskuratzeko aginduren baten eraginpeko enpresak, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
2.– Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.
7. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak.
Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresen izaera balioesteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– Teknologikoak; gehienez 70 puntu lortu ahalko dituzte.
a) Funtsezko irizpideak; 0-10 puntu bakoitzean.
1.– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea (EIN irizpidearen arabera); energia, fabrikazio aurreratua eta biozientziak-osasuna esparruek lehentasuna izango dute, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planean (RIS3 - Espezializazio Adimentsua) xedatutakoa betez. Enpresak zer sektoretan jarduten duen hartuko da kontuan, baita hari lotuta zer sektore dauden ere (bezeroak eta hornitzaileak).
– Intentsitate teknologiko handiko sektoreetako enpresak (8-10 puntu).
– Intentsitate teknologiko ertaineko sektoreetako enpresak (4-7 puntu).
– Intentsitate teknologiko txikiko sektoreetako enpresak (1-3 puntu).
2.– I+G+B inbertsioen maila altua izatea. I+G+Bra eta berrikuntza teknologikora bideratzen diren baliabideak izango dira kontuan (aurrekontua, lantaldea, eskarmentua, tresneria eta abar).
– Enpresak ehuneko handia bideratzen du (sektoreko batezbestekoari dagokionez) I+Gra bere salmenta-zifretatik (8-10 puntu).
– Enpresak ehuneko adierazgarria bideratzen du I+Gra (4-7 puntu).
– Enpresak baliabide gutxi bideratzen ditu edo ez du baliabiderik bideratzen I+Gra (1-3 puntu).
3.– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa. Bere sektoreko ezagutza teknologikoa hartuko da kontuan (enpresak aurrez izan dituen kasuak eta adibideak deskribatuz).
– Enpresak, ezagutza teknologiko «esklusiboa» izateaz gain, modu egokian industrializatzen du ezagutza hori (8-10 puntu).
– Enpresak ezagutza teknologiko berritzailea du (produktu eta prozesu berriei buruz) bere sektorearen batezbestekoari dagokionez, eta ezagutza hori merkaturatuz, nolabaiteko desberdintasunaz lehiatzeko aukera ematen dio (4-7 puntu).
– Enpresak ez du ezagutza teknologiko bereizgarririk bere sektorean (1-3 puntu).
b) Euskarri irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.
1.– I+G+Bko proiektuak ustiatzea. Bere I+G produktu edo prozesu berriak garatzera bideratuta egotea balioetsiko da.
– Enpresak merkaturatzen dituen produktu edo prozesu berriak garatzera edo hobetzera bideratzen du bere I+G (8-10 puntu).
– Noizean behin, enpresak barne-garapenak edo I+G arlokoak ustiatzen ditu lankidetzan (4-7 puntu).
– Enpresak ez du I+G ustiatzen eta atzerapena du bere sektoreko produktuetan eta prozesuen maila teknologikoan (1-3 puntu).
2.– Norbere teknologia babestua izatea, desberdintzea ahalbidetuko diona. Enpresak dituen patenteak, markak, erregistratutako modeloak eta know-howa zehaztu behar dira.
– Enpresak bere patenteak edo teknologia-maila handia ditu (8-10 puntu).
– Enpresak emandako lizentziak edo nolabaiteko teknologia-maila ditu (4-7 puntu).
– Enpresak ez du patenterik edo lizentziarik, eta bere ezaguera eta baliabide teknologikoek ez diote sektorean desberdintzea ahalbidetzen (1-3 puntu).
c) Bigarren mailako irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.
1.– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua. Berrikuntza teknologikoko profilaren arabera egokiak diren balioetsiko da.
– Enpresa parke teknologiko batean dago, berrikuntza teknologikoko bere profilari jarraikiz. Edo enpresa berria BIC batean eratu da, eta harekin elkarlanean aritu da bere Negozio Plana garatzeko eta gauzatzeko orduan (8-10 puntu).
– Enpresa parke teknologiko edo BIC batean zegoen hasieran, baina lekuz aldatu da gero. Edo nolabaiteko harremana izan du BIC batekin (5-7 puntu).
– Enpresa edo enpresa berria ez da inoiz egon parke batean eta ez du harremanik izan BIC batekin (ez zaio punturik ematen).
2.– Harremana eta irisgarritasuna. Lankidetzak Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko eskaintza teknologikoarekin (unibertsitate-sailak, zentro teknologikoak, laborategiak eta abar), eta teknologiaren edo berrikuntza irekiaren arloko beste lankidetza-hitzarmen batzuk bezeroekin, hornitzaileekin, klusterrekin edo berrikuntza-sareekin.
– Enpresak unibertsitateak, zentro teknologikoak eta laborategiak ezagutzen ditu eta horiekin elkarlanean aritzen da aldizka, horiek EAEkoak, estatukoak nahiz nazioartekoak izan. Gainera, hitzarmenak ditu horietako batekin edo batzuekin (8-10 puntu).
– Enpresa elkarlanean aritzen da eskaintzaren zentroren batekin, edo lankidetza teknologikoko edo elkarrekin garatzeko hitzarmenak egiten ditu bezeroekin, hornitzaileekin edo sektoreko beste enpresa batzuekin. Edo klusterrekin (4-7 puntu).
– Enpresak ez du lan egiten eskaintza teknologikoarekin, eta ez du lankidetza tekniko edo teknologikorik beste enpresa batzuekin (0-3 puntu).
Enpresak oinarri teknologikoa duela ulertuko da baldin eta ebaluazioan lortutako guztizko nota a) apartatuko gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada, eta irizpideen tipologia bakoitzean lortutako guztizko nota:
– a.1) apartatuko irizpideei dagokien gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada.
– a.2) eta a.3) apartatuetako irizpideei dagokien gehieneko notaren % 40 edo handiagoa bada.
Proiektu teknologikoa berritzailetzat joko da automatikoki, eta 30 puntu lortuko ditu.
2.– Berritzaileek 30 puntu izango dituzte gehienez.
1.– Irizpide hauek 3 puntu lortuko dituzte irizpide bakoitzeko, i) irizpidearen kasuan salbu, hark 6 puntu izango baititu:
a) Oro har, etengabeko prestakuntzaren, kudeaketako berrikuntzaren eta kalitate-ziurtagiriak lortzearen aldeko apustua. Abian jarritako apustuen deskribapena hartuko da kontuan.
b) Enpleguan, esportazioetan, merkatu-kuotan, produktu berrien merkaturatzean eta abarretan kudeaketa egokia ezartzearen emaitza positiboen azterketa.
c) Inbertsio-proiektuaren xedea eta garatu nahi diren produktu berriekin edo jorratu nahi diren merkatu berriekin duen harremana.
d) Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien aldizkakotasuna adierazten dituena.
e) Berdintasun-plana izatea edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde kolaboratzaileen ziurtagiriak edukitzea, bai eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloak, lan- eta familia-bizitza adiskidetzeko neurriak eta abarrak ere, betiere nahitaezkoak ez badira enpresaren ezaugarriak direla eta (hau da, 51 langiletik gorako enpresak, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua).
f) Jardunean honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta edo babestuta hasiak izatea: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea), Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa (BEAZ), Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).
g) Enpresa-berrikuntzak nazioarteko kateetako berrikuntzari dagokionez duen dimentsio osoa kontuan izatea.
h) Enpresak bat egitea ingurumenaren, energia-efizientziaren, emisioen murrizketaren aldeko apustuarekin, eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) betetzen laguntzea (Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onetsi ziren).
i) IKTen esparruan (informazioaren teknologiak, komunikazioak eta Internet), digitalizazioaren, IoTen, 4.0 Industriaren eta abarren arloan estrategia edo ezarpena izatea jarduera eta negozio-eredua garatzeko.
Enpresak izaera berritzailea duela ulertuko da, baldin eta irizpide berritzaileen puntuaziotik gutxienez % 50 lortzen baditu.
2.– Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.
3.– Esleitzeko prozedura lehiaketa da, zeinaren bidez, artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz, 13. artikuluan aurreikusitako laguntzak esleituko baitzaizkie puntuazioaren arabera oinarri teknologikoko edo berritzaileko enpresatzat jo diren eskatzaileei, harik eta deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
8. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honi jarraikiz, erakunde laguntzailetzat hartzen dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua; betiere, Dirulaguntzen Lege Orokorrean (38/2003, azaroaren 17koan) azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Horrez gain, haren kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira, arau honetan jasotako zehaztasunekin, eta ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.
2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako funtzio hauek izango ditu:
a) Hauek hartzea: laguntzaren eskabideak eta laguntzari uko egiteko idazkiak, egin beharreko jarduketak egiteko epearen luzapen-eskabideak eta inbertsioen aitorpena, ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, beharrezkoa bada, hutsak zuzentzeko errekerimendua ere egin beharko da.
b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.
c) Inbertsioen eta bideragarritasun-planaren analisi teknikoak eta ebaluazioa egitea.
d) Inbertsioen eta enpleguaren txosten teknikoa eratzea, eta txostena ebaluazio-batzordeari bidaltzea.
e) Egiaztagiriak eta ikuskapen-errekerimenduak jasotzea.
f) Ordainketa-proposamena.
3.– Finantzen Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, agindu honetan onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.
b) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emandako ordainketa-ebazpenetan adierazitako zehaztapenen eta baldintzen arabera.
c) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak espezifikoki kontabilizatzea.
d) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzea.
e) Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzen kudeaketari dagokionez egoki diren kontu guztiak, alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutako kudeaketa-datuak, hiru hilean behin, bidaliz. Datu horien artean honako hauek egongo dira:
1) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-eguna zehaztuta:
– Onuradunei egindako ordainketak.
– Eusko Jaurlaritzaren ordainketen kobrantzak.
– Onuradunen itzultzeen kobrantzak.
– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.
2) Deialdiaren finantza-zorpetzearen bidez sortutako interesen likidazioaren kalkulua.
3) Deialdiaren kudeaketa dela-eta sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.
4) Onuradun bakoitzeko, hauen erregistro banakatua: ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datena, batez ere, onuradunek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoena.
5) Hitzarmen honen hirugarren klausulan definitutako jarraipen-batzordeak erabakitako beste edozein informazio.
f) Aurreko apartatuarekin lotutako kudeaketa-datu nabarmenenak jasoko dituen urteko likidazioa egitea.
g) Itzulitako zenbatekoak eta –hala badagokio– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, Finantzen Euskal Institutuak Gauzatu Industria 2021 programa gauzatzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.
h) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo egokiek (Ekonomia Kontroleko Bulegoa eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) laguntzen kudeaketaren gainean egiaztapen-ekintzarik eginez gero, horiei men egitea.
4.– Agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzen laguntzeko erakunde laguntzaileek ezinbestean bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koaren) 15. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.
9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunen betebeharrak:
1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta enpresa onuradunek ez badiote horri berariaz, eta idatziz, uko egiten, onartutzat hartuko da; halere, laguntzari uko egin ahalko diote inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan, betiere Administrazioak ez badu oraindik ordainketarik egin.
2.– Eman duten xederako erabiltzea laguntza, eta hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorrera egin dela bete eta justifikatzea.
3.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, eskatzen dien informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak inbertsioen garapen eta gauzatzeari dagokionez egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan.
4.– Inbertsioekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.
5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, programa honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik.
7.– Enpresak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.
8.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, eta horretarako, ageriko toki batean diruz lagundutako inbertsioa dela aipatzea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa jasota.
9.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.
10.– Enpresak deslokalizaziorik ez egitea 10 urteko denbora-tartean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita; alegia, enpresak deslokalizaziorik ez duela egin kontsideratuko da baldin eta ekoizpena osorik edo partzialki Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ez badu eraman.
11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.
10. artikulua.– Zer inbertsio lagundu daitezkeen diruz.
1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen barruan egindako inbertsioek jaso ahalko dute laguntza, eskabidea edo aurre-eskabidea egin ondorengo 24 hilabeteko epean, halakorik aurkeztuz gero.
2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:
a) Kategoria hauetako bateko aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) epigrafe hauetako definizioaren arabera:
203. Jabetza industriala eta patenteak.
206. Informatika-aplikazioak.
210. Lurrak eta ondasun naturalak.
211. Eraikuntzak.
212. Instalazio teknikoak.
213. Makinak.
214. Tresneria.
215. Bestelako instalazioak.
217. Informazio-prozesuetarako ekipoak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat hartuko, baina bai inbertsio onartutzat, ordea, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzeko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.
Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehendabizikoz erabiliak izatea edo jardueran hastea, lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak eskuratzeari dagokionez izan ezik, horiek berritzat hartuko dira eta.
Diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, halaber, konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.
d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.
e) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.
f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.
3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi sailari, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.
4.– Ez da diruz lagundu daitekeen inbertsiotzat hartuko:
a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenak.
b) Ordezkapen-inbertsioa.
5.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren Erregelamenduko 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi duena) xedatutakoaren eraginpean egongo dira diruz lagundu daitezkeen inbertsioetako gastuak. Haiek azpikontratatzen badira, lege horren 29. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 68. artikuluetan agindutakoaren arabera zuzenduko dira.
6.– Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik eginiko inbertsioak diruz laguntzeko modukotzat hartuko dira, baldin eta laguntzaren ondorio bultzatzailea bermatzen bada.
Horretarako, eskabidea aurkeztu aurretik egindako inbertsioak kontuan izango dira, baldin eta erakunde eskatzaileak, inbertsioak hasi aurretik, laguntzaren aurre-eskabide bat idatziz aurkeztu badu, Batzordearen salbuespenei buruzko erregelamendu orokor hauetako bakoitzaren 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera: 651/2014, 2014ko ekainaren 17koa; 702/2014, 2014ko ekainaren 25ekoa, eta 1388/2014, 2014ko abenduaren 16koa. Aurre-eskabideak honako informazio hau jasoko du:
a) Enpresaren izena eta neurria.
b) Egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasi eta amaitzeko egunak barne), eta haien kokapena.
c) Proiektuaren kostuen zerrenda.
d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).
e) Hura egiteko behar den finantza publikoaren zenbatekoa.
Kasu horretan, deialdiaren epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du agindu honen 16. artikuluan (eskabidea eta epea) eta 18. artikuluan (aurkeztu beharreko dokumentazioa) adierazten dena kontuan hartuta.
11. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.
1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea termino garbietan neurtuko da, Gizarte Segurantzak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena oinarritzat hartuta.
2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako aukera hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:
a) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetakoa.
b) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean jasotako datua edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria, deialdia argitaratu aurreko azken 36 hilabeteetakoa, betiere enpleguaren galera esanguratsuak egiaztatzen badira.
3.– Hasierako plantillari eutsi izana edo sortutako enplegua justifikatuko dituzte emateko ebazpenean ezarritako denbora-muga amaitzen denean edo inbertsioen azken adierazpena aurkeztearekin batera.
4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-muga (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.
Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahalko dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik, erakunde onuradunarekin betebeharrak eta eskubideak dauden bitartean.
12. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.
1.– Eskabidean, edo aurre-eskabidean, halakorik egonez gero, adierazitako aldian egin beharreko inbertsioen araberako aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, betiere 2022an hasiak badira.
2.– Laguntzak oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresentzat badira, baldin eta 5. eta 7. artikuluetako betekizunak betetzen badituzte, eta, gutxienez, 120.000,00 euroko inbertsio onartua aurkezten badute (10.2 artikuluan ezarritako kontabilitate-epigrafeen arabera neurtuko da), eta inbertsio horrek, gainera, enpleguari eustea edo enplegua sortzea badakar, 24 hilabeteko gehieneko aldian inbertsioak hasten direnetik.
3.– Laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera itzuliko dituzte laguntzak.
4.– Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 35 izango dira gehienez, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
5.– Aurrerakinak 200.000,00 euro izango dira gehienez sortutako enpleguagatik, eta 150.000,00 euro gehienez enplegua eusteari dagokionez. Ezin izango dira, inola ere, 1.500.000,00 euro gainditu.
13. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.
Erakunde onuradun bakoitzari eman beharreko laguntza itzulgarriak zehazteko, honako intentsitate hauek aplikatuko dira diruz lagundu daitekeen inbertsioaren gainean (enpresaren neurria zein den eta oinarri teknologiko eta/edo berritzailekotzat hartzen ote den kontuan hartuta kalkulatzen da intentsitatea).
(Ikus .PDF)
14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasunak eta laguntzak metatzea.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiak batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014, 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 eta 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 Erregelamendu Orokorren 8. artikuluan ezarritako muga. Laguntza horien berri eman beharko zaio Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.
2.– Programa honetako laguntzak jasotzea bateraezina da nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programen esparruan dirulaguntzak jasotzearekin, baldin eta enpresak hauetan zerrendatutako sektoreetakoak badira: Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamendua eta Batzordearen 2014ko abenduaren 16ko 1388/2014 (EB) Erregelamendua.
15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Eskabideak ebaluatzeko batzorde bat sortzen da; baloratze horrek baloratuko du, 7. artikuluko irizpideak aplikatuz, zein diren enpresa teknologiko edo/eta berritzaile izateko gutxieneko puntuazioa gainditzeagatik dirulaguntza jasotzeko aukera duten enpresak. Batzorde horrek, ondoren, laguntzak emateko ebazpen-proposamena eratuko du, balorazio-fasean lortutako lehentasun-hurrenkerari jarraituz, eta organo eskudunari helaraziko dio proposamen hori, laguntza-emakida ebazteko.
Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko. Bertan parte hartuko dute, aurrez aurre edo urrutitik, presidenteak eta idazkariak (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako batek.
Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.
2.– Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Presidentea:
Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikari arduraduna. Ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako teknikari arduraduna.
Batzordekideak:
Alberto Fernández González, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra. Ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zuzendaritza horretako teknikari arduraduna.
Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Amaia Martínez Muro, SPRI Taldeko arlo bereko teknikari arduraduna.
Aitor Cobanera Rodriguez, SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko titularra. Ordezkoa: Laura Izaguirre Lafuente, SPRI Taldeko arlo bereko teknikari arduraduna.
Idazkaria:
Imanol Cuétara Camiruaga, SPRI Taldeko Ekintzailetza Saileko arduraduna. Ordezkoa: Cristina Amezaga Antepara, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.
3.– SPRI Taldearen txosten teknikoa jaso ondoren, Batzordeak dirulaguntza emateko proposamen bat egingo du eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari helaraziko dio.
16. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091210. Gero egin beharreko izapide guztiak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, helbide berean egingo dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahalko da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Behar bezala beteta aurkeztu beharko da eskabidea –bakarra izango da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduketa guztietarako–, eta, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinaduraz gain, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da agiri horiek zer datatan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.
6.– Laguntzarako eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, pertsona eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
7.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein agiri eta/edo informazio eskatu ahalko die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
8.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo eguneko 08:00etan hasiko da, eta 2022ko ekainaren 17an bukatuko da, 12:00etan.
17. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du bitarteko elektronikoak erabiliz laguntzaren aurre-eskabideaz gain, halakorik aurkeztu badu. Eskabide horrek, Agindu honen 10.7 artikuluaren arabera, honako hauek jasoko ditu:
a) Eskatzaileak egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Era berean, oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko enpresaren kondizioa frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.
b) Enpresako plantillari buruzko informazio-agiria, lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita. Agiri hori deialdi hau argitaratu aurreko azken ekitaldiaren itxierakoa izango da.
c) Gizarte Segurantzak emandako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» buruzko txostena edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek deialdia argitaratu aurreko 3 urteetakoa izan beharko du.
d) Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.
e) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ahalordea, agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada salbu. Kasu horretan, eskabidean behar bezala adieraziko da zein egunetan eta zein bulego eta/edo sailetan aurkeztu ziren (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
f) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).
g) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.
h) Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:
– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.
– Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzak adierazi dituela.
– Enpresa eskatzaileak ez duela, eskabidea aurkezteko unean, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
– Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.
18. artikulua.– Eskabideak aztertzea.
1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, erakunde laguntzaileei buruzko 8. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.
2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (39/2015, urriaren 1ekoan) xedatutakoa betez.
3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako hauek ebaluatuko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, enpresak oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea ote duen.
4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak inbertsioei eta enpleguari buruzko txosten tekniko bat egingo du. Ondoren, ebaluazio-batzordeari igorriko dio txosten hori; azkenik, ebaluazio-batzordeak Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari igorriko dio dirulaguntza emateko proposamena.
19. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Eskabideek Aginduan eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, horiek prozedura bakar batean izapidetuko dira, laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpen bakar batekin, zeina Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari baitagokio ematea.
2.– Ebazpen horretan, laguntza itzulgarria jasoko duten erakundeen zerrenda jasoko da, eta erakunde horietako bakoitzean, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoak, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoak eta emandako laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Onuradunei eranskin bat gehitu zaie, eta horren barruan berariaz jasoko dira onetsitako inbertsio-plana, diruz lagundu daitekeen inbertsioa, sortu beharreko enplegua eta emandako laguntzaren zenbatekoa, bai eta «Gauzatu Industria 2022 programaren prozeduraren jarraibideak» izeneko agiria ere.
Ebazpen horretan jasoko da, halaber, dirulaguntza itzulgarria ukatzen zaien eskabideen zerrenda, ukatze horren arrazoiekin batera.
3.– Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ezetsi direla ulertu beharko dute enpresa interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaz onartua) 51.9 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ezertan eragotzi gabe eskatutako laguntzari dagokionez administrazioak eman behar duen berariazko ebazpena.
4.– Dirulaguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
5.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena jasotzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita. Egintza ez bada nahita izan, eskatzaileak eta balizko interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jartzen diren egunaren hurrengotik hasita, araudi espezifikoaren arabera.
6.– Eskatzaileei ebazpenak zuzenean jakinarazteaz gain, onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda ere argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
20. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.
1.– Administrazioak aurrerakin itzulgarrien ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko» egokian jasota egon beharko du. Alta eman edo erregistro horretan datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091210):
a) Egin diren inbertsioen aitorpena; horretan berariaz adieraziko da, halaber, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.
b) Inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunen eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.
c) Eskatzailea kooperatiba bat bada, Lagun Aro BGAErekin ordainketa egina duela egiaztatzen duen ziurtagiria eta mutualisten zerrenda.
d) Laguntza ordaintzeko eskabidea egin den egunean Gizarte Segurantzak igorrita zituen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenak. Eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, data berean.
e) Leasinga badago, kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.
f) Azken bi ekitaldietako sozietateen gaineko zerga edo PFEZ, edo, horrelakorik ez izanez gero, azken ekitaldiko auditoretza-txostena.
g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.
h) Itzultzeko betebeharra dela-eta egindako diru-sarreren ordainketa-gutuna, halakorik egonez gero.
Administrazioak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotearen egiaztagiriak zuzenean bildu ahalko ditu. Hala ere, onuradunak baimenari berariaz uko egin badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, modu digitalean sinatuta.
3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko die Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzei.
Enpresa onuradunak honako hau jarriko du ikuskapen-zerbitzuaren esku:
– Egin eta aurkeztutako inbertsioak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, enpresa hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.
– Leasinga badago, aurreko puntuan eskatutako agiriak: kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koaren) 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahalko dira.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapenaren ziurtagiria jaso ondoren, enpresak aurreko puntuan aipatutako alderdiak betetzen dituela egiaztatuko du, aurrerakin itzulgarriaren ordainketa likidatzeko proposamenari buruzko txostena emango du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari igorriko dio.
4.– Enpresa onuradunak hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko, inbertsioak egiteko ezarritako denbora-mugaren epea amaitzen denetik hasita.
Epe hori amaitu ondoren, aitorpen hori aurkeztu ezean, ordura arte aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko dio SPRIk Saileko dagokion Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzari.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapena egindakoan, dagokion lurralde-ordezkaritzak aurreko apartatuan aipatutako inbertsioak ikuskatuta, justifikatu eta ikuskatutako inbertsioei dagokien laguntza itzulgarriaren azken likidazioaren proposamen-txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari igorriko dio.
5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, egokiak diren aurrerakin itzulgarriak (guztia edo zati bat) ordaintzeko ebazpenak emango ditu.
Aurrerakin itzulgarriak, oro har, urtean bitan ordainduko dira, justifikatutakoaren arabera, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik egiaztatu ondoren; izan ere, ez da ordainketarik zorrak izanez gero.
6.– Ebazpen hori Finantzen Euskal Institutuari igorriko zaio, azken horrek, Agindu honen 8. artikuluan esleituta dituen eginkizunen barruan, aurrerakin itzulgarriaren finantzaketa antola dezan eta bertan adierazitako zenbatekoa ordain dezan. Ebazpena enpresa onuradunari jakinaraziko zaio, halaber.
7.– Programa honen barruan emandako laguntzaren ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta enpresak laguntza ez-legitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu. Ez-betetzeari eta dagokion itzulketari buruzko espedientea hastea ekarriko du egoera horrek.
21. artikulua.– Laguntzen itzulketak.
1.– Aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, ondoz ondoko bost urtean.
2.– Itzulketak honela egingo dira:
a) Dirulaguntza emateko ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako denbora-mugaren epea amaitu ondoren, urtebeteko gabealdia izango dute enpresek itzulketak egiten hasi aurretik.
b) Urtebeteko gabealdiaren ondoren egingo da lehen itzulketa; hau da, dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako denbora-muga amaitzen den ekitaldiaren ondorengo 2. urtean.
c) Gainerako itzulketak ondoz ondo egingo dira, bosgarren urtea bete arte.
3.– Jasotako laguntzaren bosten bat izango da urteko bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa, eta bi itzulketa egingo dira urteko bakoitzeko; alegia, zenbateko osoaren % 50 ordainduko da haietako bakoitzean, bata otsailean, eta bestea, uztailean.
4.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzak likidazio-txosten bat egingo du urtero, ekitaldi bakoitza amaitzean, eta Administrazioaren alde edo kontra dauden aldeak jasoko ditu bertan, bai eta, hala badagokio, dagozkion interesak ere.
Sortutako hurrengo itzulketan erregularizatuko dira aldeak.
Azken likidazioan antzemandako aldeak hiru hilabeteko epean erregularizatuko dira, itzulketa ezegokia egiten den egunetik kontatzen hasita.
Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoaren arabera.
5.– Edonola ere, ordaintzeko dagoen laguntza osoa aurrez itzultzea onartuko da.
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, jasotako laguntzak itzuli beharko dizkio Finantzen Euskal Institutuari. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.
2.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzea –jarraipen- eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori– laguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta laguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.
Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea agindu honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira artikulua horiek.
b) Urteko bakoitzean sortutako itzulketak ez egitea.
c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
d) Programa honek babestutako inbertsioen deslokalizazioa.
e) Laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa ez aurkeztea.
3.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, interesak barne, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.
4.– Ez da ez-betetzeari buruzko espedienterik hasiko, baina aldatzeko espedientea bai, eta, egokia bada, dagokiona itzultzeko espedientea, honako kasu hauetan:
a) Inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETEa izateari uzten badio, likidazio bat egingo da, eta ETEa izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez ditu kontuan hartuko likidazio horrek. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan adierazitako eran.
b) Agindu honen babesean sortutako enpleguari 3 urtez eutsi ezean, deialdiaren dirulaguntza garbi baliokidea galtzea ekarriko du horrek, enplegu-sorrerari dagokion zatiari aplikatuta.
c) Hasierako plantillari eutsi ezean, dirulaguntza garbi baliokidea itzultzea eragingo du horrek. Aurreko artikuluan xedatutako azken itzulketaren ondoren egingo da itzulketa hori, seigarren urteko otsailaren azken eguna baino lehen beti.
5.– Jasotako zenbatekoak eta egoki diren berandutze-interesak itzuli behar izango dira, halaber, honako hauetan ezartzen diren kasuetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko Legearen (38/2003, azaroaren 17koaren) 37. artikulua.
6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak.
7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du –kasuan-kasuan aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko.
23. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahalko da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, Agindu honek ezarritako betekizunak bete behar dira.
2.– Ondorio horietarako, aldaketak baimendu ahalko ditu Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, lortu nahi diren helburuak eta haien izaera alde batera utzi ezean betiere, baldin eta erakunde onuradunak aldaketa horiek Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari eta/edo SPRI Taldeari aurretik eskatu badizkio eta guztiz arrazoitu baditu gauzatzeko epea amaitu baino lehen.
Horretarako, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak egokitzeko.
3.– Ildo horretatik, laguntzak eman zituen administrazio-organoak honako hau eman ahalko du:
a) Egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena, enpresa onuradunak aurretik eskatu eta arrazoitu ondoren. Gauzatzeko epea, gehienez ere, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da, itzulketak hasi aurretik. Dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du horrek, betiere enpresak alegatutako arrazoiek horrela justifikatzen badute.
b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, plantillari eusteko luzapena, enpresak proposatuta (ezarritako denbora-muga amaitu aurretik) edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta. Gauzatzeko epea, gehienez ere, itzulketen bigarren urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.
4.– Aldaketa horiek ez dute ekarriko, baina, emandako laguntza itzulgarriaren zenbatekoa handitzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 27a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.