88. zk., 2022ko maiatzaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 4 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1952
EBAZPENA, 2022ko apirilaren 22koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Letren Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa onartzen duena.
2022ko otsailaren 14ko bilkuran, Letren Fakultateko Batzarrak ikastegiko Kalitate Batzordearen arautegia aldatzea onartu zuen, bertako kideen artean ikastegiari atxikitako master ofizialen ordezkaritza bat sartzeko. Artikulu batzuen idazketari eragiten dioten beste aldaketa batzuk ere burutu dira. Horregatik guztiagatik, arautegiaren testu berri osoa argitaratzea erabaki da.
Arautegia aldatzeko proposamen horrek Lege Zerbitzuaren aldeko txostena du, errespetatu egiten baitu Irakaskuntza Ikastegietako Kalitate Batzordearen Esparru Araudian jasotakoa batzordeen osaerari dagokionez.
UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Arautegiaren 2.2 artikuluaren arabera, Ikastetxeen Kalitate Arautegiak onartzea, baldin eta bertako kideren batek edo ikastetxeko Batzordeko kideen % 15ek ez badu berariaz eskatzen Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.
Adierazitakoagatik guztiagatik, ondokoa
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Letren Fakultateko Kalitate Batzordearen Arautegiaren aldaketa, eranskienean jasota bezala.
Bigarrena.– Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Aldaketa argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2022ko apirilaren 22a.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
LETREN FAKULTATEKO KALITATE BATZORDEAREN ERREGELAMENDUA
Atarikoa
Arautegi hau betetzera dator Europako Unibertsitate Eremuan sartzeko prozesuarekin zerikusia duten zenbait programatan aurreikusitakoa. Zehatzago esanda, gradu berrietako ikasketa planetan zehaztutakoa beteko du arautegi honek, plan horietan argi eta garbi adierazten delako ikastegiek izan beharko dutela Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema bat (KBBS). Bestalde, AUDIT programaren arabera, KBBS bat daukaten ikastegietan, bertako Kalitate Batzordeak ebaluatu egin behar du sistema hori. Gainera, 2009ko abenduaren 22an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak «Docentiaz» Programa onartu zuen, UPV/EHUko Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzekoa; programa hori gauzatzeko beharrezkoa da, haren testuan bertan adierazten den bezala, ikastegietako kalitate batzordeek beren arautegiak izatea.
Letren Fakultateko Kalitate Batzordea Ikastegiko Batzarrak izendatutako batzordea da, eta zuzendaritza taldearekin batera KBBSren plangintza eta jarraipen zereginetan dihardu, eta, gainera, barne komunikaziorako tresna da kalitate sistema honen politika, helburu, plan, programa, erantzukizun eta lorpenen inguruan. Kalitate Batzordeak, bestalde, zuzendaritzari eta Ikastegiko Batzarrari laguntza eta aholkua emango die tituluak garatzeko prozesuari jarraipena egiteko. Era berean, irakasleen ebaluaziorako txostenak egingo ditu.
Fakultateko Batzarrari dagokio, Letren Fakultateko gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa den aldetik, ikastegiko kalitate politika eta helburuak onartzea, bai eta Kalitate Batzordearen eraketa, osaera eta eginkizunak onartzea ere. Orobat, Ikastegiko Batzarrari dagokio titulazioetarako proposatzen diren hobekuntza ekintzak onartzea, graduko tituluen kalitatea bermatzeko sistemaren esparruan, Kalitate Batzordeak egindako txostenak oinarri hartuta, besteak beste.
1. artikulua.– Arautegiaren helburua.
1.– Arautegi honen helburua da ikastegiko Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) ardura duen organoaren egitura, osaera eta eginkizunak zehaztea.
2.– Organoaren izena hau da: ikastegiko Kalitate Batzordea.
2. artikulua.– Araubide juridikoa.
Ikastegiko Kalitate Batzordea gobernatuko da arautegi honen bitartez, UPV/EHUko Ikastegietako Kalitate Batzordeen Esparru Araudiaren bidez eta arlo honetan aplikatu beharreko gainerako arautegiez.
3. artikulua.– Eginkizunak.
1.– Kalitate Batzordeak izango ditu Ikastegiko Batzarrak bere arautegian esleitzen dizkion eginkizunak, eta, nolanahi ere, honako hauek:
a) Kalitatea Bermatzeko Barne Sistemaren (KBBS) diseinua, ezarpena, abian jartzea eta jarraipena bultzatzea.
b) Prozesuei jarraipena egitea dagozkien adierazleen bitartez.
c) Ikastegiko dekanotza taldeari batzordearen proposamenak aurkeztea.
d) Ikastegiaren urteko helburuak jaso eta, behar denean, haien formulazioa koordinatzea, eta helburuok betetzeko prozesuari jarraipena egitea.
e) Gogobetetze inkesten emaitzak jasotzea eta, haietatik abiatuta, hobekuntzak proposatzeko irizpideak ematea.
f) Urteko jarraipen txostena egitea KBBSren azterketa eta berrikuspenetik abiatuta, eta hobekuntza ekintzak proposatzea titulaziorako ezarritako helburuak betetzeko.
g) Titulazioaren akreditazioa lortzen eta aldiro berritzen laguntzea.
h) Ikastegiko kalitate politika eta helburuen berri emateko tresna izatea, eta helburuok bete daitezen eta unibertsitateko kideen artean zabal daitezen bermatzea.
i) Titulazioko curriculuma garatzeko plangintza eta haren zehaztapena egiten laguntzea.
j) Ikastegiko irakasleek gradu berrietako curriculuma hobeto garatzeko tresnak eta metodologiak ikas ditzaten sustatzea.
k) Bere kideek eta ikastegiko interes taldeek kalitateari eta ebaluazioari buruzko prestakuntza har dezaten bultzatzea.
l) Ikastegiko zuzendaritzari aholku ematea KBBSri dagozkion gaietan.
m) Ikastegiko Batzarrari bere eskumenen eremuko erabaki proposamenak aurkeztea.
2.– Ikastegiko Batzarrak, dekanotza taldearen proposamenari jarraituz, Kalitate Batzordeari eskuordetu ahal izango dizkio berari dagozkion eta kalitatearekin zerikusia duten eginkizunak, adibidez, Ikastegien Oinarrizko Arautegiaren 10.2.i) artikuluan ezarritakoa.
4. artikulua.– Osaera.
1.– Hauek izango dira Kalitate Batzordearen osakideak:
a) Dekanoa edo horretarako eskuordetza daukan pertsona. Batzordeko burua izango da.
b) Kalitateaz arduratzen den dekanordea. Idazkaria izango da.
c) Fakultateko zuzendaritza taldeko bi kide.
d) Irakasle- ikertzaileen bi ordezkari, zuzendaritza taldeak aukeratuak, fakultatean egoitza duten sailen edo fakultateko sail atalen proposamenez.
e) Ikastegiari atxikitako titulazio ofizialetako koordinatzaileak.
f) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, ahal dela kalitatearen arloan arduraren bat daukana.
g) Ikasleen ordezkari bat, fakultateko Ikasleen Kontseiluak proposatua.
2.– Ahalegina egingo da gizonek eta emakumeek pareko ordezkari kopurua izan dezaten batzordean.
3.– Kalitate Batzordeko kideak Ikastegiko Batzarrak izendatuko ditu, dekanotza taldeak proposatuta. Izendapena lau urterako izango da. Ikasleen ordezkariak, berriz, bi urterako izendatuko ditu, baina epe hori luzatu ahal izango da.
4.– Ikastegiko Kalitate Batzordearen irizpideek eta funtzionamenduak jarraipena izan dezaten, berezko kideek utziko dute batzordea bertan egoteko eskubidea eman dien kargua utzi ahala (hau da, dekanotza taldekoak edo titulazioko koordinatzaileak izateari utzi ahala). IRIen eta ikasleen ordezkariak, berriz, agintaldiaren erdian berrituko dira.
5. artikulua.– Laguntza batzordeak.
1.– Kalitate Batzordeak laguntza batzordeak eduki ahal izango ditu. Hala izanez gero, Kalitate Batzordeak berak sortuko ditu, bere menpe egongo dira eta aholkurako izango dira. Kalitate Batzordeak honako hauek zehaztuko ditu batzorde bakoitzerako: osaera, batzordeko burua eta idazkaria nortzuk izango diren; jarduera arloa eta eginkizunak; eta, behar izanez gero, bere funtzionamenduaren berezitasunak.
2.– Ikastegiak zenbat titulu koordinatzen dituen, horrenbeste batzorde sortu ahal izango dira titulazioen curriculuma garatzeko. Batzorde horiek osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak. Mailako edo moduluko koordinatzaileak, halakorik balego, batzorde horietako kide izan beharko dira.
3.– Era berean, batzorde bat eratu ahal izango da Irakasleen Irakaskuntza Jarduera Ebaluatzeko «Docentiaz» Programarako informazio iturria izan dadin. Batzorde hori osatzean bete beharko dira unibertsitateko sektore desberdinek Kalitate Batzordean parte hartzeko ezarrita dauden irizpideak, eta, edozelan ere, ezinbestekoa izango da ikastegiari atxikitako sailen edo sail atalen ordezkariak batzordeko kide izatea.
6. artikulua.– Funtzionamendurako araubidea.
1.– Batzordearen ohiko bileretarako deialdiak batzordeko buruak egingo ditu, bilera baino 48 lehenago gutxienez. Kide bakoitzari bidaliko dio deialdia, eta bertan zehaztuko ditu lekua, eguna, ordua eta aztergaien zerrenda. Deialdiarekin batera, idazkariak aztergaien zerrendari dagokion dokumentazioa bidaliko die batzordekideei. Batzordeak ohiko bilera bat egingo du gutxienez seihileko bakoitzean.
2.– Ezohiko bilerak egingo dira aztergaiak berak hala eskatzen duenean edo aplikatu beharreko arauek hala ezarrita dutenean. Deialdia modu berean egingo da, baina bilera baino 24 ordu lehenago gutxienez. Deialdia batzordeko buruak egingo du, bere kabuz, edo batzordeko kideen herenek hala eskatzen badiote.
3.– Batzordearen erabakiak bileran daudenen botoen gehiengo soilaz hartuko dira. Batzordeko buruak kalitateko botoa izango du. Batzordearen erabakiak ez dira nahitaez betearazi beharrekoak izango. Ikastegiko dekanotza taldeari bidali beharko zaizkio dagokien neurriak har ditzan.
4.– Idazkariak akta egin eta Kalitate Batzordeko kide guztiei bidaliko die.
5.– Batzordea eratuta, hutsuneak sortu ahala, kide berriak izendatuko dira haiek betetzeko, arautegi honetako 3. artikuluaren arabera.
6.– Arautegi honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, Kalitate Batzordeak fakultateko kide anitzeko organoen funtzionamendurako arauak aplikatuko ditu (Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 15. artikulutik 23. artikulura bitartekoak), aplikagarriak diren neurrian, bai eta 39/2015 eta 40/2015 legeak ere (APAPEL/SPAJL).