Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2022ko maiatzaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1941

AGINDUA, 2022ko apirilaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, 2022-2023 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan eta ikastetxe publikoek eskaintzen dituzten espezializazio-kurtsoetan izena emateko eskaerak aurkezteko, berauek onartzeko eta matrikula egiteko epeak biltzen dituen egutegi komuna ezartzen da, eta zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak onesten dira, hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskaerak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak onesteaz gain.

1/2018 Dekretuak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen du hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere. Bada, dekretu horren 10. artikuluak ezartzen du hezkuntza-etapa bakoitzean ikasleak onartzeko prozedura berdina izango dela dekretu horrek xede dituen ikastetxe guztietan, eta urtero erregulatuko dela hezkuntza-arloan eskumena duen sailburuaren aginduen bidez.

Agindu horietan ezarriko dira eskaerak aurkezteko eta horiek ebazteko epeak. Halaber, agindu horietan zehaztuko da interesdun bakoitzak aurkeztu beharreko dokumentazioa, hala badagokio, eskaerarekin batera, onarpen-prozeduran kontuan hartzea nahi duen irizpideak egiaztatzeko, dekretu horretan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren Ordenamendu Orokorra ezartzen duen otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren 3. artikuluak 4. artikulua aldatzen du, eta bertan ezartzen da hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren irakaskuntzetan, Lanbide Heziketako ziklo hauek daudela: oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa; moduluka antolatuta daude, iraupen aldakorra dute, eta barnean hartzen dituzte lanbide-arlo desberdinetara egokitutako eduki teoriko-praktikoak.

Espezializazio-kurtsoak ere sartuko dira barnean; hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 27. artikuluan daude jasota.

Ildo beretik, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 28. artikuluan –otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuan emandako idazkeran– jasotzen denez, hezkuntza-arloko eskumena duen sailburuak zehaztuko du ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa egin nahi duten ikasleak onartzeko urteko egutegia, aplika daitekeen araudian ezarritakoarekin bat etorrita. Gainera, sailburu horrek zehaztuko ditu, besteak beste, onarpen-datak, ikastetxe batean eskaintzen diren plazak eskaerak baino gutxiago direnean aplikatu beharreko irizpideak eta sarbide desberdinetarako erreserbatu behar diren plazen ehunekoa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolakuntza orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 47. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Kontuan hartu beharra dago, hala ere, aipatutako uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan eragina izan duela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluan izandako aldaketak (abenduaren 29ko 3/2020 Legeak aldatu du). Zehazki, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako ikasketetan sartzeko bideei eragiten die aldaketak horrek,

Oinarrizko Lanbide Heziketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuaren IV. kapituluan araututako alderdiak aplikatzen ditu agindu honek, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak indarrean duen idazketarekin kontraesanean dauden alderdietan izan ezik.

Bestalde, kontuan hartuta araututako irakaskuntzak ofizialak direla, itundu gabeko ikastetxe pribatuei zenbait informazio-betebehar ezartzen zaizkie xedapen gehigarri bakarrean.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Agindu hau aplikagarria da 2022-2023 ikasturterako onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduran, betiere prozedura hori Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatu itunduetan eta honako irakaskuntza hauek eskaintzen dituzten udal-titulartasuneko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeetan egiten bada:

a) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak.

b) Erdi-mailako heziketa- zikloak.

c) Goi-mailako heziketa- zikloak.

d) Espezializazio-kurtsoak.

2.– Ikastetxe pribatu ez-itunduen kasuan, xedapen gehigarri bakarrean adierazitakoa aplikatuko da.

2. artikulua.– Araubidea eta irakaskuntza-modalitatea.

1.– Eskaintza osoaren modalitateko araubide presentzialak (II. eranskina) aurrez aurre ematen diren irakaskuntzei egiten die erreferentzia. Kasu horretan, matrikula heziketa-ziklo eta espezializazio-kurtso bakoitzeko egiten da.

2.– Eskaintza partzialaren modalitateko araubide presentzialak (III. eranskina) aurrez aurre ematen diren irakaskuntzei egiten die erreferentzia. Kasu horretan, matrikula modulu profesional bakoitzeko egiten da.

3.– Urrutiko araubideak (IV. eranskina) Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuan (ULHZI) urrutitik ematen diren irakaskuntzei egiten die erreferentzia. Kasu horretan, matrikula modulu profesional bakoitzeko egiten da.

4.– Irakaskuntza horietako bakoitzerako onarpen-prozedura I. eranskineko jarraibide komunei jarraikiz egingo da, baita, bidezkoa bada, II., III. eta IV. eranskinetan jasotako jarraibide espezifikoak aintzat hartuta ere.

3. artikulua.– Onarpen eta esleipen prozedurako onarpen-fasean parte hartzetik salbuetsita dauden ikasleak.

1.– Eskaintza osoaren modalitateko araubide presentzialaren irakaskuntzan, egoera hauetako batean daudenek ez dute ez eskaera aurkeztu beharrik, ez onarpen-prozeduran parte hartu beharrik, baina, hala ere, matrikula egin beharko dute:

a) Ikasle errepikatzaileak, baldin eta ikastetxe, heziketa-ziklo eta maila berean matrikulatzen badira.

b) Ikastetxe berean lehenengo mailatik bigarrenera igarotzen diren ikasleak.

Kasu horietan, ikastetxeek bermatu egin beharko dute ikasleek matrikulatzeko aukera izango dutela. Horretarako, beharrezkotzat jotzen diren plazak erreserbatuko dira heziketa-ziklo eta maila bakoitzean. Interesdunak ekainaren 13tik uztailaren 1era bitartean egin beharko du matrikula, eta, egiten ez badu, galdu egingo du plaza erreserbatua izateko eskubidea.

2.– Ziklo bereko bigarren maila egiteko lehenengo maila gainditu duten ikastetxea ez den beste batean matrikulatu nahi duten ikasleek espediente akademikoa aldatzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ikasketekin jarraitzeko aukeratu duten ikastetxean, aurreko paragrafoan adierazitako epea bukatu baino lehen.

Epe hori bukatuta plaza libreak geratuz gero bakarrik onartuko da ikastetxea aldatzea eta matrikula bertan egitea. Ez baldin badago eskaera guztiak artatzeko plaza libre nahikorik, aurreko mailako espediente akademikoko batez besteko nota onenaren arabera egingo da onarpena.

3.– Halaber, ziklo bateko lehen maila gainditu eta lehenengo maila hori komuna duen beste titulazio bateko bigarren mailan matrikulatu nahi dutenek horretarako aukera izango dute soil-soilik artikulu honetako 1. atalean adierazitako epea bukatuta, plaza libreak geratzen badira. Ez baldin badago eskaera guztiak artatzeko plaza libre nahikorik, aurreko mailako espediente akademikoko batez besteko nota onenaren arabera egingo da onarpena.

4. artikulua.– Onarpen-prozedurako egutegiak.

Plaza bat lortzeko prozeduran parte hartu behar dutenen onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduraren datak eta epeak eranskin hauetako tauletan daude ezarrita, modalitatea presentziala edo urrutikoa eta eskaintza osoa edo partziala den:

• II. eranskina: Eskaintza osoaren modalitateko araubide presentzialaren lanbide heziketa.

• III. eranskina: Eskaintza partzialaren modalitateko araubide presentzialaren lanbide heziketa.

• IV. eranskina: Urrutiko araubideko lanbide heziketa.

5. artikulua.– Hezkuntza-eskaintza eta plazak zehaztea.

1.– Agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren ikastetxeen hezkuntza-eskaintza 1.1 artikuluan zehaztuta dago, eta barnean hartzen ditu eskainiko diren heziketa-zikloak eta espezializazio-kurtsoak, talde kopurua, txanda, plaza kopurua eta hizkuntza-ereduak. Hezkuntza-arloko eskumenak dituen sailak planifikatuko du eskaintza hori, agindu honi dagokion ikasturtean.

Ildo horretan, garrantzitsua da azpimarratzea eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta betiere eskariaren arabera, eskaintza akademikoan aldaketak egin daitezkeela hasiera batean eskainitako zikloen, ereduen eta txanden aldean. Are gehiago, hasiera batean eskainitako ziklo batzuk deuseztatu ere egin daitezke, ez bada bermatzen taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua egongo dela.

Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak egindako hezkuntza-plangintza horren ondorioz, ikasleak behin betiko matrikulatu daitezen ezinbesteko baldintza izango da dagokion ziklo eta hizkuntza-ereduan taldea osatzeko gutxieneko ikasle kopurua matrikulatu izana; izan ere, hori da ziklo horretako eskaintza egiten jarraitzeko baldintza. Bestela, bertan behera utziko da.

2.– otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dira. Bada, dekretu horren arabera, taldeko gehieneko ikasle kopurua hauxe da:

– Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan: 15 pertsona (salbuespenez, 20raino).

– Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetan: 25 pertsona.

– Espezializazio-kurtsoetan 20 ikasle.

3.– Eskaintza osoaren modalitateko araubide presentzialaren irakaskuntzan, ikastetxe publikoen zuzendaritzek edo ikastetxe pribatu itunduen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek honela zehaztuko dute eskaintzaren plaza kopurua: baimendutako eskola-plazen gehieneko kopurua ken 3.1 artikuluan aipatzen diren ikasleentzako erreserbatutako plazak.

4.– Agindu honetan jasotako irakaskuntzetan eskainitako plaza guztietatik, honako hauek erreserbatuko dira heziketa-ziklo bakoitzean:

• % 5, eskaeraren egunean % 33ko edo goragoko desgaitasuna duten pertsonentzat, eta, Oinarrizko Lanbide Heziketan, % 10.

• % 5, eskaeraren egunean goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari diren pertsonentzat, betiere Goi-mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan eta Goi-mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Talde bakoitzarentzat gutxienez plaza bat ziurtatuko da, baldin eta ehunekoa aplikatuta ateratzen den emaitza bat zenbakia baino txikiagoa bada. Emaitza bat baino handiagoa bada, berriz, hurrengo zenbaki osora biribilduko da. Soberakina 0,5 baino txikiagoa bada, aurreko zenbaki osora biribilduko da; aldiz, 0,5 edo handiagoa bada, hurrengora.

5.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatu ondoren geratzen diren plazak esleitzeko, kontuan hartuko da modalitate bakoitzera sartzeko bide bakoitzean ezarritako kuotak.

Kuotaren batean eskainitako plaza guztiak betetzen ez badira, plaza hutsak proportzionalki banatuko dira gainerako kuoten artean, II. eranskineko hirugarren jarraibideko 6. eta 7. puntuetan ezarritako ordena errespetatuz, lehenengo «a» kuota, gero «b» kuota eta, azkenik, «c» kuota.

6.– II. eranskinean (hirugarren jarraibidean) ezarritako kuotei esleitutako plazen batura ezingo da txikiagoa izan kuota horietan hasieran esleitu beharreko plazak baino.

Kuotetan plazak banatzearen emaitza dezimala bada, hurrengo zenbaki osora birbilduko da dezimal hori 0,5 edo handiagoa bada.

Zenbait kuotatan dezimal bera baldin badago eta esleitzeko moduan dauden plazak badaude, II. eranskineko hirugarren jarraibideko 6. eta 7. ataletan ezarritako hurrenkerari jarraituko zaio, hau da: lehenbizi «a», gero «b» eta, azkenik, «c».

6. artikulua.– Onarpen-prozedurari buruzko argibideak.

Onarpen-prozedurari buruzko informazioa Hezkuntza Sailaren webgune honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-lh/

Onarpen-eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, Hezkuntza sail honen titulartasuneko ikastetxe publiko, udal-titulartasuneko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek informazio hau emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen familiei edo legezko tutoreei, eta ikusgai jarriko dute ikastetxeko iragarki-taulan:

• Ikasleak onartzeko araudia.

• Eskaerak egiteko epea.

• Prozeduraren egutegiak.

• Eskaerak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

Gainera, esleipen-prozeduran zehar parte-hartzaileei buruz sortzen diren informazio eta zerrendak Ikasgunean (https://ikasgunea.euskadi.eus) kontsultatu ahal izango dira eta ezingo dira argitaratu ikastetxeetako iragarki-oholetan.

7. artikulua.– Euskara edo gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honen ondorioz ikasleek, familiek eta tutoreek administrazio publikoarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek, euren jardunean, euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak erabili ahal izatea aztergaien zerrendan, aktetan, ziurtagirietan eta, oro har, testu idatzietan.

8. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Organo kudeatzaileek eskaeretan eskuratutako datu pertsonalak honako prozedura hau antolatzeko erabiliko dituzte: 2022-2023 ikasturtean, hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketako ziklo eta modalitateetan eta espezializazio-kurtsoetan Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan, udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulak egiteko prozedura, zeinaren arduradun baitira organo kudeatzaile horiek. Hori guztia, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

9. artikulua.– Jarraibideak onestea.

Eranskinetan ikasleak onartzeko, plazak esleitzeko eta matrikulatzeko bildu diren jarraibideak onesten dira, bai eta ikastetxeek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoa erabiltzeko bildutako jarraibideak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Itundu gabeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxe pribatuen obligazioak.

Hezkuntza-sisteman hezkuntza-itunik gabeko lanbide-heziketa eskaintzen duten ikastetxe pribatuek ematen dituzten ziklo eta plazei buruzko datuak eta egindako matrikulak sartuko dituzte V. eranskinean aipatzen den aplikazio informatikoan, matrikula-aldi arruntaren hirugarren fasea hasten den egunetik Aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, errekurtsoak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
IKASLEAK ONARTZEKO, PLAZAK ESLEITZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OROKORRAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako irakaskuntzetan, honako arau hauek aplikatu behar zaizkie onartze-prozedurari, esleipenari eta matrikulari:

a) 3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena.

b) 777/1998 Errege Dekretua, apirilaren 30ekoa, Lanbide Heziketa hezkuntza-sistemaren esparruan antolatzeko alderdi jakin batzuk garatzekoa: I. eranskina, Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikariaren titulua eta gainerako gutxieneko irakaskuntzak ezartzeko urriaren 26ko 1161/2001 Errege Dekretuak eta apirilaren 6ko 370/2001 Errege Dekretuak garatutakoa, eta III. eranskina, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak aldatutakoa (1147/2011 Errege Dekretuak indargabetu zuen errege-dekretu hori).

c) 1147/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena.

d) 127/2014 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako ikasketen Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzekoa, hamalau oinarrizko lanbide titulu onartzekoa, horien oinarrizko curriculumak finkatzekoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademikoak eta profesionalak emateari eta ezartzeari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzekoa.

e) 32/2008 Dekretua, otsailaren 26koa, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena; otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuaren bidez aldatu zen.

f) 1/2018 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duena hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Oinarrizko, Erdi-mailako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetan), bai eta Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan ere.

g) 86/2015 Dekretua, ekainaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa.

h) 46/2014 Dekretua, apirilaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena.

i) 2010eko otsailaren 19ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloen ezarpena eta ebaluazioa arautzen duena.

j) 2010eko martxoaren 22ko Agindua, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren modalitatean emateko modua arautzen duena.

k) 2010eko urriaren 11ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketako irakaskuntzen ezarpena eta antolamendua urrutiko prestakuntza telematikoaren modalitatean arautzen dituena.

l) 21/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituena.

m) Titulu bakoitza ezartzen edo arautzen duen araudia.

○ IV. kapitulua, erdi-mailako eta goi-mailako tituluak sortzen dituzten errege-dekretuena.

○ 7. apartatua, Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluak sortzen dituzten errege-dekretuen eranskinarena.

n) Espezializazio-kurtso bakoitza ezartzen edo arautzen duen araudia.

o) Aplikatu beharreko beste araudi batzuk.

Bigarrena.– Onarpen-, esleipen- eta matrikula-prozeduraren definizio orokorrak.

Prozedura honi begira, honako definizio hauek finkatu dira:

a) Onarpena: aurrematrikula egiteko aldia hartzen du, eta dagokion dokumentazioa aurkeztean amaitzen da.

b) Esleipena: lanpostuak esleitzeko eta behin-behineko zerrendak argitaratzeko fasea, erreklamazio-aldia eta behin betiko zerrendak argitaratzeko aldia hartzen ditu.

c) Matrikula: ohiko aldi bat hartzen du, hiru fase dituena, eta ezohiko beste aldi bat.

d) Plaza erabilgarriak: bete daitezkeen plaza libreak guztira

e) Eskainitako plazak: plaza erabilgarriak ken errepikatzaileentzat gorde beharreko plaza kopurua

f) Kuota: zenbait talderentzat sarbidearen arabera erreserbatutako plazen ehunekoa, eskainitako plazetatik desgaitasunen bat dutenentzako eta goi-mailako kirolarientzako erreserbatutakoak kendu ondoren.

g) Lehentasuna: lehentasuna ematen du plaza esleitzerakoan, Oinarrizko Lanbide Heziketako kuota edo talde bakoitzean.

h) Hurrenkera: lehentasuna ematen du lehentasun-talde bakoitzeko plazak esleitzerakoan.

Hirugarrena.– Heziketa-zikloetan eta espezializazio-kurtsoetan sartzeko baldintzak eta bideak.

1.– Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak:

Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan sartzeko, baldintza hauek bete behar dira aldi berean:

a) Hamabost urte beteta edukitzea edo indarreko urte naturalean betetzea.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren maila edo, salbuespen gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren maila eginda izatea. Ikaslea azken egoera horretan baldin badago, horren berri eman beharko zaio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

c) Irakasleek familiei edo legezko tutoreei proposatzea interesdunak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat has dezan.

2.– Hiru urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak, hezkuntza-premia bereziak dituzten eta aldi berean baldintza hauek guztiak betetzen dituzten ikasleentzat:

a) Hezkuntza Saileko Hezkuntza Laguntzako Premia Bereziak (HLPB) dituztenen Erregistroan sartuta egotea.

b) Gutxienez, DBHko 2. maila egin izana.

c) Tutorearen orientazio-aholkua ikasleak 3 urteko ibilbideko Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala izatea, betiere irakasleek proposatu eta orientatzaileek babestu badute aholku hori.

3.– Hiru urterako prestakuntza-ibilbidea duten Lanbide Heziketako zikloak, izena ematen duten urte naturalean 17 urte edo gehiago beteta izanik baldintza hauek guztiak ere betetzen dituztenentzat:

a) 17 urte edo gehiago izatea.

b) Ez da egiaztatu LHko ikasketak egiteko titulaziorik, ezta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin izana ere.

4.– Erdi-mailako heziketa-zikloak.

Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo goragoko maila akademikoko titulua edukitzea.

b) Oinarrizko Lanbide Heziketaren titulua edukitzea.

c) Teknikari laguntzailearen titulua edukitzea.

d) Erdi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroa gainditu izana Hezkuntza Administrazioak baimendutako ikastetxe publikoetan edo pribatuetan.

e) Erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.

f) Hasierako lanbide-kualifikazioko programa baten nahitaezko moduluak gainditu izana.

g) Batxilergo Bateratu Balioaniztuneko (BBB) lehenengo bi kurtsoak gainditu izana, guztira gainditu gabeko bi irakasgairekin, gehienez.

h) IEE Irakaskuntza Ertainen Erreformako lehenengo ziklo esperimentalaren 2. kurtsoa gainditu izana.

i) Uztailaren 29ko1147/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriko b) letran ezarritako goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko titulazio baliokideren bat egiaztatzea.

j) Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria. Homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapean Izena emateko Txartela onartuko da.

5.– Goi-mailako heziketa-zikloak.

Goi-mailako zikloetara sartzeko, gutxienez honako baldintza hauetako bat bete behar da:

a) Batxilergoko titulua edo titulu baliokideren bat izatea.

b) Erdi- edo goi-mailako teknikari-titulu bat izatea.

c) Teknikari espezialistaren titulua izatea.

d) Goi-mailako heziketa-zikloetarako sarbide-proba gainditu izana, edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana.

e) Unibertsitate-titulu bat izatea.

f) Unibertsitate Orientazioko Ikasturtea gainditua izatea.

g) Batxilergo Esperimentalaren (IIE) modalitateren bateko 2. maila gainditu izana, Batxilergoko tituluaren baliokidea baita.

h) Atzerriko ikasketak lehenago zerrendatutako tituluren batekin homologatzeko egiaztagiria: homologatze-prozedura ebatzi gabe baldin badago, Baldintzapean Izena emateko Txartela onartuko da.

6.– Urrutiko Irakaskuntza Araubidean sartzeko, arestian aipatutako baldintza akademikoez gain, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Erdi-mailako heziketa-zikloetan: 18 urte izatea.

b) Goi-mailako heziketa-zikloetan: 20 urte izatea (edo 19, teknikari-tituluren bat izanez gero).

7.– Espezializazio-kurtsoak.

Espezializazio-kurtsoetan izena eman ahal izango dute kurtso bakoitzera sartzea ahalbidetzen duen titulazioa dutenek, VI Eranskinaren IV. taulari jarraikiz: «Espezializazio-kurtsoetan sartzeko baldintzak»

Laugarrena.– Onartzeko eskaerak aurkeztea. Modua eta epea.

1.– Jarraibide hauek onartzen dituen aginduko 3. artikuluan aipatzen denaren ildotik eskaerarik aurkeztu behar ez duten pertsonek ez dute parte hartuko esleipen-prozeduran. Pertsona horiek artikulu horretan aipatutako epean egin beharko dute matrikula.

2.– Gainerako interesdunek ezinbestean aurkeztu beharko dute agindu honetan aurreikusitako prozeduran parte-hartzeko eskaera onartuak izan eta ikastetxe batean matrikula egin ahal izateko.

3.– Eskaera aurkezteko epea hautatutako irakaskuntza-modalitateari dagokion eranskinean jasotako egutegian adierazitakoa da (II., III. eta IV. eranskinak).

4.– Honako moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskaerak:

a) Online, hezkuntza-arloko eskumena duen sailak horretarako gaitutako aplikazio informatikoaren bidez, kasuan kasuko dokumentazioa erantsita. Eskaera online aurkezteko, sartu helbide honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus.

b) Presentzialki. Eskaintza osoaren modalitateko araubide presentzialaren irakaskuntzan eta eskaintza partzialaren modalitateko araubide presentzialaren irakaskuntzan lehen tokian eskatutako ikastetxeko idazkaritzara joan behar da. Halaber, urrutiko araubideko irakaskuntza egin nahi dutenek aukera dute Urrutiko Lanbide Heziketako Zentro Integratuko idazkaritzara joateko.

Interesdunak NANa edo identifikatzeko agiria aurkeztuko du, eta eskatutako datu guztiak emango ditu, ikastetxe horretako langileek aplikazio informatikoan sar ditzaten. Datuk sartutakoan, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari. Bertan jasoko dira eskatzailearen datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako dokumentuak.

Eskatzaileak sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu, eta lehenago sartutako datuak grabatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiria eta egiaztagiria izango da.

Beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu ez badu, kasuan kasuko modalitatearen egutegian zehaztutako egunean aurkeztu beharko du.

c) Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetariko edozeinetan, manu horretan ezarritako baldintzen arabera eta zein ikastetxetarako den adierazita.

d) Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartu den datan aurkeztu dela ulertuko da.

5.– Eskaera aurkeztu dutenek aukera izango dute grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, kasuan kasuko irakaskuntza-modalitatearen egutegian zehaztutako egunera arte. Epe hori bukatuta, ez da inolako aldaketa edo zuzenketarik onartuko, salbu eta sarbideei buruzkoak, 6.b) atalean zehazten denez.

Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eskuratutako jatorrizko frogagiria sinatuta eta zigilatuta aurkeztea. Behin beharrezko zuzenketak eginda, eskaerak aurkezteko erabilitako prozedura errepikatuko da.

6.– Eskaera-inprimaki ezberdinak egongo dira irakaskuntza-araubide eta -modalitatearen arabera, eta eskatu nahi diren plazez gain, honako hauek ere adierazi beharko dira bertan:

a) Ikaslearen identifikazio pertsonala, edo, hala badagokio, bere ordezkariarena, eta interesdunaren eta bere ordezkariaren helbide elektronikoa, jakinarazpenak jasotzeko.

b) Zer sarbide erabili den, hirugarren jarraibidean adierazitakoetatik. Pertsona batek sarbide bat baino gehiago erabiliz sartzeko baldintzak betetzen baditu, bakarra aukeratu ahalko du. Nolanahi ere, egutegian dokumentazioa aurkezteko zehaztutako epea bukatu baino lehen, hasieran aukeratutako sarbidea alda daiteke.

c) Hala badagokio, desgaitasunagatik edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatik plazak erreserbatzeko aukera baliatu den (ikus 5.4 artikulua).

d) Hezkuntza-premia bereziko egoeran izanez gero, horren berri eman behar da, beharrezko izan litezkeen laguntza bereziak emateko.

Bosgarrena.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaile guztiek aurkeztu beharko dute, horretarako adierazitako epean, ikaslearen nortasuna eta adina egiaztatuko dituen dokumentu bat.

– NAN edo AIZ. Izapidea on-line egiten bada eta nortasun-datuak konsultatatzeko zerbitzuak dokumentu hori baliozkotzen badu, ez da beharrezkoa izango agiri hori aurkeztea.

– Eskaera aurkezteko unean ikaslea adin txikikoa bada eta ez badago legez emantzipatuta, eskaera aitak, amak edo ikaslearen tutorea den pertsona edo erakundeak aurkeztu behar du. Kasu horretan, familia-liburua edo eskaera aurkezten duena ikaslearen legezko ordezkaria dela egiaztatzeko dokumentua ere aurkeztu beharko da.

2.– Eskaeran desgaitasunen bat duten pertsonentzat edo goi-mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat erreserbatutako plazetan onartua izatea aukeratu dutenek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, aurreko atalean aipatutako nortasun-agiriaz gain:

a) Desgaitasunagatiko erreserba: kasuko lurralde-historikoko foru-aldundiko gizarte-zerbitzuetako departamentuak edo administrazio publikoaren organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Han, legez aitortu beharko da eskatzaileak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

b) Goi-mailako edo errendimendu handiko kirolari izateagatiko erreserba: adierazpen ofizial bat, izaera hori aitortzen duena.

3.– 1. apartatuan adierazitakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztuko da.

a) Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako:

– Ikasleak Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala proposatzen duen irakasleen orientazio-aholkua.

– Azken maila egin den ikastetxeko ikasketa-ziurtagiria, baldin eta ikasketak EAEtik kanpo egin badira.

Dokumentu horiek ez dituzten 17 urte edo gehiagoko ikasleak salbuetsita egongo dira berauek aurkeztetik.

b) Hezkuntza-premia bereziak dituztenei zuzenduta dauden eta 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako:

– Ikasleak 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duen Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin dezala proposatzen duen irakasleen orientazio-aholkua.

– Azken maila egin den ikastetxeko ikasketa-ziurtagiria, baldin eta ikasketak EAEtik kanpo egin badira.

c) 17 urte edo gehiago dituzten ikasleei zuzenduta dauden 3 urterako prestakuntza-ibilbidea duten Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetarako ez da inolako dokumentazio akademikorik aurkeztuko.

d) Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetarako: zer sarbide aukeratu den. Horretarako, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

○ Sarbidea titulazio akademiko ofizial bat bada: sartzeko alegatutako titulua edo titulua eskuratzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria. Ikasketak bukatu diren data dela-eta ezin bada bi dokumentu horietatik bat ere aurkeztu, baldintza hori egiaztatzeko, tituluari dagokion historia akademikoaren ziurtagiria aurkeztu ahal izango da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik edo Batxilergotik egiten bada sarbidea; Lanbide Heziketako titulu batetik egiten bada, ordea, ziurtagiri akademiko ofizial bat aurkez daiteke.

○ Heziketa-zikloetara sartzeko kurtsoa gainditzea baldin bada sarbidea: kurtsoaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala.

○ Sarbidea heziketa-zikloetara sartzeko proba edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izana bada: probaren amaierako notaren ziurtagiri ofiziala (ez da beharrezkoa izango heziketa-zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria aurkeztea, baldin eta EAEko 2013-2014 ikasturteko deialdian edo hurrengoetan egin eta gainditu bada. Hala ere, proba hori beste edozein autonomia-erkidegotan gainditu dutenek, edo EAEn baina aurreko ikasturteetan gainditu dutenek ziurtagiria aurkeztu beharko dute irakaskuntza-modalitateari dagokion egutegian zehaztutako epean).

○ Sarbidea irakasgaiak edo gaiak gainditzea bada: ziurtagiri akademiko ofiziala.

○ Ikasketak atzerrian egin dituzten eta titulazioa homologatzeke duten ikasleen kasuan, Baldintzapean Izena emateko Txartela eta dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

e) Espezializazio-kurtsoak: sarbidea kurtso bakoitza egiteko gaikuntza ematen duen titulua denez, aurkeztu beharreko dokumentazioa da kurtsora sartzeko alegatutako titulua edo titulu hori jaukitzeko tasa ordaindu izanaren agiria. Ikasketak bukatutako datagatik bi dokumentu horietako bat ere aurkeztu ezin bada, titulua lortu dela tituluari dagokion espediente akademikoa aurkeztuta egiaztatu beharko da.

4.– Eskatutako irakaskuntzari dagokion eranskinean (II., III. eta IV. eranskinak) jasotako lehentasun-irizpideei jarraikiz ikaslearen eskubide izan daitezkeen erreserbak, lehentasunak edo hurrenkeran lehenago joateko aukera erabiltzeko, horretarako eskubidea duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, salbu eta Administrazioak aurretiaz badu informazio hori.

5.– Eskatzaileak irakaskuntzetara sartzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatuta geratzen den guztietan, plaza erreserbatzeko, lehentasuna izateko edo hurrenkeran lehenago joateko eskubidea ematen duen dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ikasleak izan zezakeen hurrenkera galduko du. Egoera horietan, esleipena kupo orokorrean dagokion sarbidetik egingo da.

Seigarrena.– Plazak esleitzeko prozedura.

1.– 1. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzetako plazak esleitzeko prozeduran parte hartu nahi dutenek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako ezarritako epean. Epetik kanpo ez da eskaerarik onartuko.

2.– Plazak esleitzeko, aintzat hartuko da eskaeran adierazitako hurrenkera, plaza bat baino gehiago eskatzen bada.

3.– Eskaeran, datu hauek eman beharko dira plazei buruz: ikastetxea, zikloa edo espezializazio-kurtsoa, txanda, maila eta eredua. Irakaskuntza-eskaintza partzialerako eta urrutiko irakaskuntzarako modulu bana ere egongo da.

4.– Pertsona bakoitzak nahi adina plaza eskatu ahal izango ditu. Ez dago mugatuta eskaera bakoitzean eska daitekeen plaza kopurua.

5.– Eskaeran zenbat eta plaza gehiago eskatu, orduan eta aukera gehiago esleipen-prozeduran plaza bat lortzeko.

6.– Esleipen-prozedura % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonentzat eta goi-mailako eta errendimenduko kirolarientzat erreserbatutako plazetatik hasiko da, 5.4 artikuluan ezarrita dagoen bezalaxe. Erreserbatutako zenbait plaza esleitu gabe geratzen badira, gainerako plazei batuko zaizkie.

Prozeduraren lehen urrats horretan parte hartu eta erreserbatutako plazarik lortu ez dutenak plazak esleitzeko prozedura arruntean sartuko dira.

7.– Berdinketarik izanez gero, ausazko esleipen-prozedura bat baliatuko da, ikasleak onartzeko prozeduran erabilitako aplikazio informatikoak egina. Aplikazio informatikoak, eskaera grabatzeko unean, ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskaerari, 1aren eta 99999aren arteko zenbaki oso bat, alegia. Berdinketak hautsi behar diren kasuetan erabiliko da zenbaki hori, horretarako gainerako irizpide guztiak agortu ondoren, betiere. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.

Zazpigarrena.– Batez besteko nota kalkulatzea.

1.– Beren ikasketak EAEn egin dituzten ikasleen kasuan, Hezkuntza Administrazioak aurretiaz du beren historia akademikoan lortutako batezbestekoa; beraz, kasu horretan ez da historia akademikoa aurkeztu beharko, esleipena egiteko erabiltzen den aplikazio informatikoak zuzenean hartuko duelako aintzat nota hori.

2.– Beste autonomia-erkidego batzuetatik datozenek historia akademikoa aurkeztu beharko dute, eta bertan agertzen den batez besteko nota hartuko zaie aintzat.

3.– Hezkuntza Administrazioak ez badu aurretiaz nota hori, tituluan lortutako batez beste nota jasoko duen historia akademiko ofiziala aurkeztu beharko da, plazak esleitzeko hurrenkera ezartze aldera. Ziurtagiri hori aurkezten ez duenari 5eko batez besteko nota emango zaio.

4.– Aurkeztutako ziurtagirian ez baldin badago batez bestekoa kalkulatuta, honako kalkulu hau egin beharko da:

– Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen kasuan, batez besteko nota kalkulatzeko Bigarren Hezkuntzan edo irakaskuntza baliokidean egindako maila bakoitzeko irakasgaietan ateratako noten batez bestekoa egingo da. Irakasgaiko nota kuantitatiboa bada, zenbaki hori bera hartuko da aintzat. Ikasgaiko nota kualitatiboa bada, kuantitatibo bilakatu beharko da, honako baremo honi jarraituz:

• Gutxiegi: 4.

• Nahiko: 5.

• Ongi: 6.

• Oso ongi: 8.

• Bikain: 10.

Batez besteko notaren kalkulua bi dezimalekin adieraziko da.

– Erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetarako eta espezializazio-kurtsoetarako batez besteko nota kalkulatzeko, egiaztatutako ikasketetan lortutako batezbestekoa hartuko da aintzat. Irakasgaiko nota kuantitatiboa bada, zenbaki hori bera hartuko da aintzat. Ikasgaiko nota kualitatiboa bada, kuantitatibo bilakatu beharko da, honako baremo honi jarraituz:

• Nahiko: 5,50.

• Ongi: 6,50.

• Oso ongi: 8,00.

Bikain edo bikain ohorezko matrikularekin: 10,00.

• Batxilergoko edo DBHko titulu homologatua: homologazio-ebazpenean ageri den nota.

• Gai sarrera-proban: 5,00.

• Sarrera-proba egitetik salbuetsia: 5,00.

• Baldintzapean izena Emateko Txartela: 5,00.

Zortzigarrena.– Onartutako eta ez-onartutako eskaeren behin-behineko zerrendak onetsi eta argitaratzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskuragarri jarriko da onartutako eta baztertutako eskaeren zerrenda, Ikasgunean https://ikasgunea.euskadi.eus eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan. Bertan, honako hauek zehaztuko dira: lehentasun-hurrenkera, eta, horren barruan, kasu bakoitzean ezarritako hurrenkera.

Bederatzigarrena.– Behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkeztea.

1.– Behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioa aurkez daiteke ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, dagokion egutegian ezarritako epean.

2.– Pertsona batek erreklamazio bat aurkezten duenean, ikastetxeak dagokion aplikazio informatikoan jaso beharko du. Ondoren, aurkeztutako erreklamazioaren kopia bat inprimatu, zigilatu eta erreklamaziogileari emango dio, egiaztagiri modura.

3.– Erreklamazioak ebatzitzat joko dira behin betiko zerrendak argitaratzearekin batera. Edozein kasutan, hurrengo puntuan ezarritakoari jarraikiz egingo da.

Hamargarrena.– Behin betiko zerrendak onetsi eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, eskuragarri jarriko da onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda, Ikasgunean https://ikasgunea.euskadi.eus eta dagokion ikastetxeko idazkaritzan.

2.– Behin betiko zerrenden aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, hilabeteko epean, zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak eskatu ahal izango ditu Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

Ikasleak behar bezala matrikulatu daitezkeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Hamaikagarrena.– Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak.

Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da ikasleen onarpena bermatzeko batzordeak eratu eta jardunean jartzeko.

Hamabigarrena.– Baldintzak objektiboki ez betetzearren matrikula ukatzea edo ofizioz ezeztatzea.

1.– Segurtasun- edo osasun-egoerekin lotutako baldintza psikofisiko zehatz batzuk eskatzen dituen profil profesionala duten lanbide-heziketako ikasketetan, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak beharrezkoak diren frogagiriak aurkezteko edo proba jakin batzuk egiteko eskatu ahalko du, titulu bakoitza arautzen duen arauan hala jasota badago.

2.– Kasu horietan, atzera bota edo deuseztatu ahal izango da ikaslearen matrikula, Hezkuntza Saileko laguntza-zerbitzuen iritzia eskatu ondoren, eta, betiere, Hezkuntza Ikuskaritzak dagokion txostena egin ostean, baldin eta ondorioztatzen bada eskatzaileak ez dituela betetzen eskatzen zaizkion baldintza horiek.

3.– Interesdun batek izena emateko momentuan aurkeztutako datuei erreparatuta ikastetxeko arduradunek uste badute baldintza batzuk betetzen ez dituela, ikastetxearen zuzendaritzak, hilabeteko epean, matrikula behin-behinekoa dela jakinarazi beharko dio ikasleari, eta lehenago deskribatutako prozedurari ekin beharko dio; gainera, egoeraren berri eman beharko dio hezkuntza ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.

4.– Hezkuntza-jarduera igaro ahala, ikusten bada arestian aipatutako baldintza objektiboak ez direla betetzen, ikastetxearen zuzendariak egoki den prozedurari ekin beharko dio hilabeteko epean, egoeraren berri eman zaion momentutik hasita. Era berean, horren berri eman beharko dio hezkuntza-ikuskaritzako lurralde-buruzagitzari. Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak erabakiko du matrikula onartu edo baztertu behar den.

Hamahirugarrena.– Onartzeko eskudunak diren organoak.

1.– Ikastetxe publikoetan, zuzendaritzak hartu beharko ditu ikasleak onartzeko erabakiak, aplikatu beharreko araudian eta agindu eta jarraibide hauetan adierazitakoari jarraituz. Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Kontseilu Sozialak, berriz, onarpenaren berri eman beharko dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 127.e) eta 132.n) artikuluetan ezarritakoa betez.

2.– Itundutako ikastetxe pribatuetan, ikastetxeko arauak ezartzen dituzten organoek erabakiko dute ikasleak onartzen dituzten ala ez, aplikatu beharreko araudian adierazitakoa betez.

II. ERANSKINA
ESKAINTZA OSOAREN MODALITATEKO ARAUBIDE PRESENTZIALAREN LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKAINTZA PARTZIALAREN MODALITATEKO ARAUBIDE PRESENTZIALAREN LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
URRUTIKO ARAUBIDEKO LANBIDE HEZIKETA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
IKASTETXEEK HEZKUNTZA ARLOKO ESKUMENA DUEN SAILAREN APLIKAZIO INFORMATIKOA ERABILTZEKO JARRAIBIDEAK (ARAUBIDE PRESENTZIALA –OSOA ETA PARTZIALA– ETA URRUTIKOA)
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
SARBIDERAKO LEHENTASUN-TAULAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala