Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2022ko maiatzaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1939

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») plan partzialaren 11. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2022ko urtarrilaren 12an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskaera bat aurkeztu zuen, Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketaren (aurrerantzean, Planaren Aldaketa) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa e ta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2022ko otsailaren 24an, ukituriko administrazio publikoekin eta interesdunekin, eta espedientean daude jasota izaniko emaitzak. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; izan ere, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren aldaketaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta oro har eta bat etorriz aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Hiri Antolamenduko Plan Partziala 2004ko urrian onartu zuen behin betiko Udalak, eta 2004ko azaroaren 8ko 129. ALHAOn argitaratu zen. Orain arte, Plan Partzialaren 10 aldaketa puntual onartu dira.

Planaren aldaketa honen xedea da M-42 bizitegi-lurzatiaren (1.953 m2) eta EM-9 ekipamendu-lurzatiaren (7.939 m2) mugak zuzentzea, 1. sektorean («Borinbizkarra») sartuta baitaude, eta M-42 lurzatian baimendutako altuerak murriztea, horien aldez aurreko diseinuan dauden akatsak konpontzeko eta eraikuntza-aukerak eta kalitatea hobetzeko. Sestra gaineko lurzatiaren okupazioa eta eraikuntza-sakonera ere aldatu dira.

Plan Partzialaren azken dokumentuko xedapenei dagokienez, honako alderdi hauei buruzko ordenantzak bakarrik aldatuko dira:

– M-42 lurzatiaren kokapena eta forma aldatu da: hegoalderantz eraman da, trenbidearen mugakide den berdeguneraino, eta haren forma angeluzuzena «L» formarekin ordeztu da, sakonera txikiagoarekin.

– Lurzati horretan, eraikuntzaren gehieneko altuera B+14tik B+9ra murriztu da.

– Eraikinaren lerro inguratzailea sektorearen hegoaldeko mugatik 13 metrora dago, eta trenbidearen zortasunak errespetatzen ditu. Lerro horrek 20 metroko distantzia betetzen du trenbidearen plataformaren ertzik hurbilenari dagokionez. Ekialdean, eraikinaren lerro inguratzailea ekialdeko mugatik 3 metrora dago, argiak eta hegal irekiak ireki ahal izateko.

– M-42 lurzatian, lurzatiaren azalera, eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua ez dira aldatu.

– M-9 lurzatia aldatu egingo da, M-42 lurzatiaren morfologia berrira egokituta. Zabalgana hiribidearekin duen lotura lekuz aldatuko da, M-42 lurzatiaren hegoaldetik lurzati horren iparraldera. Ez da haren azalera aldatu, eta ez da inolako eraginik sorrarazi haren eraikuntza-aukeretan.

Plan Partzialaren Hirigintza Arauetan proposatutako aldaketek Plan Partzialaren 26.g) artikulua berridaztea eskatzen dute, eta plano hauei eragiten diete: 6. planoa, «Kalifikazio xehatua eta lurzatien taula orokorra. Plan partziala. Aldatua»; 8. planoa, «Eraikuntzaren antolamendua. Plan partziala. Aldatua»; eta 9. planoa, «Eraikuntzaren beste baldintzatzaile batzuk. Zortasun aeronautikoak, trenbide-zortasunak eta babes akustikoa».

Alternatibei dagokienez, honako hauek aztertu dira: 0 alternatiba edo ez esku hartzea; 1. alternatiba, Plan Partzialaren egungo antolamendua mantentzea; eta 2. alternatiba, Planaren Aldaketan proposatutakoa.

Dagoeneko antropizatuta dagoen hiri-lurzoru bat ez garatzea ekarriko luke 0 alternatibak. Bestalde, 1. alternatiban planteatutako antolamenduak ezinezkoa egiten du M-42 lurzatiko hegalak ekipamenduaren gainean egitea, eta horrek etxebizitzen diseinuaren kalitatea baldintzatzen du, hegoaldera orientatzea eragozten baitu.

Horren aurrean, 2. alternatibak ezartzen duen bizitegi-lurzatiaren konfigurazioak orientazio bikoitzeko etxebizitza tipologiak ahalbidetzen ditu, haien altuera murrizten du eta ekipamendu-lurzatirako sarbidea hobetzen du, gainerako hirigintza-parametroak mantenduz. Ingurumen-dokumentuak aukera hori hartzea justifikatzen du, egungo aprobetxamendua optimizatzea eta etxebizitzen garapen eta diseinu hobea ahalbidetzea baitakar.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten dien beste plan edo programa batzuei, hierarkizatuta daudenei barne: Planaren eremua osatzen dute bizitegitarako M-42 (1.953 m2) eta ekipamendurako EM-9 (7.939 m2) hiri-lurzoruko lurzatiek. Planaren Aldaketak proposatzen du lurzati horien kokapena eta forma aldatzea, horien eraikigarritasuna mantenduz, etxebizitzen diseinua hobetzeko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik plangintza hierarkikoki nagusiarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak integratzeko. Aldez aurretik hiri-lurzoru gisa kalifikatuta eta Vitoria-Gasteizko hirigunean txertatuta dagoen lurzorua okupatzea dakar, eta garapen berriek aurrezpen eta efizientzia energetikoa sustatzeko neurriak gehi ditzakete.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: Plana exekutatzeak ez du ingurumen-arazo esanguratsurik eragingo, baldin eta afektazio-eremuan egin behar diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren aldaketaren eremua bat dator M-42 (1.953 m2) bizitegi-lurzatiarekin eta EM-9 (7.939 m2) ekipamendu-lurzatiarekin –Vitoria-Gasteizko 1 sektorearen («Borinbizkarra») hego-ekialdeko muturrean kokatuak–. Hiriko bilbean sartutako hiri-lurzoruko orube hutsak dira. Honako hauekin egiten dute muga: mendebaldean, Zabalgana hiribidearekin; iparraldean, Ozeano Barea kalearekin; mendebaldean, Mediterraneoaren hiribidearekin; eta hegoaldean, ADIFen trenbidearekin.

Ez da ingurumen-balio nabarmenik antzeman eremuan. Ez dago interes geologikoko tokirik, ez dago naturagune babestuekin kointzidentziarik, natura-intereseko beste espaziorik edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementurik. Ez du kointziditzen, halaber, ezein ur-ibilgu eta hezegunerekin. Lurzatietan ez da espezie mehatxaturik identifikatu, ez eta Batasunaren intereseko habitatik ere; haietan dagoen landaredi bakarra erruderal-nitrofiloa da. Bestalde, eremu horretan ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

Eremua Vitoria-Gasteizko ikuspen-arroan dago, paisaia-balio oso txikia du, eta bertako paisaia antropogenikoa oso arrunta da. Paisaia ez dago katalogatuta.

Ingurumen-arriskuen arloan, eremua Kuartango-Agurain lurpeko ur-masaren (ES091MSBT013) gainean dago kokatua eta kalteberatasun handia du akuiferoak kutsatzeari dagokionez.

Beste arrisku batzuei dagokienez, eremuan ez da detektatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik. Orobat, ez da detektatu eremuko uholdeen ondoriozko arriskurik. Higadura-arriskua larria eta oso larria da lurzatien hego-mendebaldeko muturrean.

Egoera akustikoari dagokionez, gaur egun, zarata-iturri nagusia eremutik gertu dauden kaleetako ibilgailuen zirkulazioa da, baita trenbidea ere. Aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua), gaur egungo egoeran gainditu egiten dira bizitegi-erabilera nagusi den sektoreetarako (A mota) kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritakoaren arabera. Azterlan akustikoak eremuko bibrazio-mailen ebaluazioa jasotzen du. Eskuratutako emaitzek bibrazioen muga-balioen oso azpitik dauden mailak adierazten dituzte.

Planaren aldaketan sartzen diren jarduketen inpaktuak urbanizazio-obrak eta bizitegi-eraikin berriak eraikitzetik eratorritakoak izango dira. Obra horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, lur-mugimenduak egingo dira eta soberakinak sortuko dira. Era berean, aldi baterako eta leku jakinetan, giza habitataren kalitatea gutxituko da (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotuko dira), hondakinak sortuko dira eta ustekabeko isurketek lurpeko uretan eta lurzoruetan eragiteko arriskua areagotuko da.

Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, etorkizunean (20 urte barru), eremuaren zonakatze akustiko xehatua kontuan hartuta, aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua), urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak era moderatuan gainditzen dira, bai kanpo-ingurunean bai fatxadako hargailuetan. Azterlanaren eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE-Barne-eraztuna) baten barruan dagoenez, azterlan akustikoak zehazten du fatxadako isolamenduaren bidez beteko direla eraikinen barneko espazioan aplikagarriak diren kalitate akustikoko helburuak. Horrez gain, eremuan aurreikusitako ekipamendu-zonarako, proposatzen da erabilera ez izatea E motako eremu akustikoari («Osasun-, hezkuntza- eta kultura-erabilerara bideratutako lurralde-esparruak, hots-kutsaduraren aurkako babes berezia behar dutenak») dagokiona.

Ustiapen-fasean, aurreikusten da ez dela gertatuko inpaktu esanguratsurik eremuan bizitegi-jarduera areagotzearen ondorioz.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu adierazgarririk izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planaren Aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dakion, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak egikaritzeko:

– Identifikatutako arriskuekin lotutako neurriak:

• Ustiaketako zarata: Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko Dekretuaren (urriaren 16ko 213/2012 Dekretua) 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

• Lurzoruen eta lurpeko uren babesa: obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako operazio osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

Zehazki, lurzorua eta lurpeko urak babesteko, neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-fasean, ustekabeko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara eginiko isuriak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar. Behar diren neurriak hartu beharko dira, bestalde, jarduketek eraginik izan ez dezaten lurzoruan eta lurpeko uretan.

• Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinei eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barnean direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak antzemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Obrako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

• Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaian integratzea: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-baldintza zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak, eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidik egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira, hariztiaren eta baso misto atlantikoaren ezaugarriak lehenetsita.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 71.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Vitoria-Gasteizko 1. sektoreko («Borinbizkarra») Plan Partzialaren 11. aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 8a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala