87. zk., 2022ko maiatzaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 16 orri.)
- EPUB (298 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
1935
EBAZPENA, 2022ko martxoaren 29koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, 2022. urtean langile autonomoen artean Laneko Arriskuen Prebentzioan prestakuntza sustatzeko deialdia egin eta dirulaguntzak arautzen dituena.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak badaki langile autonomoen kolektiboan laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza eta kualifikazioa beharrezkoak direla.
Bestalde, Langile Autonomoaren Estatutuaren 20/2007 Legearen 8. artikuluko 2. puntuan ezartzen duenez: «Administrazio publiko eskudunek prebentzio-arloko prestakuntza espezifikoa eta langile autonomoen berezitasunei egokitua sustatuko dute».
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2022. urteko Kudeaketa Planean ezarritako helburuen barruan dago kolektibo horretan laneko arriskuen prebentzioa sustatzea. Horretarako, langile autonomoen sektorean prestakuntza sustatu nahi da, helburu honetan inplikatuz kolektibo profesional horrekin lan egiten duten ahalik eta elkarte profesional, erakunde sindikal eta irabazi-asmorik gabeko erakunde gehien.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak hainbat eginkizun ditu, behar-beharrezkoak direnak laneko osasuna, higienea eta segurtasuna sustatzeko eta prebenitzeko bere helburuak betetzeko. Horretarako, langile autonomoen prestakuntza sustatu eta indartzen du, deialdi honetan eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2022. urterako Plan Estrategikoan jasotako dirulaguntzaren bidez.
Dirulaguntzen plan estrategikoa Osalanen zuzendari nagusiaren 2022ko otsailaren 23ko ebazpenaren bidez onartu zen. Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen web-orrian argitaratuta dago, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 8.1 artikuluko baldintzak betetzen ditu.
Printzipio horien ildotik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko 2022. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 11/2021 Legean jasotakoarekin, eta onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak emango dituen dirulaguntzen deialdia egitea eta dirulaguntza horiek arautzea, 2022ko ekitaldian langile autonomoen artean Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko prestakuntza sustatzera bideratutako jarduerak garatzeko, hurrengo artikuluek xedatutakoari jarraikiz.
2. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Ebazpen honetan araututako laguntzak bateragarriak dira administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako eman ditzaketenekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari jakinarazi beharko diote dirulaguntza horiek eskuratu izana.
2.– Emandako laguntza eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu egindako jardueraren kostu osoaren % 100, jarduera horrexetarako diren beste dirulaguntzak edo finantzatutako ekintza horretan bertan lortutako diru-sarrerak ere kontuan hartuta.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Ebazpen honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen 2022. urterako aurrekontuen IV. kapituluan ezarritako aurrekontu-kreditutik etorriko dira, eta berrogei mila (40.000) euro izango dira, 31130 programako IV. kapituluaren bitartez bideratuta.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira langile autonomoen elkarte profesionalak, erakunde sindikalak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.
1.– Ezingo dira onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten erakundeak, ez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan xedatutako beste debeku-egoeraren batean dauden erakundeak.
2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 4., 5. eta 6. zenbakietan zehaztutakoa bete beharko dute erakunde eskatzaileek.
3.– Prebentzio Zerbitzuen Araudia onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoa bete behar dute erakunde eskatzaileek.
4.– Laguntza-eskabidea aurkezten duelarik, eskatzaileak berariazko baimena emango du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak zuzenean eskura dezan, ziurtagiri telematikoen bidez, azaroaren 17ko 38/2003 Legea arautzen duen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan jasotako inguruabarren egiaztapena (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori). Kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin ahal izango dio baimen horri eta, hala eginez gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako erregelamenduaren artikulu jakin horietan aurreikusitako baldintzetan.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko azaroaren 1era bitartekoa izango da, edo, bestela, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu direla eta eskabideak aurkezteko epea amaitu dela jakinarazten duen ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunera artekoa.
7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkeztea.
1.– Honako helbide honetan daude eskuragai izapideak egiteko jarraibideei buruzko administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, bai eta eskabidearen formularioa ere:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0048103
2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak (sarbidea, izapidea eta jarraipena) «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahalko da, ordezkariaren bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Izapidetze elektronikoa hemen dago araututa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoarena; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena, Informatika eta e-administraziorako plataforma teknologikoa –Platea– onartzen duena. Eskabidea, eransten zaion dokumentazioarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza koofizialetako edozeinetan aurkez daiteke. Halaber, prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.
6.– Formulario elektroniko normalizatuko eskabideak aukera hau ematen du: laguntza eskatzen duten erakundeek berariaz baimena ematea organo kudeatzaileari nortasun-agiri nazionalaren datuak edo identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzkoak eta erregistro ofizialetako datuak eskura edo egiazta ditzan, laguntzak kudeatzeko ondorioetarako bakarrik, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoak datuok egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko duen ahalmena. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Baimena isilbidez emantzat joko da, baimen hori berariaz ukatzen ez bada.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
a) Lortu duela helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.
b) Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dionik, edo ez dagoela sartuta legezko debekuren batean, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazita, sexu-arrazoiaren ziozko diskriminazioagatik sortu diren horiek barne.
c) Erakunde eskatzaileak egunean duela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezartzen duen onuradun izateko galarazpenen batean sartuta.
d) Erakunde eskatzaileak prebentzio-modalitate bat eskatu duela, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan jasotakoaren arabera, eta arriskuen ebaluazioa egin duela edo egiten ari dela.
8.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau erantsi beharko da:
a) Erakunde eskatzaileak legez eratuta egon beharko du, eta erakundearen legezko ordezkariak ordezkaritza-ahal nahikoa justifikatu beharko du, agiri hauek erantsita:
– Erakundearen fundazio-eskrituren eta estatutuen kopia eskaneatua edo, bestela, erregistro-ziurtagiri ofiziala, legez eratuta edo dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko.
– Ordezkaritza-ahal nahikoa egiaztatzeko notario bidez legitimatutako izenpea duen dokumentu publiko edo pribatuaren kopia eskaneatua. Erakundearen ziurtagiri elektroniko batekin identifikatzen bada, ez da beharrezkoa egiaztatzea ordezkaritza-ahal nahikoa duela izapideak ziurtagiriaren titular den erakundearen izenean egiteko.
b) Eskatutako prestakuntza-jardueren deskribapena, I. eranskineko ereduaren arabera.
c) Eskatutako prestakuntza-jardueraren aurrekontu ekonomikoa, II. eranskineko ereduaren arabera.
8. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak «Nire karpeta» atalean kontsultatu daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan: (https://www.euskadi.eus/egoitza). Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.
9. artikulua.– Jarduera diruz lagungarriak.
1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunaren eta 2022ko azaroaren 30aren artean garatu diren prestakuntza-jarduera guztiak kontuan hartuko dira, eta nahitaez bideratu beharko dira Autonomoen Araubide Berezian alta emanda dauden langile autonomoen artean laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza sustatzera, betiere langile horien jarduera profesionalaren helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan badago.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak aurrez aurre edo online saioetan eman ahalko dira. Online saioak «zuzeneko» saioak izan beharko dira. Horretarako, diruz lagunduko den jardueran aurreikusitako saio guztietan ikasleak eta profesionalak bertan direla bermatzeko sistema telematikoak edo aplikazioak erabiliko dira (online saio sinkronikoak).
Prestakuntza-jarduera hauek gutxienez 10 eskola-orduko eta gehienez 30 eskola-orduko ikastaroetan egin beharko dira.
3.– Ikastaroek honako ikasgai hauek garatu beharko dituzte:
I.– Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
a) Lana eta osasuna: arrisku profesionalak. Arrisku-faktoreak.
b) Lanak eragindako kalteak. Laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak. Lanak eragindako beste patologia batzuk. Osasuna eta lan-arriskuak genero-ikuspegiarekin.
c) Oinarrizko arau-esparrua lan-arriskuen prebentzioaren arloan. Arlo horretako eskubideak eta betebeharrak.
II.– Arrisku orokorrak eta horien prebentzioa.
a) Segurtasun-baldintzei loturiko arriskuak.
b) Laneko ingurumenarekin lotutako arriskuak.
c) Lan-karga, nekea eta lanarekiko asegabetasuna.
d) Arriskuen kontrolerako oinarrizko sistemak. Taldeko eta banakako babesa.
e) Larrialdi-eta ebakuazio-planak.
f) Langileen osasunaren kontrola.
III.– Arrisku espezifiko sektorialak eta horien prebentzioa.
IV.– Prebentzioaren kudeaketako oinarrizko elementuak.
a) Laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuak.
b) Prebentzio-lana antolatzea: oinarrizko errutinak.
c) Dokumentazioa: jaso, landu eta artxibatzea.
V.– Lehen sorospenak.
30 eskola-ordu baino gutxiagoko ikastaroek ikasleek beren lanbide-jarduera garatzen duten lanbide-sektoreen beharretara egokitu ahal izango dituzte emandako irakasgaiak, haien edukia eta eskola-denbora.
30 ikastorduko ikastaroek aurrez aipatutako ikasgai guztiak jaso beharko dituzte ikasgai-zerrendan.
4.– Laneko arriskuen prebentzioaren gainean goi-mailako prestakuntza duten langileek eman beharko dituzte prestakuntza-ekintzak, Prebentzio Zerbitzuen Araudia onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuak VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eskaini beharko dira prestakuntza-ekintzak, eta horien edukian eta sortutako dokumentazioan genero-ikuspegia txertatu beharko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.4 eta 18.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Prestakuntza-ekintzen garapenarekin lotutako jarduerak partzialki edo osorik azpikontratatu ahal izango dira, artikulu honetan ezarritako baldintzak betez, betiere hertsiki beharrezkoak baldin badira prestakuntza-jarduera egiteko.
7.– Erakunde onuradunek 2 hilabeteko epean garatu beharko dituzte diruz lagundutako ikastaroak, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Laguntzak emateko ebazpenak eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera egingo dira, eta eskabideek ebazpen honetan ezarritako baldintzak bete ondoren. Beraz, beharrezkoa da erakunde eskatzaileek eskabideak aurkezteko datak egokitzea, eskatutako prestakuntza-jarduerak garatzeko aurreikusitako datak kontuan hartuta.
10. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauei dagozkie:
– Eskola-gastuak: irakasleek eragindako gastu guztiak, ikastaroa ematea, eduki didaktikoak garatzea, ikasleentzako dokumentazioa eta lokalak alokatzea.
– Ikastaroaren kudeaketari dagozkion gastuak: ikasleak erakartzearen ondoriozko gastuak, ikastaroaren publizitatea eta matrikulen kudeaketa.
Gehienez 325 euroko dirulaguntza emango da prestatutako ikasle bakoitzeko, baina horrela kalkulatutako zenbatekoa (325 euro X ikastaroan prestatutako ikasleak) ezingo da izan ikastaroaren ordu kopurua bider 160 euro eginda ateratzen den emaitza baino altuagoa (160 euro X ikastaroaren ordu kopurua).
2.– Aurrez aurreko saioetako ikasleen gehieneko kopurua une oro egokitu beharko da osasun-agintariek ezarritako araudira, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurrien arloan, kasuan kasuko prestakuntza-jarduera egiterako unean indarrean dauden horiek kontuan hartuta.
3.– Inskripzio-epea irekita dagoen bitartean, erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du, erakunde eskatzaile bakoitzari emandako laguntzen guztizkoa 20.000 euro izan arte.
11. artikulua.– Laguntzen izaera, balorazioa eta adjudikazio-proposamena.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza Teknikoari egokituko zaio, organo instrukzio-egilea den aldetik, aurkeztu diren eskabideak aztertzea eta deialdi honen 9. artikuluan ezarritako eskakizun espezifikoak betetzen direnetz egiaztatzea, eta dagokion ebazpenaren proposamen arrazoitua igorriko dio Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari.
12. artikulua.– Esleipenaren ebazpena.
1.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak arrazoitutako ebazpen bidez esleituko edo ukatuko du eskatutako laguntza bakoitza, eskabideak aurkezteko dataren lehentasun-hurrenkerari jarraituz, eskabidea aurkezteko epea edo deialdi honen xede den laguntzarako aurrekontu-kreditua agortu arte. Ebazpen hori dagokion erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio. Erakunde interesdunei bitarteko elektronikoen bidez egingo zaizkie jakinarazpenak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Laguntza guztiak esleitu ondoren, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du emandako eta ukatutako laguntza guztien zerrenda.
3.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpenak indarra hartzen duenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, ezetsitzat har daitezke eskabideak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.
4.– Adjudikazio-ebazpenaren jakinarazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Berariazko ebazpenik ez badago, errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, ustezko egintza gertatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera.
5.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.
6.– Jakinarazpen elektronikoak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
13. artikulua.– Adjudikazio-ebazpena aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak baimenik gabe aldatuz gero, litekeena da laguntza emateko ebazpen hori aldatzea edo bertan behera uztea. Erakunde onuradunak Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren V. tituluan aurreikusitako arau-hauste eta zehapenen araubidea bete beharko du.
2.– Adjudikazio-ebazpenean zehaztutako epean eta moduan egin beharko dira jarduerak. Alabaina, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldarazteko moduko gorabeherarik gertatuz gero, betiere aldaketak dirulaguntzaren helburuei eragiten ez badie, funtsezko alderdiei edo laguntza emateko erabakigarriak izan diren alderdiei, onuraduna zehazteari, edo hirugarrenei kalte egiten ez badie, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak behar den aldatze-ebazpena emango du eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak birdoitu. Erakunde edo pertsona onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera (dekretu horrek ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra; halaber, horiek kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak finkatu zituen).
3.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa –gastu eta diru-sarrera guztiak kontuan hartuta– aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoa denean, sortutako gastu errealari egokituko zaio dirulaguntza, era proportzionalean.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikazio-prozedura.
1.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
2.– Eskatutako prestakuntza-ekintza amaitu eta 15 eguneko epean, eta onartutako prestakuntza-jardueraren kostua ordaindu aurretik, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Justifikazioko memoria ekonomikoa, egindako jarduerak eta horien kostua jasotzen dituena, III. eranskinaren arabera. Memoria honetan jasotzen diren langile propioen gastuek gastuaren kontzeptuari dedikatutako ordu kopurua eta gastua egozten zaien langileei esleitutako izena eta orduko kostua izan beharko dituzte.
b) Jasotako gastuen fakturak edo egiaztagiriak.
c) Prestakuntza-jardueraren aprobetxamendu-ziurtagiria, IV. eranskineko ereduaren arabera.
d) Ikastaroa eman duten irakasleen laneko arriskuen prebentzioko goi-mailako titulazioa egiaztatzen duen agiriaren kopia eskaneatua.
e) Inkestak, V. eranskineko ereduaren arabera, prestakuntza-jarduerako ikasleek beteta.
3.– Prestakuntza-jarduerarako onartutako aurrekontuan aurreikusitako gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balioa duten bestelako agiriak aurkeztuko dira, merkataritza-trafiko juridikoan baliozkotasuna dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurrekontuan islatutako gastua benetan egin dela egiaztatzeko. Fakturek harreman zuzena eduki beharko dute diruz lagundutako jarduerekin, eta, horietan, finantzatu daitezkeen kontzeptuak agertu beharko dira, bereizita eta banakatuta. Fakturekin batera fakturak ordaindu direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek ezarritako epeetatik kanpo aurkeztu ahal izango dira, aldez aurretik Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari eskatuta. Langile propioen gastuak nominen eta gizarte-aseguruen bidez justifikatu ahal izango dira.
4.– Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2022ko azaroaren 30a baino geroagokoa.
5.– Erakunde onuradunei ordainketak egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Itzulketa bidezkoa dela adierazten duen ebazpenaren bidez zordunak ez izatea.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea.
15. artikulua.– Jardueren jarraipena eta kontrola.
Ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta egiten ari diren eta egin diren jarduerak egiaztatzeko, beharrezkoak diren jarraipen-jarduerak gauzatuko dituzte aldian-aldian Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko langileek. Ildo horretan, erakunde onuradunak behartuta egongo dira Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta dirua itzultzeko prozedura.
Dirulaguntzaren erakunde onuraduna Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako egoeraren batean egonez gero, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean, edo Dirulaguntzei buruzko Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan ezarritako kasuren batean, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete ezean, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du, eta, horren bidez, honako hau adierazi: ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela erakunde onuradunak, eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaintzen denetik aurrera sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiola, hargatik eragotzi gabe bidezko beste akzio batzuk, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura egiten diren bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen ditu). Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubide hau aplikatuko zaie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 52. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoa.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotako eginbeharrak eta deialdi honetan zehaztutakoak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Erakunde onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde eskatzaileak egunean eduki beharko du dirulaguntza itzultzearen ziozko betebeharren ordainketa, bai onuradun izaera eskuratzeko, bai onuradun izaerari eusteko, harik eta emandako dirulaguntza likidatzen den arte.
2.– Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 16. artikuluetan ezarritako betebeharrak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluko 1. atalean jasotakoak.
3.– Prestakuntza-jardueren testuinguruan sortutako argitalpen, liburuxka, agiri eta euskarri informatiko guztietan, oro har, berariaz aipatu beharko da Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak diruz lagundu izana, hauetan xedatutakoa betez: abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan jasotako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Araudia (dekretu horren bidez arautzen da Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua) eta Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena, zeinen bidez sartzen baitira azken aldaketak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan (2013ko uztailaren 31ko EHAA, 145. zk.).
4.– Erakunde onuradunek, hala badagokio, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari erraztasunak emango dizkiote, egindako jarduerak ikuskatzeko.
5.– Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio diruz lagundutako prestakuntza-jardueretan aurreikusitako baldintzetan egon den aldaketa oro.
18. artikulua.– Datuen tratamendua.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Prestakuntza.
Arduraduna: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.
Xedea: Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako edo/eta diruz lagundutako ikastaro eta jardunaldien kudeaketa eta ziurtapena.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
– Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.
– Legezko interesdunak.
– Ikastaroak egin dituzten langileak dituzten enpresak.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk baliatzeko ere.
Informazio gehigarria: gure webgune honetan kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/063000-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa:
https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, arau hauetako xedapenak aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraz, beronen aurka, hautazko berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera egingo da hori.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Barakaldo, 2022ko martxoaren 29a.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
MARÍA LOURDES ISCAR REINA.