Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2022ko maiatzaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1932

1/2022 FORU DEKRETU-ARAUA, apirilaren 5ekoa, egungo krisi energetikoa, prezioen gorakada eta Ukrainaren inbasioa izaten ari diren inpaktu ekonomikoa arintzeko premiazko zerga neurriak onestekoa.

Azken bi urteetan, gizarteak pandemia global bati, energiaren krisiari, hornidura kateen kolapsoari eta aurreko guztiaren ondorioz izugarri igo den inflazioari egin behar izan die aurre. Orain susperraldiaren garaian sartuko ginela ematen bazuen ere, Ukrainaren inbasioak jarduketa planak aldarazi ditu berriro.

Arlo ekonomikoan, inbasioaren ondorioz bizirauteko eta erresistentzia egiteko ekonomia bat sortzen ari da. Ondorioak larriak izaten ari dira: ekoizpen kostuek gora egin dute energiaren eta lehengaien prezioak igotzeagatik, eta enpresa ekoizle batzuk jarduera gelditzen ari dira. Egoera horrek energia kontsumo intentsiboa duten sektoreei eragiten die bereziki, automobilgintza eta galdaketa sektoreei esate baterako, baina baita logistikari, garraioari, banaketari eta lehen sektoreari ere.

Prezioen igoerari dagokionez, Ukrainako gerra piztu izanak ere eragina izan du gorakada hori amaitu ez dadin. Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) urte arteko tasaren igoera bortitza indizearen osagai gehienetan izandako igoera orokortuari zor zaio, eta, batez ere, elikagaietan, alkoholik gabeko edarietan eta erregaietan izan diren hazkundeengatik. Horri elektrizitatearen prezioen ezegonkortasuna gehitu behar zaio; izan ere, prezio horiek asko garestitu dira, gasarekin batera, eta, horrek eragin egin du herritarrek egunero erabiltzen dituzten produktu eta zerbitzu asko ere garestitu egin daitezen.

Zirkunstantzia horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan gaur eta etorkizunean izan ditzaketen ondorioak aintzat hartuta, beharrezko gertatzen da tributuen esparruan premiazko neurriak hartzea zergadunen likidezia falta arindu eta faktore horiek guztiek ekonomian duten inpaktu negatiboari aurre egiteko.

Foru dekretu-arau honek bederatzi artikulu, xedapen gehigarri bat eta azken bi xedapen ditu.

1. artikuluak foru dekretu-arauaren xedea eta aplikazio eremua ezartzen ditu. Horrela, xedatzen du bertan ezartzen diren zerga neurrien xedea dela egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioak arintzea, ondorio horiek zerga betebeharrak behar bezala betetzea zailtzen duten neurrian.

2. artikuluak zatikapen berezi bat arautzen du zerga zorretarako, bermerik jarri gabe eta berandutze interesik sortu gabe, 2022ko apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko borondatezko epean aurkeztu eta ordaindu behar diren hileko eta hiruhileko autolikidazioen ondorio direnean. Kanpoan geratzen dira jokoaren gaineko tributuei dagozkienak. Kuota 6 zati berdinetan zatikatuko da, eta lehenengo kuota 3 hilabeteko gabealdia igaro ondoren ordainduko da.

3. artikuluak aparteko neurriak ezartzen ditu zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan etekin garbia zehazteko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, eta aplikatzekoak dira bai izaera orokorrez eta bai nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan eta merkantzien errepide bidezko garraio jardueretan.

Lehen sektorea ikusten ari da bere ekoizpen kostuak ikaragarri hazten ari direla. Horrek, jardueraren errentagarritasuna ez ezik, nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien bideragarritasuna ere jar dezake arriskuan, eta horrek, era berean, berekin ekar dezake biztanleria elikagaiez ezin hornitzea. Zailtasun horiek konpentsatzeko, gastu kengarriengatik aplika daitekeen gutxipen portzentajea 100eko 75etik 100eko 90era handitzen da aurreko urteko eragiketa bolumena 30.000 eurotik gorakoa izan ez denean; beste edozein kasutan, 100eko 35etik 100eko 70era igotzen da portzentajea.

Kostuen igoera horrek eta haren ondorioek merkantzien errepide bidezko garraio jarduerari ere eragiten diote. Eta, horren ondorioz, etekin garbia zehazteko, hainbat gasturengatik aplika daitekeen gutxipen portzentajea 100eko 45etik 100eko 70era igotzen da.

Aurreko paragrafoetan aipatutako kolektiboen kasuan gastuak kuantifikatzeko aplikatu beharreko portzentajeez gain, izaera orokorrez 100eko 10etik 100eko 15era igotzen da gutxipen portzentajea.

3. artikulu honetan araututako neurriei dagokienez, nabarmendu behar da 2021eko zergaldian aplikatuko direla, eta horrek esan nahi du zergadunak apiriletik beretik aurrera izaten ahalko direla haien onuradun.

4. artikuluak ezartzen du jarduera ekonomikoen etekinak lortzen dituzten zergadunak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ordainketa zatikatuak egitetik salbuetsiko direla lehen eta bigarren hiruhilekoei dagokienez.

Zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan etekin garbia zehazteko garaian gastu kengarri gisa aplika daitezkeen gutxipen portzentajeekin egin den bezala, 5. artikuluak ere sozietateen gaineko zergan, 100eko 10etik 100eko 15era igotzen du mikroenpresek zerga oinarrian aplika dezaketen gutxipen portzentajea, beren tamainak dakartzan zailtasunak konpentsatzeko. Era berean, mikroenpresek neurri hori lehenbailehen baliatu ahal izan dezaten, 2021eko zergaldian aplikatu ahal izango dute neurria.

6. artikuluak malgutu eta nabarmen handitzen ditu mozkinak nibelatzeko erreserba bereziaren zuzkidurarako ezarrita dauden gehieneko mugak. Era berean, baldintzak ezartzen ditu erreserba handitu hori aplikatzeko. Esate baterako, beharrezkoa da 2022ko lehen seihilekoaren negozio zifraren zenbateko garbia aurreko urte osokoa baino nabarmen txikiagoa izatea, edo entitate onuradunak ezin banatzea dibidendurik 2022an eta 2023an.

Gainerakoan, erreserba berezi horri dagokionez, beharrezkoa izango da betetzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan ezarrita dauden gainerako baldintzak eta beharkizunak, erreserba horren saldoa lortzen diren zerga oinarri negatiboei aplikatzeko xedatuta dagoen epea izan ezik. Horri dagokionez, nabarmendu behar da murriztapen berezi hori aplikatzen duten zergadunek bi hauen artean aukeratu ahal izango dutela: murriztutako zenbatekoa hurrengo lehen 5 urte jarraituetan konpentsatzea (behin epe hori bukatuta, integratu gabeko kopurua zerga oinarriari gehitzeaz gainera, zenbateko horren 100eko 10eko zuzenketa positibo gehigarri bat egin beharko dute), edo, bestela, murriztutako zenbatekoa hurrengo lehen 10 urte jarraituetan konpentsatzea (kasu horretan, azken portzentaje hori 100eko 30 izango da).

7. artikuluak arautzen du nola aplikatuko den amortizazio askatasuna 2022. urtean eskuratutako ibilgetu materialeko elementu berrietan (eraikinak eta garraiobide jakin batzuk kanpoan utzita).

8. artikuluak malgutzen ditu ikerketa eta garapen proiektuak edo berrikuntza teknologikokoak finantzatzeko kontratuak formalizatzeko baldintzak.

Azkenik, 9. artikuluak aukera ematen die zorra geroratuta edo zatikatuta duten enpresa eta profesionalei Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako laguntzen onuradun izateko, baldin eta laguntza horien helburua bada egungo krisi energetikoak, prezioen igoerak edo Ukrainaren inbasioak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzea, betiere kasu horietan bien arteko konpentsazioa zertan aplikatu gabe, onuradunak dirulaguntza benetan jaso dezan.

Foru dekretu-arau honek xedapen gehigarri bat eta azken 2 xedapen ditu amaieran. Xedapen gehigarrian argitzen da ezen zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion etekin garbia zehazteko aplikatu beharreko gutxipen portzentajeak, hain zuzen ere martxoaren 17ko 169/2022 Foru Aginduaren bidez onartutako 109 ereduan jasotakoak (martxoaren 17ko 169/2022 Foru Agindua, 2021eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga autolikidatzeko ereduak onartu, eta aurkezpena eta diru-sarrera egiteko moduak, epeak eta tokiak ezartzen dituena), ez direla aplikatuko, eta haien ordez foru dekretu-arau honetako 3. artikuluan arautzen diren portzentajeak izango direla aplikatzekoak. Horretarako, foru agindu bat onartuko da aipatutako foru aginduan onetsitako 109 ereduan ageri diren portzentajeak ordezteko. Azken xedapenetan bi gai jorratzen dira: arauak emateko ahalmena eta foru dekretu-araua noiz jarriko den indarrean.

Proposatutako neurrien izaerak eta egungo egoerari lehenbailehen erantzun beharrak beharrezko egiten dute era horretako neurriak presako bidetik onartzea foru dekretu-arau baten bitartez.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, aparteko eta presako arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, eta xedapen horiek foru dekretu-arauen forma izango dutela. Horrelako xedapenek ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari. Foru dekretu-arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio eremua.

Foru dekretu-arau honetan ezarritako zerga neurrien xedea da egungo krisi energetikoa, prezioen gorakada eta Ukrainaren inbasioa izaten ari diren ondorioak arintzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistemaren mende dauden zergadunek zerga betebeharrak behar bezala betetzea zailtzen duten ondorioak direla aintzat hartuta.

2. artikulua.– Zerga zorren zatikapen berezia.

1.– Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen zerga zorrak eta balio erantsiaren gaineko zergari lotutako eta salbuetsi gabeko errentamenduengatik kapital higiezinaren etekinak lortzen dituzten zergadunenak, bai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 13. artikuluan definitutako mikroenpresen eta enpresa txikienak ere, 2022ko apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarteko borondatezko epean aurkeztu eta ordaindu behar diren hileko eta hiruhileko autolikidazioen ondorio badira, bermerik zertan eman gabe eta berandutze interesik sortu gabe zatikatu ahal izango dira, artikulu honetan xedatutakoari jarraituz.

Artikulu honetan aurreikusitakoa ez zaie aplikatuko jokoaren gaineko tributuen hiru hilean behingo autolikidazioei.

2.– Zatikapen berezi hori lortzeko, zergadunek egunean egon beharko dute beren zerga betebeharretan, eta autolikidatzeko borondatezko epean aurkeztu beharko da eskaera.

3.– Zerga zorra ordaintzeko, artikulu honetan aipatutako zergapekoek zorra zenbateko bereko 6 kuotatan zatikatzeko eskatu ahal izango dute, bana hileko, eta kuota horietako lehena 3 hilabeteko gabealdia igaro ondoren ordaindu beharko dute.

4.– Autolikidazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuan aurkezteko unean egingo da eskaera.

5.– Artikulu honetan aipatutako zatikapen bereziak zerga-bilketako zuzendariorde nagusiak ebatziko ditu.

6.– Artikulu honetan araututako zatikapen bereziei, artikulu honetan arautzen ez den guztian, aplikagarri izango zaie abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamendua. Dena den, zatikapena eskatzen denean, ez da beharrezkoa izango 38.3 artikuluko c) letran aipatzen den dokumentazioa aurkeztea, eta 44.1.A.b) artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoa ere ez da aplikatuko.

3. artikulua.– Aparteko neurriak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan zehazteko.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 28. artikuluko 1. apartatuaren b) letran ezarritakoaren arabera, amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik, eta gastu frogagaitzengatik oro har aplika daitekeen gutxipen portzentajea 100eko 15 izango da 2021eko zergaldirako.

2.– Urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 31. artikuluaren 1. apartatuko a) letran ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei gastu kengarri gisa aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 90 izango da 2021eko zergaldirako.

3.– Urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 31. artikuluaren 1. apartatuko b) letran ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei gastu kengarri gisa aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 70 izango da 2021eko zergaldirako.

4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, eta foru arau bereko 28. artikuluko 1. apartatuaren b) letrara egindako igorpenaren ondorioz, merkantzien errepide bidezko garraio jarduerei amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik, eta gastu frogagaitzengatik aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 70 izango da 2021eko zergaldirako.

4. artikulua.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko obligaziotik salbuestea.

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak ez dira behartuta egongo 2022ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak Gipuzkoako Foru Ogasunean autolikidatu eta ordaintzera. Ordainketa zatikatu hori urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 124. artikuluan arautua dago.

Ordainketa zatikatu horren autolikidazioa beren borondatez aurkezten badute, ezingo dute eskatu dagokion zenbatekoaren ordainketa geroratu edo zatikatzeko, eta ez dute eskubiderik izango haren itzulketa bidegabeko diru-sarrera gisa eskatzeko.

5. artikulua.– Mikroenpresek sozietateen gaineko zergan aplika dezaketen zerga konpentsazioa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 32. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera, mikroenpresek beren tamainak dakartzan zailtasunengatik zerga oinarrian konpentsazio gisa aplika dezaketen gutxipen portzentajea 100eko 15 izango da 2021eko zergaldirako.

6. artikulua.– Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia.

1.– Hurrengo 2. apartatuan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sozietateen gaineko zergaren zergadunek zilegi izango dute Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan xedatutakoa aplikatzea, artikulu horretan ezarritako eran, ondoren jasotzen diren berezitasunekin:

a) 52. artikuluaren 1. apartatuko lehen eta bigarren paragrafoetan aipatzen diren mugak 100eko 50ekoak izango dira.

b) 52. artikuluaren 1. apartatuko hirugarren paragrafoan aurreikusitako saldoaren muga ez da aplikatuko.

c) 52. artikuluaren 4. apartatuko lehen paragrafoan aipatzen diren entitateek 25 puntu handitu ahal izango dituzte aurreko a) letran ezarritako mugak.

2.– 52. artikuluan aurreikusitako murriztapena artikulu honetan ezarritako berezitasunekin aplikatu ahal izateko, artikulu horretan aurreikusitako betekizun eta inguruabarrez gain, baldintza hauek ere bete beharko dira:

a) 2022. urteko lehen seihilekoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia ezingo da izan 2021. urte osoari dagokion negozio zifraren zenbateko garbia baino 100eko 40 handiagoa.

b) Ez dute tributatu behar baterakuntza fiskaleko araubide berezian, zeina aurreikusten baita 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko VI. kapituluan.

c) 2022. eta 2023. urteetan, ezin dute mozkinik edo erreserbarik banatu, eta ezin dute erabaki funts propioak murriztea bazkideei ondasunak edo eskubideak emateko.

Letra honetan xedatutakoa betetzen ez bada, aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 127.2 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– 1. apartatuan aurreikusitako murriztapena zergaldi bakar batean aplikatu ahal izango da, eta zergaldi hori hauetako bat izango da, dagokionaren arabera:

a) 2021eko zergaldia, zergadunaren zergaldia urte naturalarekin bat datorrenean.

b) 2020an hasitako zergaldia, baldin eta foru dekretu-arau hau indarrean jartzen den egunean zergaldi hori aitortzeko borondatezko epea oraindik amaitu ez bada.

c) 2021ean hasitako zergaldia, zergaldia 2022ko ekainaren 1a baino lehen amaitzen denean.

4.– Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia zuzkitzeagatik artikulu honetan araututako murriztapena aplikatzen duten zergadunek bi hauen artean aukeratu ahal izango dute:

– Aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa aplikatzea, 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako azken zergaldian indarrean zeukan idazketan.

– Aipatutako 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa aplikatzea, foru dekretu-arau hau onartzen den egunean indarrean duen idazketan.

5.– Mozkinak nibelatzeko erreserba berezia zuzkitzeagatik araututa dagoen murriztapena artikulu honetako aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera aplikatzen dutenek hurrengo zergaldietan berriro aplikatzen badute 52. artikuluan ezarritako erreserba 1. apartatuko hirugarren paragrafoan aurreikusitako mugaren ondorioetarako, saldo hau bakarrik hartu beharko dute kontuan: murriztapena aurreko apartatuan xedatutakoagatik aplikagarri gertatu eta hurrengo zergalditik aurrera erreserbara bideratutako zuzkidurek osatutako saldoa.

6.– Aurreko 2. apartatuan aurreikusitako beharkizunak betetzen ez dituzten sozietateen gaineko zergaren zergadunek baldintza orokorrei jarraituz aplikatu ahal izango dute 2/2014 Foru Arauaren 52. artikuluan jasotzen den murriztapena.

7. artikulua.– Aparteko amortizazio askatasuna.

Ibilgetu material berriko elementuak –kanpoan utzita eraikinak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 31. artikuluko 3. apartatuaren a) letran eta c) letraren bigarren paragrafoan eta 4. apartatuaren lehen eta bigarren paragrafoetan adierazitako arauak aplikatzen zaizkien garraiobideak– 2022. urtean zehar eskuratzen badira, askatasunez amortizatu ahal izango dira funtzionatzen hasten direnetik aurrera eta haien balio bizitzan zehar. Barruan sartuta geratzen dira enpresak berak eraikitako ibilgetu materialeko elementuak eta 2022an zehar sinatutako obra exekuzioko kontratu baten ondorioz agindutakoak, betiere kontratua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan jartzen badira eskura.

8. artikulua.– Ikerketa eta garapen proiektuak edo berrikuntza teknologikokoak finantzatzeko kontratuak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran aipatzen diren ikerketa eta garapen proiektuak edo berrikuntza teknologikokoak finantzatzeko kontratuen formalizazioa proiektuak gauzatzen hasi aurretik egin beharko da –nahiz eta posible ere baden horiek gauzatzen hasi ondorengo lehen bederatzi hilabeteetan formalizatzea–, betiere baldin eta aipatutako 64 bis artikuluko 7. apartatuan aipatutako txostena proiektua gauzatzen hasi aurretik eskatu bada eta aitortzeko borondatezko epea amaitu gabe badago.

Aipatutako 64 bis artikuluko 2. apartatuaren d) letran xedatutakoa xedatuta ere, artikulu horretan jasotakoa aplikagarri izango zaie urte anitzeko ikerketa eta garapen proiektuei edo berrikuntza teknologikokoei haien exekuzioa finantzaketa kontratua sinatu aurretik hasi denean, betiere baldin eta kontratu hori 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiko lehen bederatzi hilabeteetan sinatzen bada eta aipatutako 64 bis artikuluko 7. apartatuan aipatu den txostena proiektua gauzatzen hasi aurretik eskatu bada.

2022an martxan dauden finantzaketa kontratuak aldatu ahal izango dira ordainketa eta gastuen egutegia eta inbertsioen egutegia doitzeko. Aldaketa hori komunikazio osagarri baten bidez jakinaraziko zaio Zerga Administrazioari, kontratua formalizatzen denetik 3 hilabeteko epean eta, nolanahi ere, 2022ko abenduaren 31 baino lehen.

Salbuespen gisa, zilegi izango da formalizatuta dauden kontratuetan parte hartzen duen zergadunaren posizioan subrogatzea, baldin eta subrogazio hori 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldiko lehen bederatzi hilabeteetan gertatzen bada.

9. artikulua.– Geroratutako eta zatikatutako zorrak dirulaguntzekin ez konpentsatzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 72.1 artikuluan eta abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamenduko 38.3 artikuluaren c) letran eta 44.1.A artikuluaren b) letran aurreikusitakoa gorabehera, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak ebatzi ahal izango du geroratutako edo zatikatutako zorrak ez konpentsatzea Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako laguntza edo dirulaguntzekin, horien xedea denean egungo krisi energetikoak, prezioen gorakadak edo Ukrainaren inbasioak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzea eta ez-konpentsazio hori deialdi horiek egiteko eskumena duen departamentuko foru diputatuak modu arrazoian eskatu duenean.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan aplikatzekoak diren gutxipen portzentajeak.

Zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion etekin garbia zehazteko aplikatu beharreko gutxipen portzentajeak, hain zuzen ere martxoaren 17ko 169/2022 Foru Aginduaren bidez onartutako 109 ereduan jasotakoak (martxoaren 17ko 169/2022 Foru Agindua, 2021eko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta ondarearen gaineko zerga autolikidatzeko ereduak onartu, eta aurkezpena eta diru-sarrera egiteko moduak, epeak eta tokiak ezartzen dituena), foru dekretu-arau honetako 3. artikuluan arautzen diren portzentajeekin ordeztuko dira.

Ondorio horietarako, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak behar den foru agindua onetsiko du 169/2022 Foru Agindua aldatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

1.– Baimena ematen zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio foru dekretu-arau honetan jasotako zerga neurrien indarraldia eta ondorioak foru agindu bidez luzatzeko, baldin eta horiek onartzea ekarri zuten zirkunstantzia bereziek beren horretan jarraitzen badute.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, bere xedapenetan espresuki jasotzen diren ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2022ko apirilaren 5a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala