84. zk., 2022ko maiatzaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 3 orri.)
- EPUB (130 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1877
EBAZPENA, 2022ko apirilaren 11koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzen duena, eta titularrei dei egiten diena okupazioaren aurreko aktak egiteko.
2021eko azaroaren 18ko Ebazpenaren bidez, «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektua» onetsi zen.
Proiektuaren xedea da Bilbo-Donostia trenbide-linean Eibar-Azitain tartea estaltzeko behar diren lanak egitea eraikuntza-proiektu mailan.
Proiektuaren helburua da Matsaria kalearen gaineko eta bi bideko plataforma elektrifikatuaren gaineko tarte bat estaltzea Eibarko tren-geltokiaren eta Azitaingo zonaren artean, izen bereko geltokia pasatuta; horri esker, oinezkoak konektatuta geldituko dira N-634 saihesbideko zubiarekin Azitain parean. Halaber, Eibarko geltokiaren gaineko zeharkako pasabidea handitzeko proiektua ere sartu da, igogailu bat barne. Hala, ibiltzeko espazioa eta bidegorria irabaziko du Eibarrek, eta Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasota datozen helburuak beteko ditu.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2022ko otsailaren 28ko Ebazpenaren bidez, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari hasiera ematea eta desjabetzeen eranskinaren zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2022ko martxoaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta «Berria» eta «El Diario Vasco» egunkarietan argitaratu zen. Ondasun eta eskubideen zerrenda hori Eibarko Udaleko iragarki-taulan ere jarri zen.
Izapide honetan alegazio-idazki bakarra aurkeztu da, eta Zerbitzu Teknikoetara bidali da neurriak hartzeko; kontuan hartu da akatsak zuzentzeko, hala badagokio, eta erantzun indibidualizatua bidali zaio.
Jendaurrean jartzeko epea amaituta, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda egin da behin betiko.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo trenbide-azpiegiturako beste elementu batzuk onesteak edo lehendik daudenak aldatzeak, lursail berriak erabiltzea eskatzen badu horietan identifikatutako eragindako ondasun eta eskubideen Nahitaezko Desjabetzearen ondorioetarako, onura publikoko edo gizarte-intereseko deklarazioa egingo da, eta okupatu beharreko eta presakoa dela deklaratuko da. Legezko adierazpen horrek Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako prozedurara jotzeko ahalmena ematen dio administrazioari, lurrak okupatuz edo ukitutako ondasunak eskuratuz, ondasun edo eskubide horiek deskribatzen dituzten atalak egin ondoren, titularrak identifikatuz eta baloraziorako beharrezkoak diren datuak jasoz, eta, aldez aurretik, okupazioaren aurreko gordailu gisa perituak zehaztutako zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz, eta, hala badagokio, okupatzeko presak eragindako kalteen zenbatekoa ordainduz edo kontsignatuz.
Ondorioz, egindakoa ikusita, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20., 21. eta 52. artikuluetan eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56. artikuluan eta horrekin bat datozen eta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bilbo-Donostia lineako Eibar-Azitain tartea estaltzeko eraikuntza proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta hura okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan adierazitako ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, bertan adierazitako egun eta orduetan, eta Eibarko Udalera joan ondoren, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko; hala ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailera bertaratzeko, interesdunek hala eskatuta.
Ekintza horretara interesdunek berek joan beharko dute, edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek, eta haien titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, etab.), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste edozein agiri ere. Egoki iritziz gero, euren perituekin eta notario batekin batera aurkeztu ahal izango dira, euren kontura.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duen 1957ko apirilaren 26ko Dekretuaren 56.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, interesdunek alegazioak aurkez ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, akatsik egonez gero horiek zuzentzeko. Horretarako, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzara jo beharko dute idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari zuzendu behar zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute bi (2) hilabeteko epean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Nolanahi ere, aurretik aukera izango dute errekerimendua egiteko, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 11.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.