Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2022ko maiatzaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1876

EBAZPENA, 2022ko apirilaren 12koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan 2022-2023 ikasturtean ikasleak barnetegian onartzeari buruzkoa.

Hezkuntza eta ikasketa-askatasuna herritar guztioi dagokigun eskubidea da, eta botere publikoen obligazioa da hezkuntzara berdintasun-egoeran sartzeko gerta daitezkeen muga edo desorekei aurre egiteko neurriak hartzea.

Eibarko Hezkuntza Esparruaren barruan egoitza-zentro bat egoteak aukera ematen du bereziki egokia den eskaintza bat egiteko ikasketa jakin batzuk familiaren bizilekutik kanpo egiten dituzten ikasleentzat.

Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuak aldatu egin du uztailaren 2ko 164/2002 Dekretua, Eibarko Egoitza Zentroa sortu eta Eibarko Hezkuntza Esparruaren administrazio- eta antolakuntza-egitura zehazten duena. 24/2011 Dekretu horren arabera, Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen batek arautuko ditu honako hauek: nola onartu ikasleak Eibarko Hezkuntza Esparruko egoitza-zentroan eta nola aurkeztu eskabideak eta zein epe eta modutan, zer dokumentazio erantsi behar zaien eskabideei eta zeintzuk diren prozesuaren epeak.

Horretarako, eta betiere uztailaren 2ko 164/2002 Dekretuaren 19. artikuluarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea. Hona egoitzan tokia eskatzeko epea: uztailaren 1etik uztailaren 21era, egun biak barnean direla. Ebazpen honetako eranskinean zehazten da egutegi osoa.

2. artikulua.– 220 lagunentzako lekua egongo da gehienez ere. Deialdia erabat ebatzi ondoren, plaza hutsik geratuz gero, egoitza-zentroko zuzendariak egoitzan beste zenbait pertsona onartzeko baimena eman ahal izango du, eskabidea egiten duten unetik ikasturtea amaitu arte, betiere ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

3. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek edo deialdi honen xede den egoitza-zentroak ematen dituen inprimakietan egin beharko dira eskabideak. Inprimaki horietan jasotzen da zein datu eman behar dituzten eskatzaileek eta zein dokumentu aurkeztu. Aipaturiko inprimakian eskaerari erantsi behar zaizkion dokumentuen zerrenda jasotzen da.

4. artikulua.– Eskabidea eta inprimakian eskatzen den dokumentazioa honako leku hauetan aurkeztu behar dira: Eibarko Hezkuntza Esparruko Egoitza Zentroan; edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurrez ikusitako lekuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasota daudenetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta-bulegoko funtzionarioak eskaera-data eta zigilua jar diezazkion, gutuna ziurtatu baino lehen.

Eskaerarekin batera eskabide-orrian eskatutako dokumentazioa aurkeztu behar izango da. Otsailaren 22ko 24/2011 Dekretuaren 20. artikuluan jasotakoaren arabera, 2021-2022 ikasturtean egoitza-zentroan egon diren pertsonak eskaera aurkeztetik salbuetsita egongo dira, baldin eta aipaturiko ikasturtean matrikulatuta egon ziren ikastetxeko egonaldiko baldintzak betetzen badituzte eta 2022-2023 ikasturterako matrikula egin badute. Pertsona horiek automatikoki onartuko dituzte egoitza-zentroan.

5. artikulua.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 68. artikuluan esaten duen bezala, eskabideak ez baditu betetzen eskatzen diren betekizunak, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Era berean, jakinaraziko zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

Eskaera egoitza-zentroan aurkezten bada, aurkezteko unean bertan egin ahal izango da errekerimendu hori, eta idatziz jasoko da eskaera aurkeztu duenak hartu duela errekerimendua.

6. artikulua.– Eskatzaileen datuen erabilera eta funtzionamendua honako lege honek arautzen ditu: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lehenengoa.– Hezkuntza Saileko Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariaren ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 12a.

Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria,

EUGENIO JIMENEZ IBAÑEZ.

ERANSKINA
EIBARKO EGOITZA ZENTROAN IKASLEAK ONARTZEKO PROZEDURAREN EGUTEGIA, 2022-2023 IKASTURTERAKO

Deialdi bakarra

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala