84. zk., 2022ko maiatzaren 3a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (206 KB - 9 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1875
EBAZPENA, 2022ko apirilaren 6koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen hiri-antolamenduko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
Barakaldoko Udalak, 2022ko otsailaren 11n, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2022ko otsailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, izapidearen hasieraren eman zitzaion horren berri Barakaldoko Udalari.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Erantzuteko legezko epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraituz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira nahitaez ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta ingurumen jasangarria sustatzeko asmoz.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin esanguratsurik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin esanguratsua izan dezakeelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (hura baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean efektu esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Barakaldoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, HAPO) 2000. urtean onartu zen behin betiko. HAPO horren arabera, Planaren eremua Ekipamendu Sistema Orokor bat da, eta Ekipamendu Komunitarioa-Erabilera Sanitarioa kalifikazio zehatza du.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren xedea da Gurutzetako Ospitalearen eremua hirigintza-arloan egokitzea, Ospitalean epe labur eta ertainean egingo diren handitzeak jasotzeko. Ospitaleko bederatzi gunetan egitekoak diren jarduketak zehazten dira, eta lurzatiaren antolamenduaren honako alderdi hauek definitzen dira:
– Lerrokadurekiko gutxieneko atzeraemangunea, lurzatiaren perimetro osoan.
– Eraikinen eta hegalen arteko tarteak.
– Eraikinaren gehieneko altuera.
– Gutxieneko aparkaleku-zuzkidura ezarri beharrik eza.
Laburbilduz, ospitalearen eremuaren antolamendu xehatu berria definitzen da, zeinak barne hartzen dituen Gurutzetako Ospitaleko Osasun Ekipamenduko Sistema Orokorraren barruan erabilera eta eraikin berriak. Eremuaren egiturazko antolamenduari ez zaio inola ere eragiten. Antolamendu berriak honako eraikuntza-jarduketa hauek egiteko aukera emango du:
– 1. eraikina: oin berriko zerbitzu-eraikina (BS+4). Beste handitze-lanen gauzatzearen arabera garatuko da.
– 2. eraikina: aldagela-biltegi eraikina. Egungo aldagelen eraikinaren gainean egingo da (+1 solairu). Hala, guztira BS+4koa izango da.
– 3. eraikina: eraikin berria, irakaskuntzarako. Dagoen dorrearen luzapen gisa egingo da.
– 4. eraikina: pediatriako eraikina (amaetxe zaharraren handitzea), eremuak ospitale-izaera txikiagoa izateko eta pediatriako pazienteek jolasteko eta itxaroteko guneak edukitzeko. Horretarako, dagoen bolumena handitzea planteatzen da: eraikin nagusiari solairu bat gehituko zaio.
– 5. eraikina: sukaldeko eraikina handituko da (BS+2), eraikin nagusiaren atzealdean eraikiz.
– 6. eraikina: farmazia-zerbitzuko eraikina. Larrialdietako eraikinaren handitze gisa planifikatu da (hegala gehi 1 solairu).
– 7. eraikina: bihotz-errehabilitaziorako eraikina. Gaur egun dagoenaren gainean egingo da (+1 solairu). Hala, guztira BS+2koa izango da.
– 8. eraikina: erradioterapiako egungo eraikinean beste bi solairu eraikitzea planteatzen da, irakaskuntzara bideratzeko. Hala, guztira BS+2koa izango da.
– 9. eraikina: oin berriko eraikina, administrazio-erabilerarako. Lehendik dagoen eraikinaren altuera berekoa izango da (BS+6).
Ingurumen-dokumentu estrategikoak (IDE) bi garapen-aukera eskaintzen ditu: esku ez hartzeko aukera (0 aukera) eta Planak garatzen duen aukera. IDEren arabera, 0 aukerak osasun-instalazioak handitzea eragotziko luke eta horietako batzuk herritarrei zerbitzu egokia emateko urgentziazko behartzat jotzen dira. Ingurumenaren ikuspegitik ez da eragin esanguratsurik detektatu egungo egoerarekin alderatuta; beraz, pentsa liteke esku ez hartzeak eta hautatutako aukerak antzeko ingurumen-kostua dutela.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion edo ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Indarrean dagoen Barakaldoko HAPOaren arabera, Planaren eremua Ekipamendu Sistema Orokor bat da eta Ekipamendu Komunitarioa-Erabilera Sanitarioa kalifikazio zehatza du. Planak ez du eremuaren egiturazko antolamendua aldatzen; Gurutzetako ospitale-konplexuaren barruan hirigintza-eraikigarritasuna handitzea besterik ez dakar. Beraz, atal honi dagokionez, esan daiteke ez dela ingurumen-ondorio aipagarririk edo beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik hautematen.
c) Plana egokia den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko; izan ere, etorkizuneko eraikinak bateragarriak dira baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa sustatzeko neurriak hartzearekin. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzorurik okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo adierazgarririk egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.
e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen ezaugarriak, eta eragina jasan dezakeen eremuarenak:
Planaren xede den eremua Gurutzetako ospitale-konplexuak hartzen duen azalerari dagokio: Ekipamendu Komunitarioko lurzoru finkatu bat da, Erabilera Sanitariokoa, eraikia eta oso-osorik urbanizatua, non ez dagoen natura-intereseko elementurik, ez eta ibilgurik edo ur-gunerik ere; ez dator bat interes geologikoko gune edo eremuekin eta ez du akuiferoak kutsatzeko arriskurik. Aztergai dagoen eremua Barakaldoko ikuseremuan dago; paisaia-unitate nagusia eremu antropogeniko batean dagoen hiri-paisaia da, paisaia-balio oso txikiko ikuseremu batean kokatua, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera (Aurreproiektua).
Ingurumenaren ikuspegitik aipagarriak diren alderdi bakarrak honako hauekin lotutakoak dira:
– Lurzorua kutsa dezaketen jarduketak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako bi lurzati egotea (GeoEuskadiren arabera, inbentariatutako lurzatiek kode bera dute, 48013-00199, eta industrialak dira). Printzipioz, Planetik eratorritako jarduketek ez dute horiengan eraginik izango.
– Planaren eremuaren kalitate akustikoa. Gurutzetako ospitale-konplexua E motako eremu akustikoa da: nagusiki osasun-, irakaskuntza- eta kultura-erabilerarako lurralde-sektorea. Kanpoko espaziorako 60 dB-ko (A) KAHa dagokio, egunez eta arratsaldez, eta 50 dB-koa (A) gauez. Eraikin berrietarako balio horiek 5 dB (A) murriztu behar dira.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren jarduketen xede den eremuko soinu-iturriak Planaren inguruko kaleetako eta BI-10 (lehen A-8), BI-30 (lehen N-637) eta N-634 foru-errepideetako ibilgailuen zirkulazioari dagozkio, bai eta ospitale-barrutiaren beraren askotariko zarata-fokuei ere.
Plana garatzeak izan ditzakeen eraginak eremuan eraikuntza-lanak eta urbanizazio osagarriko lanak gauzatzearekin lotutakoak dira. Lan horiek lur-mugimenduak egitea, hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, isurketak egitea, zarata sortzea eta abar ekarriko dute. Ondorioz, inguruko biztanleengan eta ospitale-konplexuan dauden pertsonengan eragina izan dezakete eta eragozpenak sortu diezazkiekete, isuri atmosferiko eta akustikoengatik eta abar. Gainera, kontuan izan behar da jarduketak nagusiki erabilera sanitarioko lurzorua duen hiri-eremu batean egingo direla, hau da, obrek eragin ditzaketen eragozpenekiko bereziki kaltebera den eremu batean. Hala ere, nolako jarduketak egitea aurreikusten den eta horien eraginpeko eremua zein izango den kontuan hartuta, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinen kudeaketari, eta isuriei buruzkoa (isuri atmosferikoak barne), eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.
Ustiapen-fasean, eremuaren gaineko kalitate akustikoaren arloko eraginak esanguratsuak izan daitezke eraikin berrietako erabiltzaileentzat.
Alderdi horri dagokionez, aipatzekoa da Planaren eremuan aplikatu behar diren kalitate akustikoko helburuak (KAH) E motako eremu akustikoekin lotutakoak direla: nagusiki osasun-, irakaskuntza- eta kultura-erabilerarako lurralde-sektoreekin. Beraz, kanpo-espaziorako 60 dB-ko (A) KAHak izango dira, egunez eta arratsaldez, eta, gauez, 50 dB-koak (A); aurreikusitako eraikin berrien kasuan, balio horiek 5 dB (B) murriztu behar dira.
Sustatzaileak eragin akustikoari buruzko azterlan bat sartu du espedientean, eta, horren arabera, kalitate akustikoko helburuak (KAH) nabarmen gainditzen dira Planak eragindako lurzatian, lurretik 2 metrorako altueran eta dauden eraikinen fatxadetan, aztertutako eremuaren zatirik handienean, bai egungo egoeran, bai etorkizunekoan; Planaren garapen-jarduketen kasuan, aurreikusitako eraikin berri guztien fatxadetan gainditzen dira KAHak.
Aipatzekoa da Barakaldoko Udalak Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE_Urbanoa 5) izendatu duela Planaren eremua, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluarekin bat etorriz. Beraz, eraikuntza-lizentzia berriak emanez gero, eraikin berrien barruan, kasu guztietan, KAHak betetzen direla bermatu behar da.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez, Planaren jarduketa-eremuak Bizkaiko foru-errepideetako Zortasun Akustikoko Eremuari eragiten dio (bereziki BI-10 errepidekoari) –irailaren 18ko 4523/2013 Foru Aginduaren bidez onartu zen aipatutako eremua–. Txosten horren arabera, babes akustikoko ahaleginek eraikin berrien barnealdean KAHak betetzen direla bermatzera bideratuta egon behar dute (urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskina, B taula). Horretarako, Eraikuntzako Kode Teknikoan beharrezkoak diren gutxieneko isolamenduei buruz jasotako zehaztapenak aintzat hartu behar dira, baita beste alderdi batzuk ere, esaterako, eraikinen diseinua (BI-10 errepidearen eraginpean dauden espazioak minimizatuz, adibidez) eta beste neurri batzuk, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak 2008an BI-10ean instalatutako pantaila akustikoari jarraipena ematea.
Beste alde batetik, eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak daudenez, inbentariatutako lurzatiei eragin diezaieketen jarduketak egitea aurreikusten bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa kontuan izan beharko da.
Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Ildo horretan, indarrean dagoen Barakaldoko HAPOan, Planaren eremua Osasun eta Asistentzia Ekipamendu Komunitarioko Sistema Orokor modura jasota dago, horixe da gaur egungo erabilera, eta lurzatia eraikita eta erabat urbanizatuta dago. Planean proposatutako antolamendu xehatuak ez dio eremuaren egiturazko antolamenduari inola ere eragiten. Planaren xedea da Gurutzetako ospitale-konplexuko eraikin eta instalazioak handitzea, HAPOan aurreikusitako ekipamendu sanitarioari dagokion lurzatiaren barruan, ospitaleak gaur egun eskaintzen duen osasun-arreta hobetzeko, eta, beraz, bateragarria da indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako erabilerarekin; bestalde, Planean aurreikusitako instalazioen handitzea egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, ez dakarrelako lurzoru naturalik hartzea, eta instalazio berrietan baliabideen (ura, energia, etab.) kontsumo efizienteagoa bultzatzeko neurriak ezartzeko modua ematen duelako.
Aurrekoaren ondorioz, eremuaren egungo egoera, Planak egiten duen antolamendu-proposamena eta dagozkion neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileen aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek eragin esanguratsurik izango dutenik ingurumenean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraituz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira, besteak beste.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.
Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, obra-faseari eta jardueraren funtzionamendu-faseari buruzkoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Zaratarekin zerikusia duten neurriak.
Zaratari dagokionez Planean hartu beharreko erabakien artean, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko hirigintza-garapenak honako eremu hauetan: kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren eremua Bizkaiko foru-errepideen Eragin Akustikoko Eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.
Ondorioz, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, lehenik eta behin, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri teknikoki eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurretik bi metroko altuerara, eraiki gabeko guneetan; eta leihodun fatxada guztietan, altuera orotan, gune eraikietan), bai eta, kasu guztietan, eraikinen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutako beharrezko neurriak ere, barrutiaren erabileraren eta motaren arabera (egongelak edo logelak...) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez), bai urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan finkatutako eskakizunei bai Eraikuntzako Kode Teknikoan finkatutakoei jarraituz. Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuko dira eraikuntza-proiektuan.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan, eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulazioan ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 6 hiletik gorako iraupen aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.
Inpaktu akustikoaren azterlanean aztertuko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.
Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokaleku bat dago (kodea: 48013-00199). Horrenbestez, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin bat, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.
Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudelako zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Barakaldoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz ditzan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.
Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak.
• Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauek behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak prebenitzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzerakoan –makinak gordetzeko parkea, lan-txabolak, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea etalandare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko tokiak barne–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.
• Hondakinen sorrera eta kudeaketa: sortutako hondakin guztiak, indusketakoak barne, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira zer hondakin mota diren eta haientzako helmugarik egokiena zein den zehazteko.
• Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
• Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
• Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko dira sortutako olio erabiliak.
• Barakaldoko Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
• Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriak eragindako lurrak kentzea eta kudeatzea, etab.). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Espazio libreak eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen. Landareztatzeko eta lorategiz hornitzeko lanetan, ez dira inolaz ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza jasangarriari buruzko gidaliburuetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntza-iraunkorrerako-gidak) jasotako ingurumenaren arloko neurri eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.
– Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argiaren emisioak murriztea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
– Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Barakaldoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 71.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Barakaldon kokatutako Gurutzetako Ospitalearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat emango du, erregelamenduz ezarriko den moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko apirilaren 6a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.