Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2022ko apirilaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1782

EBAZPENA, 2022ko martxoaren 30ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2022an literatura-itzulpenetarako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa, argitaratzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) letran aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora ateraz. Bestalde, artikulu horren f) zatian Institutuaren funtzioen artean aipatzen da euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.

Aipatutako dirulaguntza nahiz hori esleitzeko oinarrizko irizpideak Zuzendaritza Kontseiluak onartu zituen 2022ko martxoaren 16an eta Kultura eta dirulaguntza hau Hizkuntza Politika Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/).

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2022an ondorengo itzulpen-jarduerak diruz laguntzeko baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluak onartutako deialdia argitaratzea:

a) Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.

Hizkuntza jakin bateko lehen itzulpenak baino ez dira lagunduko bi kasuetan. Bigarren itzulpenak edo ondorengoak badira, edizio eta sustapen lanak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbatekoa hirurogeita hiru mila (63.000) eurokoa izango da, honela banatuta: berrogeita hiru mila (43.000) euro itzulpen lanetarako eta hogei mila (20.000) euro edizio eta sustapen lanetarako.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinen bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Honetarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du.

3.– Deialdiaren bidez bi kontzeptu ordainduko dira: itzulpen lanak eta horien edizio eta sustapen lanak, ondoren zehaztutakoaren arabera:

Itzulpen lanen kasuan:

a) Itzulgaiaren zailtasun maila oinarrizkoa denean, 0,014 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

b) Itzulgaiaren zailtasun maila apartekoa denean, 0,030 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testu den hizkuntzaren aldetik aparteko zailtasunekoa.

Edizio eta sustapen lanen kasuan:

Argitaletxeak edizio eta sustapen lanetarako lortu ahal izango duen gehienekoa mila (1.000) eurokoa izango da. Zenbateko hori 11. artikuluan eskaerak aztertzeko jasotako d) eta e) ataletan lortutako puntuazioaren arabera kalkulatuko da. Edizio eta sustapen lantzat hartuko dira testuen zuzenketa, maketazioa, inprimatzea eta sustapen ekintzak.

Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

4.– Hori guztia, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.

3. artikulua.– Dirulaguntzen esleipena.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskaerak erkatuko dira, 11. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.

2.– Obra berak ez du jasoko hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laguntzarik urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute dirulaguntza.

3.– Proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua honela egingo da: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.

4.– Eskaera bakoitzak lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa zortzi mila (8.000) eurokoa izango da. Eskatzaile bakoitzak deialdi honetan lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa, aldiz, hamabi mila eta bostehun (12.500) eurokoa.

5.– Koedizioan kasuan, argitaletxe bakoitzak egin beharko du dagokion zatiaren eskaera eta zati horren araberakoak izango dira ebazpen, ordainketa eta justifikazioak.

6.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

4. artikulua.– Onuradunak.

Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, bere lanbide edo xedeen artean argitalpen- eta itzulpen-lanak dituena.

b) Gaztelaniarako itzulpenei dagokienez, pertsona juridikoen kasuan egoitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea. Pertsona fisikoen kasuan errolda EAEn izan dezakete, betiere EAEtik kanpo argitaletxe batekin argitaratuko badute itzulpena.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa balitz.

Salbuespen gisa, baldintza hori ez dute bete beharko itzultzaileek beraiek idatzitako lanaren itzulpena egingo badute.

5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.

Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak (edo horien baliokideak) egunean izatea.

– Erakunde mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.

– Dirulaguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.

– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11,13.2 eta 13.3 artikuluetan eta hori garatzeko araudian oro har aurreikusitakoa.

– Baldintza horiek guztiak, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena egin arte ere bete beharko dira.

6. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesatuak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesatuak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak Nafarroakoak direnean zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eta atzerrikoak direnean, aldiz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen dutenak, edo horien baliokideak; baita, hala badagokio, eskatutako bete edozein agiri ere.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.

Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerari erantzutera.

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Aurrez aurreko eskaeretarako aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

– Bide elektronikoa: euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.

4.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu, formularioa eta argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren ondorengo helbidean egongo dira eskuragai:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1032408

Eskabidearen ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:

https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

5.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

7.– Eskaerak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8.– Jarduerako eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da eskatzaileari dagokion administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

9.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

10.– Diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 30a izango da.

11.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Itzuli nahi den liburu edo testua euskarri informatikoan (Word formatua).

b) Itzulitako lagina: 15.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.

Salbuespen gisa, 25.000 karaktere baino gutxiagoko lanen kasuan ez da laginik aurkeztu beharko.

c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.

d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.

e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Kontratuak ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko du. Horrelakorik ezean, itzultzailearen faktura aurkeztu ahal izango da.

f) Argitaletxearen konpromisoa sinatua.

g) Jatorrizko lana gaztelaniakoa, bada egilearen errolda-agiria.

9. artikulua.– Eskaeran egindako akatsak zuzentzea.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskaera onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileak 10 egun balioduneko izango du akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egitea galduko du. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:

a) Lehendakaria: EEIko Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.

b) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio Batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.

11. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio Batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:

a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa nazioartekotzekoari begira: puntuazioaren % 30 arte.

b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.

25.000 karaktere baino gutxiagoko lanen kasuan, gainerako atalen artean hainbanatuko da atal honi dagokion ehunekoa.

c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.

d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 15 arte. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko lanak zabaltzeko atzerrian egindako ekintzak.

e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.

f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 10.

3.– Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, itzulpen-laginaren kalitatearen atalean nahiz argitaletxearen ibilbidearen atalean puntuazioa ez bada erdira iristen, ezingo da dirulaguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– EEIko zuzendariari dagokio Balorazio Batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3.– Ebazpenak gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira, deialdia argitaratzen duen ebazpenak ondorioak dituen egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik ez badago, eskabideak ezetsitzat joko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusien Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.9 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren sektore publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta itzulketa ordainketa egiteko borondatezko epean egiten ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakartelako.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2023ko abenduaren 30a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.

3.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egiterakoan EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo dena eskuragai) eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako dirulaguntza jaso duela, honako esaldiaren bidez: liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren dirulaguntza izan du. La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare, edo dagokion hizkuntzako itzulpena.

5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinaraziko dio EEIri edo «Nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da, baldin eta dirulaguntzaren onuradun izateko arauak ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

7.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.

1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da prozedura honi jarraituz:

% 75 onartutzat ematen denetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean.

% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarrean dagoen zerga araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.

Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori deialdi honetako 13.1 artikuluak dirulaguntza onartzeko ezartzen duen 15 eguneko epean aurkeztu behar da.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluetan aurreikusitako organoen aurrean.

Aurrez aurreko justifikaziorako aurretiazko hitzordua eskatu beharko da.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte hurrengo gunean: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dute.

5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus atarian egongo dira ikusgai, agindu honetako 8.4 artikuluan adierazitako helbidean.

6.– Bi hilabeteko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2023ko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.

7.– Justifikazioa egiteko honakoak aurkeztu beharko dira:

a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.

b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen agiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.

c) Edizio eta sustapen lana ordaindu dela egiaztatzen duen agiria.

d) Eskaera aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen adierazpen erantzulea aurkeztuko du onuradunak.

e) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

15.– Likidazio ebazpena.

Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean, proportzionaltasun printzipioaren arabera.

16. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

5.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskaeren gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira – erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da –. Dirulaguntza hauek «minimis» izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio eremuan sartzen.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako «minimis» izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskara eta euskal kultura sustatzeko eta zabaltzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua / Baque Institute

Helburua: Etxepare Euskal Institutuak sustatutako laguntzak eta dirulaguntzak eskatzen eta jasotzen dituzten pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen legezko ordezkarien zerrenda bat izatea.

Legitimazioa:

  • Tratamendua beharrezkoa da, aplikagarriak diren lege-eginbideak betetzeko.
  • Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
  • Apirilaren 20ko 3/2007 Legea, Etxepare Euskal Institutua Sortzeko eta Arautzekoa (EHAA 2007-05-10, 89. zkia).

Hartzaileak: ez da daturik lagatzen.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea izango du eskatzaileak, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: hurrengo web-orrian kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/057300-capa2-eu.shtml

Araudia:

  • Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
  • 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf) ID: 0573.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen akordio honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2022ko martxoaren 30a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala