77. zk., 2022ko apirilaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (161 KB - 5 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1716
40/2022 DEKRETUA, martxoaren 29koa, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, 13.1.f) artikuluan, eginkizun hauek esleitzen dizkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari: «espetxeak, bereziki haien antolaketa eta funtzionamendua, espetxe-legeria betearaztea, bere gain hartuta legeria horrek espetxe-administrazioaren organo zentralei ematen dizkien ahalmenak».
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak Justizia Sailburuordetzari esleitzen dio espetxeen arloko eskumen autonomikoak baliatzeko plangintza egitea (11.1.f artikulua), eta Justizia Zuzendaritzari, berriz, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, bere eskumen-eremuan, eta Jaurlaritzak arlo horietan egiten dituen gainerako jarduerekin koordinatuta (14.f artikulua).
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio espetxeen antolaketaren, araubidearen eta funtzionamenduaren gaineko eskumena baliatzea eta gai horren gaineko Estatuko legeria betearaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14. eta 12. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Espetxe-arloko Estatuko legeria betearazteari buruz Estatuko Administrazioak dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuarekin eta eskualdaketa hori bere gain hartzeari buruzko uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoak 2021eko urriaren 1etik aurrera bere gain hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espetxeen zuzendaritza, gainbegiratzea, antolaketa, kudeaketa ekonomiko eta administratiboa eta ikuskapena. Hona hemen eginkizunok:
a) Espetxeen eta zigorrak betearazteko gainerako zerbitzuen antolamendua eta kudeaketa –horien egitura organikoa eta funtzionala ezartzea barnean dela–, bai eta lankidetza instituzionala eta gizartearen parte-hartzea sustatzea ere.
b) Zigorrak, segurtasun-neurriak, erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendurako eta esku-hartzerako berariazko programak betearazi, kudeatu eta koordinatzea, bai eta jarraipena egitea ere. Horretarako, behar diren administrazio-ebazpenak ematea, barneratuen behaketarekin, sailkapenarekin, destinoarekin, baimenekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztian.
c) Espetxe-eremuan honako prestazio hauek kudeatzea: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea, gobernuz kanpoko erakundeen esku-hartze programak koordinatzea, droga-mendekotasunak prebenitu eta tratatzeko eta errehabilitatzeko jarduerak.
d) Espetxe-ondarea administratu eta kudeatzea, hau da, espetxe-higiezinak, -azpiegiturak eta -ekipamenduak, barnean hartuta zentro berriak sustatzea eta badaudenak handitu, eraberritu eta birgaitzea.
e) Espetxe-administrazioko zerbitzu, organismo eta zentroen jarraipena egitea, eta horiek guztiak aztertu eta ikuskatzea.
Horrenbestez, beharrezkoa da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuan bildutako erregulazioa eguneratzea. Izan ere, hartara, sailak behar bezala beteko du bere gain hartutako eskumena.
Eguneratze horrek Justizia Sailburuordetzari eragiten dio bereziki –lehendik esleituak baitzituen arlo horretako eskumenak, orokorrean–, bai eta haren mende dauden zuzendaritzei ere.
Ildo horretatik, zuzendaritza-organo horien artean banatzen dira aipatutako eginkizunak eskualdatzeak berekin dakartzan egiteko nagusiak. Horrela, espetxeetako langileen ohiko kudeaketa Justizia Administrazioko Zuzendaritzari esleitzen zaio; azpiegituren eta baliabide materialen kudeaketa Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritzari esleitzen zaio, eta Justizia Zuzendaritzari, berriz, barne- eta tratamendu-araubidearen antolaketa eta ikuskapena.
Halaber, dekretuak zehazten du esparru autonomikoan zer organok hartuko dituzten beren gain espetxe-legerian aipatzen den zuzendaritza-zentroaren berezko eginkizunak.
Egitura-dekretuan egiten den bigarren aldaketa da hau; izan ere, lehenengoa urtarrilaren 11ko 5/2022 Dekretua onartuta egin zen, zeinak Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziaren estatutuak onartu eta Espetxeetako Lana eta Enplegurako Prestakuntza zuzenbide publikoko estatu-erakundean zerbitzuak ematen zituzten langile transferituak atxikitzen baititu. Dekretu horretan, laugarren apartatua gehitzen zaio urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 3. artikuluari (12/2021 Dekretuaren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da), eta, apartatu horretan ezartzen denez, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita geratzen da, Justizia Sailburuordetzaren bidez.
Egituran egindako aldaketa berri hau premiazkoa da, espetxeetako zuzendaritza-zentro gisa jarduten zuten Estatuko zuzendaritza-organoei esleitutako funtzioak eskualdatzen jarraitzeko. Nolanahi ere, orain proposatzen den egitura berriro formulatu ahal izango da, behin euskal espetxeen antolamendu-ereduaren erregulazioa eta egituraketa erabat garatu ondoren.
Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko martxoaren 29an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– f) letra aldatu eta g) eta h) letrak gehitzen dira urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 11. artikuluko (Justizia Sailburuordetza) lehenengo apartatuan (dekretu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da). Hona hemen letra horien edukia:
«f) Espetxeen eta zigorrak betearazteko gainerako zerbitzuen antolamendua eta kudeaketa, eta sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzei esleitutako eskudantzien goi-zuzendaritza gauzatzea, espetxeen erregimen- eta tratamendu-kudeaketaren, ingurune irekiaren eta neurri alternatiboen arloan.
g) Espetxe-administrazioaren zerbitzu, organismo eta zentroak koordinatzea eta gainbegiratzea, batez ere langileei, prozedurei, instalazioei eta zuzkidurei dagokienez; espetxe-azpiegituren plana prestatzea, espetxe-administrazioaren helburuak betetzen lagundu dezaketen beste erakunde batzuekin koordinatzea, eta gizarteak administrazio horretan parte har dezala sustatzea.
h) Espetxe-legeriak zuzendaritza-zentroari esleitzen dizkion administrazio-ebazpenak ematea, espetxe-zaintzako epaitegian zuzenean errekurritu daitezkeen askatasunaz gabetzeko zigor eta neurriak betearazteari buruz, ezarritako espetxe-zigorra 10 urtetik gorakoa denean, non eta eginkizun hori beste organo batzuei eskuordetu ez zaien.»
Bigarren artikulua.– Beste apartatu bat gehitzen zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 11. artikuluari. Honela idatzita gelditzen da:
«3.– Justizia Sailburuordetzak, Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko ente publikoa sailari atxikitzeko organoa denez, agentziaren gidalerroak ezarri, eta haren administrazio-kontseiluaren lehendakariordetza izango du.»
Hirugarren artikulua.– k) letra gehitzen zaio urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 12. artikuluaren (Justizia Administrazioko Zuzendaritza) 1. apartatuari (dekretu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da). Honela idatzita gelditzen da:
«k) Espetxeetako giza baliabideak planifikatu eta kudeatzea; langile horien premiak aztertzea; plantilla eta lanpostu-zerrendak prestatzeko proposamenak egitea; prestakuntza- eta hobekuntza-planak egitea, bai eta gizarte-prebentzioko eta lan-arriskuen prebentzioko planak ere; arrisku horietarako berezko prebentzio-zerbitzua kudeatzea; sindikatuekiko harremanak izatea, indarrean dagoen negoziazio-egiturak adierazten duen eremuan, eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10 artikuluak eta indarrean dauden gainerako araudiek langile horiei buruz sailari esleitzen dizkioten eskumenak baliatzea.»
Laugarren artikulua.– f), g) eta h) letrak gehitzen zaizkio urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 13. artikuluari (Justizia Digitalaren eta Azpiegituren Zuzendaritza; dekretu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen da). Honela idatzita gelditzen da:
«f) Plan eta programak proposatzea, espetxeetarako azpiegiturak ezarri, eskuratu, mantendu eta eraberritzeko, horien jasangarritasuna eta efizientzia bermatze aldera.
g) Espetxe-azpiegiturak eta -ekipamenduak administratu eta kudeatzea, barnean hartuta zentro berriak sustatzea eta badaudenak handitu, eraberritu eta birgaitzea.
h) Espetxeen funtzionamendurako beharrezkoak diren baliabide material eta ekonomikoak planifikatu, hornitu, antolatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe beste organo batzuei dagozkienak, betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredua arautzen duen martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuan xedatutakoarekin.»
Bosgarren artikulua.– Aldatzen da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 14. artikulua, eta honela idatzita gelditzen da:
«14. artikulua.– Justizia Zuzendaritza.
1.– Honako eginkizun hauek izango ditu Justizia Zuzendaritzak:
a) Justiziarako sarbide unibertsala sustatzea, Justizia Administrazioari buruzko informazioa eta ezagutza zabaltzeko eta hura herritarrengana hurbiltzeko planen bidez.
b) Herritarrei doako laguntza juridikoa emateko zerbitzua antolatu eta kontrolatzea, eta zerbitzu horretarako sarbidea kudeatzea, Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeen bidez. Horretarako, Abokatuen eta Prokuradoreen Elkargo Profesionalek ematen dituzten orientazio eta laguntza juridikoko zerbitzuak finantzatzen ditu, eta elkargo horiekin adosten ditu zerbitzu horien prestakuntza- eta espezializazio-baldintza orokorrak.
c) Gatazkak ebazteko bide egokiak sustatu eta garatzea, bai eta justizia errestauratiboko mekanismoak ere.
d) Lantalde psikosozial judizialen antolaketari eta funtzionamenduari laguntza ematea, eta lantalde horiek osatzen dituzten langileen prestakuntza zaintzea.
e) Epailearen aginduzko familia-elkarguneak sortu eta kudeatzea.
f) Gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz.
g) Delituen biktimei arreta emateko programak planifikatu, gauzatu eta ebaluatzea, Delituen Biktimen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legean, hura garatzen duen araudian eta, bereziki, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei buruzkoan ezarritakoaren arabera.
h) Espetxeak antolatu, ikuskatu eta gainbegiratzea, barne- eta tratamendu-araubideari dagokionez.
i) Espetxe-eremuan honako prestazio hauek kudeatzea: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea eta adikzioen prebentzioa eta tratamendua. Horretarako, koordinazioa erraztuko du bai Aukerak, Gizarteratzearen Euskal Agentziarekin bai osasunaren, hezkuntzaren enpleguaren eta gizarte-zerbitzuen arloko administrazio eskudunekin, eta, gainera, gobernuz kanpoko erakundeen esku-hartze programak koordinatuko ditu.
j) Zigorrak, segurtasun-neurriak, erregimen irekia, baldintzapeko askatasuna eta tratamendurako eta esku-hartzerako berariazko programak betearazi, kudeatu eta koordinatzea, bai eta jarraipena egitea ere. Horretarako, behar diren administrazio-ebazpenak ematea, barneratuen behaketarekin, sailkapenarekin, destinoarekin, baimenekin eta tratamenduarekin zerikusia duen guztian.
k) Erkidegoan, askatasuna kentzea ez dakarten zigor-neurriak bultzatzea eta ezartzea.
2.– Espetxeak, funtzionalki nahiz organikoki, Justizia Zuzendaritzaren mende daude, hargatik eragotzi gabe funtzionalki zuzendaritza horren edo Justizia Sailburuordetzaren gainerako zuzendaritza-organoen mende egotea, edo saileko beste organo batzuen mende, kasuan kasuko gaiaren arabera.»
Seigarren artikulua.– Bigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuari; honela dio:
«BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Espetxe Administrazioa.
1.– Zuzendaritza-zentrotzat hartzen dira espetxe-administrazioaren organoak, zuzendaritza-maila edo goragokoa dutenak eta zentro horiei dagozkien eskumenak esleituta dituztenak, dekretu honen banaketaren arabera.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espetxeek izen ofizial hauek dituzte:
a) Arabako Espetxea/ Centro Penitenciario Araba.
b) Bizkaiko Espetxea/ Centro Penitenciario Bizkaia.
c) Gipuzkoako Espetxea/ Centro Penitenciario Gipuzkoa.
3.– Justizia Sailburuordetzaren organoek aukera izango dute eginkizunak eskuordetzan emateko espetxeetako zuzendaritzaren edo gerentziaren titularrei, kudeaketa hobetzeko.»
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko martxoaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.