70. zk., 2022ko apirilaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (102 KB - 1 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1570
37/2022 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Asociación «Down Araba-Isabel Orbe» erakundea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.
Zerbitzu Sozialei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, interes sozialekotzat deklaratu ahal izango dira zerbitzu sozialak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz zehaztutako baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Asociación «Down Araba-Isabel Orbe» erakundeak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazi bezala, Asociación «Down Araba-Isabel Orbe» erakundea 1995. urtean eratu zen. Down sindromea duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu dezaketen jarduerak aurrera eramatea du helburu, haien garapen pertsonalean zein eskubide sozial eta indibidual gehiago eskuratzen lagunduz.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2016tik aurrera, Euskal Autonomia Erkidego osoan.
Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Ondorioz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Asociación «Down Araba-Isabel Orbe» erakundea gizarte-interesekoa dela deklaratzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.
2. artikulua.– Asociación «Down Araba-Isabel Orbe» erakundeari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2022ko martxoaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.