68. zk., 2022ko apirilaren 5a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (159 KB - 9 orri.)
- EPUB (395 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
1517
EBAZPENA, 2022ko martxoaren 21ekoa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-batzordeak eguneratzen dituena.
34/2012 Dekretuak, martxoaren 6koak, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzen duenak, osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamendua arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, Osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituen eta osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemako zenbait alderdi garatzen dituen otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Errege Dekretu horren 8. artikuluaren arabera, irakaskuntza-batzordeei dagokie prestakuntza antolatzea, haren aplikazio praktikoa gainbegiratzea eta osasun-zientzietako espezialitateetako prestakuntza-programetan aurreikusitako helburuak betetzen direla kontrolatzea. Era berean, egoiliarren prestakuntza-jarduerak osasun-zentroaren ohiko laguntza-jarduerarekin eta jarduera asistentzialarekin integratzeko erraztasunak ematea dagokie, haien jarduera profesionala zentroan planifikatuz, bertako zuzendaritza-organoekin batera.
34/2012 Dekretuaren 6.3 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-batzordeak osasun-prestakuntza espezializatuan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez sortu, aldatu edo desegingo dira. Era berean, zuzendaritza horrek zehaztuko du zein irakaskuntza-unitate dauden batzorde horiei atxikita.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren 2019ko otsailaren 8ko Ebazpenak aitortu zuen, ordura arte, irakaskuntza-batzorde propioa zuten 16 irakaskuntza-zentro edo -unitate zeudela Euskal Autonomia Erkidegoan.
Orain beste ebazpen bat eman behar da, alde batetik, jakinarazteko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren 2021eko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez Euskadiko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitatearen Irakaskuntza Batzordearen atxikipen funtzionala aldatu zela, funtzionalki Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren mende egotetik sail bereko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mendeko izatera pasatuta; bestetik, sortzeko Lege eta Auzitegiko Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko Irakaskuntza Batzordea, Osasun Ministerioak behin-behinean egiaztatua.
Horregatik guztiagatik, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko irakaskuntza-unitatearen irakaskuntza-batzordearen mendekotasun funtzionala aldatu egin dela jakinaraztea; izan ere, funtzionalki Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren mende egotetik sail bereko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mende egotera igaro da.
Bigarrena.– Behin-behinean sortzea Lege eta Auzitegiko Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko Irakaskuntza Batzordea, eta funtzionalki Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren mende egongo dela zehaztea.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-batzordeen zerrenda eguneratzea. Zerrenda hori honekin batera doan eranskinean dago zehaztuta, eta bertan zehazten dira, gainera, batzorde horiei atxikitako irakaskuntza-unitateak eta mendekotasun funtzionala.
Laugarrena.– Aitortutako irakaskuntza-batzordeen kopuruak, osaerak eta eginkizunek bat etorri behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren xehetasunekin.
Bosgarrena.– Ezartzea bai onartutako irakaskuntza-batzordeen osaera eguneratua, bai eratzen diren batzorde berriena, bai irakaskuntza-zentroaren edo -unitatearen plan estrategikoa, bai eta irakaskuntza-kalitatea kudeatzeko plana ere, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 7.2 artikuluan aipatzen dena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian argitaratu beharko direla zentroari/irakaskuntza-unitateari dagokion atalean.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 21a.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,
MIGUEL SÁNCHEZ FERNÁNDEZ.