Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2022ko apirilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1513

AGINDUA, 2022ko martxoaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzako dirulaguntza-deialdia egiten duena, 2022-2023 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitzeko edo sartzeko.

Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuak (ekainaren 21eko EHAA) hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen du.

Aipatutako dekretuaren 8.d) artikuluak zera dio: «Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko teknikari arduradunari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat».

Bestalde, Dekretuaren 18.1 artikuluaren lehen puntuak honakoa dio: «Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea». Deialdi hau 2022. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Horrez gain, Dekretuaren 27.3 artikuluak dio hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango direla, edo bereizitako deialdietan.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretua (ekainaren 21eko EHAA); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (VI. titulua), Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Hortaz, agindu batekin 2022-2023 ikasturtean Ulibarri Programan jardungo duten ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira, eta programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzako prozedura ezarri.

Horren guztiaren haritik, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xede nagusia hau da: 2022-2023 ikasturtean Ulibarri Programan parte hartu nahi duten itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea eskaerak egin ditzaten. Programan orain arte egon diren ikastetxeek egin dezakete eskaera, bai eta aurrenekoz parte hartu nahi dutenek ere.

Deialdi honi dagokion araudia unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.

2.– Hezkuntza Sailak 1.225.000 euro erabiliko ditu gehienez, deialdi honetan Ulibarri Programan sartuko diren edo jarraituko duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko.

2. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ulibarri Programan sartu edo jarraitu nahi duten eta hezkuntza-ituna duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietan jasotako baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar.

2.– Ikastetxe berriak: 2022-2023 ikasturtean Ulibarri Programan sartu nahi duten ikastetxeek, eskabidearekin batera, honako dokumentuak aurkeztu behar dituzte:

a) Ikastetxearen hizkuntza-normalizaziorako proiektua (2022-2026), ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta Berritzeguneetako hizkuntza-normalizazioko aholkulariek emandako jarraibideekin bat, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.

b) Proiektuak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena duela egiaztatzen duen agiria.

c) Proiektua ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.

Izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, eskabide-inprimakira sartzeko erabiltzen dena, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173219

3.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2022-2023 ikasturtean Ulibarri Programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute; eskabidearekin batera honako dokumentua aurkeztu behar dute:

a) Ikastetxearen hizkuntza-normalizaziorako proiektua (2022-2026).

b) Proiektuak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena izan behar du.

Eskabidea honako helbide honetan jasotako arauen arabera aurkeztu beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173220

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkaria

3. artikulua.– Eskatzaileek egin beharrekoak eta justifikazioa.

1.– Ulibarri Programan lehenbizikoz sartzeko edo jarraitzeko eskaera egin eta programaren Jarraipen Batzordearen oniritzia jasotzen badute, ikastetxeek 2022ko irailaren 1etik 2022ko irailaren 30era 2022-2023 ikasturteko hizkuntza-normalizazioko plana aurkeztu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Era berean, 2023ko ekainaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean, 2022-2023 ikasturteko memoria aurkeztu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– 2023ko ekainaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), ikastetxeko hizkuntza-normalizazioko teknikari arduradunaren (HNAT) diruz lagundutako liberazio-orduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nominak aurkeztu beharko dituzte.

a) Honako nomina hauek aurkeztu behar dira: 2022ko irailetik 2023ko ekainera artekoak, biak barne.

b) Aurkeztu beharreko nominak ikastetxeko planaren teknikari arduraduna (HNAT) ordezkatzeko kontratatutako irakasleenak izango dira.

c) Ikastetxean planaren arduraduna ordezkatzeko kontratatutako irakasleen nominek ordainketa eskuordetutik kanpo egon beharko dute.

4. artikulua.– Justifikazio-inprimakia.

Ikastetxeek honako helbide honetan jasotako justifikazio-inprimakia bete eta bidali beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173220

5. artikulua.– Jarraipen Batzordearen osaera.

– Batzordeburua: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria: Amaia Agirre Pinedo.

– Bokalak:

a) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Euskara eta Eleaniztasunerako zerbitzuburua.

b) Euskara eta Eleaniztasunerako Zerbitzuan Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari: Alfredo Castresana Herran eta Maitane Izagirre Zubimendi.

c) Berritzeguneetako normalizazioko bi aholkulari (HNA) eta Berritzegune nagusiko hizkuntza-normalizazioko programaren arduraduna: Maria Luz Arranz Uribarrena, Garbiñe Altuna Villar eta Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa.

d) Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.

– Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.

6. artikulua.– Bete beharreko araudia.

Deialdi honi dagokion araudia unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratzen den egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala