Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2022ko apirilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1512

EBAZPENA, 2022ko otsailaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Karrantza Haranako udalerrian dagoen Ventalaperra harrobia ustiatzeko proiektu berriaren (12187 ustiapen-emakida) ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena. Proiektu hori Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL enpresak sustatzen du.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2002ko maiatzaren 13ko Ebazpenaren bidez, Canteras y Construcciones de Vizcaya SAk Karrantza Haranako udalerrian sustatutako «Venta La Perra» harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Ebazpena 2002ko ekainaren 18ko EHAAn argitaratu zen (114. zk.).

Proiektu hori Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendariaren 2002ko uztailaren 8ko Ebazpenaren bidez baimendu zen, zeinaren bidez erabaki baitzen argitara ematea –guztiek jakin zezaten– Canteras y Construcciones de Vizcaya SA sozietateari eman zitzaiola Karrantza Haranako udalerrian (Bizkaia) dagoen Ventalaperra 12817 izeneko «C» ataleko baliabideak ustiatzeko zuzeneko emakida. Ebazpena 2002ko irailaren 27ko EHAAn argitaratu zen (184. zk.).

Energia eta Meategien zuzendariaren 2015eko abuztuaren 18ko Ebazpenaren bidez, baimena eman zen Cantera Karrantza- Karrantza Harrobi SL sozietateari eskualdatzeko emakidaren ustiapen-eskubideak.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez, baimena eman zen atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzeko, eta aldatu egin zen Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, ingurumena zaintzeko programako emisio atmosferikoen kontrolari dagokionez.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko abuztuaren 2ko Ebazpenaren bidez, honako proiektu honen ingurumen-inpaktuaren azterketari dagokion irismen-dokumentua egin zen: Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL enpresak sustatutako Karrantzako (Bizkaia) Ventalaperra harrobiaren ustiapen-perimetroa aldatzeko proiektua.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2018ko martxoaren 15eko iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri ziren honako hauek: Karrantza Haranako udalerrian (Bizkaia) dagoen Ventalaperra 12817 izeneko «C» ataleko baliabideak ustiatzeko emakidan gehitutako eragin-eremu berria barne hartzen zuen ustiapen- eta lehengoratze-proiektu berria –Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL enpresak sustatua–, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Iragarki hori 2018ko martxoaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 62. zenbakian.

Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, egun berean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza kontsultak egiten hasi zen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

2019ko urtarrilaren 28an, organo substantiboak, hau da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak, ingurumen-organoari –Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari– eskatu zion egin zezala Karrantza Haranako udal-mugartean (Bizkaia) dagoen Ventalaperra harrobia (12187 ustiapen-emakida) ustiatzeko proiektuaren aldaketari zegokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

2019ko maiatzaren 6an, ingurumen-organoak eskaeraren zenbait alderdi zuzentzeko eskatu zion organo substantiboari. 2019ko irailaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak dokumentazio osagarria bidali zuen espedientea zuzentzeko.

Dokumentazio osagarri hori aztertu ondoren, 2019ko abenduaren 3an, ingurumen-organoak organo substantiboari eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak iritzia eman zezatela sustatzaileak gehitutako informazio berriari buruz, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.5 artikuluari jarraikiz, eta bertan behera geratu zen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea.

Errekerimendu horri erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak dokumentazio osagarria bidali zuen 2020ko ekainaren 29an; dokumentazio osagarri horretan, besteak beste, aipatutako erakundeek egindako txostenak jasotzen ziren.

2020ko abuztuaren 4an, jasotako txostenak kontuan hartuta, ingurumen-organoak eskaeraren alderdi jakin batzuk osatzeko eskatu zion organo substantiboari, eta, horretarako, 3 hilabeteko epea eman zion. Horrez gain, jakinarazi zion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko epea bertan behera gelditu zela.

2021eko urtarrilaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak dokumentazio gehigarria bidali zuen espedientea zuzentzeko, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak egindako txosten berriak, sustatzaileak emandako informazio osagarriaren balorazioari buruzkoak.

Dokumentazio hori aztertu ondoren, 2021eko ekainaren 1ean, ingurumen-organoak, halaber, Uraren Euskal Agentziaren iritzia eskatu zuen proiektuak karstaren funtzionamendu hidrogeologikoan izan zezakeen eraginari buruz eta, hala bazegokion, sustatzaileak proposatutako neurri zuzentzaileen eta ingurumena zaintzeko programaren nahikotasunari buruz. Ingurumen-organoak jarduketa horren berri eman zion organo substantiboari.

2022ko urtarrilaren 14an, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak Uraren Euskal Agentziaren txostena jaso zuen. Txosten horretan, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraikiz, babes- eta zaintza-neurri batzuk proposatu ziren Cantera Carranza-Karrantza Harrobia SL enpresak Karrantzan sustatutako Ventalaperra harrobiaren handitze-proiektuari zegokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan sartu beharrekoak.

Eskabideak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

– 12817 ustiapen-emakida duen Ventalaperra harrobia (Karrantza-Bizkaia) ustiatzeko proiektua. 2017ko urria.

– 12817 ustiapen-emakida duen Ventalaperra harrobia (Karrantza-Bizkaia) leheneratzeko plana. 2017ko urria.

– Ventalaperra harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2017ko abendua. IV. eranskin bat gehitzen du: Natura 2000 Sarean izan ditzakeen ondorioei buruzko txostena.

– Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Informazio publikoaren izapidean eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultetan eskatutako informazio osagarriak. 2018ko abuztua.

– Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko dokumentazio osagarria. 2019ko iraila. Besteak beste, eranskin hauek barne hartzen ditu:

• IV. eranskina. «Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. Espezieak, ingurunearen erabilera eta kontserbazio-neurriak (Icarus, 2019ko iraila)».

• V. eranskina. «Ventalaperra harrobiak Armañongo KBEan duen eragin-eremuko flora eta habitatak berrikustea eta eremua balioestea (Amador Prieto, 2018ko uztaila)».

– Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko ingurumen-organoak egindako kontsultak jasotzen dituen dokumentua. Abendua, 2020. Dokumentuak, besteak beste, honako hauek jasotzen ditu:

• «Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. 2. zatia. Kontserbatzeko eta indartzeko neurriak. Ekintza Plana» (Icarus, 2020ko irailaren 22a) dokumentua.

• Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren eta Armañongo KBEaren eta Parke Naturalaren organo kudeatzailearen (Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia) adierazpenak, sustatzaileak 2020ko irailean aurkeztutako dokumentazio osagarriari buruzkoak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuei (publiko zein pribatu izan) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaie, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude.

Bestalde, aipatu beharra dago baliokidetzat har daitezkeela otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arrunta.

Ventalaperra harrobiaren handitze-proiektua abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren 2.a) epigrafean jasotzen da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IB eranskinaren 6.1 puntuan ere; beraz, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaio proiektu horri.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa nahikoa dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Karrantza Harana udalerriko Ventalaperra harrobiaren proiektu berriak –Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL enpresak sustatua– ingurumenean izango duen inpaktuari buruzko adierazpen hau egitea, ingurumen-ondorioetarako soilik.

12187 meatze-ustiapenaren emakida, «Ventalaperra» (aurrerantzean, Ventalaperra harrobia) La Cadena auzoan dago, Karrantza Harana udalerrian, Bilbo-Santander trenbidearen paraleloan doan BI-630 errepidearen ondoan. Harrobiko instalazioetatik 200 bat metrora, eta haietatik bereizita –errepidea eta trenbidea medio– Karrantza edo Mayor ibaia igarotzen da.

Ventalaperra harrobiak kareharriak ustiatzen ditu, agregakinak fabrikatzeko. Ustiapena aire zabalean egiten da, zulaketa eta leherketa bidez. Gaur egun, Ventalaperra harrobiak 140 eta 280 koten artean kokatutako ustiapen-mailak ditu. Aurkeztutako ustiapen-proiektuaren arabera, ustiategiaren gehieneko kota 360 metrokoa izango da, eta mailak beherantz zabalduko dira; horrela, kota hori murrizten joango da 140 metroko kotara iritsi arte. Kota horretan dago harrobiko plaza. Azken egoeran, aurrealdearen geometria 20 metroko altuerako 11 mailak eta 6 metroko zabalerako bermek osatuko dute. Mailako ezpondaren angeluak 78º-koak dira, ekialdeko aurrealdekoak izan ezik, han 71º eta 67º-koak baitira.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluaziopean jarri beharreko proiektuaren arabera, 15.450 m2 handituko da 2002an onartutako ustiapen-proiektuari dagokion azalera, eta, beraz, harrobiaren azalera osoa 201.586 m2-ra iritsiko litzateke (erauzketa-eremua, pista, sarbideak, instalazioak eta amaitutako materialen metaketak barne). Ustiatu beharreko baliabidearen bolumen osoa 5.650.000 m3-koa da, urteko ustiapen-erritmoa batez beste 550.000 tona ingurukoa dela emanda.

Materiala erauzteko, 3 leherketa mota erabiltzen dira: produkzio-leherketa normalak, 2 edo 3 kargatan sekuentziatutako leherketa mugatuak (Ventalaperra eta Pozalagua kobazuloetatik eta harrobi inguruko etxebizitzetatik hurbilen dauden eremuetan) eta aurre-ebaketako leherketak ezpondak abandonatzeko fasean. Ekoizpen-leherketa normalaren bidez erauzi beharreko materialaren bolumena 15.846 m3-koa da. Bolumen hori 39.615 tona kareharriren baliokidea da.

Hego-mendebaldeko sektorean segurtasun-mendigune bat utziko da. Mendigune horrek babes-pantaila gisakoa izango da harrobiaren eta La Cadena auzoaren eta BI-630 errepidearen artean, eta, gainera, mendi-hegalaren alde horretako landaredia (artadi kantauriarra) babestea ahalbidetuko du.

Gutxi gorabehera 70.000 m3 meategi-hondakin sortuko dira, baina ez da beharrezkoa izango hondakindegirik instalatzea, hondakin horiek leheneratze-lanetarako erabiliko baitira.

Ustiategiak kareharrizko materiala tratatzeko bi lerro ditu: bata granulometria desberdineko agregakinak ekoizteko lerro bat da (tratamendu primarioa, sekundarioa eta tertziarioa ditu) eta, bestea, hareak tratatzeko lerro espezifiko bat, lehen mailako birringailutik elikatzen dena. Instalazio horiek 2000. urtekoak dira, eta 2008. urtean birmoldatu ziren, makina berriak sartu baitziren.

Horrez gain, instalazio-multzoan honako hauek daude: bulego, tailer eta aldagelatako eraikinak, baskula, kontrol-eraikina, produktu bukatuen siloak, gurpil-garbigailua, transformadore elektrikoa eta aireko bi gasolio-depositu (bakoitza 10.000 litrokoa da, eta hormigoizko kubeta batean instalatuta daude).

Harrobiko irteeran ustiategitik ateratzen diren kamioi eta ibilgailuei gurpilak garbitzeko sistema bat dago; sistema hori irteera horretan dagoen dekantazio-putzuarekin konektatuta dago.

Handitzeak ez du esan nahi egungo birrintze-, sailkatze- eta biltegiratze-instalazioak aldatuko direnik, ezta azpiegitura berriak egingo direnik ere; hori bai, lehendik dagoen pista bat egokitu egingo da. Pista hori harrobiaren sarreratik abiatzen da, eta 280 metroko kotara iritsiko da.

Ventalaperra harrobiak ur-hargune bat du Karrantza ibaian, eta bertatik ura ponpatzen du 12.000 litroko depositu batera, eta handik harrobiko erabileretarako banatzen da.

Bidalitako dokumentazioaren arabera, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren 2019ko apirilaren 10eko Ebazpenaren bidez (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean 2018ko abenduaren 19an argitaratu ondoren), harrobiaren jarduerari lotutako aprobetxamendu hau eman zitzaion 20 urterako Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL sozietateari: A/48/10435-Karrantza ibaiko ur-emariaren aprobetxamendua (batez beste 0,41 l/s) La Cadena auzoan (Karrantza Harana), Ventalaperra harrobiko industria-erabilerarako.

Ur-bilketa horrek emarien kontrol eraginkorrerako erregistro-liburua du. Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak instalazioak berrikusi ditu, eta berariazko elementu bat ezarri da emakidak zehaztutako gehieneko deribazio-emaria mugatzeko, hori guztia 2009ko maiatzaren 20ko ARM/1312/2009 Aginduak –jabari publikoko ur-aprobetxamenduek erabiltzen dituzten ur-bolumenak eraginkortasunez kontrolatzeko sistemak arautzen dituenak– ezarritakoari jarraikiz.

Harrobiko mailei eta plazari dagokien eremuak ez du jariatze-urik sortzen; izan ere, euria mendigune karstikoan sartzen da, pitzadura eta hustubide txiki ugari baitaude bertan. Gainerako ustiapen-gainazaleko urak biltzeko, 2 dekantazio-putzu daude. Putzu horiek Karrantza ibaira bideratutako isurketa-puntu bana dute. Gainera, plantak beste 2 isurketa-puntu ditu ur sanitarioak husteko, hobi septikoetatik igaro ondoren.

Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko presidentearen 2013ko abenduaren 27ko Ebazpenaren bidez, baimena ematen da hondakin-urak Karrantza ibaira isurtzeko; isurketaren guztizko bolumena 11.114 m3/urte da. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez da aurreikusten baimendutako isurketa-bolumena handituko denik.

Ustiapen-proiektuak leheneratze-plan bat barne hartzen du; plan hori apurka-apurka gauzatuko da proiektuak aurrera egin ahala. Plan horrek eraginpeko azalera osoa hartzen du (egungo ustiategiaren eraginpean dagoen azalera gehi proiektatutako handitzearen eraginpean dagoena).

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza hauek jartzea (baldintza horiek lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritza honetan ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldi orotan erantsitako txostenen edukia.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute ere. Proiektuak nahitaez jaso behar ditu kasuan kasuko aldaketak neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

C.1.– Ventalaperra harrobiaren eragin-eremuaren ingurumen-balorazioa.

Ventalaperra kareharrizko harrobia natura- eta kultura-balio handiko ingurune batean dago.

– Natura 2000 sarea. Batasunaren intereseko habitatak eta espezieak.

Indarrean dagoen proiektua eta ustiapen-proiektu berria Europako Natura 2000 Sare Ekologikoari dagozkion lur batzuetan daude, zehazki Armañon KBEan; izan ere, eremu hori Kontserbazio Bereziko Eremu (ES2130001) izendatu zen otsailaren 16ko 25/2016 Dekretuaren bidez. Era berean, handitu nahi den ustiapen eremuak Armañongo Parke Naturalaren hegoaldeko mugarekin egiten du muga.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko uztailaren 13ko Aginduaren bidez, Armañon Naturagune Babestuko Natur Baliabideak Antolatzeko bigarren Plana (NBAP) egiteko eta onartzeko prozedura hasi zen, baita Parke Naturalaren mugak aldatzeko eta muga horiek Kontserbazio Bereziko Eremura egokitzeko prozedura ere. Geroago, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko uztailaren 1eko Aginduaren bidez, behin-behinean onartu zen Armañongo Naturagune Babestuko Natur Baliabideak Antolatzeko Plana. NBAP berriaren xedea zen naturagune babestu horri dokumentu bakar bat esleitzea, Armañongo Parke Naturala eta KBEa barne hartuko zituena; horretarako, bi eremuen mugak bateratu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 18. artikuluari jarraikiz.

Armañon KBE izendatzeko dokumentuaren arabera (2016), harrobiaren eraginpeko ingurunean KBEaren bidez kontserbatu nahi diren eta Batasunaren interesekoak diren habitat hauek daude:

9340 – Artadiak (Quercus ilex eta Quercus rotundifolia espezieak).

6170 – Belardi karetsu alpetarrak eta subalpetarrak.

4030 – Txilardi lehor europarrak.

8310 – Turismoak ustiatu gabeko kobazuloak.

KBEan adierazgarritasun esanguratsua dute Europako txilardi lehorrek (4030) eta turismoak ustiatu gabeko kobazuloek (8310). KBEko txilardi lehor europarrek (4030) EAEko Natura 2000 Sarean habitat mota horri dagokion azaleraren % 6 hartzen dute.

Sustatzaileak «Ventalaperra harrobiak Armañongo KBEan duen eragin-eremuko flora eta habitaten berrikuspena eta eremuaren balorazioa» dokumentua erantsi zion espedienteari, 2018ko uztailekoa.

Berrikuspen horren arabera, handitu nahi den eremuan, egungo ustiategitik iparraldera, Batasunaren intereseko habitat hauek daude:

(Ikus .PDF)

Azterlan botanikoak adierazten du harrobiaren ekialdean handitu behar den eremuan ia ez dagoela eraginik Batasunaren intereseko habitatetan. Bestalde, modu arrazoituan baztertzen da handitu behar den eremuaren iparraldean 6170 habitata –belardi karetsu alpetarrak eta subalpetarrak– egotea. Era berean, baztertu egiten da egungo 6210 habitataren lehentasunezko izaera, «bi orkidea-espezieren (Ophrys apifera eta Serapias cordigera) ale bakan batzuk baino ez baitira aurkitu, eta bi espezie horiek oso ohikoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Kantauriko zerrendan». Ondorio horiek bat datoz Life Oreka Mendian Programaren esparruan (2017ko iraila) egindako «Armañon KBEko larreetako habitaten karakterizazioa» lanaren emaitzekin. Handitu nahi den eremuan dauden habitaten kontserbazio-egoerari dagokionez, azterlanak ondorioztatzen du «kontserbazio-egoera apala dutela, aspalditik abeltzaintzarako erabili diren eremuak baitira».

Harrobiaren kokalekua ezaugarritzen dute karstifikazio maila handiak eta kobazulo ugariek. Kobazulo horiek Batasunaren intereseko habitatzat jotzen dira (8310 – turismoak ustiatu gabeko kobazuloak) eta kiropteroen babesleku dira. Harrobitik gertuen dauden kobazuloak Bortal, Ventalaperra eta Santa Isabel dira, eta 200, 420 eta 740 metroko distantziara daude, hurrenez hurren.

Basa-faunari eta kontserbatu beharreko espezieen habitatei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira:

– Kiropteroak: KBEan 16 kiroptero espezie daudela egiaztatu da; espezie horiek guztiak espazio horretako funtsezko elementu gisa hautatu dira. Santa Isabel kobazuloa harrobitik 740 metrora dago, eta ferra-saguzar mediterraneoaren (Rhinolophus euryale) babesleku nagusietako bat da. Rhinolophus euryale galzorian dagoen espezie gisa katalogatua dago EAEn, eta kobazulo hori da espezie horrek Europan duen babesleku garrantzitsuenetako bat. Babesleku horren garrantzia dela eta, EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailak, duela 20 urte baino gehiagotik hona, Santa Isabel kobazuloko kolonien jarraipena egiten du urtero; zenbait etenaldi egiten ditu hibernazio-garaian, udaberrian eta udan. 2012. urteaz geroztik, jarraipen hori Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren laguntzarekin egiten da.

«Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. Espezieak, ingurunearen erabilera eta kontserbazio-neurriak (2019ko iraila)» azterlanaren esparruan egindako laginketetan, 12 kiroptero espezie aurkitu ziren eremu horretan; espezie horiek harrobiaren ingurua pasabide gisa, bizileku gisa, gaueko aterpe edo eguneko aterpe/kolonia gisa (bordak eta lanabesen etxolak) erabiltzen dute. Beraz, harrobiaren eremuan aurkitu ziren Armañongo KBEko 16 kiroptero-espezieetako gehienak. Harrobi ertzetan eta artadian hainbat espezietako aleen fluxu handia hauteman zen, batez ere landaredi-korridoreetan, eta, nagusiki, harrobiaren goialdean eta eskuinaldean; izan ere, eremu horietan aberatsagoa da landaredia (artadi kantauriarra, baso mistoko zuhaiztiak, txilardiak eta belardiak), eta habitat horiek bat datoz R. euryale eta gisako espezieen eskakizun ekologikoekin (Aihartza et al., 2003; Goiti et al., 2008).

– Abifauna: Armañon KBEaren funtsezko beste elementu bat komunitate harkaiztarrak dira, hala nola sai arrea (Gyps fulvus) eta sai zuria (Neophron percnopterus). Bi espezie horiek Hegaztien Zuzentarauan, arriskuan dauden espezieen Espainiako katalogoan eta arriskuan dauden espezieen EAEko katalogoan jasota daude, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planean ere. Kudeaketa-plan horren 5. eta 16. artikuluei jarraikiz, Armañongo KBEa hegazti nekrofagoentzako interes bereziko eremua, da bai eta haien elikadurarako babes-eremua ere. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak –organo horrek kudeatzen du gune babestu hori, eta hark du eskumena, halaber, lurralde historiko horretan hegazti nekrofagoak kudeatzeko plana aplikatzeko– emandako txostenak eta datuak oinarri hartuta egiaztatu da ezen sai zuriaren zenbait habi daudela harrobi inguruan, gutxi gorabehera etorkizuneko ustiategiaren mugetatik 900 metrora, 1.500 metro ipar-mendebaldera eta 1.400 metro hego-mendebaldera. Habi horiek guztiak Kantabrian daude. Aipatutako baterako kudeaketa-planaren 4.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, sai zuriaren eremu kritikotzat (SZEK) hartzen da, besteak beste, habiak egiteko ingurunea.

Era berean, harrobiaren egungo eremuaren zati bat Hegaztien eta Biodibertsitatearen Kontserbaziorako Espainiako Eremu Garrantzitsuen (IBA) barruan sartuta dago (422), zehazki, «Kostaldeko ekialdeko mendia» izeneko eremuan. Eremu hori, batez ere, sai zuria, sai arrea eta belatz handia babesteko izendatzen da.

Konektagarritasun ekologikoari dagokionez, harrobia dagoen eremua EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearen parte da. Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarearen azterketak (2005) Ventalaperra harrobiaren ipar partea proposatutako korridore-sarearen gune gisa hartzen du, eta hego partea, berriz, moteltze-eremuen esparruan sartzen da.

Harrobiaren hegoaldetik Karrantza ibaia igarotzen da, hau ere LAGen azpiegitura berdearen barruan. Karrantza ibaia Kantabriako Autonomia Erkidegoan sartzen denean, Ason ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) sartzen da. KBE hori Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroaren barne dago. Arro horretan igaraba paleartikoa (Lutra lutra), izokina (Salmo salar) eta amuarrain arrunta (Salmo trutta) ikusi dira.

– Harrobiaren inguruko beste ingurumen-ezaugarri batzuk.

Harrobiaren ipar-mendebaldean EAEko interes geologiko handieneko bi puntu daude: Pozalaguako kobazuloa, 700 metrora, eta La Torca del Carlista, kilometro batera, gutxi gorabehera.

Mendebaldean eta ustiategitik 400 metro ingurura Ventalaperra multzoa dago –kultura-ondasun kalifikatua–. Multzo hori bost kobazulo hauek osatzen dute: Ventalaperra A, labar-artearekin (El Rincón); Ventalaperra B-C, Paleolitoko aztarnategiarekin eta labar-artearekin (El Santuario); Ventalaperra D, Paleolitoko aztarnategiarekin (El Polvorín) eta Ventalaperra E, hilobi-aztarnategiarekin. Ventalaperra eta harrobiaren arteko lurretan, Bortal kobazuloa dago. Kobazulo horretan neolitiko-brontzearen aroko bereizgarria den aztarnategi bat dago, eta hura babesteko proposamena egina dago.

Harrobia «157 Karrantza» ikus-arroan dago, eta duen balio handiarengatik, paisaia nabarmendu gisa kalifikatua dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuan. Handitze lanak egingo diren eremuak kalitate paisajistiko ertaina eta hauskortasun handia ditu.

Aztertutako eremuan, lurzorua kutsa dezakeen jarduera duen lurzati inbentariatu bat identifikatu da, Ventalaperra harrobiaren jarduerari lotua, 48022-00010 kodekoa eta 122.223 m2-ko azalerakoa.

Eremu horrek karstifikazio-maila handia duenez, akuiferoek kalteberatasun handia dute kutsadurarekiko. Ustiategitik gertu iturburu hauek daude: Bosobron, Fuentona, Cadena eta Molinar; azken hori termala da.

C.2.– Aurreikus daitezkeen ingurumen-ondorioak.

Aztertutako dokumentazioaren eta kontsultatutako administrazio publikoek igorritako txostenen arabera, proiektuaren inpaktu garrantzitsuenak honako hauek dira: Armañongo KBEan eta Parke Naturalaren eremu babestuan izan dezakeen eraginarekin lotutakoak, eta lurpeko eta lurrazaleko ur-baliabideetan izan dezakeen eraginarekin lotutakoak, ustiapena karstifikazio handiko eremu batean eta Karrantza ibaiaren arroan gauzatzen baita.

Natura 2000 Sareari erasana.

Armañongo KBEaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak Natura 2000 Sarearen gaineko eraginei buruzko txosten bat jasotzen du (IV. eranskina). Apartatu horren ondorioa da proiektuak ez diola erasango Natura Sareko gunearen osotasunari, ez ustiapen-fasean, ez abandonatze/lehengoratze fasean. Inpaktu-azterketaren argudioen arabera, oso txikia da KBEaren barruko handitze-azalera (50 m, tarterik zabalenean), eta ez du eragingo galera nabarmenik Batasunaren intereseko habitatetan; horrez gain, esaten du kontserbatu beharreko espezieak dauden eremuak nahiko urrun daudela, eta, beraz, espezie horiek ez dutela inpaktu esanguratsurik jasango.

Adierazi den bezala, sustatzaileak honako azterlan hau gehitu dio espedienteari: «Ventalaperra harrobiak Armañongo KBEan duen eragin-eremuko flora eta habitatak berrikustea eta eremu hori baloratzea» (2018ko uztaila). Aipatutako azterlanaren ondorioen arabera, ustiapena handitzeak Batasunaren intereseko habitatetan eragingo duen galera absolutua (azaleraren % 50 mosaikoan banatzen diren habitat mota bakoitzari esleituta) taula honetan laburbiltzen da:

(Ikus .PDF)

Habitataren galera erlatiboak leku horren osotasunari kalte egiten dion zehazteko, sustatzaileak emandako datuak «Armañon KBEko larre-habitaten karakterizazioa» lanarekin (Life Oreka Mendian, 2017ko iraila) alderatu dira. Lan horren esparruan, KBEko larre-habitaten karakterizazioa eta kuantifikazioa berrikusi dira. Azterketaren arabera, aldaketak egon dira habitat horien azaleran, KBE hau izendatu zenean erregistratutakoekin alderatuta. Aldaketa horiek larre-habitaten karakterizazio- eta kartografia-lanen xehetasun handiagoaren ondorio dira. Berrikuspen horren arabera, 4030 eta 6210 habitatek KBEan duten adierazgarritasuna eta ustiategia handitzeak eragindako galera erlatiboa taula honetan adierazitakoak dira:

(Ikus .PDF)

Natura 2000 guneen osotasunean egindako kaltea zehazteko, Natura 2000 Sareko Ingurumen Inpaktua Ebaluatzeko Gida Metodologikoko irizpideak aplikatu dira. Biodibertsitatearen eta Natura Ingurunearen Zuzendariordetza Nagusiak erabilitako irizpideak Natura 2000 Sareko espazioen osotasunari egindako kaltea zehazteko, Batasunaren intereseko habitatei erasategatik. Trantsizio Ekologikorako Ministerioa (2019). Habitat horien kalteberatasunaren, adierazgarritasunaren eta kontserbazio-egoeraren parametroak kontuan hartuta, bai eta galera absolutuaren eta erlatiboaren parametroak ere, ondorioztatzen da bi kasuotako batean ere ez dela gainditzen % 1eko galera erlatiboaren atalasea edo afekzioak lekuaren osotasunari kalte egingo diola esan ahal izateko muga-balioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatu duenez, proiektuak Armañongo KBEan dauden hegazti harkaiztarren komunitatean izan dezakeen eragina, bereziki sai zuriaren (Neophron percnocterus) komunitatean, ez da esanguratsua izango, espezie horren bizileku diren lurraldeak harrobitik 1.000 eta 4.200 metrora baitaude (900 m, 1.400 eta 1.500 m, babestutako eremu horren organo kudeatzaileak emandako datu eguneratuenen arabera). Putre arruntari dagokionez (Gyps fulvus), ugaltze-guneak harrobitik urrun daude. Ustiapen-muga berria 50 metro baino ez da hurbiltzen habiak egiteko eremuetara, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatzen du distantzia hori ez dela txikiegia, eta, horrenbestez, espezie horiei eragozpenik ez zaiela eragingo edo haien habitatean ez dela aldaketarik eragingo.

Harrobiak interesgune batzuetan sortzen duen inpaktuaren ezaugarriak zehazteko, ingurumen-inpaktuaren azterketak hargailu batzuen bidez egindako soinu-mailen kalkuluak islatzen ditu. Aukeratutako puntuen artean sai zuriak habiak egin ditzakeen eremuak hartu dira kontuan. Eremu horietan, soinu-mailen emaitzek adierazten dute ia ez dela hautematen harrobiaren jarduera, eta kasurik okerrenean (egungo egoeran) zarata-mailarik altuena 41 dB(A) da. Harrobiaren jarduerak iraun duen urteetan, sai zuriaren habiak egiteko eremuari bere horretan eutsi zaio, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren azterketak ondorioztatu du ez dela oso gertagarria egoera hori aldatzea ustiategia handitzen denean.

Kiropteroen gaineko eraginari dagokionez, harrobia handitzeak eragina izan dezake haien habitatetan eta babeslekuetan. KBEan dauden 16 kiroptero-espezieetatik gehienak, batez ere ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale), Santa Isabel kobazuloan daude (harrobitik 740 metro ingurura). Kobazulo hori espezie horren babesleku nagusia da EAEn, eta garrantzitsuenetako bat Europan. Espezie horrentzat KBEko eta haren inguruko baso-inguruneak bizitzeko eta elikatzeko eremu dira. Bibrazioek aterpe horretan izan dezaketen eraginari dagokionez, 2018an bi kontrol egin ziren, eta horien mailak ez ziren erregistratu, intentsitatea ez baitzen iristen sismografoaren detekzio-atalasera (0,33 mm/s).

«Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. 2. zatia. Kontserbatzeko eta Indartzeko Neurriak. Ekintza Plana» (2020ko irailaren 22a) azterketatik ondorioztatu denez, harrobia handitzeak lau saguzar espezietako zenbait aleren babeslekuak galtzea ekar dezake (Pipistrellus, P. Kuhlii, Esptesicurs serotinus eta Hypsugo serotinus espezieenak; azken espezie hori ez da KBEaren funtsezko elementutzat jotzen), bai eta kiropteroek elikatzeko baliatzen dituzten eta batasunaren intereseko habitatak diren 0,58 ha-ren galera ere. Azterlanak neurri zuzentzaileak proposatzen ditu, Armañongo KBEaren irizpideetan eta helburuetan oinarrituta, fauna-komunitate horren habitatak hobetzeko eta indartzeko.

Beste ingurumen-ondorio batzuk.

Maila freatikora iristeko arriskua dago; dokumentazioaren arabera, maila freatiko hori itsas mailatik 130 m-ra dago. Arrisku hori minimizatze aldera, harrobiko plaza itsas mailatik 140 m-ko kotan mantentzea aurreikusten du proiektuak. Karstifikazio-maila handia denez, hodi karstikoak atzemateko eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua ere badago.

Indarrean dagoen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren ondoriozko ingurumena zaintzeko programaren esparruan, hiru hilean behin Karrantza ibaiko uren kalitatea neurtzeko kontrolak egiten dira ustiategitik ibaian gora eta behera. 2016., 2018. eta 2019. urteetan bildutako informazioaren arabera, balio jakin batzuk arinki gainditzen dira, esate baterako, Karrantza ibaira isurtzen diren solido esekiena. Bestalde, La Cadena iturburuan egindako kontrolen emaitzak aplikatzekoa den araudiak ezarritako mugen barruan daude.

Erauzketa-jarduerak nabarmen eragiten dio gaur egun inguruko paisaiari. Ingurumen-inpaktuaren azterketak aurreikusten du handitzeak aldaketa txikia eragingo duela egungo aurrealdearen ikus-inpaktuari dagokionez, ikuspen-maila ez baita nabarmen aldatuko aztertu diren behaketa-puntu nagusietan.

Harrobiaren Ingurumena Zaintzeko Programan, ustiategitik hurbilen dauden kobazuloen kontserbazio-egoeraren jarraipen arkeologikoa egiten da; azterketa hori, azken urteotan, Ventalaperra, Rincon eta Bortal kobazuloetan ardazten da; hiru hilez behingo jarraipen hori egiteko hiru barrunbeen kontserbazio-egoeraren ikus- eta argazki-kontrola egiten da, eta arreta berezia jartzen da Paleolitoko labar-artearen laginetan. Jarraipen-txostenek ez dute detektatu harri ahokatzailearen egoeran eta grafia paleolitikoetan eragina izan dezakeen aldaketarik. Bestalde, bibrazioen kontrolean neurtutako balioen arabera, segurtasun-koefiziente egoki batekin, ez da gainditzen 4 mm/s-ko gehieneko balio baimendua (UNE 22-381-93 arauaren arabera, ez dute muga hori gainditu behar III. motako egiturek).

Zaintza-programaren emaitzen arabera, orain arte ez dira gainditu inmisio- eta bibrazio-mailak harrobiaren inguruko eremu habitatuetan.

Materiala erauzteak, hura ustiapen-instalazioetan tratatzeak eta garraiatzeak emisio atmosferikoak sortuko ditu (zarata, bibrazioak eta hautsa), eta horrek giza habitataren kalitateari eragin diezaioke, –harrobia jendea bizi den etxebizitzetatik gertu baitago–, baita faunari ere, esate baterako, hegazti harkaiztarrei eta kiropteroen komunitateari.

D) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Neurri horiek eta kontrolerako izendatutako langileek ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritakoak bermatu beharko dituzte.

Neurri horiek guztiak ustiapen-proiektuan sartu beharko dira, eta neurri horiek beteko direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

Honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

D.1.– Proiektuaren eremua.

Jardueraren gehieneko eragin-eremua bat etorriko da Ventalaperra harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitako espazio-mugekin. Erauzketa-jardueraren gehieneko espazio-muga 2. dokumentuko 13-1 «Azken fasea» planoan adierazitakoa da. 1. eranskina. «Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzko dokumentazio osagarria» agiriko planoak, 2019ko irailekoak.

Ezin izango da inola ere ustiapen-proiektuaren mugetatik kanpo kokatutako eremurik kaltetu, ez zuloak ireki behar direlako, ez pista berriak edo sarbideak egin behar direlako, ez erauzketaren osagarri den beste edozein jarduera egin behar delako.

Lursailean muga horien erreferentzia bat izateko, eta erauzketa-lanetan muga horiek ez gainditzeko, ustiapeneko 1. fasea hasi aurretik, proiektuaren gehieneko eragin-eremua mugatu beharko da, «in situ» mugarriak jarrita. Mugarriztatze hori xehetasunezko plano topografikoan jasoko da. Plano hori organo substantiboari bidali beharko zaio, eta organo horrek ingurumen-organoari helaraziko dio, harrobia handitzeko eremuan lanak hasi aurretik.

D.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

a) «Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. 2. zatia. Kontserbatzeko eta indartzeko neurriak. Ekintza Plana» (2020ko irailaren 22a) izeneko dokumentuan deskribatutako neurri guztiak hartuko dira.

b) Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak 2020ko abenduaren 3an egindako txostenaren arabera, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Proiektua baimendu aurretik, organo substantiboak Armañongo KBEaren organo kudeatzailearen txostena eskatu beharko du, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 9.2 artikuluaren arabera.

– Kiropteroen Ekintza Planaren testu bategina bidaliko zaio organo kudeatzaileari, eta bertan adieraziko da zein espezialista arduratuko diren plan hori egiteaz eta nor arduratuko den hura abian jartzeaz. Horrez gain, kronograma, aurrekontua, planoak eta exekuzio-unitateak jasoko dira, behar bezala zehaztuta eta xehatuta. Abeltzainekin (txabolaren jabeekin eta ardien jabeekin) egindako kontratu bat sartu beharko da, saguzarrentzako habitatak hobetzeko ekintza-plan horretako neurriak beteko direla bermatzeko. Ekintza-plan horrek planaren betearazpena eta eraginkortasuna zaintzeko eta haren jarraipena egiteko plan bat jaso beharko du, baita proiektuaren inguruko kiroptero populazioak duen bilakaeraren jarraipenerako plan bat ere. Emaitzak jasotzen dituzten txostenak sei hilean behin bidali beharko zaizkio organo kudeatzaileari.

Kiropteroen Ekintza Planaren testu bateginak, gainera, talde horri dagozkion neurriak jasoko ditu; neurri horiek apartatu hauetan zerrendatzen dira.

c) Harrobiaren goiko aldeko babesguneak babesteko, handitze-eremuko aurrealdeak (I. eta II. faseak) neguko denboralditik kanpo irekiko dira, hau da, saguzarrak aktibo daudenean eta, horrenbestez, aterpe horiek uzteko aukera dutenean.

d) Aurkitutako eraikin-babeslekuek (harrobiaren iparraldeko eta ekialdeko bordak eta lanabesentzako etxolak) kiropteroen babesleku gisa duten funtzioa betetzen dutela bermatuko da. b) apartatuan aipatutako jabeekiko akordioetan, helburu hori duten neurriak jasoko dira, hala nola udan ateak eta leihoak irekita mantentzea. Kiropteroen Ekintza Planean aipatutako agirian proposatzen da babeslekuak egokitu egin behar direla. Egokitzapen hori 6 hilabeteko epean gauzatu behar da, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

e) Proiektuaren lehen faseetan kalteren bat jasan dezaketen kiroptero-babeslekuak ahalik eta azkarren leheneratzeko, goiko mailen ustiapenean (I. eta II. faseak) eten luzeak egitea saihestuko da, kiropteroak eremu horiek ustiatzeari utzi ahala hormetan finka daitezen berriro. Amaierako ezpondak konfiguratu ondoren, bermak leheneratuko dira, «Kiropteroak Ventalaperra harrobiaren inguruan. 2. zatia. Kontserbazio- eta indartze-neurriak. Ekintza Plana» dokumentuan adierazitako baldintzen arabera.

f) Ustiapen-ezpondek akabera irregularra izatea bultzatuko da, bai eta hormetako arrakalak eta zuloak dauden horretan uztea, eta saihestu egingo da horiek ixtea edo sareekin estaltzea, betiere meatze-segurtasunarekin bateragarriak diren baldintzetan, kiropteroek gordeleku gisa erabil ditzaten.

g) Berma bateko jarduera amaitu ahala, landareztatze-prozesu bati ekingo zaio, kiropteroentzako korridore eta elikagai-iturri gisa funtziona dezan. 10-20 cm-ko sakonerako landare-lurrezko geruza bat jarriko da berman zehar, eta, ondoren, hura landareztatzeari ekingo zaio; horretarako, inguruko zuhaixka fruteszenteen baiak eta haziak erabiliko dira (Arbutus unedo, Cornus sanguínea, Crateagus mongyna, Laurus nobilis, Phillyrea latifolia, Prunus spinosa, Prunus avium, Sambucus nigra, Smilax aspera, Clematis vitalva, Rosa spp. Rubus spp. eta abar). Erein ondoren, harriak jarriko dira bermaren bi aldeetan, hesi gisa, jendearen eta ungulatuen fluxua saihesteko.

h) Ustiategiaren ekialdeko mugaren eta artadiaren artean dauden belardien korridore funtzioari eutsi behar zaio; izan ere, belardi horretan ikusi da Santa Isabel kobazuloko eta Ranero inguruko kiropteroen fluxu handiena. Korridore hori bermatzeko eta babesteko, inola ere ezingo da gainditu ustiategiaren ekialdeko muga, ebazpen honen D.1 apartatuan ezarri den bezala. Espero da sustatzaileak proposatutako neurriek (zerrenda horretan zehar babeserako kutxak eta enborrak jartzea, harrobiaren hego-ekialdean hiru putzu sortzea eta bolatoki zaharraren eraikina egokitzea) korridore hori sendotzen lagunduko dutela. Era berean, beharrezkoa izango da eremu horretan azienda mantentzea, dentsitate txikian, aldizkako artzaintzaren bidez. Neurri hori b) apartatuan aipatu diren akordioetan (inguruneko abeltzainekin sinatu beharrekoak) sartu beharko da.

i) Mendebaldeko ertzean, artadia jardueraren mugaraino mantenduko da, beste baso-kiroptero espezie batzuek (Myotis emarginatus espezieak adibidez) hor bizitzeko aukera izan dezaten.

j) Hainbat saguzar espezieren elikadura bermatzeko, hego-ekialdean dauden zuhaitz hostoerorkorren orbanak eta zuhaixka-orlak kontserbatu eta bultzatuko dira. Quercus robur, Fraxinus excelsior, Acer campestre eta Prunus avium-en orpoak landatuko dira harrobia materiala eta makinak biltzeko eremuarekin lotzen duen pistaren ertzetan. Tamaina handi xamarreko aleak erabiliko dira (2 metroko altuera) eta zurkaitzak baliatuko dira.

k) Planaren barruan sartuko da, halaber, sei hilean behin barrunbeen eta beste babesleku potentzial batzuen prospekzioa egitea, ustiategiaren inguruko 500 metroko zerrenda batean, kolonia berriak detektatzeko, eta detektatuz gero, kiropteroen jarraipen-programan sartzeko.

l) Kiropteroen babesleku gisa instalatuko diren kaxen eta enborren eraginkortasuna ebaluatuko da, ikusteko espezie jeneralistek zenbat erabiltzen dituzten, interes bereziko espezieen kaltetan.

m) Bizkaiko Foru Aldundiaren 83/2015 Foru Dekretuak, ekainaren 15ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako plana onartzen duenak, 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, sai zuriaren aldi kritikoan (9.2 artikuluan ezarria, martxoaren 1etik irailaren 1era bitartean), debekatuta dago lehergailuak erabiltzea, aipatutako dekretuaren 4.b) artikuluan zehaztutako eremu kritikoetatik gutxienez 1.000 metroko erradioan.

n) Erauzte-jarduerak zuzenean eragingo ez dien Batasunaren intereseko habitatei eta bertako zuhaitz-landaretzako eremuei dagokienez, ahalik eta prebentzio-neurri zorrotzenak hartu beharko dira proiekturako behar-beharrezkoa den baino azalera handiagoari ez eragiteko. Horretarako, aipatutako eremuak zehatz-mehatz mugatu eta balizatu eta neurriak hartuko dira zuhaiztietan kalterik ez eragiteko eta behar ez den zuhaitzik ez mozteko; jardueratik hurbilen dauden eta, beraz, makinen kolpeak jasan ditzaketen orpoak behar bezala babestuko dira.

o) Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarri, eta zaintza-programan jasoko dira.

D.3.– Urak babesteko neurriak.

Ezar daitezkeen baimen-prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

a) Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko espedientean jasotako dokumentazioan xedatutakoaren arabera, drainatze-sare bat egingo da, ustiapen-zuloko jariatze-ur guztiak jasoko direla bermatzeko, harrobia handitzeko eremuan sortutakoak barne. Sarea kanpoko azpiarroen puntako emariak biltzeko moduan egingo da, prezipitazio maximoko egoeretan urak husteko ahalmena bermatuta egon dadin. Aipatutako drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzuz osatutako sistema bat izango da. Egoki diren kalkulu hidraulikoak egingo dira solidoak ondo atxikiko direla bermatzeko, eta, nolanahi ere, isuria leku jakin batean egingo dela eta uraren parametro fisiko eta kimikoei buruz indarrean dauden arauetan xedatutakoa betez egingo dela bermatzeko.

b) Drainatze-sarea eta haren amaierako elementuak proiektuaren garapen-faseetan ustiategiak hartuko dituen konfigurazio desberdinera egokitu beharko dira, trazadurari, neurriei, maldari edo estaldurari dagokienez.

c) Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-uren sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo edo kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko euri-urak joaten diren gune eta bideetan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren zirkulazio askea ez oztopatzeko. Urtero eta agorraldiarekin bat etorriz, sare horiek berrikusiko dira, eta, hala badagokio, haien konponketa orokorra egingo da.

d) Harrobira sartzeko arrapalan dagoen B1 putzuan ura biltzen duen saretaren egoera hobetuko da, era guztietako jalkinez bete ez dadin. Komenigarritzat jotzen da bigarren sareta bat jartzea, ur bilketa eta dagokion putzurako deribazioa optimizatzeko.

e) Baltsek gainezka egitea edo saretak betetzea saihesteko edo minimizatzeko, gutxienez 15 egunean behin garbituko dira, edo, behar izanez gero, maizago. Jarduera horren erregistro xehatua egingo da. Metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren errendimendu optimoa bermatzeko. Lohi horiek hondakinak kudeatzeko neurriei buruzko D.7 apartatuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

f) Meategira sartzeko arrapalan zehar, gurpilak garbitzeko aspertsoreak jarriko dira.

g) Obrako makinak aparkatzeko azalera eta haren mantentze-lanetarako eremuak isolatu egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura kutsatu ez daitezen olioaren eta erregaien ondorioz. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

h) Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (erroilu erakoa edo gai pikortatua, etab.) izango da, istripuzko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

i) Ustiaketa-lan guztiak kokalekuaren maila freatikotik gora gauzatuko dira. Ezingo dira lurpeko urak ponpatze bidez atera azpian dagoen akuiferoaren maila freatikoa beheratzeko xedearekin.

j) Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean. Nahiz eta ez den aurreikusten ur-kontsumoa era esanguratsuan areagotuko denik, gogorarazten da emandako emariarekiko aldaketaren bat bada, indarrean den baimena aldaketa horretara egokitzeko izapidea egin behar dela.

k) Sortzen diren efluente-isurketek haiek baimentzeko eskumena duen organoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Egungo isurketa-baimenean ezarritako baldintzetan aldaketa nabarmen bat gertatzen bada, aldatzeko baimena eskatu beharko da.

l) Ustiategiak eremu horretan egon daitezkeen akuiferoei zuzenean kalterik ez egiteko, aurrealdeen aurreratze-zulaketetan harkaitz-substratuan ubiderik dagoen zainduko da. Era berean, maila bakoitza ireki ondoren, mendigune harritsuko etenetan ura edo hezetasuna dagoen kontrolatuko da, bai eta ubide edo karstifikazio-prozesu garrantzitsurik dagoen ere. Kasu horretan, azterketa zehatzagoa egitea edo prebentzio-neurri zehatzak hartzea komeniko da.

D.4.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da, eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2007 Legean eta abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta 34/2007 Legea, azaroaren 15ekoa, Atmosfera Babesteari eta Airearen Kalitateari buruzkoa).

Ustiategiak atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena du. Baimen hori Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez eman zen. Ebazpen horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena ematen da, eta Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzen, ingurumena zaintzeko programaren emisio atmosferikoen kontrolari dagokionez (Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko martxoaren 17ko Ebazpenaren bidez).

Aurrekoa eta dagokion baimenean azaldutakoa galarazi gabe, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:

a) Jarduera gauzatzen denean, ez dira inoiz gaindituko atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretu horretan partikulei buruz ezartzen diren muga-balioak.

b) Zulaketako eragiketetan, lantalde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.

c) Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan. Mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarreretan, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.

d) Hautsa minimizatzeko dauden sistema guztiak aldiro berrikusi, eta egoera onean mantenduko dira, bai birrintze-instalazioetakoak (zinta garraiatzailearen estalkiak, babes-estalkiak, materialen biltegiratzea, etab.), bai makineriarenak (hauts-kaptadoreak) eta bai pistak ureztatzekoak (aspertsore-sistema, zisternak).

e) Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri beharko da, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi beharko zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.

f) Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

D.5.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Ustiapen-eremuan, lurzorua kutsa dezakeen jarduera duen lurzati inbentariatu bat identifikatu da, Ventalaperra harrobiaren jarduerari lotua, 48022-00010 kodekoa eta 122.223 m2-ko azalerakoa. Horri dagokionez, hondeaketa-eragiketetan edo lur-mugimenduetan, edo istripu baten edo beste inguruabar baten ondorioz, kutsadura-zantzuak antzemanez gero, kontuan hartuko da lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoa.

D.6.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

a) Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan.

b) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makineria aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako xedapenetara egokitu beharko da, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora ere egokitu beharko dira.

c) Zarata-foku berririk balego, foku horiek jarduerei aplika daitezkeen gehieneko balioak bete beharko dituzte, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz.

d) Kalitate akustikoaren helburuak bat etorriko dira aipatu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen denarekin.

e) Leherketa-proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eragin-esparruan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu.

f) UNE-22-381-93 araua aplikatzeko, III. taldeko egituratzat hartuko dira Ventalaperra eta Pozalagua kobazuloak. Halaber, II. multzoko egituratzat hartuko dira La Cadena auzoko etxebizitzak eta Bortal kobazuloa. Harrobiaren inguruko industria-eraikinak I. multzokotzat joko dira.

g) Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa– eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.

h) Sustatzaileak harrobitik hurbil bizi direnei informazioa banan-banan emateko sistemarekin jarraitu beharko du. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

b) Meategiko hondakinak erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

c) Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk aplikatzea, balorizazio energetikoa barne.

d) Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira ezabatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.

e) Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

f) Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira hondakindegira bidali beharreko hondakinak.

g) Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

h) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

i) Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

j) Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

k) Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

l) Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

m) Dekantazio-putzuetako lohiak indarreko araudian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira; hala, material esterilarekin batera jalkitzen utziko dira, edo horretarako baimendutako hondakin-kudeatzaileari emango zaizkio.

n) Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, langileek behar bezala erabiltzea hondakinak. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

D.8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

a) Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 2018ko apirilaren 18an egindako txostenaren arabera, ustiatu beharreko eremuan edozein esku-hartze egin aurretik, gainazaleko prospekzio bidez azterketa arkeologiko bat egingo da, ondare espeleologikorik edo arkeologikorik baden ikusteko.

b) Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada (esate baterako, kobazuloak aurkitzen badira), lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

c) Ventalaperra multzoan dagoen ondare arkeologikoa eta labar-artea babesteko, harrobiko jardueraren ondorioz bertan sortuko den bibrazio-maila ezingo da izan 4 mm/s-tik gorakoa. Era berean, ondare arkeologikoaren kontserbazioko aditu batek grabatuen egoeraren jarraipena egiten segituko du.

d) Kobazuloan eta/edo labar-santutegian kalteren bat eragiten bada, eta kalte hori ustiapenaren ondorioz gertatu dela susmatzen bada, lanak geldiarazi eta azterketa bat egin beharko da kaltearen arrazoiak aztertzeko.

e) Ustiapenak irauten duen bitartean, ondare historiko-artistikoa kontserbatzeko aholkularitza kualifikatu bat izan beharko da.

D.9.– Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.

Erauzketa-lanek aldatutako naturaguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoa galarazi gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotzen den proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak, eta urtero koordinatuko dira Lanen Urteko Planaren bidez. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

a) Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.

b) Erauzketa-lanek erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina, ustiapenaren ondorioz, azkenean kaltetu direnak ere.

c) Besteak beste, Cortaderia selloana eta Buddleja davidii espezie inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira. Lehengoratze-lanetan, espezie horiek ez ugaltzeko ekintzak egingo dira, eta, bereziki, landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatuko da, eta ahal dela, landaredia soiltzeko teknika mekanikoak saihestuko dira, eta ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon litekeen lurra.

d) Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, obretako indusketa-lanetatik datozen materialak baimenduko dira soilik kasu honetan: lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean, giza osasunaren babeserako ezarritako B ebaluazioko balio-adierazleak (EBA-B) baino kutsatzaile-eduki txikiagoak badituzte.

e) Gainera, kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, hondakin horiek balorizatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek ez dute baimenik beharko, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.

f) Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko harrobiko eta inguruko landaredia tratatzeko.

D.10.– Konpentsazio-neurriak.

Kontuan izanik aurreko apartatuan aurreikusitako lehengoratze-neurrien helburua dela ustiatutako gainazalek erauzketa-jardueraren ondorioz galduko direnen antzeko funtzioak bete ahal izatea etorkizunean, eta esandako funtzio horiek berreskuratzeko denbora asko behar dela eta, gainera, aipatutako helburua lortzeko ziurgabetasun handia dagoela, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen arabera, aurrez aipatutako neurri zuzentzaileak aplikatuta ere, proiektua gauzatzeak Batasunaren intereseko habitatak galtzea ekar dezake, eta, ondorioz, natura-interes handiko fauna-populazioei eragitea, hala nola kiropteroei.

Horrenbestez, sustatzaileak erauzketa-jardueraren hondar-inpaktuak konpentsatzera bideratutako ekintzak gauzatu beharko ditu. Ekintza horien bidez, meatze-ustiategiaren handitzeak (15.450 m2) eragindako azaleraren baliokidea den azalera gehigarri bat lehengoratu edo hobetu beharko da. Horretarako, eukalipto edo pinu landaketak erostea (edo alokatzea) bermatuko da. Halaber, lehen adierazitako azaleraren erdia larrez eta txilardiz osatutako mosaiko erako formazio bihurtuko da, eta azalera horren beste erdian espezie autoktonoen basoak leheneratuko dira Armañongo EKZPn proposatutako gidalerro eta jarduketen arabera. EKZP hori urtarrilaren 10eko 3/2017 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu horren bidez, Armañon Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren arau-zatia onartu zen, eta Armañon ES2130001 Kontserbazio Bereziko Eremurako (KBE) eta Parke Naturalerako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana eta Kudeaketarako Jarraibide eta Jarduketen Dokumentua osorik argitaratzea agindu zen. Neurri hori gauzatzeko, aholkularitza eta lankidetza eskatuko zaie Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen eta Nekazaritza Zuzendaritzei.

D.11.– Jarduera bertan behera uztea.

Ustiategia uzten den garaian aplika daitekeen berariazko araudia betetzeaz gain, instalazioak desmuntatzeko lanetan neurri babesle eta zuzentzaile batzuk aplikatuz egingo dira, Ebazpen honetan ustiapen-faserako ezarri direnen antzeko neurriak, hain zuzen, batez ere landaretza, uren kalitatea eta hondakinak eta lurzoruak babesteari buruzkoak.

Biodibertsitatea handitzeko, harrobiko jarduera amaitzen denean eta makineria eta ingurunea kutsa dezakeen elementu oro kendu ondoren, hainbat sakonune egingo dira lursailean, ura modu naturalean pilatu dadin. Putzuak eta haien ingurua tokiko zingira-espezieekin landareztatu beharko dira, hala nola Thypha latifolia, Iris pseudoacorus, Juncus spp eta gisako espeziekin. Gainera, putzurik gabeko eremuak landare-lurrezko geruza fin batekin estaliko dira, eta D.2 apartatuko g) epigrafean ezarritako protokoloaren arabera ereingo dira.

Saguzarrentzat babesleku potentzial gisa, jarduera amaitzean, bulego-eraikinen bat edo materiala biltegiratzeko eraikinen bat zutik utziko da. Eraikinaren sarrera itxi egingo da, eragozpenik ez sortzeko, eta argiztatutako eremuak murriztu egingo dira (leihoak estaliko dira), eta saguzarrak sartzea eta irtetea ahalbidetzen duten leihotxo batzuk utziko dira. Eraikinaren barruan, zuloak egingo lirateke sabaian eta hormetan.

Bestalde, proiektuaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako lurzati bat identifikatu da. Sustatzaileak lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan aurreikusitako lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedura hasi beharko du, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak (dekretu horren bidez garatzen da 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa); hori guztia, alde batera utzi gabe ingurumen organoak honako dokumentu honen baloraziotik ondorioztatzen duena: sustatzaileak lurzati horietan lurzorua kutsa dezaketen jarduerarik egin ez dela justifikatzeko aurkez dezakeena.

D.12.– Ingurumen-aholkularitza.

Ustiapena amaitu arte eta bermealdiak irauten duen bitartean, ingurumen gaietan eta babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurrietan aholkularitza kualifikatua izan beharko da. Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek (baldintza-agiriak gai horiei buruz adierazitako eginkizunei buruzkoek), aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa ebazpen hauetan xedatutakoaren arabera gauzatu beharko da:

– Ebazpena, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, 2015eko azaroaren 26koa, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzeko baimena ematen duena eta Ventalaperra harrobiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzen duena, ingurumena zaintzeko programako emisio atmosferikoen kontrolari dagokionez.

– Ebazpena, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoarena, 2019ko apirilaren 10ekoa (Bizkaiko Aldizkari Ofizialean 2018ko abenduaren 19an argitaratu ondoren), Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL sozietateari honako aprobetxamendu hauek esleitzen dizkiona, 20 urterako:

• A/48/10435 – Karrantza ibaiko ur-emariaren aprobetxamendua (0,41 l/s-koa), Karrantza Haranako La Cadena auzoan, Ventalaperra harrobiko industria-erabileretarako.

• A/48/10434 – Karrantza Haranako La Cadena auzoko iturburuko ur-emariaren aprobetxamendua (batez beste 0,5019 l/s-koa), hormigoiak fabrikatzeko La Cadenako industrialdean dagoen eta Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SLren jabetzakoa den hormigoi-plantan.

– Ebazpena, 2013ko abenduaren 27koa, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko lehendakariarena, hondakin-urak Karrantza ibaira isurtzeko baimena ematen duena (guztizko bolumena 11.114 m3/urte).

Kontrol hauek gehituko dira:

E.1.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatuko da egindako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, eta ez zaiola eragin aurreikusitakoa baino azalera handiagoari, ebazpen honen D.1 apartatuan ezarritakoaren arabera.

E.2.– Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaera kontrolatzea.

a) Ebazpen honen D.2.b) apartatuko neurriaren arabera, kiropteroen ekintza-planeko neurrien betetze-mailaren eta eraginkortasunaren jarraipena egingo da, bai eta harrobiaren inguruko populazioen bilakaeraren jarraipena ere. Emaitzen txostenak sei hilean behin bidaliko zaizkio Armañongo KBEren eta Parke Naturalaren organo kudeatzaileari, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzari.

b) Jarraipen-lanetan zehar ikusten bada harraparien edo babes bereziko erregimenean edo arriskuan dauden beste hegazti espezie batzuen habi berriak daudela harrobiaren inguruan, berehala jakinaraziko zaio organo kudeatzaile horri.

E.3.– Ur-baliabideen kontrola.

a) Aztergai den eremuaren azterketa xehatua egingo da, eta plano batean adieraziko da non kokatzen diren ur-puntu guztiak (zundaketak, piezometroak, iturburuak, Karrantza ibaia) eta kontrol- eta lagin-guneak. Hori egitea garrantzitsua da ingurunearen egoera ezagutzeko. Lotutako shape geruza eguneratuta mantenduko da. Koordenatu topografikoak erreferentzia-sistema berarekin hartuko dira, kokapenaren kota zehatza finkatu ahal izateko.

b) Lurpeko uren fluxua ulertzeko, aztergai den eremuaren azterketa piezometrikoa egingo da; piezometria eguneratua egingo da. Mailen eta balizko joeren bilakaera aztertuko da; horretarako, informazio historikoa aztertuko da, eta informazio hidraulikorik ez dagoen eremuetan kontrolerako piezometro berriak egitea proposatuko da.

Lurpeko maila freatikoaren nondik norakoak kontrolatzeko, gutxienez 7 piezometroz osatutako sare bat instalatuko da. Piezometro horiek itsas mailatik gutxienez 120-125 metroko kotara iritsi beharko dute kareharrietan. Kareharriak zulatzean berreskuratu egingo dira lekukoak, eta zuloak piezometro gisa gaituko dira; gutxienez 2 hazbeteko diametroa izango dute.

Gainera, kutsadura-foku posible bat kontrolatzeko, aurreko paragrafoan deskribatutako piezometroen ezaugarri berberak dituen piezometro bat jarriko da gasolio-depositua dagoen eremuan eta erregaia kargatzeko eremuan, halakorik balego.

Meategiaren inguruan egin ziren Karrantza-1 eta Karrantza-2 zundaketak lokalizatuko dira. Zundaketa horiek ikerketarako egin ziren Ingemisaren «Karrantzako haraneko azterketa hidrogeologikoan». Zundaketa horiek lokalizatu ondoren, haiek piezometro gisa eta laginak hartzeko puntu gisa erabiltzeko aukera aztertzea proposatzen da.

c) Piezometro berriak erabiliz, saiakuntza berriak egingo dira trazatzaileekin, lurpeko fluxuaren norabidea, parametro hidraulikoak eta birkarga-eremuaren eta iturburu-sistemaren konexioa zehazteko. Entsegu horiek puntualki edo taldeka egin ahal izango dira eraiki behar diren piezometro berrietan, edo, are gehiago, harrobiko mailak irekitzean aurki daitezkeen hodietako bat edo hustubideetako bat erabil ahal izango da.

d) Akuiferoak eraginik ez duela jasango bermatzeko, laginak hartuko dira hiru hilean behin eta parametro hauek aztertuko dira: pH-a, oxigeno-eskari kimikoa, guztizko solido disolbatuak, eroankortasun elektrikoa, solido esekiak, olioak, koipeak eta hidrokarburoak (PAH eta TPH motakoak). Analisi horiek guztiak egitean, erreferentziatzat hartuko dira giza kontsumorako uraren kalitatearen irizpide sanitarioak ezartzen dituen otsailaren 7ko 140/2003 Errege Dekretuan ezarritako mugak.

Lurpeko uretan kutsadura-gertakari puntual bat jazotzen bada, kontuan hartu beharko dira erremediatzeko xede-balioak. Xede-balio horiek Uraren Euskal Agentziak argitaratutako «EAEko lurpeko uretako kutsadura-gertakari puntualetan aplikatu beharreko irizpide eta balio generikoen definizioa» dokumentuan ezarrita daude.

Gutxienez urtean bitan (ur handietan eta ur txikietan), inbentariatutako ur-puntuen karakterizazio hidrokimikoa osatuko da; hala, osagai kutsatzaileak ez ezik, ioi nagusiak eta bigarren mailakoak ere aztertuko dira, eta, horrela, lurpeko uren izaera ebaluatuko da.

Eremuaren bilakaera hidrokimikoaren analisia egingo da; horretarako, aztertutako elementu bakoitzaren egungo eta iraganeko kontzentrazioen konparazio ebolutiboa egingo da, inguruan izan daitezkeen joeren edo gerta daitezkeen desbideratzeen berri izateko.

e) Hiru hilean behin pH-a, oxigeno-eskari kimikoa, guztizko solido disolbatuak, eroankortasun elektrikoa, solido esekiak, olioak, koipeak eta hidrokarburoak (PAH eta TPH motakoak) aztertuko dira Karrantza ibaian hartutako laginetan (harrobitik gora eta behera) eta La Cadenako iturburuan hartutakoetan.

f) Saretak eta putzuak garbitzeari eta mantentzeari buruzko erregistro xehatua egingo da, putzuak gainezka egitea edo ura biltzen duten saretak betetzea saihesten dela egiaztatzeko. Halaber, baltsetatik lohiak noiz kentzen diren ere erregistratu beharko da, eta lohi horiek nora eraman diren adieraziko da.

g) Harrobiko hondakin-uren isurketak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko presidentearen 2013ko abenduaren 27ko Ebazpenaren bidez emandako isurketa-baimenean ezarritako mugak bete beharko ditu. Hilean behin kontrolatuko da uren kalitatea dekantazio-putzuetatik irten eta ibilgura isurtzen diren puntuetan, sustatzaileak proposatutakoaren arabera.

h) Urtean zehar argazkiak ateratako dira bankuetan hodiak edo ura ikusten badira, eta argazki horiek ere gehitu egingo dira. Irudi horiek harri-substratuan ur-hodiak detektatzeko etengabeko zaintza-jardueren esparruan hartuko lirateke, bai eta harrobian maila bat irekitzen den bakoitzean, etenetan eta mendigune harritsuetan urik dagoen ikusteko egiten den kontrolaren esparruan ere.

E.4.– Natura-ondarearen gaineko eraginak kontrolatzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak 2018ko apirilaren 18an egindako txostenaren arabera, harrobiaren ustiapenean honako kontrol hauek egingo dira:

a) Aldizkako jarraipena egingo zaie ustiaketak aurrera egin ahala sortzen diren gainazal berriei, aurkikuntza arkeologikorik dagoen ikusteko.

b) Hiru hilean behin eta leherketaren batekin bat etorriz, barrunbeen eta haien ingurunearen kontserbazio-egoeraren ikuskapena eta ebaluazio-txostena egingo dira, betiere Bizkaiko Foru Aldundiak behar bezala baimendutako arkeologo kualifikatu baten zuzendaritzapean. Era berean, ondare arkeologikoaren kontserbazioko aditu batek Ventalaperra multzoko grabatuen egoeraren jarraipena egin beharko du.

c) Leherketak egitean, bibrazioen neurketa jarraitu bat egingo da, sismografo bidez, Ventalaperra B-C (El Santuario) kobazuloaren barruan.

d) Aldizka bibrazio-mailaren eta ikuskapen bisualen emaitzen kopia bat bidaliko da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zentrora.

e) Urtero txosten bat egingo da jarraipen arkeologiko eta geologikoaren proiektuari buruz eta horrek Ventalaperra/El Bortal multzoaren ondare arkeologikoan duen eraginari buruz. Txosten hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaio.

E.5.– Bibrazioa eta aire-uhinaren presioa kontrolatzea

a) Bibrazioak kontrolatzeko, UNE 22-381-93 arauan xedatutakoa hartuko da kontuan. Bibrazio-abiaduraren maila seguruak arau horretan daude ezarrita egitura mota bakoitzerako. Harrobiaren inguruko egiturak kategorizatzeko, III. multzoko egituratzat hartuko dira Venta la Perra eta Pozalaguako kobazuloak. Halaber, II. multzoko egituratzat hartuko dira La Cadena auzoko etxebizitzak eta Bortal kobazuloa. Harrobiaren inguruko industria-eraikinak I. multzokotzat joko dira.

b) Sustatzaileak proposatutako zaintza-programan, bibrazio-mailaren 2 kontrol-puntu ezarri dira: bata, Ventalaperra kobazuloan, eta, beste neurgailua jartzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: leherketa-puntuarekiko hurbiltasuna eta egituraren hauskortasun-maila handiagoa. Urtean bi aldiz, gutxienez, kontrola egingo da Pozalaguako kobazuloan. Era berean, ustiapenaren I. fasea hasi eta lehenengo bi urteetan, neurketa bat egingo da urtero Santa Isabel kobazuloaren sarreran.

c) Bibrazioen kontrol bakoitzean jaso beharko dira UNE 22-381-93 arauko 7.2 apartatuko (bibrazioen kontrolerako neurketa) datuak. Halaber, leherketa-erregistro bakoitzean, desarra- eta erregistro-puntuak eta bibrazio-abiaduraren balio handiena jasoko dira.

d) Kalterik antzemanez gero, leherketek sortutako aire-uhinaren presioaren neurketak egingo dira leherketok gehien jasaten dituzten eraikin habitatuetan.

e) Ustiategiko baldintzak aldatzen badira, edo egoerak hala egitea eskatzen badu, erakunde independente batek beste bibrazio-azterketa bat eta beste bibrazio-mapa bat egin beharko ditu.

E.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Ustiapena amaitu ondoko hiru urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.7.– Gorabeherak erregistratzea.

Ustiapenean zehar izandako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.

E.8.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du. Bertan, betebehar hauek jasoko dira: ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutakoak, E apartatu honen hasieran zerrendatutako ebazpenetan ezarritakoak, eta ebazpen honetan ezarritakoak, bai eta Kiropteroen Ekintza Planaren zaintza-programaren bateginekoak, D.2 apartatuan zerrendatutakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.9.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko dira Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzara. Igorpen hori urtero egingo da harrobiaren ustiapen-aldian eta leheneratze-lanen berme-aldiaren amaieran, hau da, leheneratzea egin eta hiru urtera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatutako dira, bai eta haien kausa eta konponbideak ere, eta laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu beharreko parametroak, neurketaren aldizkakotasuna eta parametro horiek bete behar dituzten mugak ere.

Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Nolanahi ere, eta aurreko bi paragrafoetan xedatutakoa galarazi gabe, Karrantza Harana udalerriko Ventalaperra harrobiaren –Cantera Carranza-Karrantza Harrobi SL enpresak sustatua– ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena berrikusi eta, hala badagokio, aldatu egingo da, Meatzaritzaren Araubiderako Erregelamendu Orokorra onartzen duen abuztuaren 25eko 2857/1978 Errege Dekretuaren 81. artikuluan xedatutako emakida luzatu baino lehen.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoari kalterik egin gabe, ondoren aipatzen diren agiriak ingurumen-organo honetara bidali beharko dira, organo substantiboaren bidez eta organo horrek proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa onartu ondoren, espedientean jaso daitezen.

G.1.– Proiektua ustiatzeko I. fasea hasi aurretik, jardueraren muga geografikoa identifikatzen duen mapa topografikoa, ebazpen honen D.1 apartatuarekin bat etorrita.

G.2.– Ebazpen hau argitaratu eta urtebeteko epean, E.3 apartatuan aipatutako dokumentazioa, ustiategiaren inguruko ur-baliabideei buruzkoa. Zehazki, honako dokumentu hauek:

a) Plano eguneratua pdf eta shape formatuetan, lur gaineko eta lurpeko uren ur-puntu eta kontrol-puntu guztiekin, E.3 apartatuko a) eta b) epigrafeen arabera. Plano hori eguneratzen den guztietan jakinaraziko da.

b) Azterlan piezometrikoa, E.3 apartatuko b) epigrafearen arabera.

c) Trazatzaileen saiakuntza berriak, E.3 apartatuko c) epigrafearen arabera.

G.3.– Ebazpen hau argitaratu eta urtebeteko epean, konpentsazio-neurrien proposamen bat, ebazpen honen D.10 apartatuan xedatutakoarekin bat datorrena, ingurumen-organoak onar dezan.

G.4.– Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, E.8 apartatuan xedatutako ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetza honek onar dezan.

H) Armañongo KBEa eta Parke Naturala kudeatzen dituen organoari, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, honako agiri hauek bidali beharko zaizkio:

a) Ebazpen hau argitaratu eta 3 hilabeteko epean, kiropteroen ekintza-planaren testu bategina; bertan jaso beharko dira behar bezala definitutako eta zehaztutako kronograma, aurrekontu, plano eta exekuzio-unitateak, eta ebazpen honen D.2 apartatuan adierazitako neurriak.

b) Sei hilean behin, kiropteroen ekintza-planaren jarraipenaren emaitzak, bat etorriz D.2.b) apartatuarekin.

J) Urtero bidaliko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari jarraipen arkeologiko eta geologikoaren proiektuari eta proiektu horrek Ventalaperra/El Bortal multzoko ondare arkeologikoan duen eraginari buruzko txostena.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Laugarrena.– Proiektua baimendu aurretik, organo substantiboak Armañongo KBEaren organo kudeatzailearen txostena eskatu beharko du, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 9.2 artikuluaren arabera.

Bosgarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 23a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala