Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2022ko apirilaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1493

2/2022 FORU ARAUA, martxoaren 10ekoa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «2/2022 Foru Araua, martxoaren 10ekoa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2022ko martxoaren 10a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Gipuzkoako Lurralde Historikoan, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren bitartez ezarri eta arautu da orain arte.

Bere indarraldian zehar, xedapen horrek aldaketa ugari izan ditu, munta desberdinekoak, eta, horien artean, bereziki aipatzekoak dira jarraian zehazten diren hauek.

Uztailaren 2ko 3/1992 Foru Arauak, zerga izaerako zenbait neurri hartu eta hainbat aldaketa sartu zituenak sozietateen gaineko zergaren, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren eta inbertsiorako pizgarri fiskalen araudian, ezarrita utzi zuen herentziak, legatuak edo bestelako oinordetza tituluak salbuetsita geratzen zirela ondorengo ahaideen, adoptatuen, ezkontidearen, aurreko ahaideen eta adoptatzaileen alde egiten direnean. Bizitza aseguruen onuradun gisa horiek jasotzen dituzten kopuruak ere salbuesten ziren.

Geroago, maiatzaren 23ko 3/1997 Foru Arauak salbuespen hori zabaldu zuen bai dohaintzetara eta bai kostu gabeko «inter vivos» moduko beste eskualdaketa parekagarrietara, eta erabilitako argudioa izan zen aldaketa horrekin amaitutzat ematen zela azken horiek desberdin tratatzea «mortis causa» egintzengatik egin edo «inter vivos» egintzengatik egin.

Aurreko aldaketaz gain, aipatutako 3/1997 Foru Arauak ezarri zuen hildako pertsonaren ohiko etxebizitzaren «mortis causa» eskurapenetan zerga oinarriak 100eko 95eko murriztapena izango zuela, 20 milioi pezetako mugarekin, eskuratzaileak 65 urte baino gehiago dituzten eta heriotzaren aurreko bi urteetan kausatzailearekin bizi izan diren alboko ahaideak direnean.

2002an, zerga arloko zenbait neurri onartu zituen maiatzaren 13ko 5/2002 Foru Arauak 100eko 95eko beste murriztapen bat ezarri zuen zerga oinarrian. Kasu honetan, murriztapen hori aplikatzekoa zen hirugarren gradura bitarteko alboko ahaideek enpresa indibidual bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak «mortis causa» eskuratzen zituztenean, betiere ondorengo ahaide edo adoptaturik ez bazegoen.

Abenduaren 15eko 20/2003 Foru Arauaren bitartez, izatezko bikoteen zerga erregimenari buruzkoa, senar-emazteekin parekatuta geratu ziren, tributuen esparruan, Eusko Legebiltzarraren maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera, izatezko bikotekoak arautzekoa, eratutako izatezko bikoteak, eta horrek berekin ekarri zuen parekatze hori oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan ere jasotzea.

2011. urtean, abenduaren 26ko 5/2011 Foru Arauak, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga ekitatea lortzeko bidean aldatu eta beste neurri tributario batzuk onartzen dituenak, bertan behera utzi zuen zuzeneko ahaideentzat ezarrita zegoen salbuespen orokorra. Horren ondorioz, dohaintzak ehuneko ehunean tributatzera pasatu ziren, eta, oinordetzen kasuan, 220.000 euroko murriztapena ezarri zen oinordeko bakoitzeko, argi utzita kopuru horretatik gorakoagatik tributatu beharko zela, zergan ezarritako murriztapen partikularrak eragotzi gabe. Hortik aurrera, aurreko araudiaren arabera salbuetsita zeuden zuzeneko ahaideak 100eko 1,5eko tasa bakarraren arabera tributatzera igaro ziren. Geroago, urtarrilaren 17ko 1/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua aldatu zuenak, 400.000 eurora igo zuen lehen aipatu dugun 220.000 euroko murriztapena.

2015eko urriaren 3an Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legea indarrean jarri izanak inpaktu garrantzitsu bat izan zuen, besteak beste, Gipuzkoako Lurralde Historikoko oinordetza zuzenbidearen instituzioetan, eta horrek eragin nabarmena izan zuen oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren erregulazioan. Eragin hori islatuta ageri da azaroaren 14ko 4/2016 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legera egokitzeko buruzkoa.

Azken foru arau horren xedea hauxe izan zen: beharrezko aldaketak sartzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga sistema Euskal Herriko Zuzenbide Zibilaren berezitasunetara egokitzeko, eta fiskalitatearen alorrean ere behar den segurtasun juridikoa emateko. Haren bitartez, bi figura berri arautu ziren aurreneko aldiz Gipuzkoan, haien berezitasun tributario guztiak aintzat hartuta: eraginkortasuna unean bertan duen oinordetza ituna eta testamentu-ahalordea erabili gabe duen herentzia; beren konfigurazioan bereziak diren figura horiek ez dira ageri Kode Zibilaren sisteman, baina aparteko eragina dute bai oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, bai pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, eta bai ondarearen gaineko zergan ere.

Egokitzapen horri jarraipena eman zion gero maiatzaren 10eko 1/2018 Foru Arauak, zerga arau batzuetan aldaketak sartzen dituenak. Arau horrek ekarritako aldaketak lotuta daude, batik bat, eskubideei uko egiteko oinordetza itunek eta komisario bidezko oinordetzek jasotzen duten zerga tratamenduarekin.

Bukatzeko, aipatzeko modukoa da, baita ere, ekainaren 19ko 1/2018 Foru Dekretu-Araua, besteak beste, oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren erregulazioa aldatu zuena abenduaren 28ko 10/2017 Legeak Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean sartutako aldaketak zergan txertatzeko.

Aldaketa horiek guztiak aintzat hartuta, eta dagoeneko luze jo duelarik 3/1990 Foru Araua onetsi zenetik, egoki dirudi indarrean dagoen foru arauaren eguneratze orokor bat egitea eta haren edukia berritzea foru arau berri bat onetsiz. Eguneratze hori egiteko beste arrazoi bat da beharrezkoa dela hasieran eman zitzaion ikuspegi arautzailea berritzea; izan ere, gaurko irizpide arautzaileek, askoz zehatzagoak eta zabalagoak hasierako onarpenean erabilitakoen aldean, erabat gainditzen dute lehen foru arauan aplikatutakoa. Gainera, foru arau berri batek beti ahalbidetzen du edukiak hobeto sistematizatzea, eta hori ezinezkoa da orain arte egin diren aldaketa partzialekin.

Hori guztia dela eta, foru arau honek aurrekoan baino osatuago eta sistematizatuago jasotzen du oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren erregulazioa, eta, era berean, barruan biltzen ditu urriaren 22ko 42/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan garatzen ziren zenbait eduki.

Horrela, onesten den foru arauak XII. titulu ditu, 78. artikulu, hiru xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken lau xedapen.

I. tituluan zergaren izaerari eta aplikazio eremuari buruzko alderdiak arautzen dira, konexio puntu normatiboak eta ordainarazpenarenak barruan hartuz, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Ekonomia Itunak indarrean duen idazketarekin bat.

II. tituluak zerga egitatea arautzen du, eta zehazten du zer hartzen den oinordetza titulutzat eta zer diren «inter vivos» moduko doako negozio juridikoak. Horrez gain, zehazten dira zergari lotu gabeko kasuak, presuntzioak, salbuespenak, eta zerga oinarriarekin erlazionatuta dauden bigarren mailako beste alderdi batzuk.

III. tituluak ezartzen du zein hartzen den zerga honetan zergaduntzat, eta zer kasutan izan daitezkeen beste pertsona edo entitate batzuk zergaren erantzuleak.

IV. tituluak zerga oinarriaren zehaztapena arautzen du, bost kapitulutan banatuta. I. kapituluan jasotzen dira zerga oinarria zehazteko erregela orokor zein bereziak, eta arreta berezia jartzen da gozamenak baloratzeko eran. Kasu honetan, esan beharra dago aldi baterako gozamenen balorazioa orain kalkulatzen dela 100eko 2 konputatuta urtebeteko; lehenago 100eko 5 hartzen zen.

II. kapituluan «mortis causa» eskurapenetarako erregela bereziak jasotzen dira, eta horren barruan sartzen dira herentziako ondasunak zehazteko era, hil aurreko urteetan kausatzailearenak izandako ondasunak gehitzeko erregelak, eta herentziako ondasunen balio garbia zama, zor eta gastu kengarriak kontuan hartuta zehazteko modua.

III. eta IV. kapituluek ezartzen dute zer erregela berezi aplikatuko diren zerga oinarria kalkulatzeko kostu gabeko «inter vivos» eskualdaketetan eta aseguru gaietan.

V. kapituluak balioak egiaztatzeko arauak ezartzen ditu, egiaztapen hori edo, kasua bada, hortik ondorioztatzen den likidazioa jakinarazteko erak zehazten ditu, baita egiaztapen horren aurka egiteko moduak ere.

V. tituluak arautzen du zer murriztapen izan ditzakeen zerga oinarriak oinarri likidagarria kalkulatzeko. Horien artean daude ahaidetasunagatik aplika daitezkeenak edo arrazoi objektiboengatik hainbat kasutan aplikagarri direnak, esate baterako, ohiko etxebizitza kausadunari eskualdatzen zaionean edo enpresa partaidetzak eskualdatzen direnean.

VI. eta VII. tituluetan zerga zorra autolikidatu eta zehazteko erregelak ezartzen dira, kuota osoaren kuantifikazioa arautzen da, zehazten da nola aplikatzen den, zilegi denean, nazioarteko zergapetze bikoitzaren kenkaria, eta, azkenik, finkatzen dira bai sortzapenaren erregelak eta bai zerga likidatzeko eskubidearen preskripzioari dagozkionak.

VIII. tituluak arau bereziak ezartzen ditu euskal zuzenbide zibil eta erkideko zenbait figurari aplikatzeko. Figura horien artean daude, esate baterako, gozamen, erabilera eta biztantze eskubidea, ordezpenak, fideikomisoak, testamentu-ahalordearen erabilera, ondasunen erreserbak, eta metaketa erregelak zenbait kasutan aplikatzeko betebeharra.

IX. eta X. tituluetan jasotzen dira zerga kudeatzeko arauak eta zergatik ondorioztatzen dituen betebehar formalak, autolikidazioa mantentzen da zerga kudeatzeko modu gisa, eta informazio obligazioak ezartzen dira -orain arteko berberak- agintari, funtzionario eta partikularrentzat.

Azkenik, XI. eta XII. tituluetan jasotzen dira autolikidaziorik ez aurkezteak dakartzan ondorioak, erregistroko itxierari buruzko arauak, eta zehapenak ezartzeko araubidea.

Lehen xedapen gehigarrian, Eusko Legebiltzarraren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean araututa dauden izatezko bikoteei zabaltzen zaie foru arau honetan senar-emazteentzat xedatutakoa.

Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du harrera iraunkorrean edo adopzio aurreko harreran hartutako pertsonak, foru arau honen ondorioetarako, adoptatuekin parekatzen direla, legeria zibilaren arabera eraturiko harrerak direnean. Ondorio horietarako ere, harrera iraunkor bat edo adopzio aurreko harrera bat egiten duten pertsonak adoptatzaileekin parekatzen dira, legeria zibilaren arabera eraturiko harrerak direnean. Hirugarren xedapen gehigarriak zergaren aurreko araudira egindako igorpenak interpretatzeko erregela ezartzen du.

Xedapen indargabetzaileak Indarrik gabe uzten ditu foru arau honetan xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak, eta, bereziki, bi hauek: urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena, eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua, urriaren 22ko 42/2012 Foru Dekretuaren bidez onartua, salbu eta erregelamendu horren 42tik 45era eta 47tik 52ra bitarteko artikuluak, horiek indarrean daudela adierazten baita berariaz.

Guztiarekin ere, foru arau honen 71. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoa erregelamenduz arautzen ez den bitartean, aplikatzekoak dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 38. eta 39. artikuluak.

Azken xedapenetako lehenaren bidez, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua aldatzen da, gozamenaren balioaren kalkulua foru arau honetan ezarritako erregela berberetara egokitzeko asmoz. Azken xedapenetako bigarrenak, aldiz, foru araua indarrean noiz sartuko den ezartzen du. Bestetik, azken xedapenetako hirugarrenak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Araua gaitzen du, zerga honen salbuespenak, zerga oinarriaren murriztapenak, oinarri likidagarriaren tarteak eta tarifa tasak aldatzeko. Azkenik, azken xedapenetako laugarrenak baimena ematen die Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Konklusio moduan, esan daiteke foru arau honek, munta handiko aldaketarik ekarri gabe ere, zergaren erregulazio ordenatuago, sistematikoago eta legezkotasun printzipiora egokituago bat onesten duela.

I. TITULUA
IZAERA ETA APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua.– Izaera eta xedea.

1.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera subjektibokoa, pertsona fisikoek kostu gabe lortzen dituzten ondare gehikuntzak kargatzen dituena, foru arau honetan ezarritako eran.

2.– Ulertzen da ondare gehikuntza bat gertatzen dela eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari lotuta dagoela, pertsona fisiko baten ondareari ondasunak eta eskubideak gehitzen zaizkionean, foru arau honen arabera zerga betebeharraren sorrarazle diren zerga egitateetako bat gauzatzeagatik.

3.– Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak ezingo dute inoiz ere batera kargatu ondare gehikuntza bera.

2. artikulua.– Aplikazio eremua eta zergaren ordainarazpena.

1.– Foru arau honetan xedatutakoa betebehar pertsonalarengatik aplikatuko da, zergadunak Espainian duenean ohiko bizilekua, honako kasuotan:

a) «Mortis causa» eskurapenetan, sortzapenaren egunean kausatzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

b) Bizitza aseguruen onuradunek aseguratuaren heriotzagatik kopuruak jasotzen dituztenean, sortzapenaren egunean aseguratuaren ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

c) Ondasun higiezinen eta haien gaineko eskubideen dohaintzetan, ondasun horiek Gipuzkoan daudenean. Ondasun higiezinak atzerrian egonez gero, sortzapenaren egunean dohaintza-hartzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

Ondorio horietarako, Balore Merkatuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 314. aipatzen dituen baloreen doako eskualdaketak hartuko dira ondasun higiezinen dohaintzatzat.

d) Gainerako ondasun eta eskubideen dohaintzetan, sortzapenaren egunean dohaintza-hartzailearen ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

Aurreko a) eta b) letretan aurreikusitako kasuetan, kausatzailearen bizilekua atzerrian badago, foru arau honetan xedatutakoa aplikatuko da zergadunaren bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

Aurreko a), b) eta d) letretan ezarritakoa gorabehera, kausatzaileak, aseguratuak edo dohaintza-hartzaileak aurreko 5 urteetan, zergaren sortzapen egunetik kontatuta, egun gehiago eman baditu lurralde erkidean, aplikagarriak izango dira oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari buruz lurralde erkidean indarrean dauden arauak. Arau hori ez zaie aplikatuko Euskadiko Autonomia Estatutuaren 7.2 artikuluaren arabera euskal herritartasunaren izaera politikoari eutsi diotenei.

2.– Foru arau honetan xedatutakoa betebehar errealarengatik aplikatuko da, zergadunak atzerrian duenean bizilekua, honako kasuotan:

a) Espainiako lurraldean kokatuta dauden mota guztietako ondasun eta eskubideen eskurapenetan, baldin eta, Euskadin kokatutako ondasun eta eskubideen balioa lurralde erkidean kokatutakoena baino handiagoa izanik, Gipuzkoan kokatutakoen balioa beste bi lurralde historikoetako edozeinetan kokatutakoena baino handiagoa bada.

Ondorio horietarako, ondasunak eta eskubideak lurralde jakin batean daudela joko da, lurralde horretan kokatuta daudenean, bertan baliatu daitezkeenean edo han gauzatu behar direnean.

b) Bizitza aseguruen kontratuetatik datozen kopuruak jasotzen diren kasuan, kontratua Gipuzkoan egoiliartutako aseguru-etxeekin egin denean edo Gipuzkoan izenpetu denean bertan jarduten duten atzerriko entitateekin.

3.– Aurreko apartatuetan aurreikusitako kasuetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainaraziko du zerga.

4.– Dokumentu batean dohaintza-emaile batek dohaintza-hartzaile bati ondasunak edo eskubideak dohaintzan ematen badizkio eta, aurreko apartatuetan ezarritakoa aplikatuta, etekina Gipuzkoako Lurralde Historikoan eta beste edozein zerga Administraziorenean sortutakoa dela jo behar bada, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion kuota hauxe izango da: eskualdatutako ondasun eta eskubide guztien balioari foru arau honen arabera legokiokeen batez besteko tasa dohaintzan emandakoen balioari aplikatuta ateratzen dena.

5.– Dohaintzak metatu behar diren kasuetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoari zein kuota dagokion jakiteko, dohaintzan emandako ondasun eta eskubideen balioari aplikatu behar zaio metatutako ondasun eta eskubide guztien balioari foru arau honen arabera legokiokeen batez besteko tasa.

Ondorio horietarako, aurreko dohaintzetatik datozenak eta oraingoan eskualdatutakoak hartuko dira ondasun eta eskubide metatutzat.

6.– Artikulu honetan xedatutakoak ez du eragotziko aplikatzea Espainiako Estatuak nazioartean sinatu eta berretsitako itun eta hitzarmenetan edo atxiki ditzakeen bestelakoetan ezarritakoa.

7.– Euskal Administrazio Publikoaren eta Espainiako Estatuko gainerako erakundeen atzerriko ordezkari eta funtzionarioak betebehar pertsonalagatik egongo dira zerga honi lotuta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudian zergadun horientzat ezarritako baldintza eta egoera berdinetan.

3. artikulua.– Ohiko bizilekua.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, pertsona fisikoek ohiko bizilekua Gipuzkoan dutela joko da honako erregelok elkarren segidan aplikatu ahal badira:

1) Zergaren sortzapen egunaren bezperan amaitzen den urtean Euskadin egun gehiago emanik, datatik datara zenbatuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egun gehiago igaro dituenean beste bi lurralde historikoetako bakoitzean baino.

Gipuzkoan emandako denbora zenbatekoa izan den zehazteko, aldi baterako absentziak konputatuko dira.

Kontrako frogarik ez dagoen artean, pertsona fisiko bat Gipuzkoako lurraldean dagoela pentsatuko da ohiko etxebizitza bertan duenean.

2) Interesen gune nagusia Gipuzkoan duenean. Pertsona fisiko batek zirkunstantzia hori betetzen duela pentsatuko da baldin eta, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga oinarriaren zatirik handiena Euskadin lortuta, Gipuzkoan lortutako zerga oinarria beste bi lurralde historikoetan lortutakoa baino handiagoa denean. Bi ondorio horietarako, kanpoan geratzen dira kapital higigarritik eratorritako errentak eta ondare irabaziak, eta egotzitako zerga oinarriak.

3) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako aitortutako azken bizilekua Gipuzkoan dagoenean.

Bigarren erregela aplikatuko da lehenengoarekin ezin denean zehaztu zein lurraldetan dagoen ohiko bizilekua –erkidean edo foralean–. Lehen eta bigarren erregeletan xedatutakoa aplikatu ondoren zirkunstantzia bera gertatzen bada, orduan hirugarren erregela aplikatuko da.

2.– Lurralde espainiarrean egoiliar diren pertsona fisikoek ez badute bertan ematen 183 egun baino gehiago urte naturalean zehar, Euskadiko egoiliarrak direla ulertuko da baldin eta beren enpresa edo lanbide jardueren edo beren interes ekonomikoen gune nagusia edo basea Euskadin badago.

Pertsona fisikoek, aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskadin dutenean bizilekua, Gipuzkoan bizi direla joko da baldin eta beren enpresa edo lanbide jardueren edo beren interes ekonomikoen gune nagusia edo basea Gipuzkoan badago.

3.– Presuntzio egiten bada pertsona fisiko bat lurralde espainiarreko egoiliarra dela legez banandu gabeko ezkontideak eta haren mende dauden adingabeko seme-alabek ohiko bizilekua Gipuzkoan izateagatik, pertsona fisiko horren ohiko bizilekua Gipuzkoan dagoela joko da. Presuntzio horren aurka kontrako froga aurkez daiteke.

4.– Helbide aldaketek ez dute ondoriorik izango haien helburu nagusia zerga gutxiago ordaintzea bada.

5.– Zerga hau betebehar errealagatik ordaindu behar duten zergadunek, hau da, foru arau honen 2. artikuluko 2. apartatuan aipatutakoek, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoiliartutako pertsona bat izendatu beharko dute Zerga Administrazioaren aurrean haien ordezkari jardun dezan zerga honekiko betebeharretan.

Izendapena Zerga Administrazioari komunikatzean, ordezkariaren berariazko onarpena erantsiko zaio.

II. TITULUA
ZERGA EGITATEA

4. artikulua.– Zerga egitatea.

Honako hau da zerga egitatea:

a) Ondasun eta eskubideak jarauntsi, legatu edo beste edozein oinordetza-titulu bidez eskuratzea. Eskurapen horiek «mortis causa» eskurapenak izango dira foru arau honen ondorioetarako.

b) Ondasun eta eskubideak dohaintzaz edo «inter vivos» moduko doako beste edozein negozio juridikoren bidez eskuratzea.

c) Bizitza aseguruen kontratuen onuradunek kopuruak jasotzea, kontratua egin duena onuraduna ez denean, salbu eta urtarrilaren 17ko Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, 18.a) artikuluan berariaz araututako kasuetan.

Istripu aseguru baten onuradunak kopuruak jasotzea letra honetan definititutako zerga egitatean sartuko da, kopuruok jasotzearen arrazoia pertsona aseguratuaren heriotza denean.

5. artikulua.– Oinordetza tituluak.

1.– Jarauntsi eta legatuaz gain, besteak beste, honako hauek dira, zerga honen ondorioetarako, oinordetza tituluak:

a) «Mortis causa» dohaintza.

b) Oinordetza kontratu edo itunak, eragina noiznahi dutela ere.

Ondorio horietarako, eraginkortasuna unean bertan duen oinordetza itun batek ondasun singular baten titulartasuna esleitzea dakarrenean, kasu batean bakarrik hartuko da oinordetza titulutzat: esleipen hori xedapen zabalago baten parte denean eta xedapen horretan badagoenean, gutxienez, beste elementu bat jaraunsleen izendapenari lotuta tresna itundu batean, beste ondare elementu batzuei dagokienez. Beste edozein kasutan, oinordetza itun hori «inter vivos» egindako doako negozio juridikotzat hartuko da.

Dena den, titulartasuna esleitzen zaion ondasun singularra izendatzailearen ondareko elementu bakarra bada, aurreko paragrafoan aipatu den eduki osagarria ez da exijituko eraginkortasuna unean bertan duen oinordetza itun bat oinordetza titulutzat hartu dadin.

c) Uko egiteko oinordetza itunak, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 100. artikuluko 2. apartatuko lehen tartekian arautuak.

Hala ere, uko egileak oinordetza-eskubideen zati bati uko egiteko itun baten ondorioz eskuratzen baditu ondasun eta eskubideak, eskurapena kasu batean bakarrik hartuko da oinordetza titulutzat: ondasun eta eskubideen esleipen hori xedapen zabalago baten parte denean eta xedapen horretan, gutxienez, badagoenean beste elementu bat jaraunsleen izendapenari lotuta tresna itundu batean, beste ondare elementu batzuei dagokienez. Beste edozein kasutan, oinordetza itun hori «inter vivos» egindako doako negozio juridikotzat hartuko da.

Oinordetza-eskubide guztiei uko egiteko oinordetza itunetan, uko egileak ondasun eta eskubidek eskuratzen baditu are izendatzailea hil ondoren ere, eskurapen hori «inter vivos» egindako doako negozio juridikotzat hartuko da hurrengo artikuluan ezarritakoarekin bat, oinordekoei legokiekeen tributazioa ezertan eragotzi gabe.

d) Komisarioak testamentu-ahalordea erabiltzetik datozen egintzak, hartzen duten forma zeinahi dela ere.

e) Ezkontza-itunetan oinordekoa izendatzea.

f) Hildako kide edo enplegatuen senideei enpresek eta entitateek orokorrean emandako kopuruak jasotzeko eskubidea dakartenak, haien modalitatea edo izena edozein dela ere, baldin eta berariaz ezarrita ez badago kopuru horiek zergapetu behar direla 4. artikuluko c) letran edo urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa, xedatutakoaren arabera.

g) Euren lana egiteagatik testamentugileek albazeei esleitutako diru kopuruak jasotzeko eskubidea ematen dutenak, kopuru horiek jarauntsiko ondasunen balio egiaztatuaren 100eko 10 gainditzen dutenean.

2.– Jarauntsi, legatu edo beste edozein oinordetza tituluren bidez egiten diren ondasun eta eskubideen eskurapenak kausatzailearen heriotza-egunean egindakotzat joko dira, eta, beraz, zerga exijitzeko aski izango da eskualdaketa eragin duen egitatea frogatuta egotea, nahiz eta agiriak, inbentarioak edo banaketak formalizatu edo likidatu gabe egon.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko jarauntsi bidezko eskurapenak eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen ondorio direnean, komisarioak testamendu-ahalordea erabiliz egiten direnean edo haien arrazoia ahalorde hori azkentzea denean, azken horiek hartzen duten forma edozein dela ere.

6. artikulua.– «Inter vivos» moduko doako negozio juridikoak.

Dohaintzaz gainera, besteak beste honako hauek hartzen dira, zerga honen ondorioetarako, «inter vivos» moduko doako negozio juridikotzat:

a) Zorra eskuzabaltasunez barkatzea, osorik zein zati batean.

b) Eskubideei uko egitea, pertsona jakin baten alde.

c) Beste baten zorra kontraprestaziorik gabe bereganatzea zorduna libratzeko, 36. artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

d) Epaiketa edo arbitraje batean bestearen alde atzera egin edo amore ematea, eskuzabaltasunez, eta, orobat, transakzio bat egitea, horren ondorioa asmo berberaz egindako uko egite bat, atzera egite bat edo amore emate bat denean.

e) Bizitza aseguru kontratua, aseguratuak bizirik iraunez gero, eta banakako aseguru kontratua, kontratugilea ez den aseguratua hilez gero, kasu batean eta bestean baldin eta onuraduna eta kontratugilea pertsona bera ez badira.

f) Uko egileak ondasun eta eskubideak eskuratzea hirugarren baten jarauntsiko oinordetza eskubideak xedatzearen ondorioz, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 100. artikuluko 2. apartatuko bigarren tartekian ezarritakoarekin bat.

7. artikulua.– Aldizkako prestazioak.

1.– 4. artikuluko c) letran, 5.1 artikuluko f) eta g) letretan, eta 6. artikuluko e) letran aipatzen diren kopuruak jasotzea zergari lotuta egongo da, bai batera jasotzen direnean, eta bai aldizkako, biziarteko edo aldi baterako prestazio moduan jasotzen direnean.

2.– Aldizkako, biziarteko edo aldi baterako prestazioak jasotzea 49. artikuluak zergaren sortzapenari buruz xedatutakoaren arabera arautuko da.

Zerga oinarria zehazteko, Administrazioak zilegi izango du pentsioaren uneko balioaren kalkulu aktuarialera jotzea, perituen irizpenaz baliatuta.

8. artikulua.– Zergari lotu gabeko kasuak.

Ez daude zerga honi lotuta:

a) Foru komunikazioa desegitean, eta komunikatutako ondasunen ordainean, alargundutako ezkontidearen alde edo izatezko bikotekidearen alde egiten diren adjudikazioak.

b) Hartzekodun batek, lehenagoko zor bat ordainduko dela bermatzeko sinatu den bizitza aseguru baten onuradun izanik, jasotzen dituen kopuruak, baldin eta zirkunstantzia horiek behar bezala frogatuta badaude.

9. artikulua.– Kalifikazio printzipioa.

Eskurapenaren arrazoi den kontratuaren edo egintzaren benetako izaera juridikoaren arabera ordainaraziko da zerga, alderdiek kontratu edo egintza horretarako aukeratutako era edo hari emandako izena edozein dela ere. Bazterrean utziko dira kontratu edo egintzaren baliozkotasunari eta eraginkortasunari eragin diezaioketen akatsak, formazkoak izan zein intrintsekoak izan, itzulketarako eskubidea, halakorik bada, eragotzi gabe.

10. artikulua.– Baldintzak betetzea.

Baldin eta zergari lotutako ondare gehikuntza ekarri duen egintza edo kontratuari baldintza bat bete beharra ezarri bazaio, baldintza hori legeria zibilean ezarritako preskripzioei jarraituz kalifikatuko da.

Etengarri bezala kalifikatuz gero, zerga ez da ordainduko baldintza bete arte, eta ondasunak erregistro publikoetan inskribatu ahal izango dira baldin eta egindako idazpenaren orri-bazterrean jasota uzten bada likidazioa geroratu dela.

Suntsiarazle bezala kalifikatzen bada, zerga exijituko da, baldintza betez gero bidezkoa izan litekeen itzulketaren kalterik gabe.

11. artikulua.– Eskualdatutako ondasunak zerga ordaindu beharrari lotzea.

1.– Eskualdatzen diren ondasun eta eskubideak, nor ere den haien jabea, eskurapena kargatzen duen zerga ordaintzeko erantzukizunari lotuta geratuko dira, zerga hori likidatuta egon edo ez, salbu eta jabea erregistroko fede publikoak babestutako hirugarren bat denean edo, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan, ondasunen eskurapena jendaurreko establezimenduetan onustez eta titulu zuzenarekin eskuratu direla justifikatzen denean.

2.– Onura fiskal baten behin betiko eraginkortasunak ezinbesteko baldintza badu zergadunak edozein beharkizun gerora betetzea, eta jabaria zatituta egonik haren kontsolidazioak autolikidazio bat egin beharra ekartzen duen kasuetan, Zerga Administrazioak zirkunstantzia hori jaso beharko du dokumentuan, aurkezleari itzuli baino lehen, eta Jabetzako eta Merkataritzako erregistratzaileek, albo-oharraren bidez, jasota utzi beharko dute eskualdatutako ondasunak bidezko likidazioak ordaintzeko obligazioari lotuta geratzen direla onura fiskala izateko baldintza betetzen ez den kasurako, edo jabaria foru arau honetan xedatutakoaren arabera kontsolidatzen den kasurako.

12. artikulua.– Presuntzioak.

1.– Kostu gabeko eskualdaketa bat egin dela pentsatuko da, zerga erregistroetatik edo Administrazioaren esku dauden datuetatik ondorioztatzen denean pertsona baten ondarea murriztu dela eta, aldi berean edo geroago, baina betiere foru arau honen 50. artikuluan jasotako preskripzio epearen barruan, horren pareko ondare gehikuntza izan duela ezkontideak edo izatezko bikotekideak, aurreko edo ondorengo ahaideek, jaraunsleek edo legatu-hartzaileek.

2.– Aurreko ahaideek ondorengo ahaide adingabeen ordezkari moduan egiten dituzten kostu bidezko eskurapenetan, pentsatuko da ondorengo horiei kostu gabeko eskualdaketa bat egin zaiela eskualdatutako ondasun edo eskubideen balioagatik, non eta ez den frogatzen adingabearen ondarean bazeudela eskurapen hori egiteko behar besteko ondasun edo eskubideak, eta xede horretarako erabili direla.

3.– Kasuan kasuko likidazioak bidali aurretik, aurreko apartatuetan aipatutako presuntzioak interesdunei jakinaraziko zaizkie, egoki irizten dituzten alegazioak eta frogak aurkez ditzaten.

4.– Ondasunak eta eskubideak dohaintza bidez edo doako beste edozein negozio juridiko dela bide «inter vivos» eskuratzen badira ondorengo ahaideen edo adoptatuen alde, eta eskurapen hori egin aurreko lehen lau urteen barruan ondasun edo eskubide horiek beste ondorengo ahaide batek edo adoptatu batek lehenagotik eskuratu baditu aurreko ahaidearen edo adoptatzailearen alde, dela dohaintzaz dela «inter vivos» moduko doako negozio juridiko baten bidez, eskurapen horrek tributatuko du lehen dohaintza-emaileak azken dohaintza-hartzailearekin duen ahaidetasuna kontuan hartuta, eta, behar den kasuetan, lehenengo dohaintzagatik ordaindutako kuota deskontatuta.

13. artikulua.– Salbuespenak.

Honako hauek daude zerga honetan salbuetsita:

a) Baserriaren eta hari lotutako ondasunen kostu gabeko eskualdaketak, aurreko ahaideek beren ondorengoei egindakoak, betiere finka hori nekazaritza, basogintza edo abeltzaintzarako erabiltzen bada eta eskualdatzaileak berak ustiatzen badu.

Eskualdaketa salbuetsita egoteko, ezinbesteko baldintza izango da baserria eta hari lotutako ondasunak eskuratzaileak berak ustiatzea 5 urtez gutxienez.

b) Funtzionario aktibo eta pasiboek eta langileek beren heriotzaren ondoren sortuta eta jaso gabe uzten dituzten soldatak eta gainerako ordainsariak.

c) Terrorismo ekintzengatik edo nazioarteko bake misioetan edo misio humanitarioetan egindako zerbitzu publikoengatik, bizitza aseguruen onuradunek jasotzen dituzten kopuruak. Salbuespen hau onuradun izan daitezkeen guztiei aplikatuko zaie.

d) Kausatzaileak bere entitate enplegatzailetik jasotako akzio edo partaidetzen gaineko aukerak herentziaz edo beste edozein oinordetza tituluren bidez eskuratzea, baldin eta, haiek emateko unean, entitate hori sorrera berriko entitate berritzailea bada Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 89 ter artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, eta artikulu horren 4. apartatuan aipatzen diren betekizunak betetzen baditu.

III. TITULUA
ZERGADUNAK ETA ERANTZULEAK

14. artikulua.– Zergadunak.

1.– Honako hauek daude behartuta zerga ordaintzera, zergadun gisa:

a) «Mortis causa» eskurapenetan, kausadunak, eta aseguratuaren heriotza kasua estaltzen duen bizitza asegurua jasotzen den kasuetan, onuraduna.

b) Dohaintzetan eta «inter vivos» egiten diren kostu gabeko beste eskualdaketa parekagarrietan, dohaintza-hartzailea edo, bestela, haiengatik mesedetutakoa. Halakotzat hartuko da bizitza aseguruaren onuraduna, aseguratua bizirik dagoenean, edo banakako aseguruaren onuraduna, aseguratua hilda dagoenean eta kontratugilea ez denean.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da alderdiek ezarritako estipulazioak edo testamentugileak agindutako xedapenak zeinahi direla ere.

15. artikulua.– Egozpen araubidea.

Sozietate zibilek, jarauntsi jasogabeek, ondasun erkidegoek eta, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat eratzen duten gainerako entitateek kostu gabe eskuratutako ondasunak eta eskubideak zergapegarriak direnean, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren arau edo itunen arabera egotziko zaizkie, hurrenez hurren, bazkideei, jaraunsleei, erkideei eta partaideei.

Zerga Administrazioak ez badu jaso modu sinesgarrian arau edo itun horien berririk, zati berdinetan egotziko zaizkie.

16. artikulua.– Erantzuleak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) erantzukizun solidarioari buruz ezartzen dituen arauak aplikagarriak direnean salbu, honako hauek izango dira zerga ordainketaren erantzule subsidiarioak, emandako ondasunari dagokion kuotaren zatian:

a) Gordailuen, bermeen edo kontu korronteen «mortis causa» eskualdaketetan eskudirua edo balore gordailatuak entregatu dituzten edo eratutako bermeak itzuli dituzten finantza bitartekariak eta gainerako entitate, sozietate edo pertsonak.

Ondorio horietarako, helburu bakarra «mortis causa» eskualdaketa kargatzen duen oinordetza eta dohaintzen gaineko zerga ordaintzea denean, ez da ulertuko eskudirua edo balore gordailatuak entregatu direnik edo bermeak itzuli direnik.

b) Bizitza aseguruen polizetan hitzartutako kopuruak entregatzen dituzten aseguru etxeak.

Ondorio horietarako, diru kopuruak prestazioaren kontura ordaintzea ez da hartuko aseguru kontratuen kopuruen entregatzat, haren helburu bakarra jasotako prestazioa zergapetzen duen oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga ordaintzea bada.

c) Jarauntsiaren parte diren balore tituluak eskualdatzean bitartekari direnak.

Ondorio horietarako, bitartekariak ez dira izango zergaren erantzuleak baldin eta, jaraunsleen aginduz, behar diren baloreak saltzera mugatzen badira, eta horren helburu bakarra «mortis causa» eskualdaketa zergapetzen duen oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga ordaintzea bada.

17. artikulua.– Erantzukizun subsidiarioa mugatzea eta azkentzea.

1.– Aurreko artikuluan aipatu den erantzukizun subsidiarioa erantzukizun hori sorrarazten duten ondasunen eskurapenari zergan dagokion zatira mugatuko da, eta zati hori ondasunen balio egiaztatuari batez besteko karga tasa aplikatzearen emaitza izango da.

Ondorio horietarako, batez besteko karga tasa eragiketa honen emaitza izango da: zerga kuota zati oinarri likidagarria bider 100. Batez besteko karga tasa bi hamartarrekin adieraziko da.

2.– Autolikidazio partzialaren edo partzialen kasuan, ustezko erantzukizun subsidiarioaren muga haien zenbatekoa izango da, baldin eta aurreko apartatuan xedatutakotik ateratzen dena baino txikiagoa bada.

3.– Autolikidazio partzialaren zenbatekoa ordaintzen bada, azkenduta geratuko da autolikidazio horretan jasotako ondasunak jarauntsi bidez eskualdatzeak dakarren zerga zorra ez ordaintzeagatik aurreko artikuluan aipatu diren entitate eta pertsonek izan lezaketen erantzukizun subsidiarioa.

IV. TITULUA
ZERGA OINARRIA
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

18. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zerga honen zerga oinarri dira honako hauek:

a) «Mortis causa» eskualdaketetan, kausadun bakoitzak banaka eskuratutakoaren balio garbia, hau da, ondasun eta eskubideen balio errealari kengarriak diren kargak eta zorrak kenduta ateratzen dena.

b) Dohaintzetan eta «inter vivos» egiten diren kostu gabeko beste eskualdaketa parekagarrietan, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio garbia, hau da, ondasun eta eskubideen balio errealari kengarriak diren kargak eta zorrak kenduta ateratzen dena.

c) Bizitza aseguruetatik datozen zenbatekoen kasuan, onuradunak jasotzen dituen kopuruak.

2.– Oro har, zerga oinarria zuzeneko zenbatespenaren araubideari jarraituz zehaztuko da, eta salbuespen bakarrak foru arau honetan eta zerga oinarrien zeharkako zenbatespenaren arau erregulatzaileetan ezarritakoak izango dira.

19. artikulua.– Balorazio erregela bereziak.

1.– Eskualdatutako ondasun eta eskubideak beren balio errealagatik baloratuko dira oro har, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat. Hala ere, horrek ez du eragotziko artikulu honen hurrengo apartatuetan eta 20. artikuluan ezarritako arau bereziak aplikatzea.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa ezarrita ere, jarraian aipatzen diren ondasun eta eskubideak honela baloratu ahal izango dira:

a) Hiri izaerako ondasun higiezinen kasuan, aplikatuko dira urtarrilaren 26ko 6/1999 Foru Dekretuak, ondasun higiezin hiritarren balio katastrala eta balio egiaztatua zerga alorreko erregistro ofizialetan ageri diren balioak erreferentzia hartuta zehazteko prozedura onartzen duenak, ezartzen dituen arauak, eta, zehazki, II. tituluan jasotakoak.

b) Merkatuko batez besteko prezioa Zerga Administrazioak aldian-aldian argitaratutako taula ofizialen bidez zehaztua duten ondasunen kasuan, taula horiek aplikatuz.

c) Hipoteka, bahi eta antikresien kasuan, bermatutako kapitalaren edo obligazioaren zenbatekoagatik. Horren barruan sartuko dira interesengatik aseguratzen diren kopuruak (bost urtez gehienez), kalte-ordainak, ez-betetzeengatik ezartzen diren zehapenak eta antzeko kontzeptuak. Bermaturiko kopurua ez bada ageri berariaz adierazita, kapitala eta hiru urteko interesak hartuko dira oinarritzat.

d) Aurreko letran edo hurrengo artikuluan aipatzen ez diren gainerako eskubide errealen kasuan, horiek egotziko dira alderdiek haiek eratzean hitzartutako kapital, prezio edo balioagatik, baldin eta kopuru hori urteko errenta edo pentsioa diruaren legezko interesaren arabera kapitalizatuz ateratzen denaren berdina edo handiagoa bada; aldiz, kopuru hori txikiagoa bada, azken honen arabera egotziko dira.

e) Pentsioak diruaren legezko interesaren arabera kapitalizatuz baloratuko dira, ateratzen den kapitaletik honako hau hartuz: 21. artikuluan gozamenak baloratzeko ezartzen dituen erregelak aplikatuta, pentsiodunaren adinari dagokion zatia, pentsioa biziartekoa denean, edo, pentsioaren iraupenari dagokiona, pentsioa aldi baterakoa denean.

Pentsioaren zenbatekoa ez bada zenbatzen diru-unitatetan, lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa diruaren legezko interesaren arabera kapitalizatuz kalkulatuko da zerga oinarria.

Letra honetan ezarritakoaren ondorioetarako, urteko bati dagokion kopurua kapitalizatuko da.

f) Bigarren mailako merkatu ofizialetan negoziatzen diren baloreen eskualdaketetan, zerga oinarritzat hartu ahal izango da balore horiek eskuratzen diren eguneko kotizaziotik ateratzen den balio efektiboa, edo, bestela, baloreok aurreko hiruhilekoaren barruan negoziatu diren azken eguneko kotizazioaren arabera ateratzen dena.

g) Beren tituluak bigarren mailako merkatu ofizialetan negoziatzen ez dituzten entitateen kapital sozialeko partaidetzen eskualdaketetan, zerga oinarria eskualdatutako partaidetzei eskualdaketa egin aurretik itxitako azken ekitaldiko balantzean dagokien ondare garbiaren baliotik aterako da.

h) Beste edozein balore negoziagarriren eskualdaketetan, zerga oinarria balio nominala izango da.

i) Mailegu-hartzailearen berme pertsonala besterik ez duten maileguetan, fidantza bidez aseguratutakoetan, zorrak onartzeko kontratuetan eta ordaindutako gordailuen kontratuetan, zerga oinarria betebeharraren kapitala edo gordailatutako gauzaren balioa izango da.

Kreditu kontuetan, mailegu-hartzaileak benetan erabili duen kopurua izango da zerga oinarria.

Bahiz, hipotekaz edo antikresiz bermatutako maileguetan, apartatu honetako c) letran xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Aurreko apartatuan aipatu diren erregelak aplikatzeak b) letran jasotakoak alde batera utzita–, ez dio eragotziko Zerga Administrazioari beste balio erreal bat zehaztea 38. artikuluan balioak egiaztatzeko zerrendatzen diren bitartekoak erabilita, baldin eta irizten badu haien aplikaziotik ateratzen diren balioak ez datozela bat ondasun edo eskubide bakoitzaren balio errealarekin; hala gertatuz gero, zirkunstantzia hori frogatu beharko da.

Alabaina, zerga honen autolikidazioa egitean zergadunak zintzo errespetatu baditu aurreko 2. apartatuko erregelen aplikaziotik ateratzen diren balioak, zergadun horri ezin izango zaio zerga zehapenik jarri Zerga Administrazioak balio horiek egiaztatzearen ondorioz zerga kuotan ager daitekeen diferentziagatik.

20. artikulua.– Emakidak eta lege balorazioa duten beste ondasun batzuk baloratzea.

1.– Jabari edo titulartasun publikoko zerbitzu edo ondasunak ustiatzeko egiten diren emakida administratiboak, iraupena edozein dutela ere, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan jasotako irizpideen arabera baloratuko dira.

2.– Gehieneko besterentze balioa tasatua duten babes publikoko edo antzeko administrazio kategorietako etxebizitzak baloratzeko, zerga oinarriak ezingo du gainditu etxebizitza horiei babes publikoko edo antzeko administrazio kategorietako etxebizitzen legeria aplikatuta dagokien gehieneko prezioa.

3.– Konkurtsoko epailearen ebazpenetan ondasun eta eskubide eskualdatuetarako finkatutako balioa balio errealtzat hartuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango balio egiaztapenak egitea ondasun eta eskubideen eskualdaketetan.

21. artikulua.– Gozamena eta beste instituzio batzuk.

Gozamen eskubidearen eraketa zergapetzeko, hurrengo letretako arauak aplikatuko dira:

a) Aldi baterako gozamenaren balioa ondasunen balio osoarekiko proportzionala dela joko da, hots, 100eko 2a urtebeteko, 100eko 70a gainditu gabe. Urtea baino laburragoak diren denbora tarteak ez dira konputatuko, eta urtebetetik beherako gozamenen kasuan ondasunen balioaren 100eko 2a konputatuko da.

Biziarteko gozamenetan, haien balioa ondasunen balio osoaren 100eko 70 izango da gozamendunak hogei urte baino gutxiago dituenean. Alabaina, adina aurrera joan ahala, balioa 100eko 1eko proportzioan gutxituko da urte bakoitzeko, eta balio osoaren 100eko 10 izango da gutxieneko muga.

Jabetza soileko eskubidearen balioa gozamenaren balioaren eta ondasunen balio osoaren arteko diferentzia izango da.

Aldi baterakoak ere badiren biziarteko gozamenetan, berriz, jabetza soila baloratuko da aurreko erregeletatik baliorik txikiena esleitzen diona aplikatuta.

Gozamena pertsona juridiko baten alde eratu bada, pertsona fisiko bati egotzitako jabetza soilak zer balio duen zehazteko letra honetako erregelak aplikatuko dira, baina, gozamenerako, ezingo da inoiz konputatu ondasunei egotzitako balioaren 100eko 60 baino gehiago. Portzentaje hori bera hartuko da kontuan gozamenak iraupen mugagabea duenean.

b) Erabiltzeko eta biztantzeko eskubide errealen balioa kalkulatuko da eskubideok eratzen dituzten ondasunen balioaren 100eko 75ari aldi baterako edo biziarteko gozamenak (kasuan kasukoak) baloratzeko erregelak aplikatuta.

II. KAPITULUA
«MORTIS CAUSA» ESKURAPENETARAKO ARAU BEREZIAK

22. artikulua.– Jarauntsiko ondasunen zehaztapena.

1.– Kausadun bakoitzaren banakako partaidetza zehazteko, presuntzio egingo da kausatzailearen jarauntsiko ondasunen artean sartzen direla 23. artikuluan eta haren hurrengoetan ezarritako presuntzioen ondorioz gehitzen diren ondasunak, salbu eta presuntzio horien arabera ondasun horiek pertsona jakin batzuen zerga oinarriari egotzi behar zaizkionean.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa ez da aplikatuko kausadunen banakako partaidetza zehazteko, baldin eta testamentugileak ondasun jakin batzuk egotzi badizkie kausadun horiei, jarauntsiko ondasunetatik beste batzuk kanpoan utzita. Testamentugileak ondasun jakin batzuk eta gainerako jarauntsi masaren partaidetza bat egotzi badizkie, gehitutako ondasunetan proportzionalki dagokien zatia konputatuko zaie, gainerako jarauntsi masan duten partaidetzaren arabera.

3.– Legatuen kasuan, testamentuko xedapenak agintzen badu entregak zergarik gabea izan behar duela edo haien ordainketa jarauntsiaren kontura joango dela, zergaren zenbatekoak ez du handituko legatudunaren kargura egingo den autolikidazioaren zerga oinarria; hala ere, zenbateko hori ez da inoiz ere kengarria izango beste kausadunen zerga oinarria zehazteko.

4.– Interesdunek errefusatzen badute jarauntsiko ondasun multzoari ondasun eta eskubideak gehitzea artikulu honetan ezarritako presuntzioen indarrez, haien balioa zerga oinarritik kanpo utziko da, sortutako auzia bide ekonomiko-administratiboan behin betiko ebatzi arte.

Orobat, behar den kasuetan, aplikagarriak izango dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta Ondarearen gaineko Zergaren Foru Arauak (ekainaren 11ko 2/2018 Foru Araua) titulartasunari edo kotitulartasunari buruz ezarritako presuntzioak.

23. artikulua.– Hil aurreko urtean kausatzailearenak izateagatik gehitu daitezkeen ondasunak.

1.– «Mortis causa» eskurapenetan, presuntzio egingo da jarauntsiko ondasunen artean sartzen direla kausatzailea hil aurreko urtera arte harenak izan diren mota guztietako ondasunak, salbu eta modu sinesgarrian frogatzen bada kausatzaileak eskualdatu dituela eta jaraunslea, legatuduna, hirugarren mailara arteko ahaidea edo haietako edozeinen edo kausatzailearen ezkontidea edo izatezko bikotekidea ez den beste pertsona baten eskuetan daudela.

Presuntzio hori hutsalduta geratuko da zirkunstantzia hauetakoren bat behar den bezala frogatuz gero:

a) Jarauntsiko ondasunen barruan balio baliokidearekin sartuta daudela eskudirua eta desagertuen lekuan subrogatutako beste ondasun batzuk.

b) Ondasunak bere eskuan dituenak kostu gabe eskuratu zituela, eta 13. artikuluan ezarrita dauden zerga salbuespenen bat lortu zuela.

Aurreko a) letran xedatutakoaren ondorioetarako, presuntzio egingo da ondasunak kausatzailearenak izan zirela baldin eta aurretik haren izenean inskribatuta ageri baziren gordailuetan, kontu korronte edo aurrezki-kontuetan, bermedun maileguetan edo antzeko kontratuetan, edo, bestela, katastroetan edo erregistro publikoetan. Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez du galaraziko interesdunen eskubidea eskualdaketa egin dela frogatzeko.

2.– Presuntzio honen babesean egindako ondasun gehikuntzak kausadun guztiei eragingo die jaraunsle diren proportzio berean, salbu eta sinesgarriro frogatzen bada eskualdaketa artikulu honen 1. apartatuan adierazitako pertsonetako bati egin zaiola; izan ere, kasu horretan, ondasun gehikuntzak pertsona horri bakarrik eragingo dio, zeina jaraunsle edo legatudun bihurtuko baita zerga ondorioetarako, ordurako izaera hori ez badu.

24. artikulua.– Hil aurreko hiru urteetan kausatzaileak gozamenean eskuratzeagatik gehitu daitezkeen ondasunak.

1.– «Mortis causa» eskurapenetan, presuntzio egingo da jarauntsiko ondasunen parte direla kausatzailea hil aurreko 3 urteetan kausatzaileak berak kostu bidez eta gozamenean eskuratutako ondasunak eta eskubideak, eta epe berean ere, jaraunsle, legatu-hartzaile, hirugarren mailara arteko ahaide batek edo haietako baten edo kausatzailearen ezkontideak edo izatezko bikotekideak jabetza soilean eskuratutakoak.

Presuntzio hau hutsalduta geratuko da baldin eta behar bezala frogatzen bada jabetza soilaren eskuratzaileak eskualdatzaileari behar besteko dirua ordaindu ziola edo balio bereko ondasun edo eskubideak eman zizkiola eskurapena egiteko.

Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez du galaraziko interesdunen eskubidea kostu bidezko eskualdaketa egin dela frogatzeko.

2.– Presuntzio horren babesean egindako ondasun gehikuntzak jabetza soila eskuratzen duenari bakarrik eragingo dio, eta eskuratzaile horri ondasun edo eskubidearen jabari osoa «mortis causa» eskuratzeagatik likidatuko zaio zerga. Likidazio hori egiteak berekin ekarriko du jabari osoaren kontsolidazioagatik legokiokeena ez egitea.

25. artikulua.– Hil aurreko lau urteetan kausatzaileak jabetza soila eskualdatzeagatik gehitu daitezkeen ondasunak.

1.– «Mortis causa» eskurapenetan, presuntzio egingo da jarauntsiko ondasunen parte direla hil aurreko 4 urteetan kausatzaileak eskualdatu dituen ondasun eta eskubideak, baldin eta horien gaineko gozamena, eskuratzailearen beste batzuen gainean egon daitekeena, edo biziarteko beste edozein eskubide beretzat gorde badu. Kanpoan geratzen dira horrelako eragiketetan legez diharduten entitateekin kontratatzen diren biziarteko errenta aseguruak.

Presuntzio hau hutsalduta geratuko da behar bezala frogatzen bada jarauntsiko ondasunen artean badagoela jabetza soila eskualdatzeagatik kontraprestazio gisa jasotako dirurik edo balio bereko ondasunik.

Dirua edo ondasun subrogatuak daudela ez justifikatzeak ez du galaraziko interesdunen eskubidea eskualdaketa egin dela frogatzeko.

2.– Presuntzio honen babesean egindako ondasun gehikuntzak jabetza soila eskuratzen duenari bakarrik eragingo dio. Eskuratzaile hori ez bada jaraunsle bat, legatu-hartzailetzat hartuko da, eta dena delako ondasun edo eskubidearen jabari osoa «mortis causa» eskuratzeagatik likidatuko zaio zerga. Likidazio hori egiteak berekin ekarriko du jabari osoaren kontsolidazioagatik legokiokeena ez egitea.

26. artikulua.– Baloreak edo efektuak endosatzeagatik gehitu daitezkeen ondasunak.

1.– «Mortis causa» eskurapenetan, presuntzio egingo da frogagiriak endosatuak dituzten balore eta efektu gordailatuak jarauntsiko ondasunen parte direla, baldin eta, endosatzailea hil baino lehen, frogagiri horiek ez badira erretiratu edo gordailuzainaren liburuetan haien endosua jasota ageri ez bada. Orobat, jarauntsiko ondasunen parte izango dira endosatutako balore izendunak ere, baldin eta, kausatzailea hil aurretik, haien transferentzia entitate jaulkitzailearen liburuetan jaso ez bada.

Presuntzio hori ez da egingo behar den eran jasota badago eskualdatutako ondasun eta efektuen prezioa edo balio baliokidea saltzailearen edo lagatzailearen ondarean sartu dela eta zergaren autolikidaziorako aintzat hartu behar den jarauntsiaren inbentarioan ageri dela. Orobat, presuntzio hori ez da egingo behar bezala justifikatzen bada balore edo efektuen erretiratzea edo endosua liburuetan jasotzea ezin dela egiaztatu kausatzailea hil aurretik, haren eta endosu-hartzailearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Paragrafo honetan xedatutakoa ulertuko da 23. artikulutik 25.era bitartean ezarritakoaren babesean egin litekeen ondasun gehikuntza eragotzi gabe.

2.– Artikulu honen babesean egindako ondasun gehikuntzak baloreen endosu-hartzaileari bakarrik eragingo dio, zeina legatu-hartzailetzat hartuko baita jaraunsle ez bada.

27. artikulua.– Eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen kasuan gehitu daitezkeen ondasunak.

Eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen kasuan, 23tik 26ra bitarteko artikuluetan ezarritako presuntzioak aplikatzeko garaian, artikulu horietan jasotako epeak zenbatuko dira eskualdaketa egiten den unea erreferentzia hartuta.

28. artikulua.– Ondasunak ezin gehitzea eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga kendu ahal izatea.

23tik 27ra bitarteko artikuluetan aipatutako ondasun gehikuntzak ezingo dira egin, baldin eta ondasunen kostu bidezko eskualdaketagatik ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan ordaindu den zenbatekoa handiagoa bada eskurapenaren unean egiaztatutako balioari presuntzioak ukitutako jaraunsle edo legatudunari oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan legokiokeen batez besteko karga tasa aplikatuta ateratzen dena baino, betiere balio hori autolikidazioan sartu bada.

Batez besteko karga tasa 17. artikuluan ezarritako eran kalkulatuko da.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarengatik ordaindutako zenbatekoa txikiagoa bada, zilegi izango da ondasunak gehitzea, baina, horrelakoetan, zergadunak beti izango du eskubidea zerga horregatik ordaindutakoa oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren autolikidaziotik kentzeko.

29. artikulua.– Indibiso egoeran dauden ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen proportzioaren presuntzioa.

Jarauntsi jasogabeen, ondasun erkidegoen eta, nortasun juridikorik izan gabe, unitate ekonomiko bat edo ondare bereizi bat eratzen duten gainerako entitateen ondasunetan kausatzaileari egotz dakiokeen partaidetza jarauntsiko ondasunei gehituko zaie aplikatzekoak diren arauetatik edo interesdunen arteko itunetatik ateratzen den proportzioan; Administrazioak haien berri sinesgarririk ez badu, interesdun kopuruaren arabera gehituko zaie partaidetza jarauntsiko ondasunei.

30. artikulua.– Banakako partaidetzaren balio garbia zehaztea.

1.– Kausadun bakoitzaren banakako partaidetzaren balio garbia zehazteko garaian, ondasun edo eskubideen baliotik honako hauek kenduko dira:

a) Haien gaineko zama edo kargen balioa, zama edo karga kengarriak badira.

b) Kengarriak izateko baldintzak betetzen dituzten zorren balioa.

c) Eskuratzean zerga onuraren bat duten ondasun edo eskubideena, onuradunarentzat ezartzen den proportzioan.

d) Gastu kengarrien zenbatekoa.

2.– Kargak ukitutako ondasunak edo onura fiskalaz eskuratutakoak pertsona jakin bati egotzi badizkio testamentugileak, edo, haren erabakiz zorra ordaintzeko betebeharra kausadunetako bati badagokio, kenkaria pertsona edo kausadun horrentzat bakarrik izango da.

31. artikulua.– Zama kengarriak.

1.– Ondasunen balio errealetik bakar-bakarrik kendu ahal izango dira betirakoak, aldi baterakoak edo ludigarriak diren zamak eta kargak, ondasunen gainean zuzenean ezarrita badaude eta haien kapitala edo balioa benetan murrizten badute, esate baterako, zentsuak eta pentsioak. Ez dira horrelakotzat hartuko, ordea, eskuratzailearen betebehar pertsonala dakarten zamak eta kargak, ez eta eskualdatutakoaren balioa gutxitzen ez dutenak ere, hala nola hipotekak eta bahiak; hala ere, horien bidez bermatzen diren zorrak kengarriak izango dira, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Aurkeztutako agirietan ez bada berariaz adierazten zer iraupen duen pentsio, zama edo karga kengarriak, mugagabetzat joko da.

2.– Kenkaria aplikatzeari begira, zentsuaren baliotzat hartuko da Kode Zibileko arauen arabera hura luditzeko eman behar den kapitalarena.

3.– Pentsioen balioa zehazteko, pentsioak diruaren legezko interesaren arabera kapitalizatuko dira, eta ateratzen den kapitaletik hartuko da gozamenak baloratzeko erregelak aplikatuta pentsiodunaren adinari dagokion zatia, pentsioa biziartekoa bada, edo pentsioaren iraupenari dagokiona, pentsioa aldi baterakoa bada. Pentsioduna hiltzean iraungitzen ez diren aldi baterako pentsioen balorazioan ez da aintzat hartuko gozamenak baloratzeko finkatutako muga. Horrela lortutako balioa zuzentzeko, interesdunak zilegi du perituen tasazio kontrajarria eskatzea.

Pentsioa iraungitzen denean, ondasunaren eskuratzailea behartuta geratuko da zerga ordaintzera pentsioa eratzeko garaian indarrean zegoen tarifaren arabera kendutako kapitalagatik.

32. artikulua.– Zor kengarriak.

1.– «Mortis causa» eskualdaketetan, ondare balio garbia zehazteko, epai irmo bidez aitortuta dauden kausatzailearen zorrak ez ezik, oinordetzaren kausatzaileak uzten dituen gainerako zorrak ere izango dira kengarriak, betiere baldin eta agiri publiko batek, Kode Zibilaren 1227. artikuluko beharkizunak betetzen dituen agiri pribatu batek edo beste edozein bitartekok argi frogatzen badu zor horiek existitzen direla. Aldiz, zati alikuotaren jaraunsle edo legatudunen aldeko zorrak, eta ezkontideen, izatezko bikotekideen, aurreko eta ondorengo ahaideen edo anai-arreben alde aitortutakoak ez dira kengarriak izango, jarauntsiari uko egin arren. Administrazioak jaraunsleei eskatu diezaieke zorra agiri publikoan berresteko, hartzekoduna aurrean dela.

2.– Bereziki, kengarriak izango dira kausatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, beste Foru Aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoaren, beste Autonomia Erkidegoen, Estatuaren edo Toki Korporazioen tributuengatik edo Gizarte Segurantzarekiko zorrengatik zor dituen kopuruak, baldin eta jarauntsiko ondasunen jaraunsleek, albazeek edo administratzaileek ordaintzen badituzte, nahiz eta tributu edo zor horiek heriotza gertatu ondoren egindako likidazioetakoak izan.

3.– Kausatzailearen zorrak agerian jartzen badira oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga behin ordainduta, erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio horiek kentzeko.

33. artikulua.– Gastu kengarriak.

1.– «Mortis causa» eskurapenetan, gastu hauek izango dira kengarriak zerga oinarria zehazteko:

a) Testamentuko ondasunengatik edo testamenturik utzi gabe daudenengatik gatazka dagoenean, haien ordezkaritza legitimoak jaraunsle guztien interes komunean sortzen dituen gastuak, jarauntsiko ondasunen administrazioari dagozkionak izan ezik, betiere baldin eta behar bezala frogatzen badira autoen testigantza bidez; arbitraje gastuak ere kengarriak izango dira, baldintza berdinetan, jarduketen testigantzaz egiaztatzen badira.

b) Azken gaixoaldiko gastuak, haiek frogatzen direnean.

c) Lurra ematekoak eta hiletakoak, haiek frogatzen direnean, jarauntsiko ondasunekiko gorde behar duten proportzioraino, tokian tokiko usadio eta ohituren arabera.

2.– Kausatzaileak utzitako ondasunen administrazio gastuak ez dira kengarriak izango.

III. KAPITULUA
«INTER VIVOS» MODUKO DOAKO ESKUALDAKETETETAN APLIKATZEKO ARAU BEREZIAK

34. artikulua.– Ezkontza-sozietatearen edo izatezko bikotearen ondasun erkideak dohaintzan ematea.

1.– Irabazpidezko ondasunen kostu gabeko eta «inter vivos» eskualdaketetan, eskualdaketa horiek bi ezkontideek batera egiten dituztenean, eta horrelako ondasunen dohaintza bat egin izanaren presuntzioa egin daitekeenean, ulertuko da bi eskualdaketa diferente daudela, eta bakoitzaren zerga oinarria kalkulatuko da dohaintzan emandako ondasunen balio osoaren erdia aintzat hartuta.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa izatezko bikoteei ere aplikatuko zaie.

35. artikulua.– Zama kengarriak.

Dohaintzetan eta «inter vivos» eta kostu gabe egiten diren gainerako eskualdaketa parekagarrietan, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio errealetik 31. artikuluan beharkizunak betetzen dituzten zamak baino ez dira kengarriak izango.

36. artikulua.– Zor kengarriak.

Dohaintzan emandako edo «inter vivos» eta kostu gabeko beste edozein tituluren bidez eskuratutako ondasunen baliotik kengarriak izango dira, soil-soilik, eskualdatutako ondasunen gainean ezarritako eskubide errealekin bermatuta dauden zorrak, baldin eta eskuratzaileak modu fede-emailean hartu badu bere gain bermatutako zorra ordaintzeko betebeharra.

Eskuratzaileak ez badu bere gain hartzen, modu fede-emailean, betebehar hori, zorraren zenbatekoa ez da kengarria izango; nolanahi ere, eskuratzaileak eskubidea izango du zenbateko horri dagokion zerga kuotaren itzulketa jasotzeko, baldin eta modu fede-emailean frogatzen badu zorra bere kontura ordaindu duela zergaren preskripzio epea amaitu baino lehen. Itzulketa hori egiteko era erregelamenduz arautuko da.

IV. KAPITULUA
ASEGURU GAIETAN APLIKATZEKO ARAU BEREZIAK

37. artikulua.– Ezkontza-sozietatearen edo izatezko bikotearen ondasun erkideen kontura kontratatutako aseguruak.

1.– Asegurua ezkontideetako batek kontratatu badu irabazpidezko sozietatearen kontura, eta onuraduna bizirik dagoen ezkontidea edo aurreko zein ondorengo ahaideren bat bada -azken hori odolkidetasunekoa-, zerga oinarria jasotako kopuru osoa izango da.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa berdin aplikatuko zaie izatezko bikoteei ere, bikoteak aukeratu duen ondare araubide ekonomikoa irabazpidezkoa denean.

3.– Era berean, artikulu honetako aurreko bi apartatuetan ezarritakoa aplikatuko da baldin eta senar-emazteen edo izatezko bikotearen araubide ekonomikoa ondasunen foru komunikazioarena bada, hain zuzen ere Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean araututakoa, eta asegurua hildako ezkontideak edo izatezko bikotekideak irabazitako edo harengandik etorritako ondasunen kargura kontratatu bada, betiere, baldin eta, azken kasu horretan, ondasunen foru komunikazioa kontsolidatu bada, aipatutako legearen 132. artikuluan ezarritakoarekin bat.

V. KAPITULUA
BALIOEN EGIAZTAPENA

38. artikulua.– Arau orokorrak.

1.– Martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 56. artikuluan ezartzen dituen egiaztapen bideak erabiliz egiaztatu dezake Administrazioak eskualdatzen diren ondasun eta eskubideen balioa.

2.– 68. artikuluan arabera aurkeztu behar duten autolikidazioan, interesdunek adierazi behar dute zer balio erreal egozten dioten zergapetzen den ondare gehikuntzan sartutako ondasun eta eskubide bakoitzari.

Egiaztatutako balioak lehentasuna izango du interesdunek aitortutakoaren aldean, baita azken hori handiagoa denean ere.

39. artikulua.– Interesdunei jakinaraztea.

1.– Zerga Administrazioaren balio egiaztapenetik ateratzen den emaitza zerga honen zergadunei jakinaraziko zaie, oro har, behar bezala arrazoituko den administrazio egintza baten bitartez, eta egintza hori independentea izango da gerora egingo den likidazioaren administrazio egintzatik.

Administrazioak ez du likidaziorik egingo harik eta egindako balio egiaztapena irmoa izan arte, eta, bitarte horretan, bidezkoak diren berandutze interesak sortuko dira.

2.– Administrazioak egiaztatutako balioek zerga ondorioak izan baditzakete eskualdatzaileentzat, balioak egiaztatzeko egintza bereizita jakinaraziko zaie eskualdatzaileoi, haren aurka berraztertze errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu dezaten edo perituen tasazio kontrajarriaren bitartez zuzentzea eskatu dezaten.

Erreklamazioa edo zuzenketa osorik edo partez onesten bada, emandako ebazpenak zerga honen zergadunei dagokienez sortuko ditu beti ondorioak.

40. artikulua.– Likidazioarekin batera jakinaraztea.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Zerga Administrazioak interesdun guztiei batera eta administrazio egintza bakarrean jakinarazi diezazkieke bai egindako balio egiaztapena bai dagokion likidazioa.

2.– Egindako likidaziotik ondorioztatzen zerga zorraren ordainketa etenda geratuko da automatikoki eta bermerik aurkeztu beharrik gabe, emandako administrazio egintza interesdunek aurkaratzen dutenean, baldin eta egintza aurkaratzeko arrazoia Administrazioak egindako balio egiaztapena bada.

41. artikulua.– Balio egiaztapenaren aurka egitea.

Balioak egiaztatzeko prozeduratik ondorioztatzen diren administrazio egintzak, bereizita jakinarazi nahiz likidazioarekin batera jakinarazi, bide ekonomiko-administratiboan aurkaratu ahal izango dira, berraztertze errekurtsoa bideratu ondoren betiere, baldin eta aurka egitea zerga izaerako egitezko edo zuzenbideko arrazoietan oinarritzen bada.

Beste edozein kasutan, eskualdatutako ondasun eta eskubideen balio egiaztapenak sortzen dituen desadostasunak perituen tasazio kontrajarriaren bitartez soilik ebatziko dira.

42. artikulua.– Perituen tasazio kontrajarria.

1.– Interesdunek bi hauen aurka sustatu dezakete perituen tasazio kontrajarria: balioak egiaztatzeko egintzaren aurka, egintza hori behar bezala jakinarazi bada, edo, lehen errekurtsoaren edo lehen erreklamazioaren epearen barruan, Administrazioak egiaztatutako balioak oinarri hartuta egindako likidazioaren aurka.

2.– Interesdunak uste badu jakinarazpenean ez dela behar bezala adierazi zer datu eta zer arrazoi hartu diren kontuan aitortutako balioak aldatzeko, eta haien falta salatzeko berraztertze errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkezten badu, perituen tasazio kontrajarria sustatzeko eskubidea beretzat gordez, hilabeteko epea izango du perituen tasazio kontrajarria sustatzeko, jarritako errekurtsoa edo erreklamazioa ebazten duen erabakia administrazio bidean irmo bihurtzen den egunetik aurrera.

3.– Interesdunak perituen tasazio kontrajarria egiteko eskaera aurkeztu edo hura sustatzeko eskubidea beretzat gordetzeak –aurreko 2. apartatuan aipatu den eran– berekin ekarriko du egindako likidazioen ordainketa eta haien aurka erreklamatzeko epeak etetea.

V. TITULUA
OINARRI LIKIDAGARRIA

43. artikulua.– Zerga oinarriaren murriztapenak.

1.– Oinarri likidagarria kalkulatzeko, zerga oinarriari aplikatu behar zaizkio hurrengo artikuluetan jasotzen diren murriztapenak.

Murriztapenik ez bada aplikatu behar, oinarri likidagarria bat etorriko da zerga oinarriarekin.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa aplikatuta lortzen den oinarri likidagarria ezin da inoiz negatiboa izan.

44. artikulua.– Murriztapenak ahaidetasun arrazoiengatik.

1.– Hurrengo artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, «mortis causa» eskurapenetan oinarri likidagarria kalkulatuko da zerga oinarriari bidezko murriztapena aplikatuta, hurrengo ahaidetasun edo erlazio graduen arabera:

a) I. taldea: Ezkontideak, izatezko bikotekideak, aurreko zein ondorengo odoleko ahaide zuzenek edo adoptatzaile zein adoptatuek egindako eskurapenak: 400.000 euro.

b) II. taldea: Bigarren eta hirugarren graduko odoleko alboko ahaideek egindako eskurapenak, ezkontza-ahaidetasunezko aurreko eta ondorengo ahaideak: 16.150 euro.

c) III. taldea: Laugarren graduko alboko ahaideek, ezkontza bidezko bigarren eta hirugarren graduko ahaideek, urrunagoko ahaideek eta arrotzek egindako eskurapenak: 8.075 euro.

Kausatzailearekiko ahaidetasunagatik aplika daitezkeen murriztapenez gain, desgaitasuna duten eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen kasuan beste 80.000 euro murriztuko dira.

Ondorio horietarako, desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek murriztapenerako eskubidea dutela jotzen da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kenkarirako eskubidea sortzen dutenean zerga horren araudiaren arabera.

2.– Bizitza aseguruak direla eta jasotako kopuruen eskurapenetan, oinarri likidagarria lortuko da zerga oinarrian murriztapen hauek aplikatuta:

A) Aseguruaren kontratatzaileak edo hartzaileak eta onuradunak elkarren artean duten ahaidetasunaren arabera:

a) 400.000 euro, aurreko 1. apartatuko I. taldean sartzen direnentzat.

b) 16.150 euroko murriztapena, gehi gainerakoaren 100eko 25ekoa, ahaidetasuna aurreko 1. apartatuko II. taldean adierazitakoa denean.

c) 8.075 euroko murriztapena, ahaidetasuna aurreko 1. apartatuko III. taldean adierazitakoa denean.

Aseguru kolektiboetan edo enpresek beren enplegatuen alde kontratatutakoetan, aurreko murriztapenak aplikatuko dira aseguratuaren eta onuradunaren arteko ahaidetasuna kontuan hartuta.

Murriztapen horretaz gozatzeko, polizan aurreikusitako ezbeharra gertatu baino gutxienez bi urte lehenago hitzartua behar du izan aseguruak, hura modu kolektiboan hitzartu ez bada behintzat.

3.– Hildakoaren ezkontideak, izatezko bikotekideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek, edo hirugarren gradura arteko zeharkako ahaideek «mortis causa» eskuratzen badituzte banakako enpresa bat, negozio profesional bat, entitateetako partaidetzak edo haien gaineko gozamen eskubideak, eta eskurapen horiei aplikagarri bazaie Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespena, eskurapenak 100eko 95eko murriztapena izango du zerga oinarrian, betiere eskuratutakoari 5 urtez eusten bazaio, kausatzailea hiltzen denetik aurrera, salbu eta eskuratzailea epe horretan hiltzen denean edo enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean.

Eskurapenak eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen ondorioz egiten badira kausatzailea oraindik bizirik dela, aurreko paragrafoan aipatu den 5 urteko epea eskualdaketa gertatzen den unetik aurrera zenbatuko da.

Testamentu-ahalordeaz baliatuta egiten diren eskurapenetan, aurreko lehen paragrafoan aipatu den 5 urteko epea ahalordea baliatzen den unetik aurrera zenbatuko da.

Aurreko paragrafoetan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko gozamen eskubideak eskuratzen direnean, murriztapena kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer proportzio gordetzen duen jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkoak diren aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxituta– entitatearen ondare garbiaren balioarekiko; behar den kasuetan, erregela horiek berdin aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko. Aktibo bat jarduera ekonomiko bat garatzeko beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Apartatu honetako lehen hiru paragrafoetan aipatutako eskurapenari eusteko baldintza ez bada betetzen, ordaindu beharko dira bai murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia bai sortutako berandutze interesak.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean ezarritako beharkizunak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den unean bete beharko dira. Zehazki, 6. artikuluaren bigarren apartatuko d) letran aipatzen den baldintza bete beharko da kausatzailearen edo, hala badagokio, bigarren apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonaren edo pertsonen errenta zergaren autolikidazioan, eta, betiere, zergaldi hauetako bat autolikidatzen denean:

a) Oro har, kausatzailearen heriotzako zergaldia.

b) Eskualdaketaren zergaldia, baldin eta eskurapenak kausatzailea oraindik bizirik dela egiten badira, eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunen ondorioz.

4.– Ezkontideak edo izatezko bikotekideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, edo ondorengo ahaideek edo adoptatuek «inter vivos» eskuratzen badituzte banakako enpresa bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak, eta eskurapenari aplikagarri bazaio Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespena, 100eko 95eko murriztapena izango du zergaren zerga oinarrian, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Dohaintza-emaileak hirurogei urte edo gehiago edukitzea, edo ezintasun iraunkorreko egoeran egotea, dela gradu absolutuan dela baliaezintasun handikoan.

b) Dohaintza-emailea zuzendaritza lanak egiten ari bada, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari uztea eta ordainsari gehiagorik ez jasotzea.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide izate hutsa ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.

c) Dohaintza-hartzaileari dagokionez, ezinbestekoa da dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo 5 urteetan bere eskuetan mantentzea eskuratutakoa, eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitartean araututako salbuespenerako eskubidea izatea, salbu eta epe horretan hiltzen denean edo enpresa edo entitatea konkurtso-prozedura baten ondorioz likidatzen denean. Halaber, dohaintza-hartzaileak ezin izango du egin erabilpen egintzarik edo sozietate eragiketarik, zuzenean edo zeharka eskurapenaren balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Entitateetako partaidetzen eskurapenetan, murriztapena kalkulatuko da kontuan hartuta zer proportzio gordetzen duen jarduera ekonomikoa garatzeko beharrezkoak diren aktiboen balioak –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoarekin gutxituta– entitatearen ondare garbiaren balioarekiko; behar den kasuetan, erregela horiek berdin aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan ere, haien entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko. Aktibo bat jarduera ekonomiko bat garatzeko beharrezkoa den ala ez erabakitzeko, Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauaren 6. artikuluko laugarren apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Apartatu honetan jasotako murriztapena aplikatzeko, dohaintza-emaileak oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena gertatzen den unean bete behar ditu Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauak 6. artikuluko lehen apartatutik seigarrenera bitarteko apartatuetan ezarritako beharkizunak. Dena den, 6. artikuluaren 2. apartatuko d) letrako baldintza betetzen den zehazteko, dohaintza-emaileak edo, hala badagokio, 2. apartatu horretako c) letran aipatutako ahaidetasun taldeko pertsonak edo pertsonek eskualdaketaren aurreko lehen zergaldian errenta zergagatik aurkeztutako autolikidazioari erreparatuko zaio.

Apartatu honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez badira, ordaindu beharko dira murriztapenagatik zergan ordaindu ez den zatia gehi bidezkoak diren berandutze-interesak.

45. artikulua.– Ohiko etxebizitzarekin lotutako murriztapenak.

1.– Zerga oinarriaren 100eko 95eko murriztapena izango du, gehienez 220.000 euroraino, eskualdaketaren aurreko lehen bi urteetan eskualdatzailearekin bizi izandako etxebizitzaren jabari osoa, gozamena, jabetza soila, azalera eskubidea edo erabilera eta biztantze eskubidea kosturik gabe «inter vivos» edo «mortis causa» eskuratzeak.

Elkarrekin bizi izanaren beharkizuna frogatzeko, erroldatze agiria eta epe horretan elkarrekin etenik gabe bizi izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira, betiere zuzenbidean onartutako beste edozein frogabide erabiltzea eragotzi gabe.

2.– Aurreko 1. apartatuan jarritako beharkizun kuantitatiboa gainditzen denean, murriztapena apartatu horretan finkatutako kopururaino bakarrik aplikatuko da, eta, beraz, muga horretatik gorako kopuruek ez dute murriztapenik izango.

3.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, murriztapena aplikatzeko beharkizuna izango da dena delako etxebizitza ohikotzat hartu izana, bai eskualdatzailearentzat eta bai eskuratzailearentzat, gutxienez kontuan hartzen den denbora tartean. Horretarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, eta haren erregelamenduzko garapenak jarritako beharkizunak betetzen dituena.

VI. TITULUA
ZERGA ZORRA

46. artikulua.– Autolikidazio erregelak.

1.– «Mortis causa» edo doan «inter vivos» egindako eskurapenak zergapetzean, kontuan hartuko da zer ahaidetasun edo harreman maila dagoen kausatzaile edo dohaintza emailearen eta kausadun edo dohaintza hartzailearen artean.

Kausadunak ez badira ezagunak, autolikidatuko da arrotzen arteko oinordetzari dagokion tarifan, behin haiek ezagunak direnean bidezkoa den itzulketa eragotzi gabe.

2.– Bizitza aseguruak direla-eta jasotako kopuruak autolikidatzeko, aplikaziozkoa izango da jarauntsiko masa osatzen duten ondasun eta eskubideak bereizita gertatzen den heriotzak eragindako eskualdaketak arautzen dituen tarifa bera.

Bizitza aseguruak zergapetzean, kontuan hartuko da zer ahaidetasun maila dagoen kontratatzailearen edo aseguru hartzailearen eta onuradunaren artean.

Aseguru kolektiboetan edo enpresek beren langileen alde kontratatutako aseguruetan, kontuan hartuko da zer ahaidetasun maila dagoen aseguratuaren eta onuradunaren artean.

47. artikulua.– Kuota osoa.

Zergaren kuota osoa lortzeko, V. tituluan jasotakoaren arabera kalkulatutako oinarri likidagarriari tasa edo tarifa hauek aplikatuko zaizkio, 44. artikuluaren 1. apartatuan finkatutako ahaidetasun mailaren taldeen arabera:

a) I. taldea: 100eko 1,5eko zerga tasa aplikatuko da.

b) II. eta III. taldeei, tarifa hauek aplikatuko zaizkie:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

48. artikulua.– Nazioarteko zergapetze bikoitzaren kenkaria.

Zerga honen kuota osotik, bi kopuru hauetako txikienaren kenkaria egingo da:

a) Antzeko karga dela-eta atzerrian ordaindutakoaren zenbateko efektiboa, zerga honetan kargatutako ondare gehikuntzari eragiten diona.

b) Zerga honen batez besteko karga tasa Espainiatik kanpo kokatuta dauden ondasunei edo handik kanpo erabili daitezkeen eskubideei aplikatzearen emaitza, haiek atzerrian antzeko zerga batean kargatuta egon direnean.

Aurreko paragrafoan aipatutako batez besteko karga tasa 17. artikuluan jasotako moduan kalkulatuko da.

VII. TITULUA
SORTZAPENA ETA PRESKRIPZIOA

49. artikulua.– Sortzapena.

1.– «Mortis causa» moduko eskurapenetan eta bizitza aseguruetan, zerga sortuko da kausatzaile edo aseguratuaren heriotzaren egunean sortuko da, edo, bestela, absentearen heriotzaren deklarazioak irmotasuna hartzen duenean, Kode Zibilak 196. artikuluan jasotakoaren arabera.

Testamentu ahalorde bidez gauzatzen diren jarauntsietan, zerga sortuko da ahalordea modu ezeztaezinez erabiltzen denean edo ahalordea azkentzeko arrazoietako bat gertatzen denean.

Oinordetza itunek unean bertan dutenean eraginkortasuna edo jarauntsiari uko egiteko oinordetza tituluak direnean –5. artikuluan aipatuak–, izendatzailea bizirik dagoela gertatuko da zergaren sortzapena, eskualdaketa egiten den unean.

Mortis causa eskurapenetan, kausatzaileak transmisarioa duenean zuzeneko oinordekoa Kode Zibilaren 1006. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, eskualdatzailearen heriotza egunean sortuko da zerga.

2.– Kosturik gabe egindako «inter vivos» moduko eskurapenetan, zerga kontratua kausatu edo egiten den egunean sortuko da.

Ondasun eta eskubideen eskurapenak doan egindako «inter vivos» moduko negozio juridikotzat hartzen badira 5. artikuluan ezarritako salbuespenekin bat, eskurapen horietan eskualdaketa egiten den egunean sortuko da zerga.

3.– Izendatutakoaren oinordetza eskubideak izendatzailea bizirik dagoela xedatzen badira dohainik, «inter vivos» edo «mortis causa» moduko egintzen bidez, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 106. artikuluan ezarritakoarekin bat, zerga ez da sortuko izendatzailearen heriotza egunera arte.

4.– Kontratatzaile edo aseguratuaren biziraupenaren kasurako bizitza aseguru baten onuradunak kopuruak eskuratzen dituenean, ulertzen da egintza edo kontratua jaso beharreko lehen kopurua edo kopuru bakarra onuradunak exijigarria denean kausatzen dela.

5.– Ulertuko da, beti, eraginkortasuna baldintza, termino edo fideikomiso baten edo beste edozein mugapenen existentziak etenda duten ondasun eskurapen guztiak eginda daudela muga horiek desagertzen direnean, eta momentu horri begiratuko zaio ondasunen balioa eta karga tasak zehazteko.

50. artikulua.– Preskripzioa.

1.– Lau urteetara preskribatuko dira Zerga Administrazioak likidazioaren bidez zerga kuota zehazteko duen eskubidea eta zerga zehapenak jartzeko egiten duen ekintza.

2.– Epe hori autolikidazioa aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunetik aurrera hasiko da. Zehapenak jartzeko ekintzaren kasuan, aldiz, araua hausten denetik aurrera hasiko da epea.

3.– Atzerriko funtzionarioek baimendutako eskrituren kasuan, preskripzio epea haiek edozein administrazio espainiarretan aurkezten diren egunetik aurrera hasiko da, salbu Espainiak sinatutako nazioarteko itun, hitzarmen edo akordio batean epe hori hasteko beste data bat jartzen bada.

4.– Agiri pribatu batera erantsitako dohaintza bat edo kosturik gabeko «inter vivos» moduko beste negozio juridiko batzuk direla kausa egiten diren eskurapenetan, preskripzio epeak Kode Zibileko 1.227 artikuluaren arabera agiriaren datak hirugarrenen aurrean ondorioak dituen datatik aurrera hasiko dira.

Presuntzio egingo da agiri pribatuek duten data zerga honen autolikidazioarekin batera haiek aurkezten diren egunekoa dela, betiere aurretik Kode Zibileko 1.227 artikuluan aurreikusitako zirkunstantzietako bat gertatu ez bada. Izan ere, horrelakoetan kontuan hartuko den data eransketarena, inskripzioarena, heriotzarena edo ematearena izango da, hurrenez hurren.

5.– Jarauntsiari uko egin eta arbuiatzearen ondorio diren eskurapenei dagokien likidazioaren bidez zerga zorra zehazteko Zerga Administrazioak duen ahalaren erabileraren preskripzio epeak eskurapen horiek egiten diren datatik aurrera hasiko dira.

6.– Preskripzio epea martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, jasotakoaren arabera etengo da.

VIII. TITULUA
ARAU BEREZIAK

51. artikulua.– Gozamenaren, erabileraren eta biztantzearen beste erregela berezi batzuk.

1.– Gozamen, erabilera eta biztantze eskubideak eskuratzean, autolikidazio bat egingo da eskubide horien balioan oinarrituta, hala badagokio eskuratzaileari dagokion murriztapena aplikatuta.

2.– Gozamen eskubideari dagokionez, erregela hauek beteko dira:

a) Gozamena azkentzen denean, eraketa tituluaren arabera exijituko da zerga.

b) Jabetza soila eskuratzean, autolikidazio bat egingo da, haren balioa kontuan hartuta eta, hala badagokio, hari jabe soilak eskubidez dagozkion murriztapen guztien zenbatekoa gutxituta.

Aurreko likidazioaren kalterik gabe, gozamena azkentzean, lehendabiziko jabe soila behartuta dago, kontzeptu horrengatik, jabetza soila eskuratzean zerga ordainduta ez duten ondasunen balio osoaren portzentajearen gainean dagokion autolikidazioa ordaintzera. Jabaria kontsolidatzeko unean ondasunek zuten balioaren gainean aplikatuko da portzentaje hori, azkentzearen momentuan indarrean izan diren zergaren araudian jasotako erregelei jarraikiz.

c) Jabe soilak bere eskubidea eskualdatzen badu, alde batera utzita eskuratzaileari une horretan jabetza soilak duen balioan oinarrituta eta eskurapen tituluari dagokion karga tasa aplikatuta egiten duen autolikidazioa, jabari osoa jabe soil berriarengan kontsolidatzerakoan, aurreko b) letraren arabera lehendabiziko jabe soilari zegokion autolikidazioa aurkeztu beharko du jabe soil berriak.

d) Dena den, baldin eta jabaria lehendabiziko edo ondorengo jabe soilengan kontsolidatzea epearen amaiera edo gozamendunaren heriotza ez den arrazoi baten ondorio bada, eskuratzaileak bi likidazio hauetako handiena bakarrik ordainduko du: jabaria zatibanatzeagatik egin gabe dagoena eta gozamena azkentzea dakarren negozio juridikoari dagokiona.

Jabariaren kontsolidazioa gozamendunarengan egiten bada, harexek ordaindu beharko du bera jabe soil bihurtzen duen negozio juridikoari dagokion likidazioa.

Kontsolidazioa hirugarren batengan egiten bada, aldi berean gozameneko eta jabetza soileko eskubideak eskuratuko ditu, eta mota horretako eskurapenei dagozkien likidazioak bakarrik egingo dira.

e) Ondorengo gozamenetan, jabetza soilaren balioa portzentaje handieneko gozamena kontuan hartuta kalkulatuko da. Gozamen hori azkentzean, jabe soilak ordaindu beharko du jabetza soilaren balioak izan duen balio gehikuntzarengatik. Eta horrela egingo da, behin eta berriz, gainerako gozamenak azkentzean.

Arau bera aplikatuko da aldi berean bi ezkontideen edo izatezko bikoteko bi kideen alde ezarritako gozamenerako ere, baina azkena hiltzen denean bakarrik egingo da jabariaren kontsolidazioak dakarren autolikidazioa.

f) Dagoeneko onartuta dagoen gozamenari uko egitea, nahiz eta uko egite hori hutsa eta soila izan, gozamendunak jabe soilari egindako dohaintzat hartuko da zerga ondorioetarako.

g) Gozamena gozamendunaren bizialdiaz besteko suntsiarazte baldintzarekin eratzen bada, biziarteko gozamenetarako jarritako erregelen bidez autolikidatuko da, non eta, baldintza beteta, beste autolikidazio bat egiten bada, aldi baterako gozamenerako jarritako erregelei jarraituz, eta bidezko zuzenketak egiten badira, dena delako zenbatekoa ordainduta edo itzulketa eskatuta.

3.– Eskurapenaren unean, erabilera eta biztantze eskubideak eskuratzen dituenak autolikidazioa egingo du haien balioarengatik, azken horri murriztapenak gutxituta, hala badagokio. Erabilera eta biztantze eskubideei dagokienez:

a) Autolikidazioaren zerga oinarrian kontuan hartuko da zer harreman duen eskubide horien titularrak gozamendunarekin, halakorik badago, edo, halakorik ez badago, jabe soilarekin.

b) Erabilera eta biztantze eskubideak azkentzean, zerga eskatuko zaio gozamendunari, gozamenik badago, haren balioak izandako gehikuntzagatik, egin beharreko murriztapenak eginda; eta, gozamenik ez badago, berriz, jabe soilak egingo du eskubide horiek azkentzeari dagokion autolikidazioa.

Gozamena azkentzen bada erabilera eta biztantze eskubideak baino lehenago, jabe soilak egin beharko du gozamen eskubide hori azkentzeak eragindako kontsolidazio partzialari dagokion autolikidazioa, jabetza soilaren balioak azkentzearen ondorioz izan duen gehikuntzaren araberakoa.

52. artikulua.– Gozamen edo erabilera eskubidearekin pareka daitezkeen instituzioak.

1.– Kausatzailearen xedapenen ondorioz edo oinordetzaren arau zibilak aplikatzeagatik, pertsona bati jarauntsi bateko ondasunak osorik edo partez gozatzeko eskubidea ematen zaionean, dela aldi baterako dela bizi artean, zerga ondorioetarako ulertuko da gozamen edo erabilera eskubide bat dagoela, eta eskubide hori, izena zeinahi duela ere, baloratuko da aldi baterako edo bizi arteko gozamenetarako edo erabilera eskubideetarako ezarritako arauei jarraituz.

Hala ere, eskuratzaileak ondasunak xedatzeko eskubidea badu, jabari osoari dagokion zerga likidatuko zaio. Hala ere, jabetza soilari dagokion zergaren zatia itzuli ahal izango zaio, baldin eta justifikatzen bada ondasun berberak testamentugileak edo aplikatu beharreko araudiak adierazitako pertsonari eskualdatu zaizkiola.

2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean araututa dauden komisario bidezko testamentuetatik eta testamentu ahalordeetatik datozen gozamen eskubideen kasuan 55. artikuluan espresuki ezarritako arauak aplikatuko dira.

53. artikulua.– Ordezpenak.

1.– Ordezpen arruntean, ordezkoa kausatzailearen jaraunslea izango dela ulertuko da eta, beraz, zerga exijituko zaio, kontuan hartuta kausatzailearekin duen ahaidetasuna, baldin eta izendatutako jaraunslea aurretik hiltzen bada edo jarauntsia onartu ezin badu.

Izendaturiko jaraunsleak jarauntsia onartu nahi ez badu, 63. artikuluan jarauntsiari uko egiten zaionerako xedatutakoa hartuko da kontuan.

2.– Ordezpen pupilar eta kuasipupilarretan, ordezkoa ordeztuaren jaraunslea dela ulertuko da eta, beraz, zerga exijituko zaio, ordezpena egiten denean, kontuan hartuta ordeztutako ondorengoarekin duen ahaidetasuna, testamentugilea hiltzean hark ordaindutakoa eragotzi gabe.

3.– Fideikomisozko ordezpenetan, zerga exijituko da fideikomisoa eratzen denean eta ordezpen bakoitzean, kontuan hartuta fideikomisodunak edo ordezkoak kausatzailearekiko duen ahaidetasuna. Fiduziarioa eta fideikomisodunak, haietako azkena izan ezik, gozamendun hutsak direla joko da, non eta «inter vivos» edo «mortis causa» moduko egintzak direla medio ondasunak eskuratzeko ahalmena ez duten, kasu horretan jabari osoagatik egin beharko baitute autolikidazioa, 49. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoa aplikatuz.

Azken kasu horretan, kausatzaileak ordaindutako zerga itzultzea eskatu ahal izango dute jaraunslearen kausadunek, jabetza soilari dagokion zatian, baldin eta frogatzen badute ordezpenak eragindako ondasunak testamentugileak izendatutako ordezkoari eskualdatu zaizkiola.

54. artikulua.– Fideikomisoak.

1.– Fideikomisoetan, autolikidazioa egiteko epeen barruan jaraunsle fideikomisoduna zein den ezagutzen ez denean, fiduziarioak arrotzen arteko oinordetzarako tarifa oinarri likidagarriari aplikatuta ateratzen den emaitza ordaindu behar du, kausatzailearekin duen ahaidetasuna edozein dela.

Aurreko apartatuan ezarritako erregela ez da aplikatuko, baldin eta fideikomisoduna pertsona talde zehatz batetik izendatu behar bada; izan ere, kasu horretan, kausatzailearekin urruneneko ahaidetasun maila duen pertsonari dagokion taldearen tarifa aplikatuko zaio oinarri likidagarriari.

2.– Aurreko apartatuaren arabera ordaindutakoa fideikomisodunaren probetxurako izango da, hura ezaguna denean, baina ez du ezer itzultzea eskatzeko eskubiderik izango, baldin eta kausatzailearekin duen ahaidetasunaren arabera tarifa txikiago bat aplikatu behar bazaio.

Hari dagokion tarifak fiduziarioari aplikatutakoak baino gutxiago ordaintzea badakar, gehien ordaindu duenak edo haren kausadunek eskubidea izango dute soberan ordaindutakoa bueltan jasotzeko, erregelamenduz xedatutakoaren arabera.

3.– Autolikidazioa egiteko epeen barruan fideikomisoduna zein den ezagutzen bada, fideikomisodunak kausatzailearekin duen ahaidetasun mailari dagokion tarifaren arabera ordainduko du zerga.

4.– Fiduziarioak, edo testamentugileak jarauntsia eskualdatzeko enkargatutako pertsonak, osorik edo partez gozatu baditzake ondasunak, dela aldi baterako dela bizi artean, edo fideikomisozko jaraunsleari ondasunak eman arte haien errentak edo produktuak xedatzeko ahalmena badu, gozamendun gisa ordainduko du zerga, kausatzailearekin duen ahaidetasunaren arabera.

Kasu horretan, ondasunen jabetza eskuratzean ere fideikomisodunak zerga ordaindu beharko du, fiduziarioak ordaindutakoa bere alde konputatu gabe.

5.– Jaraunsle fiduziarioari jarauntsiko ondasunak jabetzan uzten zaizkion fideikomisoetan, nahiz eta zamaren bat kentzeko izan, jaraunsle horren kargura likidatuko da jabetza eskuratzeak dakarren zerga, zama kenduta berau kengarria bada. Horrelakoetan, zamaren ondoriozko onura eskuratzen duena ezaguna bada, berak ordainduko du zerga, egintzari juridikoki dagokion titulu edo kontzeptuarengatik; aldiz, onuraduna ezaguna ez bada, jaraunsleak ordainduko du kontzeptu horri dagokion zerga, baina zamarengatik ordaindutako zerga onuradunari jasanarazi ahal izango dio, onuraduna zein den ezaguna denean.

55. artikulua.– Gozamena testamentu ahalordearen menpeko jarauntsietan.

1.– Testamentu ahalordeetan pertsona jakin bati eman bazaio jarauntsiko ondasunez bizi artean gozatzeko eskubidea, gozamen horrengatik autolikidazio bakarra egingo da, gozamendunak kausatzailearekin duen ahaidetasunaren arabera eta biziarteko gozamenen arauak aplikatuta.

2.– Testamentu ahalordean gozamena ahalorde hori erabiltzean azkentzen bada, gozamen horrengatik bi autolikidazio egingo dira gozamendunak kausatzailearekin duen ahaidetasunaren arabera:

a) Lehen likidazio bat, kausatzailea hiltzen denean, biziarteko gozamenaren arauak aplikatuta.

Alabaina, testamentu ahalordea erabiltzeko epea zehaztuta badago, lehen likidazio hori aldi baterako gozamenaren arauak aplikatuta egingo da, ahalordea erabiltzeko ezarrita dagoen gehieneko epearekin.

b) Beste likidazio berri bat, testamentu ahalordea erabiltzen denean, aldi baterako gozamenaren arauekin bat, kausatzailearen heriotzatik igarotako denboragatik. Aurreko likidazioagatik ordaindu dena konturako sarreratzat joko da, eta diferentzia gozamendunari itzuliko zaio, haren aldekoa bada.

b) letra honetan aipatzen den autolikidazioa aurkeztuko da testamentu ahalordea baliatzeagatik edo hura azkentzeko gainerako arrazoiengatik jaraunsle gertatzen direnen autolikidazioa aurkeztearekin batera, kausatzailea hiltzean ondasunek zuten balioa kontuan hartuta.

3.– Artikulu honetan aipatutako gozamenak kalkulatzeko, 21. artikuluan biziarteko gozamenari eta aldi baterako gozamenari buruz ezarritako arauak aplikatuko dira.

56. artikulua.– Testamentu ahalordea erabiltzea.

1.– Baldin eta komisarioak edo ezkontide alargunak edo bizirik dirauen izatezko bikotekideak testamentu ahalordea erabiltzen badu eta, horren bidez, ezkontza osteko ondasun erkidegoaren ondasun konkretu bat –kausatzailearen heriotzak ondasunen foru komunikazioari buruzko araubide ekonomikoan eragindako kontsolidazioaren ondorio dena– edo irabazpidezko sozietatearen ondasun komun bat komisarioaren eta kausatzailearen ondorengo ahaide komun bati adjudikatzen badio, baina jarauntsia banatu eta likidatu gabe, orduan, ezkontide alargunari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari dagokion erdia autolikidatuko da dohaintza gisa eta beste erdia, kausatzaileari dagokiona, aldiz, oinordetza gisa.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 142. artikulua betetzen ez bada, artikulu horretan aipatutako ondasunak ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen alde xedatzea edo haiei adjudikatzea 47. artikuluko a) letran ezarritako zerga tasaren erdian zergapetuko da.

2.– Testamentu ahalordearen menpeko oinordetzetan, autolikidazio hauek egin beharko dira, hala behar denean: bat, kausatzailea hil eta berehala, ahalordeak ukitzen ez duen jarauntsiaren zenbatekoagatik; eta, beste bat, edo beste batzuk, ahalordea jarraian eta modu ezeztaezinean erabiltzeagatik edota hura azkentzeko gainerako arrazoietako bat gertatu ondoren eratorritako eskurapenengatik.

3.– Testamentu ahalordea erabiltzen den guztietan, oinordeko berari dagozkion eskurapen guztiak metatu egingo dira, bai zerga autolikidatzeko eta bai foru arau honetan zerga oinarrirako aurreikusten diren murriztapenak aplikatzeko.

Gainera, metatutako autolikidazioengatik lehendik ordaindutako kuotak kendu ahal izango dira metaketaren ondorioz egiten den autolikidaziotik.

57. artikulua.– Oinordetza eskubideen xedapena Euskal Zuzenbide Zibilean.

1.– Uko egitearen onuradunak eskubide eta ondasunak eskuratzen baditu hirugarren baten jarauntsiko oinordetza eskubideak xedatzearen ondorioz, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 100. artikuluko 2. apartatuko bigarren tartekian ezarritakoarekin bat, eskurapen hori hirugarren hori hiltzen denean zergapetuko da, kausatzailearen eta onuradunaren arteko ahaidetasunaren arabera, betiere uko egileari emandako eta entregaren unean baloratutako eskubide eta ondasunen balioa kenduta, hala badagokio.

2.– Ondasun eta eskubideak eskuratzen badira Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 106. artikuluan araututako eskubide xedapenen ondorioz, eskurapen horrek tributatuko du izendatzailearen eta izendatutakoaren ondorengoen arteko ahaidetasun mailaren arabera.

58. artikulua.– Ondasunak erreserbatzea.

1.– Erreserbatu beharrekoa den jarauntsian, Kode Zibileko 811. artikuluan eta Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 118. artikuluan jasotakoaren arabera, erreserbagileak ordainduko du zerga, gozamendun gisa; hala ere, erreserba azkentzen bada haren onuradun izendatutako ahaide guztiak hil direlako edo uko egin zaiolako, erreserbagileak jabetza soilari dagokion zerga ordaindu beharko du.

2.– Erreserbagileak erreserbapean dauden ondasunak besterenduko balitu, nahiz eta ustezko erreserba hartzaile guztien adostasuna izan, erreserba fiskalki azkendutzat joko litzateke eta hala likidatuko litzateke.

3.– Kode Zibileko 968., 969., 979. eta 980. artikuluetan eta Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 120. artikuluan aipatzen den erreserban, erreserbagileak jabari osoari dagokion zerga autolikidatuko du, baina horrek ez du eragotziko ondasunen jabetza soilagatik ordaindutakoaren itzulketa jaso ahal izatea ondasun horiek edo haien subrogatuak erreserba hartzaileari eskualdatu zaizkiola frogatzen denean.

4.– Aurreko 2. eta 3. apartatuetan jasotako kasuetan, erreserba hartzaileak zerga ordainduko du 49. artikuluaren 5. apartatuan xedatutakoa kontuan hartuta eta ondasunak norengandik etorri eta harekin duen ahaidetasun mailari begiratuta; ez du aintzat hartuko erreserbagilearekiko ahaidetasuna, azken horrek lehendik Kode Zibileko 972. artikuluan aitortutako hobetze ahalmena erabili arren.

59. artikulua.– Jarauntsi bidezko eskurapenen metaketa.

1.– Kausadun batek kausatzaile jakin batengandik oinordetza beraren ondorioz lortzen dituen ondare gehikuntza guztiak jarauntsi bidezko eskurapen bakartzat joko dira, nahiz eta oinordetza titulu baten baino gehiagoren bidez lortuak izan.

Hori dela-eta, jasotzen diren ondasun eta eskubideen eskurapen guztiak metatu egingo dira, hau da, bai oinordetza itunen ondorio direnak, edo testamentu ahalordea osorik edo partez erabiltzeagatik edo hura azkentzeko beste arrazoi batzuengatik gertatutako eskurapenak, eta bai testamentugileak berak testamentuan zuzenean xedatutakoak edo, haren faltan, legean ezarritako eskurapenak.

2.– Aurreko apartatuan aipatu diren ondare gehikuntza guztiak jarauntsi bidezko eskurapen bakartzat hartuko dira, zerga autolikidatzeko. Hortaz, zerga kuota kalkulatzeko garaian, zerga oinarri guztiak batu behar dira, eta behin bakarrik aplikatuko dira foru arau honetan araututako zerga oinarriaren murriztapenen artetik aplikatu beharrekoak.

Gainera, metatutako autolikidazioengatik lehendik ordaindutako kuotak kendu ahal izango dira metaketaren ondorioz egiten den autolikidaziotik, baina ez da inoiz kuotarik itzuliko arrazoi horrengatik.

60. artikulua.– Ondasunak lehengoratzean autolikidatzeko erregelak.

1.– Izendatzaileari lehengoratzen bazaizkio mantenuaren zamapean egindako oinordetza itunen bidez eskualdatutako ondasunak –Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 107.3 artikuluan aipatzen den oinordetza itun mota hori–, autolikidazio bat egingo da aldi baterako gozamenei buruzko arauei jarraituz, eta, autolikidazio horretan soberan ordaindutako zenbateko bat ateratzen bada lehengoratutako ondasunen eskualdaketagatik hasiera batean egindako autolikidazioaren aldean, soberakin hori itzuli egingo zaio zergadunari.

2.– Lehengoratutako ondasunak ez dira kausatzailearen jarauntsian metatuko –metaketa hori aurreko artikuluan aipatzen da–, baldin eta ondasunoi artikulu honen aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatu bazaie.

61. artikulua.– Banaketa eta adjudikazio soberakinak.

1.– Heriotzaren ondoriozko oinordetzetan, interesdunek egiten dituzten banaketak eta adjudikazioak edozein direla ere, ulertuko da, zergaren ondorioetarako, oinordetza horiek proportzionaltasunari hertsiki lotuz eta oinordetzari buruzko arauei jarraituz egin direla, ondasunak lurraldea edo beste edozein arrazoi dela-eta zergari lotuta egon edo ez. Horren ondorioz, balioak egiaztatzean gertatzen diren gehikuntzak eskuratzaile edo jaraunsleen artean hainbanatuko dira.

2.– Balioa egiaztatzearen ondorioz balioa gehitzen zaien ondasunen kasuan edo zergapetu gabe utzi beharreko ondasunen kasuan, testamentugileak ondasunok espezifikoki pertsona jakin bati adjudikatzen badizkio edo jarauntsiaz besteko kontzeptu batean adjudikatzen badira, ondasunok eskuratzen dituenari bakarrik eragingo diote gehikuntzek edo gutxipenek.

3.– Adjudikazio soberakinak likidatuko dira, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan ezarrita dauden arauei jarraituz, baldin eta jaraunsleei edo legatudunei egindako adjudikazioetan ezberdintasunik badago, aitortutako balioaren arabera, jarauntsi tituluari dagokionez. Halaber, adjudikazio soberakinak likidatuko dira jaraunsle edo legatu hartzaileetako bati adjudikatutakoaren balio egiaztatua handiagoa bada haren tituluari jarraikiz dagokion balioaren 100eko 50 baino, salbu eta aitortutako balioak foru arau honetan jasotako erregelak aplikatzetik ateratzen diren balioen berdinak edo handiagoak direnean.

Aurreko kasu horietarako, hau hartuko da jaraunsle edo legatu hartzaile bakoitzari dagokion baliotzat: aurreko 1. apartatuan aipaturiko egiaztapenetik lortutako balio gehikuntzak jaraunsle edo legatu hartzaileen artean hainbanatzetik ateratzen dena.

Ez du adjudikazio soberakinik sorraraziko ezkontide alargunari, bizirik dirauen izatezko bikotekideari, jaraunsleren edo zati alikuotaren legatu hartzaileren bati edo gehiagori ohiko etxebizitza, ondasun tronkalak edo baserria eta hari lotutako ondasunak eta lur erantsiak adjudikatzeak, baldin eta ondasun eta lur horiek jarauntsi osoaren aldean duten balioa handiagoa bada adjudikaziodunaren jarauntsiko kuota baino.

62. artikulua.– Alarguntasun gozamena ordaintzea, ondasunen jabari osoan emanda.

Baldin eta, Kode Zibileko 839. eta 840. artikuluetan edo Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 53. artikuluan xedatutakoaren indarrez, bizirik dirauen ezkontideari bere hartzekoa ordaintzen bazaio gozamena ez den eran edo kontzeptupean, autolikidazio bat egingo da adjudikatutako ondasun edo eskubideen balio egiaztatuan eta gozamenari adjudikatutako balioan bat datorren kopuruaren gainean, 21. artikuluan jasotako erregelen arabera. Horren ondorioz, jaraunsleei ez zaie inolako autolikidaziorik egingo jabetza soilarengatik, ezta, bere egunean, gozamena azkentzeagatik ere. Baina gozamena ez den eran adjudikatutakoaren balioa ezkontide alargunari dagokiona baino txikiagoa edo handiagoa bada, soberakina edo diferentzia soberazko adjudikazio gisa autolikidatuko da jaraunsle mesedetuaren edo mesedetuen kargura lehen kasuan, edo ezkontide alargunaren kargura bigarrenean.

63. artikulua.– Jarauntsia arbuiatzea eta hari uko egitea.

1.– Jarauntsiari edo legatuari arbuio edo uko egite huts, soil eta doakoa egitean, haren onuradunek arbuiatutako edo uko egindako zatiaren eskurapenarengatik ordainduko dute zerga, uko egin edo arbuiatzen duenari aplikatu beharreko tarifaren arabera, salbu eta kausatzailearen eta mesedetuaren arteko ahaidetasunarengatik karga handiagoko tarifa ezarri behar bada.

Onuradunek zuzenean kausatzailearen beste ondasun batzuk jasoz gero, aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta soilik bi ondasun taldeak bereizita eskuratzean egindako autolikidazioen batura handiagoa bada ondasun guztien balioaren gainean egindako autolikidazioa baino, eta onuradunak kausatzailearekin duen ahaidetasun mailaren taldeari dagokion tarifa aplikatuko zaio likidazio oinarriari.

Apartatu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko 5.1 artikuluko c) letran aipatzen diren uko egiteko oinordetza itunetan.

2.– Pertsona jakin baten alde jarauntsiari uko egiten zaion gainerako kasuetan, uko egiten duenari exijituko zaio zerga, horrez gain arbuiatutako zatia lagatzeagatik edo dohaintzan emateagatik autolikidatu beharko dena eragotzi gabe.

Hala ere, hirugarren baten jarauntsiari uko egiteko itunak egiten direnean Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 100. artikuluko 2. apartatuko bigarren tartekian ezarritakoarekin bat, uko egileari ez zaio zerga exijituko, 6. artikuluko f) letraren arabera zergapetuta egongo baita, hala behar denean, uko egitearen onuradunari dagokion tributazioa eragotzi gabe.

3.– Zerga autolikidatzeko, ondasunen foru komunikazioari buruzko araubidetik eratorritako irabazpidezko sozietatean edo ezkontza sozietatean dagoen eta bizirik dirauen ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen ukoak efektua izan dezan uko egindako ondasunak kausatzaileak utzitako ondasunen barruan sartze aldera, beharrezkoa izango da ukoa eskritura publikoaren bidez eta kausatzailea hil aurretik egitea eta, gainera, hutsa, soila eta doakoa izatea. Baldintza horiek betetzen ez badira, uko egitearen onuradunek autolikidazioa egin beharko dute uko egileak beraien alde egindako dohaintza kontzeptuagatik.

4.– Egindako arbuiatzea edo uko egitea dohaintzatzat joko da, zerga ondorioetarako, baldin eta jarauntsiari edo legatuari dagokion zerga preskribatu ostean egin bada.

64. artikulua.– Dohaintza bereziak.

1.– Dohaintza kargadunak eta ordain gisa emandako dohaintzak kontzeptu horretan eta zenbateko osoaren gainean zergapetuko dira. Elkarrekiko prestazioak badaude edo dohaintza hartzaileari kargaren bat ezartzen bazaio, diferentziagatik bakarrik zergapetuko dira kontzeptu berean, eragotzi gabe zerga ordaindu behar izatea kasuan kasuko prestazioengatik edo ezarrita dauden kargengatik.

2.– Bizi arteko edo aldi baterako pentsioen truke egiten diren ondasun lagapenek dohaintza kontzeptupean ordaindu behar dute zerga hau, ondasunen balioa pentsioarena baino handiagoa den zatiagatik. Bi balioak kalkulatzeko, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arauak aplikatu behar dira.

65. artikulua.– Dohaintzak eta gainerako kosturik gabeko eskualdaketa parekagarriak metatzea.

1.– Eskualdaketa bakartzat hartuko dira, zerga autolikidatzeko, dohaintza emaile berberak dohaintza hartzaile berberari hiru urteko epearen barruan –dohaintza eta eskualdaketa bakoitzaren egunetik zenbaturik– egindako dohaintzak eta gainerako kosturik gabeko «inter vivos» moduko eskualdaketa parekagarriak baldin eta ez badira salbuetsitzat jo eta II. eta III. taldeei badagozkie. Horrenbestez, zerga oinarri guztiak batuz lortuko da zerga kuota. Metatutako dohaintzengatik eta kosturik gabeko gainerako eskualdaketa parekagarriengatik lehendik ordaindutako kuotak kengarriak izango dira metaketaren ondorioz egiten den likidaziotik. Ondorio horietarako, metaketa egiteko, batu egin behar da egungo dohaintza edo eskualdaketa egin aurreko hiru urteetan dohaintzan eman edo eskualdatu diren ondasun edo eskubideen balioa.

2.– Baldin eta aurreko dohaintzak edo eskualdaketak ezkontide edo izatezko bikotekide biek egin badituzte, ezkontza sozietatearen ondasun komunak erabiliz, baina egungo dohaintza edo eskualdaketa, aldiz, ezkontideetako batek bere ondasun pribatiboak erabiliz egiten bada, metaketak bakarrik eragingo dio bigarren dohaintza egin duen ezkontideari edo izatezko bikotekideari aurreko dohaintzaren edo eskualdaketaren balioan egotzi ahal zaion parte proportzionalari.

Metatutako dohaintzak edo eskualdaketak bere garaian haientzat egiaztatutako balioaren arabera konputatuko dira, nahiz eta metaketaren unean balio hori aldatuta egon.

66. artikulua.– Dohaintzak eta gainerako kosturik gabeko eskualdaketa parekagarriak eta «mortis causa» moduko eskurapenak metatzea.

1.– Eskurapen bakartzat hartuko dira, zerga kuota zehazteko, aurreko artikuluan aipatutako dohaintzak eta gainerako kosturik gabeko eskualdaketa parekagarriak eta dohaintza emaileak edo kausatzaileak dohaintza hartzailearen edo oinordekoaren alde edozein titulu dela bide egindako oinordetza eskualdaketak, salbu eta foru arau honetan salbuetsitzat jotzen diren ondasunen «mortis causa» moduko eskurapenak badira eta II. eta III. taldeei badagozkie, betiere haien arteko epea ez denean lau urte baino luzeagoa.

Zerga kuota zerga oinarri guztiak batuz lortuko da. Metatutako eskurapenengatik lehendik ordaindutako kuotak ordaindutako zenbatekotik kendu ahal izango dira, eta, hala behar denean, zenbateko osoa edo haren zati bat itzuliko da.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dohaintzak edo kosturik gabeko eskualdaketak ezkontide edo izatezko bikotekide biek ezkontza sozietatearen edo izatezko bikotearen ondasun komunak erabiliz egin badituzte, metaketak bakarrik eragingo dio kausatzaileari egotzi ahal zaion balioaren parte proportzional horri, eta kengarria izango da dohaintza horri edo kosturik gabeko eskualdaketa parekagarri horri dagokion kuotaren zatia.

3.– Metatutako dohaintzak edo kosturik gabeko eskualdaketak bere garaian haientzat egiaztatutako balioaren arabera konputatuko dira, nahiz eta metaketaren unean balio hori aldatuta egon.

67. artikulua.– Bizitza aseguruengatik jasotako kopuruen metaketa.

18.1. artikuluko c) letran aipatzen den zerga oinarria zehazteko, hildakoaren gainean eratutako bizitza aseguru guztiengatik onuradunak jasotako kopuruak metatu egingo dira.

Jasotako kopuru horiek autolikidatu badira eta, gero, aurreko paragrafoan aipatzen den metaketa egin behar bada, beste autolikidazio bat egingo da metaketari dagokion zerga oinarria kontuan hartuz, eta ateratzen den kuotatik kendu ahal izango dira metaketa egin aurretik ordaindutako zerga kuotak.

IX. TITULUA
ZERGAREN KUDEAKETA

68. artikulua.– Autolikidazio araubidea.

1.– Zergadunak behartuta egongo dira autolikidazio bat aurkeztera, non jasoko dituzten foru arau honetan aipatutako zerga egitateak, eta, hala badagokio, zerga zorra ordaintzera, betiere foru arau honetan eta hura garatzen duen erregelamenduan jasotakoari jarraituz.

Autolikidazioan jaso beharko da eskualdatutako ondasun eta eskubide guztien balioa, foru arau honetan ezarritako erregelen arabera.

2.– Pertsona fisiko eskuratzaile guztien autolikidazioak aurkeztu beharko dira, eta haiek guztiak ados egon behar dira. Bestela, autolikidazio bat dela-eta ordaindutako kopuruak hura aurkeztu duen zergadunaren konturako ordainketa soilaren izaera izango du.

3.– Behin ondorengo artikuluan jarritako epeak bukatuta horretara behartutakoek autolikidazioa aurkeztu gabe, Zerga Administrazioak errekerituko die hura aurkeztu dezatela errekerimendua jakinarazten zaienetik hilabeteko epean. Autolikidazioa aurkeztu ezean, Zerga Administrazioak ofizioz egingo ditu likidazioak, eskura dituen datuetan oinarrituta, eta aplikagarri diren zehapenak ezarriko ditu.

4.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, 70. artikuluan aurreikusitako kasuetan, onartu egingo da ondasun edo eskubideen zati baten autolikidazio partziala egitea.

69. artikulua.– Aurkezteko epeak.

1.– Eskurapenak «mortis causa» modukoak badira, heriotza kasurako bizitza aseguruen onuradunenak barne, aurkezteko epea urtebetekoa izango da kausatzailearen heriotza egunetik aurrera –edo eskualdatzailearen heriotzatik aurrera 49. artikuluaren 1. apartatuko azken paragrafoan aurreikusitako kasuetan–, heriotza deklarazioa irmo bihurtzen den egunetik aurrera, edo, hala badagokio, eraginkortasuna unean bertan duten oinordetza itunetan, zerga sortzen den egunetik aurrera.

Epe hori bera aplikatuko zaie gozamenduna hiltzean gauzatu behar diren gozamen eskurapenei, jabaria «inter vivos» moduko egintza bidez zatibanatuta egon arren.

Gainerako kasuetan, aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodunekoa izango da, egintza edo kontratua kausatu edo egin eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– 49. artikuluaren 5. apartatuan jasotakoaren arabera eraginkortasuna etenda duten ondasun edo eskubideen eskurapenetan, aurreko apartatuan aipatutako epeak eskurapenak gauzatutzat hartzen diren egunetik aurrera kontatzen hasiko dira.

3.– Testamentu ahalorde baten zain dauden ondasunak eskuratzean, 1. apartatuko lehen paragrafoan aipatutako epea ahalordea modu ezeztaezinean erabiltzen denetik edo hura azkentzeko arrazoietako bat gertatzen denetik aurrera kontatzen hasiko da.

4.– Testamentu ahalordearen menpeko jarauntsietan, komisarioak zerga aitorpen bat aurkeztu behar du, bertan kausatzailearen heriotza adierazita. Aitorpen horretan, 74. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.

Komisarioak gozamen eskubideagatik 55. artikuluan xedatutakoaren arabera autolikidatzeko duen obligazioa eragotzi gabe, apartatu honetan aipatzen diren jarauntsietan ezingo da autolikidaziorik aurkeztu, harik eta testamentu ahalordea modu ezeztaezinean erabiltzen den arte –hala partzialki nola osorik–, edo hura azkentzeko beste arrazoietako bat gertatzen ez den arte.

70. artikulua.– Konturako autolikidazio partzialak.

1.– «Mortis causa» moduko eskurapenetan, zergadunek zilegi dute, bat baino gehiago izanez gero aurretiaz denak ados jarrita, zergaren autolikidazio partzial bat egitea kausatzailearen kredituak kobratzeko, hark sortutako eta jaso gabeko hartzekoak eskuratzeko, edo gordailaturik dauden ondasunak, baloreak, efektuak edo dirua eramateko. Gauza bera egin dezakete, egoera desberdin batean dauden beste ondasun batzuei dagokienez, antzeko kasuetan autolikidazio partziala egitea justifikatzen duten arrazoi nahikoak daudenean.

Autolikidazio partziala aurkezten duten zergadunek, geroago autolikidazioa aurkeztu beharko dute eskuratu dituzten ondasun eta eskubide guztiengatik, titulu honetan aurreikusitako moduan.

2.– Autolikidazio partziala egiteko, ondasunen balioari zergaren tarifa aplikatu behar zaio inolako murriztapenik gabe.

3.– Autolikidazio partziala aurkeztu eta, kasua bada, haren zenbatekoa sartu ondoren, Zerga Administrazioari aurkeztu behar zaio hura, eta hari likidatutako ondasunen zerrenda bat bi aletan erantsi. Zerrenda horretan ondasunak deskribatzeaz gainera, haien balioa eta egoera adierazi behar dira, ordainketa egitea edo ondasunak entregatzea zer pertsona edo zer entitateri dagokien azaldu, eta zer tituluk frogatzen duen eskatzailearen edo eskatzaileen eskubidea zehaztu. Zerga Administrazioak zerrendaren ale bat itzuliko du, aurkezpena eta diru sarrera egin izanari buruzko oharra bertan jarrita.

4.– Autolikidazio partzialaren indarrez egiten den diru sarrera, dena delako jarauntsiko oinordetzarengatik gerora egitekoa den autolikidazioaren konturako sarreratzat hartuko da.

71. artikulua.– Zergaren ordainketa.

1.– Autolikidazioa aurkezten duten zergadunek 69. artikuluan ezarritako epeetan ordaindu behar dute autolikidazioari dagokion zenbatekoa.

2.– Lurralde historikoarentzako interes bereziko kasuetan, perituaren txostena eta egokitzat jotako beste batzuen txostena aurrez aztertuta, Foru Aldundiak onar dezake zerga zorra historia edo arte garrantziko lanak edo gauzak entregatuz edo beste ondasun eta eskubide batzuk lagaz ordaintzea, eta horren berri Batzar Nagusiei emango die.

3.– Eragotzi gabe Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketako Erregelamenduak (abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretua) ordainketa zatikatzeari eta geroratzeari buruz jasotzen dituzten arauak, heriotzarengatik aurkeztutako autolikidaziotik ateratzen den zerga zorra geroratu edo zatikatu ahal izango da, honako kasu hauetan, betiere erregelamenduz jartzen diren baldintzetan:

a) Ez dagoenean zerga zorra ordaintzeko nahikoa den eskudiruzko inbentariaturik edo diru bilakatzen erraza den ondasunik.

b) Ondasun edo eskubideen «mortis causa» moduko eskurapenak, jabetza soilean.

c) «Mortis causa» moduko eskurapenak, kausadunak ezezagunak direnean.

d) Bizitza aseguruen ondoriozko prestazioak, baldin eta kausatzailea kontratugilea edo aseguru kolektiboko aseguratua ere bada eta aseguruaren zenbatekoa errenta moduan jasotzen bada.

e) Enpresa indibidualaren kosturik gabeko eskualdaketak.

Kasu horietan, ordainketa geroratu edo zatikatzeko eskaeraren prozedura ebazteko epea autolikidazioak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera hasiko da kontatzen.

72. artikulua.– Itzulketak.

1.– Arlo judizialean edo administratiboan eta ebazpen irmo baten bidez adierazten edo aitortzen bada egintza edo kontratu bat deuseztatu, hutsaldu edo suntsiarazi egin dela, zergadunak eskubidea izango du zergaren kuota gisa ordaindutakoa itzul dakion, baldin eta irabazizko ondoriorik ekarri ez badio eta itzulketa lau urteko epean eskatu badu. Epe hori ebazpena irmo denetik hasiko da zenbatzen.

Ebazpena alderdiek ezarritako baldintza bat betetzearen ondorio denean, ez da beharko epaileen edo Administrazioaren adierazpenik.

2.– Irabaziak daudela ulertuko da baldin eta ez bada justifikatzen interesdunek Kode Zibileko 1.295 artikuluan aipatzen diren elkarrekiko itzulketak burutu behar dituztenik.

3.– Egintzak edo kontratuak irabaziak sortu baditu, autolikidazioa zuzendu egingo da, eta, horretarako, eskualdatutako ondasun edo eskubideen aldi baterako gozamenaren balioa hartuko da oinarri gisa.

4.– Nahiz eta egintzak edo kontratuak irabazirik sortu ez, hura hutsaltzea edo suntsitzea deklaratzen bada zerga ordaindu behar duen kontratugileak ez dituelako bete berari dagozkion betebeharrak, orduan ez da ezer itzuliko.

5.– Alderdi kontratugileek hala adostuta kontratua ondoriorik gabe geratzen bada, ordaindutako zerga ez da itzuliko, eta zergapeko beste egintza bat balitz bezala hartuko da. Adiskidetze egintzan bat etortzea nahiz demandan amore emate soila onartuko dira elkarren arteko adostasun gisa.

6.– Aurreko apartatuetan ezarritako arauak 4. artikuluan definitutako zerga egitatea barnean hartzeko moduko egitatezko kasuei buruzkotzat hartuko dira, oro har egintza edo negozio juridikoen arrazoi den eskuzabaltasun asmoak sor ditzakeen berezitasun juridikoak kontuan hartuz.

X. TITULUA
BETEBEHAR FORMALAK

73. artikulua.– Agintari, funtzionario eta partikularren betebeharrak.

1.– Organo judizialek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari bidaliko diote oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan kargatutako ondare gehikuntzak daudela agertzen duten epaitza betearazien edota epai irmoko izaera dutenen hileroko zerrenda.

2.– Erregistro Zibilaren arduradunek hil bakoitzeko lehen hamabostaldiaren barruan aurreko hilean hildakoen zerrenda bidaliko diote, izenekin eta helbideekin, Ogasun eta Finantza Departamentuari.

3.– Notarioak behartuta daude beren eginkizunetan aritzean parte hartu duten egintzei buruz Ogasun eta Finantza Departamentuak eskatzen dizkien datuak ematera, baita hark eskatuta baimentzen dituzten edo beren protokoloan dituzten agirien kopiak hamabost eguneko epean doan luzatzera ere. Dena den, ez dira horretara behartuta egongo 1862ko maiatzaren 28ko Legeak 34. eta 35. artikuluetan aipatutako tresna publikoak direnean eta ezkontza arazoei edo izatezko bikoteei buruzko tresna publikoak direnean, salbu hurrenez hurren ezkontzako araubide ekonomikoari edo ondarezko araubide ekonomikoari dagozkienak.

Era berean, behartuta egongo dira zerga gaiak diren ondare gehikuntzak sortaraz litzaketen egintza edo kontratuei buruz aurreko hiru hilabetean baimendutako agiri guztiak edukiko dituen zerrenda edo aurkibidea hiru hilabete bakoitza amaitu ondorengo hilabetearen barruan bidaltzera. Orobat, notarioak behartuta daude beraiek ezagutzeko edo sinadurak legitimatzeko aurkeztu zaizkien agiri pribatuen zerrenda, adierazitako edukiarekin batera, epe beraren barruan bidaltzera ere.

Gainera, notarioek, hil bakoitzeko lehen hamabost egunen barruan, zerrenda bat bidali behar diote Ogasun eta Finantza Departamentuari, eta bertan adierazi aurreko lehen hilean baimendu dituzten agirietatik zeinetan erabili duen jarauntsi baten komisarioak testamentu ahalordea modu ezeztaezinean; orobat, bertan zehaztu behar dute komisarioa nor izan den eta zein den ahalordea erabiltzea ekarri duen jarauntsiaren kausatzailea. Notarioek baimendutako agiri guztien artetik testamentu ahalordea erabilita dutenak agertu behar dira zerrenda horretan, are ahalordea komisarioaren testamentuan erabili denean ere.

Orobat, notarioek, aurreko paragrafoan ezarritako epe berean, beraiek baimendutako dokumentu guztien zerrenda igorri behar diote Ogasun eta Finantza Departamentuari, komisarioak Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 43. artikuluan aipatutako testamentu ahalordea erabili gabe duen jarauntsiko ondasunak xedatzeko egintzei dagokienez, azken horiek zerga honen sortzapena ez dakartenean.

4.– Organo judizial, bitartekari finantzario, elkarte, fundazio, sozietate, funtzionario, partikular eta bestelako edozein entitate publiko nahiz pribatuk ez dute erabakiko ondasunak titularrez beste pertsonei entregatzerik, aldez aurretik zergaren ordainketa edo salbuespena justifikatzen ez bada, non eta Ogasun eta Finantza Departamentuak horretarako baimena ematen ez duen.

5.– Aseguru entitateek ezingo dute pertsona baten bizitzaren gainean hitzartutako aseguruen likidazioa eta ordainketa egin, aldez aurretik zergaren ordainketa edo salbuespena justifikatzen ez bada, non eta Ogasun eta Finantza Departamentuak horretarako baimena ematen ez duen.

6.– Aurreko bi apartatuetan xedatzen denetik salbuetsita gelditzen dira 16. artikuluan aipatutako kasuak, bertan jasotako xedapenei eta baldintzei jarraituz.

7.– Aurreko apartatuetan ezarritako obligazioak ez betetzea 78. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko da.

Organo jurisdikzionalak direnean Ogasun eta Finantza Departamentuko Ogasuneko Zuzendari Orokorrak Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiari jakinaraziko dizkio egintzak Ministerio Fiskalaren bitartez, bidezko ondorioetarako.

74. artikulua.– Komisarioaren betebeharrak testamentu ahalordearen menpeko jarauntsietan.

1.– Testamentu ahalordearen menpeko jarauntsietan, komisarioak urtebeteko epea izango du, kausatzailea hiltzen den egunetik edo heriotza deklarazioak Kode Zibileko 196. artikuluan aipatutako irmotasuna hartzen duenetik aurrera, jarauntsiko ondasunen inbentarioa eta ahalordearen frogagiriak aurkezteko, eragotzi gabe Zerga Administrazioak, egoki iritziz gero, komisarioari beste edozein agiri aurkezteko eskatzea.

2.– Testamentu ahalordea erabili gabe duen jarauntsi batean aldaketak gertatu badira jarauntsiko ondare elementuen inbentarioan, komisarioa behartuta dago Zerga Administrazioari haien berri ematera, baldin eta ondare aldaketa horiek oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren sortzapena ez badakarte.

Aipatutako komunikazioan identifikatu beharko da zer ondasun eta eskubide eskualdatzen diren eta, halakorik bada, zeintzuk eskuratzen diren haien ordez.

Komunikazioa hilabeteko epean egin behar da, ondare aldaketa gertatzen denetik aurrera, eta harekin batera aldaketaren frogagirien kopia aurkeztu behar da.

3.– Era berean, hilabeteko epean, testamentu ahalordea modu ezeztaezinean erabiltzen den egunetik aurrera –partzialki edo osorik– edo hura azkentzeko arrazoietako bat gertatzen den egunetik aurrera, komisarioak aurreko alderdi horien berri eman behar dio Zerga Administrazioari, eta ahalordea erabili dela frogatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu behar dio, edo, bestela, ahalordea azkendu dela justifikatu.

Partikularki, komunikazio horretan berariaz identifikatu behar da testamentu ahalordea erabiltzeak edo hura azkentzeko beste arrazoietako bat gertatzeak zer ondasun edo eskubideri eragin dien, zein kausaduni adjudikatu zaizkien ondasun eta eskubideok, eta zer egunetan gertatu den jarauntsiaren eskurapen horiei dagokien zergaren sortzapena.

4.– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak komunikazio horien egiteko eredu normalizatuak onartu ahal izango ditu.

XI. TITULUA
ERREGISTROA IXTEA

75. artikulua.– Autolikidaziorik ez aurkeztearen ondorioak.

Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari lotutako egintzak edo kontratuak jasotzen dituzten agiriak ez dira onartuko bulego edo erregistro publikoetan eta ez dute ondoriorik sortuko bertan, ez bada nonbait jasota gelditzen autolikidazioa Zerga Administrazioari aurkeztu zaiola, salbu eta hipoteka legerian besterik ezartzen denean edo Zerga Administrazioak horretarako baimen espresua ematen duenean.

Epaitegi eta auzitegiek Zerga Administrazioan aurkeztu izanaren oharrik gabe onartu dituzten agirien kopia baimendua bidaliko diete haren organo eskudunei.

76. artikulua.– Erregistroa ixtea.

1.– Ez dute agiririk onartuko, inskribatzeko edo haien oharra hartzeko jabetza erregistroek, merkataritza erregistroek, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak, ondasun higigarrien gaineko hipoteken eta edukitzaren lekualdatu gabeko bahien erregistroek, herri administrazioen menpeko kooperatiba erregistroek eta ondasun higigarrien erregistroek, baldin eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari lotuta dagoen egintza edo kontratuari buruzkoa izanik, aldez aurretik ez bada justifikatzen Zerga Administrazioari dagokion zerga ordaindu zaionik, salbu hipoteka legerian ezarritako kasuak gertatzen direnean edo Foru Aldundiak baimen espresua ematen duenean.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako ondorioetarako, ulertuko da zerga ordaindu izana frogatuta dagoela dokumentuak ordainketaren frogagiria erantsita daramanean eta harekin batera ordainketa gutuna edo autolikidazioaren alea Zerga Administrazioak behar bezala zigilatuta aurkezten denean. Ale horretan, beharrezkoa izango da zerga ordaindu dela agertzea edo, bestela, esatea ez dagoela zergari lotuta edo salbuetsita dagoela. Ordainketa frogatutzat joko da, zergaren autolikidaziotik ateratako zorra geroratu edo zatikatzeko eskatu dela egiaztatzen denean.

3.– Inskripzioaren albo ohar baten bitartez, erregistroko arduradunak jasota utzi behar du eskualdatutako ondasun edo eskubideagatik bidezko autolikidazioak ordaindu behar direla. Autolikidazioagatik diru sarreraren bat egin bada, ordaindutako zenbatekoa adieraziko da.

4.– Oharra ofizioz egingo da, eta eraginik gabea eta, ondorioz, deuseztatu beharrekoa izango da autolikidazioaren ordainketa gutuna aurkezten denean, edo haiek ordaindu direla sinesgarriro frogatzen denean beste edozein modu erabilita, eta, edozein kasutan ere, oharra egin denetik lau urte igaro ondoren.

77. artikulua.– Erregistro fiskalak.

Aurretik ez bada frogatzen zerga ordaindu dela edo salbuetsita dagoela, ezingo da aldatu tributu edo ordainarazpen baten zergaduna, baldin eta aldaketa horrek –zuzenean edo zeharka– oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergak zergapetutako ondasunak, eskubideak edo akzioak eskualdatzea badakar.

XII. TITULUA
ARAU HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

78. artikulua.– Zehapen araubidea.

1.– Ondorengo apartatuetan jasotakoa eragotzi gabe, foru arau honetan araututako zergaren arau hausteak martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak, IV. tituluan eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenek jasotakoaren arabera zehatuko dira.

2.– Baldin eta ondasun edo eskubideen eskurapen salbuetsiengatik egiten diren autolikidazioak edo 43.etik 45.era bitarteko artikuluetako murriztapenak aplikatuta egiten direnak epez kanpo aurkezten badira eta haien zenbatekoa zerga oinarriaren berdina edo handiagoa bada, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio garbiaren 100eko 0,1eko diruzko isun proportzionala ezarriko da; isuna, zergadun bakoitzeko, 600 eurokoa izango da gutxienez, eta 9.000 eurokoa gehienez.

3.– Testamentu ahalordearen bidezko jarauntsien komisarioari 74. artikuluan ezarritako betebeharrak berariaz araututako epean ez betetzea zerga alorreko arau haustetzat joko da, eta honako erregela hauen arabera zehatuko da:

a) Komisarioak ez badu aurkezten jarauntsiko ondasunen inbentarioa edo inbentarioan izandako aldaketen dokumentazioa –aldaketa horrek zergaren sortzapena ekarri gabe–, edo komisarioak duen ahalordearen frogagiria, 600 euroko diruzko isun finkoa ezarriko da.

b) Salbuetsitako eskurapenetan, edo 43.etik 45.era bitarteko artikuluetan ezarritakoaren arabera aplikatutako murriztapenak zerga oinarriaren parekoak edo handiagoak dituzten eskurapenetan, ez bada jakinarazten testamentu ahalordea erabili dela edo hura azkentzeko beste arrazoietako bat gertatu dela, eskuratutako ondasun eta eskubideen balio garbiaren 100eko 0,1eko diruzko isun proportzionala ezarriko da; isuna, zergadun bakoitzeko, 600 eurokoa izango da gutxienez, eta 9.000 eurokoa gehienez.

LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, ulertuko da izatezko bikoteei buruzko aipamenak Eusko Legebiltzarreko Izatezko bikoteei buruzko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako izatezko bikoteei buruzkoak direla.

Era berean, ezkontzako ahaidetasun harremanei buruzko aipamenek izatezko bikoteko harremanak barnean hartuko dituzte.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Parekatzeak.

1.– Parekatze hauek ezartzen dira, foru arau honetan xedatutakoaren ondorioetarako:

a) Adoptatuekin parekatzen dira harrera iraunkorrean edo adopzio aurreko harreran hartutako pertsonak, legeria zibilaren arabera eraturiko harreren kasuan.

b) Adoptatzaileekin parekatzen dira harrera iraunkor bat edo adopzio aurreko harrera bat egiten duten pertsonak, legeria zibilaren arabera eraturiko harreren kasuan.

2.– Xedapen gehigarri honetan aurreikusitako parekatzeak zerga honen elementu guztietan aplikatuko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudiari buruzko aipamenak.

Ulertuko da foru arau honetako xedapenei buruzkoak direla Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauari eta urriaren 22ko 42/2012 Foru Dekretuak onartutako Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamenduan indargabetutako artikuluei buruz egindako arau aipamenak.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Industria eta negozio bankuen kutxa bonuak.

Salbuetsita geldituko dira azaroaren 29ko 53/1962 Dekretu Legeak, industria eta negozio bankuen buruzkoa, aipatzen dituen industria eta negozio bankuen kutxa bonuen jarauntsi, legatu edo dohaintza bidezko eskurapenak, baldin eta kausatzaileak edo dohaintza emaileak 1987ko apirilaren 1aren aurretik eskuratu baditu.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren tituluak amortizatzen badira, amortizazioaren emaitza industria eta negozio bankuen beste bonu batzuetan berrinbertitua izan daiteke, eta horrela jarraian, betiere amortizazio eta berrinbertsio daten artean hilabete baino epe luzeagorik ez badago.

Xedapen indargabetzaileA

1.– Indargabetuta gelditzen dira foru arau honetan jasotakoaren aurka doazen xedapen guztiak, eta bereziki hauek:

a) 3/1990 Foru Araua, urtarrilaren 11koa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarena.

b) Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua, urriaren 22ko 42/2012 Foru Dekretuak onartutakoa, salbu 42.etik 45.era bitarteko artikuluetan eta 47.etik 52.era bitarteko artikuluetan jasotako xedapenak, haiek indarrean daudela espresuki deklaratzen baita.

2.– Aurretik xedatutakoa xedatuta ere, harik eta foru arau honetako 71. artikuluaren 3. apartatuan jasotakoa erregelamenduz arautzen ez den bitartean, aplikaziozkoa izango da Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauaren 38. eta 39. artikuluetan jasotakoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua.

Aldatu egiten da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauaren 10.2 artikuluaren a) letra, eta honela idatzita gelditzen da:

«a) Aldi baterako gozamenaren balioa ondasunen balio osoaren proportzioan aterako da, 100eko 2an urtealdi bakoitzeko, 100eko 70 gainditu gabe.

Biziarteko gozamenetan balioa ondasunen balio osoaren 100eko 70ekoa dela joko da gozamendunak hogei urte baino gutxiago dituenean, eta portzentajea adina gehitu ahala gutxituko da urte gehiago bakoitzeko 100eko 1 gutxiagoko proportzioan, balio osoaren 100eko 10eko gutxieneko mugapean.

Pertsona juridiko baten alde osatutako gozamena, baldin eta hogeita hamar urtetik gorako epe baterako edo zehaztu gabeko denbora baterako ezartzen bada, baldintza suntsiarazleari lotutako jabetza osoko eskualdaketatzat hartuko da fiskalki.

Jabetza soileko eskubidearen balioa gozamenaren balioaren eta ondasunen balio osoaren arteko diferentzia izango da. Aldi baterakoak ere badiren biziarteko gozamenetan, berriz, jabetza soilaren balioa kalkulatzeko, aurreko arau osagarrietatik baliorik txikiena esleitzen diona aplikatuko da.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Arauak gaitzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrei buruzko foru arauek aldatu ahal izango dituzte zerga honen salbuespenak, zerga oinarriaren murriztapenak, oinarri likidagarriaren tarteak eta tarifen tasak.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Baimena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.


Azterketa dokumentala