67. zk., 2022ko apirilaren 4a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (471 KB - 29 orri.)
- EPUB (637 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1484
AGINDUA, 2022ko martxoaren 23koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko 2022. urteko laguntzak (TMS programa), eta horien deialdia iragartzen baita.
Eusko Jaurlaritzaren turismo-arloak helburutzat du, oraindik ere, Euskadi turismo-hazkundearen eredu izatea, zehazki jasangarritasunean eta gure destino, produktu eta baliabide turistikoen kalitatean eta dibertsitatean oinarritutako eredua.
Jakina, COVID 19aren krisiak oraindik ere traba egiten dio turismoaren hazkundeari, birusaren hedapena geldiarazteko eremu guztietan aplikatzen diren mugatze- eta murrizketa-neurriek nagusiki turismo-jarduerari egiten baitiote kalte.
Ziurgabetasun- eta aldakortasun-egoera honetan, neurriak hartu behar dira, agertzen diren erronka berrien aurrean erreakzionatzeko eta jarduteko, eta, hartara, ekonomia suspertzen hasteko.
Neurri horiek Turismo Jasangarrirako Euskal Estrategian (2030) jasoko dira. Estrategia horren bidez, hain zuzen ere, eta Euskal Turismoaren 2021-2025 aldiko Plan Estrategikoaren bidez, epe laburrean agertoki bat eratu nahi da, pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko eta, epe ertain eta luzean, gure destino, produktu eta baliabide turistikoen jasangarritasun, kalitate eta dibertsitatearen alde egiteko, Euskadi turismo-helmuga seguru, jasangarri, arduratsu, adimentsu, bikain eta lehiakorra izan dadin.
Horrenbestez, dirulaguntza-programa honen xedea da turismo-jarduera bultzatzen jarraitzea, Euskadiko turismo-produktuak diseinatzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen lagunduz; horretaz gain, programan zenbait ekitaldi bultzatuko dira, hain justu «Euskadi Basque Country» turismo-marka proiektatzen eta Euskadiren posizionamendua sendotzen laguntzeko. Horretarako, xede hauek finkatu dira:
1.– Turismo-sektoreko enpresei turismo-produktuak garatzen eta merkaturatzen laguntzea, eta, horrez gain, jarrera ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea.
2.– Turismo-eskaintzaren bikaintasuna sustatzea, helmugen dibertsifikazioa eta berezitasuna ezaugarritzat hartuta, eta, halaber, Euskadiko turismoaren posizionamendua sustatzea, Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen duten ekitaldiei laguntza emanez.
Eskumenen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.1.e) artikuluan, EAEko turismo-administrazioari esleitzen zaio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuta, eta haren 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskumenak, hala xedatuta baitago EAEko Administrazioaren egungo egituran eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan.
Gainera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak du laguntza-programa hau onartzeko ahalmena, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori).
Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartu zuen plan hori, 2022ko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez).
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da turismo-jarduera sustatzeko laguntzak arautzea eta haietarako deialdia egitea. Xede hori betetzeko, Euskadiko turismo-produktuak diseinatzeko, martxan jartzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko laguntzak emango dira. Agindu honetan, gainera, zenbait ekitaldi bultzatuko dira, hain justu «Euskadi Basque Country» turismo-marka eta Euskadiren turismo-posizionamendua proiektatzen laguntzeko, COVID-19ak sortutako ziurgabetasun- eta aldakortasun-egoeran.
2.– Helburu horrekin bat etorrita, honako xede hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:
A) Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.
B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean proiekzioa badute, eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen badute.
3.– Laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.
1.– Laguntzetara 717.000 euro bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Onartutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako eskakizunak betetzen dituen erakunde orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak. Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak egindako eskaerei agindu honen 7. artikuluan ezarritako zenbateko eta ehunekoetan aurre egiteko, laguntza eskaeren artean hainbanatuko dira, eta, kalkulua egiteko, oinarritzat hartuko da 7. artikuluan adierazitakoaren arabera kalkulatutako dirulaguntza teorikoaren zenbatekoa.
3. artikulua.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Turismo-produktuak: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, turismo-produktutzat hartu behar da elementu material eta immaterialen konbinazio bat, hala nola baliabide naturalak, kulturalak eta antropikoak, bai eta intereseko elementu baten inguruko erakargarri turistikoak, instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak, destino baten marketin-planaren funtsa ordezkatzen dutenak, eta bezero potentzialentzat elementu emozionalak dituen turismo-esperientzia integral bat osatzen dutenak.
2.– Ekitaldi presentziala: aldez aurretik antolatutako gertakari bat da, aurrez finkatutako denboran eta tokian pertsona kopuru jakin bat biltzen duena; bildutakoek xede bati lotutako zenbait jarduera garatu eta partekatuko dituzte.
3.– Ekitaldi birtuala: topaketa bat da, antolatzaileei eta parte-hartzaileei aukera ematen diena urrutitik interakzioan jarduteko, ingurune birtual baten bidez, eskuarki streaming bidez edukiak igorriz.
4.– Ekitaldi hibridoa: ekitaldi birtual baten berezko elementuak eta ekitaldi presentzial batenak konbinatzen ditu. Normalean, osagai birtual bat du, muga geografikoa eta denboraren muga gainditzen dituena.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako erakunde hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) edo horien arteko elkartzeak, zerbitzu turistikoak edo turismo-jarduerarekin lotutako beste edozein zerbitzu eskaintzen dituztenak.
Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak dira, eta gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo gehienez ere 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, kontuan hartuko da mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.
2) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta erakundeak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak badaude haien xedeen artean.
2.– Halaber, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte erakundeek, bai eta agindu honetan ezarritako honako hauek ere:
a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik jaso ez izana, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik zigortuta ez egotea: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legez kanpoko ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitu ez izana, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoelarik.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta edukitzea.
e) Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehaztu denarekin bat etorriz.
f) Agindu honek edo beste legeren batek ezarritakoaren arabera dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.
g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legeak ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
h) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
i) Elkartze-araubide espezifikoa duten elkarteek, hala nola enpresa-elkarteek, dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituz.
3.– Laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean justifikatuko da aipatutako eskakizunak betetzen direla.
4.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik; azken kasu horretan, laguntza eman zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro direnean, eta ondorengo ekitaldi batean egiten bada ordainketa, beste administrazio batzuekin horretarako ezarritako elkarreragingarritasun-plataformen bidez. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz eragotzi ahalko du informazio hori egiaztatzea, eta, halakorik egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu, agindu honen 11.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-jardueran aritzeko legez eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eskabidea egiten duten unean. Halaber, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, betiere ezinbestekoa bada eskatutako laguntzaren xede diren jarduerak gauzatzeko.
5. artikulua.– Kanpoan utzitako erakundeak.
Honako hauek ezin izango dira izan laguntza-programa honen erakunde onuradun:
a) Udal-mailan edo udalerriz edo eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzarako ente gisa jarduten duten erakunde publiko edo pribatuak, eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, edo beste erakunde batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek haien kapitalean edo gobernu-organoetan partaidetzaren gehiengoa badute.
b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Diruz lagundu daitezke 2022ko ekitaldian proiektu tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:
A) EAEn garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea (I. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek).
B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean proiekzioa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen badute (II. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek).
2.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– EAEn garatzen diren turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuetarako (I. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 60 izango da, eta, gehienez ere, 20.000 euro erakunde onuradun bakoitzeko. Lurralde historiko batean edo Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduten duten turismoko enpresa-elkarteen kasuan, 40.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa.
2.– Euskadin egindako eta Espainian eta nazioartean proiekzioa duten eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen laguntzen duren kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzeko proiektuetarako (II. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 50 izango da, eta, gehienez ere, 7.500 euro erakunde onuradun bakoitzeko. Ekitaldiak aurten gutxienez 5. ekitaldia betetzen badu, eta/edo hiru egunetik gora irauten badu, 15.000 euro izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Antzinatasunaren eta/edo iraupenaren betekizunak betetzeaz gainera egiaztatzen bada lankidetza-akordio bat dagoela bidaia-agentziaren batekin proiektua merkaturatzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 euro handituko da, eta gehienez ere 25.000 eurokoa izango da.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin bat datozenak, eta, gainera, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak.
2.– Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza aipatu beharko da, Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country marka turistikoa txertatuta. Erakunde-nortasunaren eskuliburuaren (https://labur.eus/Dkzus) arabera egingo dira bi aipamen horiek.
3.– Web-orriak sortu, eguneratu, garatu edo nabarmen hobetzeko kasuetan, gainera, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.
4.– Onar daitekeen gastutzat hartuko da zenbatekoaren balio garbia, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kendu ostean geratzen den balioa. Nolanahi den ere, BEZa diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, baldin eta erakunde onuradunak egiazki ordaindu badu eta ezin badu berreskuratu edo konpentsatu zerga hori ordaintzetik salbuetsita egoteagatik.
5.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, Euskadiri dagokion gastua bakarrik onartuko da, eta eskabidean zehaztu beharko da zein den autonomia-erkidego bakoitzari dagokion ehunekoa.
6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.
7.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Inbertsio-gastuak.
b) Informatikako ekipamendua erostea.
c) Informatikako programen mantentze-kuotak, informatikako ekipamenduen bermeak, aseguruak eta kanonak, konektagarritasun-gastuak, web-ostatatze zerbitzuak («hosting»), bai eta domeinuak erregistratu, berritu eta kudeatzeko gastuak ere.
d) Erakunde eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak (mantentze-gastuak, bulegoko materiala, hornidurak eta komunikazioak).
e) Tasak (Patente eta Marken Espainiako Bulegoan marka erregistratzeagatiko tasa izan ezik), eta beste zerga batzuk.
f) Aseguruak.
g) Gonbidapenak, bazkariak eta antzekoak, non eta eskabidean ez dagoen justifikatuta beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.
h) Erakunde eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.
i) Sarien gastuak (diru-zuzkidura, garaikurrak eta dominak) eta oparienak.
j) Sustapen-ekintzetan izandako garbiketa- eta tresneria-gastuak.
9. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin; bateraezinak izango dira, ordea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes edo beste laguntza-aginduen bidez jarduketa berberetarako ematen diren laguntzekin. Salbuespenez, bateragarriak izango dira Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID-19aren pandemiaren testuinguruan deitu lezakeen beste laguntza-programa batzuekin.
2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak, beste erakunde edo organismo batzuen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua. Ondorio horietarako, diruz lagundutako jarduketaren kostutzat hartuko da aurkeztu eta onartutako, eta, hala badagokio, justifikatutako gastu guztiak.
3.– Gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kendu egingo zaio agindu honen bidez emandako laguntzari, 15.8 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EE) ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.
Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, enpresa batek ezin izango du 200.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso minimis erregelamenduaren arabera, kontzeptua zeinahi dela ere, laguntza eskatzen duen ekitaldiaren aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.
Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.
10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Erakundeek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089406
3.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskabide-orria ere.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak Zuzenketak eta jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
5.– Erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Erakunde batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egin ezean, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.
7.– Betetako eskabidean, pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura ezaguna txertatu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio elektronikorako onartutako baliabideren bat erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak); eskabidean, horretaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazio euskarria aurkeztuko da, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.
8.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, agindu honi dagozkion prozedura guztietan haren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoak erabiliz, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/ https://www.euskadi.eus/ordezkariak dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua behar bezala beteta erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkaritzaematea.
9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla agindu honetako baldintzak.
11. artikulua.– Eskabideen eta aurkeztu beharreko beste dokumentazioaren edukia.
1.– Eskabidea eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da (ikus III. eranskina), eta barnean hartuko ditu erakundearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:
1) Laguntza jaso duen erakundearen izaerari dagokionez:
– Eskabidearen helburu den proiektua exekutatzeko behar adinako aurrekontua du.
– Jarduera gauzatzeko legez eskatzen diren baldintzak betetzen ditu.
– Erakundea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatzen diren egoeretan (onuradun izatea eragozten dute horiek).
– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) kalifikatua izateko baldintzak betetzen ditu.
– Hala behar izanez gero, bere izaera juridikoari dagokion elkarteen erregistroan inskribatuta dago, edo Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioen erregistroan.
– Hala badagokio, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ditu.
2) Zehapenei dagokienez:
– Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Erakundeak ez dauka abian inolako itzulketa- edo zehapen-prozedurarik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasitakorik.
3) Bestelako laguntzei dagokienez:
– Zer laguntza eskatu edo lortu duen, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako hitzarmen, babes eta beste agindu batzuen babesean.
– Zer laguntza eskatu edo lortu duen beste erakunde edo organismo batzuetatik, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako.
– Enpresak jasotako de minimis laguntzak, agindu honetako 9.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
– Ez dauka dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluaren arabera.
5) Eskabideko datuei dagokienez:
– Laguntzak arautzen dituen Aginduan ezarritako betekizunak betetzen ditu.
– Egiazkoak dira eskabidean adierazitako datuak, eta bere gain hartzen du aurkeztutako agiri guztien egiazkotasunaren erantzukizuna.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datu edo informazioren bat zehazgabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).
b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
– Turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuen kasuan, laguntzaren xede den proiektuari buruzko azalpen-memoria zehatza, honako hauek adierazita: zertan den turismo-produktua, helburuak, aurreikusitako jarduketen xehetasunak eta jarduketa bakoitzari buruzko aurrekontu xehatua, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089406
– Ekitaldien kasuan, honako hauek zehazten dituen memoria: ekitaldiaren izena (zenbatgarren edizioa den eta noiz eta non egingo den), ekitaldiaren ezaugarriak (presentziala, birtuala, hibridoa), produktu mota (kulturakoa, gastronomiakoa, kirolekoa), komunikabide-plana (komunikabideetan eta sare sozialetan duen presentzia, nolako oihartzuna duen neurtzeko), helburuak, aurreikusitako jarduketen xehetasunak eta jarduketa bakoitzari buruzko aurrekontu xehatua, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089406
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan izandako altak eta bajak egiaztatzeko agiria.
– Dagokion zerga-administrazioaren adierazpena, balio erantsiaren gaineko zergatik salbuesteari buruzkoa, hala badagokio, edo eskatzailea balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboa ez dela egiaztatzen duen agiria, ez baitu ordainik jasotzen eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuengatik.
– Hala badagokio, erakunde eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.
– Enpresa-elkarteak sortzen badira, horiek gauzatzeko eskritura publikoaren kopia.
– Turismoko enpresa-elkarteen kasuan, dagokion erregistroko inskripzioaren kopia.
– Hala badagokio, bidaia-agentzia batekin egindako lankidetza-akordioaren egiaztagiria.
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa erabili gabe emanez gero ordezkaritza, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuarekin batera –behar bezala beteta–, hauek: pertsona fisikoa bada, ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea; pertsona juridikoa bada: ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbidean baliozkoa den dokumentu oro.
2.– Ez da nahitaezkoa izango administrazioren batek egindako dokumentuak aurkeztea, betiere erakunde interesdunak horiek kontsultatzeko baimena espresuki ukatu ez badu eskabidean. Era berean, ez da nahitaezkoa izango erakunde interesdunek aurretik edozein administraziotan aurkeztu dituzten datu edo dokumentuak aurkeztea, betiere noiz eta zer organotan aurkeztu zituzten adierazten badute. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak ofizioz bilduko ditu datu edo dokumentu horiek, erakunde eskatzaileak espresuki horretarako baimena ukatzen ez badu. Materialki ezinezkoa bada agiria zuzenean eskuratzea, organo kudeatzaileak agiri hori aurkezteko eskatu ahal izango dio erakunde eskatzaileari, edo, aurkeztu ezin badu, agirian aipatzen diren eskakizunak beste modu batez egiazta ditzala.
3.– Laguntza eman baino lehen eta ordainketa-proposamena egin baino lehen egiaztatuko da baldintza horiek guztiak bete direla.
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada aurkezten agindu honetan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, hamar eguneko epea emango diote Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek erakunde eskatzaileari hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta hala adierazten duen ebazpena emango dela.
Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua beste apartatu bati dagokiola –eskabidean adieraziaz bestelako bati, alegia–, eta apartatu horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, «Nire karpeta» aplikazioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion ekintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zere egun eta ordutan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.
13. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztu diren eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote erakunde eskatzaileari.
2.– Ondoren, eskabide bakoitzari dirulaguntza emateko proposamen bat egingo dute, eta, han, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituta, eta agindu honen 7. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoaren) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte.
14. artikulua.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Dirulaguntza-programa honen babesean emandako dirulaguntzak emateko prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak eman eta jakinaraziko du laguntza-deialdi hau ebazteko administrazio-ebazpena, eta han adieraziko zein diren onartutako eta baztertutako eskabideak. Onartutako eskabideen kasuan, erakunde onuradunak, finantzatutako proiektuak eta eman zaizkien zenbatekoak zehaztuko dira. Ebazpenak bete beharko du, halaber, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 6.1 artikuluan ezarritakoa. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Baztertutako eskabideen kasuan, zergatia adierazi beharko da.
3.– Laguntza-deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hura argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.
4.– Sei hilabeteko epean prozedurari buruzko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, erakunde eskatzaileak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko duen betebeharra.
5.– Erakunde eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, jakinarazteko aipatutako egoitza elektronikoan eskuragarri jarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Arau honen bidez araututako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, «Nire karpeta» atala erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Erakunde onuradunak agirien bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta dirulaguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak bukatu ondoren, eta, betiere, 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen.
Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epe hori amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.
Nolanahi ere, egindako gastuak egiaztatzeko fakturak 2022ko ekitaldian egindakoak izan beharko dira.
Hala ere, 2022an garatuko diren jarduketetarako 2021eko ekitaldian egindako gastuen fakturak onartuko dira, kontrataziorako baldintzek hala eskatzen badute eta justifikatzen bada.
3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamabost eguneko epean aurkezteko eskatuko diote erakunde onuradunari Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, baldintza hori bete gabe geratuko da, agindu honen 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da, eta gastuaren justifikazioak eta ordainketa-egiaztagiriak aurkeztuko dira. Justifikazio-kontuak dokumentazio hau bildu beharko du:
a) Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko memoria, dirulaguntza emateko aintzat hartu ziren jarduketak zenbateraino egin diren eta aurreikusitako helburuak bete diren zehaztuta.
b) Memoria ekonomiko bat, egindako jardueraren kostua justifikatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:
1) Fakturen koadroa, non zehaztuko baitira jarduketa bakoitzaren gastua, enpresa hornitzailearen identifikazioa (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura egin zeneko data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZa barnean, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.
Fakturen koadroa egoitza elektronikoan eskuragarri jarritako eredu normalizatuaren arabera beteko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0089406
2) Jatorrizko fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak. Bidaia-gastu txikiak justifikatzeko (bidesariak, kilometrajea, hiriko garraioa eta mantenu-gastuak), posible izango da kontzeptu horregatik egindako gastuen egiaztagiri bat aurkeztea, erakundean kudeaketa ekonomikoaren ardura duenak edo horretarako baimendutako pertsonak sinatua, betiere zenbateko hori emandako dirulaguntza osoaren % 10 baino handiagoa ez bada.
3) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.
4) Diruzlaguntzaren xedeko jarduera finantzatzeko jasotako laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
c) Diruz lagundutako jarduketen artean komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea, sustatzea, merkaturatzea eta online eta offline komunikazio-estrategiak egitea daukatenek frogatu beharko dute jarri dituztela hala Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa nola Euskadi Basque Country turismo-marka, eta biak erakunde-nortasunaren eskuliburuaren arabera jarri dituztela (https://labur.eus/Dkzus Halaber, hala badagokio, https://turismo.euskadi.eus). turismo-atariarekin lotzeko banner-a jarri beharko dute.
Erakunde onuradunak betebehar hori betetzen ez badu, arau hauek aplikatuko zaizkio:
– Baldin eta oraindik posible bada betebehar hori betetzea, Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek gehienez 15 eguneko epea emango diote erakunde onuradunari zabalkunde-neurriak hartzeko.
– Baldin eta, neurri hauen eraginpeko jarduketak egin direlako jadanik, ez bada posible haiek betetzea, zabalkunde-neurri alternatiboak ezarri ahal izango dira. Ondorio horietarako, gehienez 15 egun balioduneko epea emango diote aipatutako langileek erakunde onuradunari neurri horiek hartzeko.
5.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoetako teknikariek aurkeztu den dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduerak egin direla.
6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan, hala jakinaraziko diote erakundeari, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.
7.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie erakunde onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 7. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak, eta, gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.
8.– Nolanahi ere, ez badira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen, eta horrek emandako dirulaguntza murriztea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio erakunde onuradunari, hala badagokio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
9.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, Turismo eta Ostalaritzako lurralde-bulegoetako teknikariek txosten bat emango dute, eta turismo eta ostalaritzaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako titularrari igorriko diote; han, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.
10.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko da, dirulaguntza artikulu honetan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.
11.– Dirulaguntza jasotzeko, eta betiere erakunde eskatzaileak banku-datuak aurretik jakinarazi ez badizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari, edo datu horiek aldatu nahi baditu, bide elektronikoz egin beharko du izapide hori, egoitza elektronikoaren dagokion zerbitzuan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
12.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
13.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko.
16. artikulua.– Laguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, era berean, horrekin batera beste erakunde nahiz organismo batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere aldaketak ez-betetze kasuak estaltzen ez baditu, dirulaguntzen erakunde onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie. Gutxieneko baldintza horiek bete behar dituzte erakundeek laguntza-programa honen onuradun izateko, eta agindu honen 4. artikuluan jasota daude; diruz lagundu daitezkeen jarduketak, ordea, I. eta II. eranskinetan bilduta daude. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.
2.– Aurrekoa gorabehera, dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko, baldin eta aldaketek aurkeztutako proiektuari funtsean eragiten ez badiote (hala nola, aurreikusitako jarduketa batzuen ordez izaera berdintsuko beste batzuk egin beharra, dela erakunde onuradunaren ardura ez diren eta gerora sortu diren arrazoiengatik, dela turismo-arloko egokitasun-arrazoiengatik), eta, betiere, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntzaren xedeko helburuari eusten bazaio; dena den, aldaketa horiek idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko dira, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak baimendu ditzan.
3.– Baldin eta, justifikazio-fasean, benetan egindako eta justifikatutako gastuaren onartutako kostua txikiagoa bada onartutako gastuaren aurrekontua (laguntza emateko baliatu zena) baino, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxituko da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren gutxitze-ebazpen baten bidez, eta oinarri berriari aplikatuko zaio emandako dirulaguntza-ehunekoa. Aurretik, betiere, entzunaldi-izapidea eskainiko zaio erakunde onuradunari, hamabost eguneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
17. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza eskatzen duen erakundeak atzera egin dezake bere eskaeran. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ebazpen baten bidez, osoki onartuko du atzera egitea, eta prozedura amaitutzat emango.
2.– Erakunde onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak berariaz onartuko du uko-egitea, ebazpen baten bidez, eta prozedura amaitutzat emango du.
3.– Erakunde eskatzailearen uko-egitea onartu ondoren, eta laguntza ordainduta badago, hura itzultzeko prozedurari ekingo zaio.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:
a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea.
b) Egiaztagiriak ezarritako epetik kanpo aurkeztea, horretarako errekerimendua jaso ondoren.
c) Laguntza eskuratzeko eskatutako eskakizunak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako jarduketak I. eta II. eranskinetan ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.
3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea. Ez-betetzearen espedientea «Nire karpeta» aplikazioaren bidez izapidetuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta erakunde onuradunak esanbidez eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badio prozeduraren ebazpena jakinarazten denetik hasi eta hamabost eguneko epean, dirulaguntza onartutzat hartuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Gainera, justifikatu beharko du dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako jarduketak egin direla eta aurreikusitako helburuak bete direla, agindu honetan ezarritakoari jarraituz.
3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.
4.– Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen eskutik xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko. Eskabidean hala jakinarazi ez bada, jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntzaren frogagiriekin batera.
5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibo aldatzen bada, aldaketa egin aurretik horren berri ematea.
6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen duten informazio guztia.
7.– Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jarduketen azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza espresuki aipatzea modurik egokienean, diruz lagundutako proiektuaren ezaugarrien arabera eta irizpide hauek betez:
a) Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren logoa eta Euskadi Basque Country turismo-marka azalduko dira, biak ere erabilera-eskuliburuaren arabera.
b) Web-orrien sorrera eta eguneratzeen kasuan, erakunde onuradunak banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.
9.– Bere gain hartzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistikak eta azterketak egokitzea; hizkuntza ez-sexista erabiltzea euskarri guztietan, eta Zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.
10.– Erakunde onuradunek kontratuak egiten badituzte, eta horietan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 eurotik gorakoa bada, erakunde onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan zerbitzu horiek ematen dituzten nahikoa enpresa ez badago, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.
11.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jardueren garapenarekin eta gauzatzearekin izango dute zerikusia ikuskaritza eta egiaztapen horiek, eta erakunde onuradunek horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, bai eta eskatzen zaien justifikazio-dokumentazio oro ere.
20. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
2.– Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauak; eta, prozedura-arloan, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 23a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
EUSKADIN GARATUTAKO TURISMO-PRODUKTUAK SORTZEN, MARTXAN JARTZEN, SUSTATZEN ETA MERKATURATZEN LAGUNTZEA.
1.– Apartatu honetan, EAEn garatutako zenbait ekimen babestuko dira, turismo-produktu lehiakorrak, arduratsuak eta jasangarriak garatzen eta merkaturatzen laguntzen dutenak, bai eta helmuga gisa bereizgarri egiten gaituzten baliabideak sustatzen dituztenak ere.
2.– Honako jarduera hauek lagunduko dira diruz:
2.1.– Turismo-produktuak sortzea eta martxan jartzea. Kontzeptu honetan onartuko dira marka sortu eta erregistratzearekin, irudi korporatiboaren diseinuarekin eta proiektua abian jartzeko beharrezkoak diren aurretiazko azterlanekin lotutako gastuak, hala nola bideragarritasun- eta jasangarritasun-azterlanak eta proiektuaren marketin-plana.
2.2.– Estrategiak diseinatzea eta marketin-plana egitea. Kontzeptu honetan, dagoeneko sortuta dauden turismo-produktuak estrategikoki birbideratzeko gastuak onartuko dira, bai eta marketin-plan bat diseinatu eta egitekoak ere.
2.3.– Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Kontzeptu honetan gastu hauek onartuko dira: diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta film-bankuak, eta bideoak.
2.4.– Online sustapena eta merkaturatzea. Kontzeptu horretan gastu hauek onartuko dira: web-orriak sortu edo eguneratzea, SEO bilatzaileetan posizionamendua hobetzeko ekintzak, SEM, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia eta email marketina. Baita bisitak egitea errazten duten eta esperientzia turistikoa optimizatzen duten sakelako gailuetara egokitzea ere
2.5.– Lankidetzan aritzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo turismo-produktuak sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreekin, kazetariekin eta influencerrekin, xede-publiko bati zuzentzen zaizkiolako edo xede-publiko batentzat erreferente direlako. Kontzeptu honetan, gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak onartuko dira.
2.6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu honetan, erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.
2.7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez parte hartzen ez duen sustapen-jarduketetan parte hartzea. Honako gastu hauek onartuko dira kontzeptu honetan: parte-hartzeko kuota; erakunde eskatzaile eta jarduketa bakoitzeko, pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, eta, hala badagokio, lurzorua eta stand-ak alokatzeko eta materialak garraiatzeko gastuak. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.
3.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.
4.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahal izango dira, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako baldintzetan.
II. ERANSKINA
EUSKADIN EGINDAKO KULTURA-, GASTRONOMIA- ETA KIROL-EKITALDIEI LAGUNTZEA, BALDIN ETA ESPAINIAN ETA NAZIOARTEAN PROIEKZIOA BADUTE ETA EUSKADIREN IRUDIA ETA TURISMO-POSIZIONAMENDUA SENDOTZEN LAGUNTZEN BADUTE.
1.– Apartatu honetan, ekitaldi hauek jasoko dute laguntza: gure turismo-helmuga eta Euskadi Basque Country marka sustatzen dutenek eta Euskadiren posizionamendua turismo-helmuga seguru gisa sendotzen laguntzen dutenek. COVID-19ak eragindako urruntze soziala dela eta, ekitaldiak presentzialak, birtualak edo hibridoak izan daitezke.
2.– Ez dira onartuko herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak, ez eta azokak eta erakusketak ere.
3.– Apartatu honen ondorioetarako, ekitaldia egiteak dakartzan zeregin guztiez arduratu beharko du erakunde onuradunak, hots, ekitaldia antolatzeko, gauzatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko lanez.
4.– Ekitaldiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Espainian eta nazioartean oihartzuna izatea, hedabideen estaldura duelako eta, hala badagokio, hainbat herrialdek parte hartzen dutelako.
– Herritar guztientzat irekita egotea.
– Online eta offline hedabideetan eta sare sozialetan agertzea.
5.– Honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:
5.1.– Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea. Kontzeptu horretan gastu hauek onartuko dira: marka sortzea, diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta film-bankuak, bideoak eta irratiko iragarkien grabaketa eta lokuzioa. Baita ekitaldia sustatzera soilik bideratutako merchandising-a ere.
5.2.– Komunikazio-estrategiak, Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo oihartzuna dutenak: online (web-orriak sortu edo eguneratzea, SEO bilatzaileetan posizionamendua hobetzeko ekintzak, SEM, landing pages, blogak, sare sozialetako edukia, eta email marketina) eta offline (telebistan, idatzizko hedabideetan, irratian eta interneten sustatzeko gastuak).
5.3.– Lankidetzan aritzea Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ekitaldiak sustatzen eta merkaturatzen laguntzen duten turoperadoreekin, kazetariekin eta influencerrekin, xede-publiko bati zuzentzen zaizkiolako edo xede-publiko batentzat erreferente direlako. Kontzeptu horretan, gonbidatutako pertsonen bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak onartuko dira.
5.4.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziaren bidez antolatutako edo koordinatutako sustapen-jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu horren barruan onartuko dira erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Jarduketa birtualetan, parte hartzeko gastuak.
5.5.– EAEtik kanpoko sustapen-ekintzak, ekitaldia sustatzen laguntzen dutenak: azoketan, jardunaldietan edo xede-publikoari zuzendutako beste ekintza batzuetan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horren barruan onartuko dira, parte hartzeagatiko kuotaz gain, erakunde eskatzaile bakoitzeko pertsona baten bidaia-, ostatu- eta mantenu-gastuak, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Jarduketa birtualetan, parte hartzeko gastuak.
5.6.– Ekitaldiaren antolaketatik eratorritako gastu hauek: telebistako platoa edo aurkezpenak edo mahai-inguruak grabatzeko espazioa, instalazioak muntatzea eta ikus-entzunezko ekipoak alokatzea.
6.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.