Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2022ko martxoaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1356

AGINDUA, 2022ko martxoaren 11koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, Espetxeetako zuzendariei eskuordetzen zaizkie barneratuei, baldintzapean aske daudenei eta haien familiei laguntzak emateari buruzko eskumenak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da Euskal Autonomia Erkidegoan espetxe-legeria betearaztea eta, ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzea eta erakunde horiek zuzentzea, antolatzea eta ikuskatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.14 eta 12.1 artikuluetan eta Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoaren 79. artikuluan xedatutakoaren arabera. Eginkizunak eta zerbitzuak 2021eko urriaren 1ean eskualdatu ziren, ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 13.1.f) artikuluan eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio kudeaketa-arlo hori.

Espetxe-legeria betearaztearen barruan sartzen da, besteak beste, espetxeetako gizarte-ekintzaren prestazioen kudeaketa. Espetxeei buruzko Lege Organiko Orokorraren 74. artikuluak ezartzen du espetxe-administrazioak, bere organoen bitartez, beharrezko gizarte-laguntza emango diela barneratuei, baldintzapeko edo behin betiko askatuei eta batzuen eta besteen senideei. Eta otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuak onartutako Espetxe Erregelamenduaren 227. artikuluaren arabera, presoei eta haien familiei espetxean sartzearen ondorioz sortutako arazoak konpontzera zuzenduko da, eta erabat garatzen lagunduko die.

Espetxeen Lege Organiko Orokorrean eta hura garatzeko erregelamenduan zehazten da zer laguntza eman behar zaizkien barneratuei eta haien familiei: espetxetik ateratzeko laguntzak; jatorrizko leku sozialera itzultzeko laguntzak; dokumentazio ofiziala emateko laguntzak; garraiorako laguntzak, kudeaketak egiteko edo tratamendu-jardueretara joateko; hileta-gastuetarako laguntzak; programatutako irteeretarako, irteera terapeutiko edo errehabilitazioko irteeretarako laguntzak, merezimenduzko ekintzengatiko sariak, telefono bidezko komunikazioetarako laguntzak, etab.

Barne Ministerioaren 3688/2007 Aginduak laguntza horien legezko erregulazioa osatzen du prozedura-arau batzuk ezarriz laguntza mota bakoitza emateko garatu beharreko izapideak zehazterakoan.

Emateko prozedurari buruzko araudi propiorik ez dagoenez, eta kontuan hartuta laguntza horiek legean eta espetxe-erregelamenduan jasota daudela eta zuzenean aplikatzekoak direla, onartu behar da aipatutako ministro-aginduan xedatutakoa osagarri gisa aplikatu ahal izango dela, prozedura horiek arautzen dituen barne-araudirik ez dagoen bitartean, eta Konstituzioaren 149.3 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

2021eko irailaren 16an eta 22an, Zerbitzu eta Justizia zuzendarien bi ebazpenen bidez, hurrenez hurren, eskumenak espetxeetako zuzendariei eskuordetu zitzaizkien, eta ez zen berariaz jaso laguntza horien kudeaketari buruzkoa, eskualdatzea egin zen arte haiek kudeatzen baitzituzten.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluak Jaurlaritzari eta sailetako titularrei ematen die beren eremuetan laguntzak edo dirulaguntzak onartzeko eta emateko eskumena. Ahalmen hori egitura organikoan edo laguntzen oinarri arautzaileetan deskontzentratu daiteke.

Horrela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura-dekretuaren aldaketa bat izapidetzen ari da, ahalmen hori Justizia Zuzendaritzan deskontzentratuko lukeena.

Hala ere, bien bitartean, eta laguntza horien kudeaketan segurtasun juridikoa bermatze aldera, komenigarria da sailburuak espetxeetako Zuzendaritzen esku uztea laguntza horien kudeaketarekin zerikusia duten eskumenak, egiten ari ziren jarduerari jarraipena emateko. Hori guztia Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laguntza horiek, araudi autonomiko propiorik ezean, modu osagarrian arautuko dira, Konstituzioaren 149.3 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, azaroaren 30eko INT/3688/2007 Aginduan xedatutakoaren arabera. Agindu horren bidez, espetxean dauden barneratuei, baldintzapean askatutakoei eta horien familiakoei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onartzen dira, bai eta Barne Ministerioak espetxeratuen eremuan dituen sari eta ordainsarietarako eta irteera programatuetarako laguntzak ere.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko espetxeetako zuzendariei eskuordetzan ematea honako ahalmen hauek, espetxeratuta daudenentzako, baldintzapean aske daudenentzako eta bien senideentzako laguntzei dagokienez, bai eta programatutako irteerak eta irteera terapeutikoak egiteko eta barneratuentzako sariak eta ordainsariak emateko laguntzei dagokienez ere:

a) Laguntza horiek ematea eta aldatzea.

b) Laguntza horiek itzultzeko prozedurak hasi eta ebaztea.

Bigarrena.– Berariazko autonomia-araurik ez badago, azaroaren 30eko INT/3688/2007 Aginduan ezarritakoari jarraituz izapidetu eta emango dira laguntzak, hain zuzen ere laguntzen kontzeptuei, horiek eskatzeko betekizunei, laguntzen zenbatekoei eta emateko prozeduraren instrukzioari dagokienez. Ministerioaren Agindu horretan Estatuko Zuzendaritza-zentroa, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusia edo Espetxe Zerbitzuen Zuzendariordetza Nagusia aipatzen direnean, Justizia Zuzendaritza aipatzen dela ulertuko da.

Hirugarrena.– Agindu honetan aipatzen den eskumen-eskuordetzea urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.2 artikuluan adierazitako mugen mende dago, eta eskuordetze horren ondorioz hartzen diren administrazio-ebazpenak organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira, eta berariaz adieraziko dute inguruabar hori.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 11.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala